776
ESTRUCTURA Y POLÍTICAS DE LA COMUNICACIÓN
Euskarazko tokiko hedabideen erradiografia
Bidegain, Eneko; Zuberogoitia Aitor; Egaña Txema
Laburpena
Euskarazko tokiko hedabideen egoera zehatza jakitea da ikerketa honen asmoa. Hamar
elkarrizketa sakon, hedabide guztiei betearazi zaien galdetegi bat eta focus group bat egin erabili
dira metodologia gisa. Dauden hedabide guztien datuak batu eta argazki orokor bat egin da,
hedabide horiek denen artean osatzen duten indarra neurtzeko: batez beste, egunero 70
orrialdeko egunkari bat betetzeko adina orrialde, 200.000 ale, 400.000 irakurle, ia 300 langile,
1.000 laguntzailetik gora… Hedabide horiek pisu handia daukate Euskal Herrian, baina
atomizazioaren ondorioz, pisu hori ez da ageri. Saretze bidean ari dira lanean, baina egoera
ekonomiko prekarioari aurre egiteko aterabideak aurkitu behar dituzte. Funtsezkoa da tokiko
hedabideen eragin soziala baloratzea eta hori hitzarmen politiketan islatzea.
Hitz gakoak: tokiko hedabideak, euskal prentsa
Sarrera
Bada hamarkada pare bat euskarazko tokiko aldizkari andana bat sortu zela Euskal Herrian,
bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian. Bakoitzak bere bilakaera izan du, batzuek aldaketa sakonak
egin dituzte, eta gaur egun prentsaren etorkizunaz dauden zalantza eta kezken ekaitzak
astintzen ditu tokiko hedabide horiek ere. Nahiz eta hedabide horiek beren herri edo eskualdean
ezagunak izan, Euskal Herri osoko ikuspegitik hartuta, tokiko hedabideen multzoak ez dauka
halako ikusgarritasunik. Sektore franko atomizatua delako kezka hautematen da, eta horrek
bultzaturik sortu da ikerketa sakon hau egiteko ideia. Euskal Herriko tokiko euskarazko
hedabideen erradiografia ahal bezain xehe eta zehatza egitea da ikerketa honen helburua.
Halaber, ikerketa honek erantzun nahi dio euskarazko tokiko hedabide gehienak biltzen dituen
Tokikom elkartearen behar bati: saretze proiektuak diseinatu eta obratu ahal izateko, aurretik
egoeraren diagnosia zehatza nahi zuten.
Ikerketa hau bi ikerketa galdera nagusiren inguruan egituratu da: nolakoa da Euskal Herriko
euskarazko tokiko informazioaren eskaintza (geografikoki, frekuentziaren arabera, euskarriaren
arabera eta albiste motaka sailkatuta)? Zein dira euskarazko tokiko komunikabideen baliabideak,
mugak eta elkarlanerako aukerak?
Euskarazko tokiko hedabideen erradiografia zehatza egiterakoan, Tokikom sareko hedabideez
gain, Hitza sareko egunkari eta astekarien egoera ere ezagutu nahi izan da, eta baita ere tokiko
irratiena eta Tokikom sarean ez dauden tokiko aldizkariena.
Testuingurua eta aurrekariak
Tokiko prentsa lehenago ere ikertu izan da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo, nahiz
eta ez den maiztasun handiarekin agertzen den ikerketa arlo bat. Nazioarteko ikerketetan
777
aipagarriak dira albiste hiper-lokalen, tokikoen eta nazio mailakoen elkarbizitza (Goodrum, Godo,
& Hayter, 2011), tokiko hedabideen eta nazio mailako hedabideen eskaintzaren eta famaren
azterketa (DiStaso, 2012), tokiko hedabideetako albisteak izenpetzen dituztenek tokiko
erakundeei buruz informazio negatibo gutxiago zergatik ematen duten azaltzen duen ikerketa
(Gurun & Butler, 2012), tokiko hedabideen erabileraren eta komunitatearekiko atxikimenduaren
arteko harremanari buruzkoa (Hoffman & Eveland, 2010), tokiko komunikabideen eta Internetek
eragiten dizkien aldaketei buruzkoa, Suediako kasu azterketa batekin (Olsson & Jacobsson,
2006) edota tokiko hedabideen jabegoaren eta kalitatearen arteko harremanari buruzkoa
(Rennhoff & Wilbur, 2012). Halaber, aipa daiteke tokiko irratietako langileen egoerari buruzko
ikerketa, Kataluniako kasu azterketa batean oinarritua (Solà Saña, 2012). Bestetik, Txinako
emigranteak Zeelanda Berrian etxean bezala senti daitezen, Txinako albiste lokalak ematen
dituzten hedabideen funtzioa ere aztertu dute (Xiao, 2007).
Euskal Herriari dagokionez, Alazne Aiestaran Yarza-ren lanak dira tokiko euskarazko
komunikabideen egoeraz dauden berrienak eta sakonenak. Batez ere Debabarreneko tokiko
hedabideen kasuak ikertu ditu (Aiestaran Yarza, 2007, 2011). Bi lan horietan Debabarrena
eskualdeko aldizkarietako kazetaritza genero eta gaiak aztertu zituen. Goio Aranak eta Aitor
Zuberogoitiak Goiena hedabidearen kasu azterketa egin dute (Arana & Zuberogoitia, 2012).
Maria Gonzalez Gorosarrik tokiko hebabideen kalitatea ikertu du (González Gorosarri, 2006).
Aipatu behar dira ere Arantza Gutierrez, Iñaki Zabaleta, Nicolas Xamardo, Santi Urrutia eta
Antxon Mendizabalen lanak, euskarazko komunikabideak eta kazetaritza eta haien pisua ikertu
baitutituzte, baita ere Europako hizkuntza gutxituetakoak (Gutierrez Paz, Zabaleta, Xamardo et
al., 2004; Zabaleta, Xamardo, Gutierrez Paz, Urrutia, & Fernández Astobiza, 2007). Azkenik,
Jasone Mendizabalen lanak ere aipa daitezke, sarean lan egitearen gaia landu baitu
(Mendizabal, 2005).
Bestalde, tokiko hainbat komunikabideri buruzko ikerketa txostenak egin ditu Aztikerrek. Bertan
agertzen dira tokiko aldizkarien irakurleei buruzko datuak eta haien iritziak. Pulunpe, Otamotz,
Karkara, Guaixe, Begitu, Barren, Baleike, Anboto, eta Kitto, Aldaize eta Aikor aldizkariak ikertu
ditu. Lan hori abiapuntu garrantzitsua izanen da ikerketa honetarako.
Dena den, aurrekariak ikusirik, ondorioztatu ahal izan da euskarazko tokiko hedabide guztiak
hartzen dituen ikerketa zehatzik eta erradiografiarik ez dela egin. Horrez gain, ikerketa gehienak
krisi ekonomikoaren aitzinekoak dira, eta beharrezkoa da ikerketa berria eta eguneratua egitea,
gaur egungo garai zailetako egoerak eragin duen aldaketa kontuan hartuz.
Metodologia
Ikerketa lan honen helburua euskarazko tokiko hedabideen egoeraren argazki ahal bezain
zehatza egitea izanik, hiru metodologia uztartu dira: eduki azterketa, elkarrizketa sakonak eta
galdetegiak. Aiestaranek (2007) erabili duen metodologia hautatu da oinarri gisa eduki azterketa
eta elkarrizketa sakonei dagokienez.
Elkarrizketa sakonei dagokienez, Tokikom sareko aldizkari nagusietako arduradunekin egin dira
elkarrizketak. Elkarrizketak diseinatu dira Tokikom-ek jakin nahi zituen informazioen arabera,
tokiko aldizkarien egoera eta lan egiteko modua hobeki ezagutzeko asmoz. Galdetegia osatu da
eta ikerketa taldean kontrastatu; ondoren, Tokikom-eko arduradunekin kontrastatu da eta zenbait
zuzenketa egin zaizkio galdetegiari.
Elkarrizketek 76 galdera zituzten, eta ordu bat eta hiru ordu bitartekoak izan dira. Atalka sailkatu
dira galderak. Batetik, 11 galdera egin dira hedabide horretako langileei buruz, langileen eta lan
taldearen soslaia osatzeko asmoz. Bigarren galdera multzoa hedabide horretako laguntzaile
778
sareari buruzkoa izan da, ikusteko hedabide horiek soldatapeko langileez aparteko laguntzailerik
edo kolaboratzailerik baduten. Hirugarren galdera multzoan, hedabidearen irismena neurtu nahi
izan da, bai irakurle kopuruak, bai webguneko bisitak jakiteko asmoz. Laugarrenik, aurrekontuari
buruzko 13 galdera egin dira. Bosgarrenik, egoitzaren egoerari eta informatika azpiegiturari
buruzko zenbait galdera egin zaizkie. Halaber, artxiboa nola antolatuta daukaten ere galdetu
zaie. Seigarren galdera multzoa beste komunikabideekin dauzkaten harremanak ezagutzeko
erabili da. Zazpigarren multzoan, 14 galdera egin dira hedabide horien lan egiteko modua eta
antolaketa ezagutzeko asmoz. Azkenik, etorkizunari begira dauzkaten proiektuak, aukerak eta
arriskuak zein diren galdetu zaie.
Elkarrizketa sakonak egin zaizkie …eta Kitto, Begitu, Goiena, Guaixe, Ttipi Ttapa, Uztarria, Aiurri,
Txintxarri, Hernaniko Kronika eta Anboto aldizkarietako arduradunei, 2013ko maiatzean.
Elkarrizketa horiek hedabide bakoitzaren egoitzan egin dira.
Horrez gain, gainerako hedabideen datuak jakiteko asmoz, galdetegi bat igorri zaie hedabide
haietako arduradunei, langile kopuruak, irakurle edo entzule kopuruak eta aurrekontuak jakiteko.
Erantzun ez dutenak Bilbo Hiria Irratia, Aldaize eta Pulunpe dira.
Azkenik, focus group bat antolatu da euskarazko hedabideen webguneetako arduradunekin, hala
nola Argia, Berria, Goiena, Uztarria eta Bizkaie.biz hedabideetakoekin, CodeSyntax enpresako
batekin eta Topagunea elkarteko beste batekin. Euskarazko hedabideak Internet-era nola egokitu
diren eta zein erronkari aurre egin behar dioten aztertu da eztabaida talde horretan.
Tokiko hedabideen egoera
Atal honetan azalduko dira ikerketaren emaitza orokorrak, bai zein diren Euskal Herrian dauden
hedabideak, bai zein den haien eskaintza eta zein diren haien baliabideak. Kontuan hartu behar
da ikerketa 2013ko udaberrian egin dela, eta geroztik zenbait gauza aldatu direla, esaterako
Tolosaldeko hedabideek Ataria proiektu komuna sortu dutela edota Aiurri astekarian murrizketa
handiak gertatu direla. Baina gertakari horiek ikerketa ondorengoak izanik, emaitza hauetan ez
dute islarik izanen.
Tokiko informazioa euskaraz, herriz herri
Orotara 92 hedabide zenbatu dira ikerketa, nahiz eta zehaztu behar den horietako batzuen
maiztasuna oso urria dela, edo batzuk ez daudela gehiago. Azterketa zehatzago bat egin
ondoan, gutxienez bi hilabetetik behin agertzen diren hedabide kopurua 80ra ekarri da, eta horiek
dira ondorengo lerroetan zerrendatuko direnak. 80 horietatik 48 aldizkari, astekari edo egunkariak
dira, 18 dira irratiak, 7 telebista daude eta beste 10 dedikatzen dira Internet-era. Zehaztu behar
da bi webgune eta telebista bat aldizkari moduan ere sailkatu direla; hain zuzen, Goiena eta
Uztarria aldizkarien webguneak webguneen zerrendan ere badaude, webgune gisa beren
dinamika propioa daukatelako. Halaber, Goiena telebisten zerrendan ere sartu da, aldizkariaz eta
webguneaz gain, telebista bat ere badelako. Horiez gain, aldizkari gehienek beren webgunea
daukate. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren kasuan, zehaztu behar da herrialde
bakoitzak daukan irratia, tokiko irrati gisa sailkatu dugula, tokiko informazioa ematen dutelako,
orokorraz gain. Herria astekaria hiru herrialde horietan banatzen da, baina herriz herriko berriak
ematea da astekariaren funtsa. Horregatik sartu da hori ere tokiko hedabideen zerrendan.
Azpimarratu behar da, zabalkunde geografikoari dagokionez, euskarazko tokiko hedabideak
iristen direla Gipuzkoako herri guztietara. Kasu gehienetan, eskualde mailako hedabideak dira,
eta beste kasu askotan herriz herriko hedabideak. Bizkaiaren zati handienean ere badaude tokiko
hedabideak euskaraz, Enkartazioetan, Ezkerraldean, Meatzaldean eta Plentzia-Mungia
779
eremuetan salbu. Nafarroa ipar-mendebaldeak ere badauzka bereak. Ipar Euskal Herrian herri
mailako eta eskualde mailako aldizkaririk ez dago, baina herrialde mailako irratiek eta Herria
astekariak tokiko berriak eskaintzen dituzte. Araban Aiaraldea eskualdean eta Gasteizen daude
tokiko hedabideak.
Tokiko hedabideen deskribapena
Tokiko aldizkarien formatuari erreparatuta, azpimarratu behar da gehienen formatua A4 neurrikoa
dela. Zenbait aldizkari eta egunkari, ordea, A3 formatuan edo doi bat txikiagoan ateratzen dituzte.
Paperari begiratuta, argitalpen maiztasuna ez da irizpide bakarra, argitaratzen den albiste
kopurua neurtzeko, eta bakoitzak zenbat orrialde argitaratzen duen neurtu da (A4 neurria hartu
da erreferentziatzat, eta A3 orrialdean argitaratzen duten aldizkarien kasuan, orri bakoitzeko 2
orrialde argitaratzen dituztela finkatu da). Hilabeteko orri gehien argitaratzen duen aldizkaria
Goiena da. Astean bi zenbaki argitaratzen ditu, 40 orrialdekoak (puntualki, orrialde gehiagokoak
ere ateratzen dituzte). Orotara, hilabetean 640 orrialdetik gora argitaratzen ditu, beraz. Askoz
kopuru txikiagoan dabiltza gainerako aldizkari guztiak. Astean lau zenbaki ateratzen dituztenen
artean daude Urola Kostako Hitza, Goierriko Hitza, Tolosaldeko eta Leitzako Hitza eta Lea-Artibai
eta Mutrikuko Hitza. Urola Kostako Hitza da horietan orrialde gehien ateratzen duena, bataz
beste, 384 orrialderekin. Tolosaldeko Hitza-k eta Goierriko Hitza-k 256 orrialde betetzen dituzte.
Gainerakoek gutxiago.
Azpimarratu behar dira Buruntzaldeko (Hernani, Andoain, Lasarte-Oria, Astigarraga, Urnieta)
inguruko aldizkarien produkzioak ere. Andoainen eta inguruan zabaltzen den Aiurri aldizkarikoek
orotara 208 orrialde argitaratzen dituzte hilabetean. Gehienak Aiurri astekariari dagozkio, hain
zuzen ere Andoain eta Urnieta herrietako berriak, 24 orrialdetan. 28 orrialdeko hamaboskaria ere
argitaratzen dute, Andoain, Asteasu, Alkiza, Zizurkil, Aduna eta Larraulen zabaltzeko. Aiurri-ri
gehituz gero Hernaniko Kronika-k hilabetean argitaratzen dituen 192 orrialdeak (astelehenetik
ostiralera 2na eta larunbat eta igandetan 4na), Lasarteko Txintxarri-k (astean 8 orriko bi zenbaki)
hilabetean argitaratzen dituen 128 orriak eta Usurbilgo Noaua astekariaren 80 orriak, orotara 605
orrialde argitaratzen dira Buruntzaldea eskualdean.
Gainerako aldizkarien orrialde ekoizpena murritzagoa da; astekarien kasuan, hilabetean 100 eta
200 orrialde bitartean argitaratzen dute, eta hamaboskariek edota hilabetekariek 100 orrialdetik
behera.
Kalkulu horiek A3 formatuko orrialdeetara ekarriko balira, hilabetean 2.126 orrialde ekoizten dute
hedabide horiek, orotara. Hots, egunean 70 orrialdeko egunkari bat betetzeko adina orrialde.
Euskarazko tokiko hedabide guztien artean hilabetean ekoizten duten orrialde kopurua batuta, A3
formatuko 2.126 orrialderen heineko egunkari formatuko 70 orrialdeko egunkari bat atera liteke.
Haatik desorekak badaude herritar bakoitzak bere herriko edo eskualdeko informazioa euskaraz
jasotzerakoan, denek ez dutelako maiztasun berarekin edukitzen informazio hori. Batzuek
egunero, beste batzuek hilabetean behin bakarrik.
Tokiko hedabideen audientzia
Aldizkari bakoitza ehunka edo milaka aletan argitaratzen dute, batzuk doan banatzen dira, beste
batzuk ordainpekoak dira. Orotara, Hitza taldekoak, Tokikom sarekoak, udal aldizkariak eta
elkarteen beste aldizkariak gehituta, tokiko aldizkari edo egunkarien 187.000 ale baino gehiago
zabaltzen dira Euskal Herrian. Kontuan hartuta zenbait aldizkariren datuak falta direla, litekeena
da kopuru hori 200.000ra hurbiltzea. Topagunean (Tokikom-ekoak eta Tokikom-etik kanpokoak)
dauden aldizkariek osatzen dute inprimatzen diren aldizkarien bi heren, gutxi gorabehera.
780
Irakurle kopuruen kalkulu batzuk egin dira, CIES erakundeak edota Aztiker erakundeak
aldizkarien esku utzi dituzten neurketen arabera. Aldizkari bakoitzaren irakurle kopuruak batuta,
eta kontuan hatuz aldizkari batzuek ez dauzkatela eskura datu horiek, Tokikom-eko aldizkariek
194.000 baino irakurle gehiago dauzkate, orotara. Tokikom-en ez dauden Topaguneko
aldizkariek 29.500 irakurle baino gehiago dauzkate. Hitza sareko sei aldizkaritik lauk 66.000
baino irakurle gehiago daukate, orotara. Zenbatutako irakurle kopuru guztien artean (Hitza,
Tokikom, Topagunea, elkarteak eta udal aldizkariak), 268.300 irakurle dira, banatutako 100.500
alerentzat 186. Proportzio kalkulu bat eginez gero, kontuan hartuta banatzen diren ale guztiak,
euskarazko tokiko aldizkarien irakurle kopurua 430.000tik gorakoa da. Dena den, irakurle horiek
guztiak ez dira pertsona bakarrak; hain zuzen ere, Urola Kostan eta Tolosaldean, Hitza aldizkaria
eta tokiko besteren bat ere badaukate, kasu askotan, eta ondorioz litekeena da eskualde horietan
irakurle berak bi aldizkariak irakurtzea.
Webguneen bisitei dagokienez, konplikatuagoa da datu orokorrak ematea, batzuek eguneko
bisita kopuruak aipatu dituztelako, eta beste batzuek hilabeteko bisita kopuruak. Kasu guztietan,
orotara dozenaka mila (294.000) bisitari dauzkate tokiko hedabideen webguneek (aldizkari, irrati
edota telebisten webguneek).
Tokiko hedabideetan lanean ari direnak
Tokiko hedabideetan lanean ari diren langileei dagokienez, hedabide batzuen datuak falta dira,
prentsa idatziari dagozkion ia datu guztiak baldin baditugu ere. Telebista eta irrati zenbaiten
daturik ez dago. Egindako batuketen arabera, gutxienez 266 lagun ari dira lanean tokiko
euskarazko komunikabide batean. Hedabide handiena Goiena da, 48 langile baititu. Ondoren
dator Goierriko Hitza, 13 langilerekin. Hirugarren postuan letorke Anboto aldizkaria 11
langilerekin. Gainerako hedabideetan 10 langiletik behera dauzkate, eta horietan askok langile
bakarra.
Langile horien erdia ari da erredakzio lanetan, hala nola 126 lagun. Gainerakoak administrazioko
lanetan eta komertzial lanetan ari dira. Halaber, zehaztu behar da 266 laguneko lan talde
horretan ez direla ageri aldizkariak argitaratzen dituzten elkarteetako langile guztiak. Txintxarri
edo Guaixe argitaratzen dituzten elkarteen kasuan, adibidez, beste langile batzuk badituzte,
elkarteko beste kontuetarako. Ikerketa honetan zenbatutako langileak aldizkarirako ari diren
langileak dira soilik.
Tokikom-en federatuta dauden hedabideek dauzkate langileen ia bi heren, hala nola 156.
Tokikom-en ez dauden Topaguneko hedabideetako 14 langileak gehituz heltzen dira proportzio
horietara. Laurdena baino gutxixeago – 52 – ari dira lanean Hitza aldizkarien sarean.
Lanaldiari dagokionez, 266 langile horietatik 160 denbora osora ari dira lanean. Generoari
dagokionez, zenbatutako 266 langileen artetik, 16 langilerena ez zaigu zehaztu. 246 langileetatik
164 dira emakumezkoak eta 92 gizonezkoak. Azkenik, euskarazko tokiko hedabideetako ia
langile guztiek bi urte baino gehiago daramate lanean beren enpresan. 266 langileetatik 29 dira
duela bi urte baino gutxiago hasi zirenak bertan lanean.
Krisiak ere jo ditu, ordea. Euskal Herriko tokiko aldizkari nagusiek (elkarrizketa sakonetatik
ateratako informazioaren arabera) murrizketak jasan behar izan dituzte 2008tik hona. Hamar
aldizkari nagusien artean, hamar langiletik gora galdu dituzte azkenaldian. Galera handienak
Nafarroan gertatu dira, Guaixe eta Ttipi Ttapa aldizkariek hiruna langile gutxiagorekin
funtzionatzen baitute gaur egun. Diru laguntzak murriztearen ondorioz, Guaixe aldizkariaren
186
Banatutako aldizkari zenbaiten irakurle kopuruak falta izanik, kalkulu hau egiteko ez dira kontuan hartu.
781
Beleixe irratiak egunero eskaintzen zuen saioa bertan behera utzi behar izan zuen, astean saio
bakarra egiteko. Ttipi Ttapa-ren kasuan, telebista itxi behar izan zuten 2009an, eta 2013an
orrialde kopurua murriztu dute.
Aiurri aldizkarian bi kazetari gutxiago dituzte 2009tik hona. Anboto eta Eta Kitto aldizkarien artean
bi postu eta erdi galdu dituzte. Goiena-k egokitzapenak egin ditu bere lan taldean, kazetariak ere
hasi baitira bideo grabaketak egiten edota argazkiak hartzen.
Hernaniko Kronika, Txintxarri eta Uztarria dira langile kopuru berarekin jarraitzen dutenak.
Tokiko hedabideen laguntzaile sarea
Aztertutako aldizkari guztiek daukate talde profesional bat oinarrian. Talde hori, ordea, handiagoa
da batzuen kasuan, beste batzuen kasuan baino. Erredakzio taldearen handitasunaren arabera,
kanpoko berriemaile edo kolaborazioen laguntzaile sare handiagoa edo txikiagoa dute.
Hainbat motako laguntzaileak daude. Ia aldizkari guztietan ageri den laguntzaile figura,
zutabegilearena da. Informatzaileei dagokienez, bi motakoak daude: kazetariek herrietan
dauzkaten kontaktu finkoak batetik, eta berri-emaileak bestetik. Hirugarren osagai garrantzitsua,
herriko euskara elkarteko parte izatea da, aztertutako aldizkarien erdien kasuan. Ez da hain
zabaldua, ordea, aldizkariaren diru laguntzailearen figura edota ekitaldien antolaketetan lan
egiten duten boluntarioena.
Laguntzaile sarearen zenbaketa zehatza egitea zaila da, batzuetan eta besteetan laguntzaile
figura ez delako bera. Orotara 1.083 laguntzaile zenbatu dira ikerketa honetan, baina litekeena
da kopurua handiagoa izatea. Halaber, datu horrek ez dakar xehetasunik laguntzaile horien
jarraikortasunari dagokionez. Laguntzaile horietako 10etik ia 7 Tokikom-en bilduta dauden
aldizkarietakoak dira, hala nola 681 lagun. Ia laguntzaileen hiru laurdenak Topagunean biltzen
diren hedabideetakoak dira, Tokikom-en egon edo ez. Azpimarratu behar da elkarteetako
hedabideetako laguntzaileen pisua ere. Pisu hori batez ere Euskal Irratien 150 laguntzaileei zor
zaie, irrati horiek sare zabala daukatelako irratsaioak egiteko eta diru bilketa kanpainak
antolatzeko.
Berri-emaileen figura aldakorra da aldizkari batetik bestera. Kasu gehienetan, ez daukate herri
edo auzoetako berri-emailerik edo albisteak bilatzen edo idazten dituenik. Hala ere, informazioa
ematen dieten pertsonen sare sendo bat daukatela erran daiteke, gehienentzat. Informatzaile
horiek “kontaktuak” deitzen dituzte hainbatek. Guaixe aldizkariak, adibidez, Sakanako herri
guztietan dauzka kontaktuak, “duela urte asko herriz herriko sarea lortzeko lana egin zelako”.
Kontaktu sare horrek bi norabidetako harremanaren bidez funtzionatzen du: erredakziokoak
joaten dira kontaktuengana informazioa galdetzera, baina alderantzizkoa ere gertatzen da, “haiek
guregana etortzen dira, informazioa ematera”.
Anboto-k ere kontaktu sare bat dauka. Durangaldeko hamabi herrietan erredaktoreen artean
banatzen dituzte, eta erredaktore bakoitzak dauzka kontaktuak dagozkion herrietan. Kontaktu
horiek elkarteetako arduradunak dira, baina ez daukate “informatzaile zerrendarik”. Hala ere,
badira informazioa emateko deitzen dutenak.
Aiurri aldizkariak ere herri guztietan dauzka kontaktuak: “Aldizkaria sortu zenean, asko zaindu
zen alderdi bat izan zen, eta mantentzen da”. Horietatik gehienek telefonoz, bisita eginez edo
posta elektronikoz bidaltzen dituzte albisteak. Batzuek artikulu erredaktatuak bidaltzen dituzte:
“elkartearen bueltan dabiltzan batzuk kazetari dira, edo irakasle. Idazteko joera dute: beste
batzuek ez dute joera hori”.
782
Begitu aldizkariak badu kontaktu sare bat, “erredakzio taldeak” egiten dituzte. Talde horri esker,
Begitu-ko kazetariak badaki norengana jo behar duen; berriemaileak ere baditu: “figura hori beti
eduki dugu, mahai gainean behar dugula herri bakoitzean informatzaile bat. Beste era batera
estaltzen dugu: kalean ibiltzen gara, jendeak erreferentzia modura hartzen gaitu, beren
informazioa ematen digute”.
Hala ere, Begitu-k badauka berriemaile figura ere, aldiro-aldiro artikuluren bat bidaltzen duten
pertsonek osatutako mutzoa, alegia. Kolaboratzaile horiek dira “kazetaritza ikasi edo mundu
horretan dabiltzanak, eta zenbakiz zenbaki idazten dutenak, kobratu gabe. Horietatik lau finkoak
dira”. Zutabegileen artean edo beren herrietako berriak idazten dituztenen artean, Arratiako herri
guztietako jendea daukate aldizkarirako idazten, salbu Ubidea herrikoa. Han, Udaletxearekin
zuzeneko harremana daukate, eta baita hango mendi talde batekin ere. Bestalde, azpimarratu
behar da bailarako ikastetxeei aldizkariaren txoko bat irekitzen dietela, zenbakiz zenbaki haiek
idatzitako artikulu bat argitaratzeko.
Ttipi-Ttapa-ren kasua antzekoa izan arren, pixka bat desberdina da. Herrietako kronikak eta
kiroletako albisteak zein emaitzak berriemaileek idazten dituzte, baita argazkiak bidali ere.
Orotara 17-18 kolaboratzaile dituzte, eta kronika bakoitzeko 16 euro ordaintzen diete, “gratifikazio
modura”. Berriemaile horiek irakasleak, irakasle erretiratuak, ikasleren bat edo beste, gizarte
langile bat, zinegotzi bat, zurgin bat eta lantegi bateko beharginak dira. Herri handienetakoek
astero igortzen dute kronika bat, eta besteek ia astero. Berriemailerik ez daukaten herrietako
berriak jasotzeko, erredakziotik deitzen dute herri haietako udal idazkaritzara.
Berriemaileen testuek lana eskatzen diete kazetariei: “Batzuen lanak berridatzi behar dira. Ia
testu gehienak berridatzi beharrekoak dira. Ez den-denak. Nabari da ez direla kazetaritza
ikuspegitik eginak. Batzuek lehen pertsonan idazten dute, gero testu berean hirugarren pertsonan
jarraitzen dute: konkordantzia arazoak dituzte. Eskarmentu luzea dutenak hobeki moldatzen dira.
Hizkuntza ere zuzentzen diegu, batu estandarrera egokituz.” (Ttipi Ttapa)
Elkarteetatik eta mugimenduetatik ere iristen dira artikuluak edo albisteak, baina ez dira
aldizkarirako erredaktatuak izaten, Anboto-ren kasuan, adibidez. Erredaktatutako testuak prentsa
kabinete batetik etortzen direnak izan ohi dira.
Berriemaile sare finko edo egituratu batez harago doaz Uztarria eta Goiena, komunitatearen
bidez. Jendeak badauka edukiak eta albisteak webgunera igotzeko aukera. Baina oraindik ere
askok emaila erabiltzen dute, telefonoz deitzen dute edo bisitan joaten dira zerbaiten berri
ematera.
Goiena-k ehunka laguni eskatzen dio idazteko, Interneten. Blogei ematen diete indarra, eta beren
informatzaileek bloga daukate, eta bertan idazten dute. Parte hartzaileak Debagoiena osokoak
dira, eta badira Euskal Herrian bizi direnak eta Debagoienarekin lotura dutenak. Blogean idazten
dituzten albisteak webguneko albiste nagusi bihurtzeko aukera ere badago. Ondorioz,
kolaboratzaile sare horren bidez, kolaboratzaileak Goiena-ren “iturri” bihurtzen dira. “Aurten,
helburua da paperaren %5-10 iturriek idatzitakoa izatea. Ez egitea komunitatearentzako bakarrik,
baina komunitatearekin. Parte hartzea irabazi nahi dugu, eta sakontasuna artikuluetan.”
Zenbait aldizkarik, ordea, dena beren gain hartzen dute, informatzaile sarerik gabe funtzionatuz.
Hori da Hernaniko Kronika-ren kasua. Txintxarri-k ere ez dauka berriemailerik edo kontakturik,
nahiz eta jende asko joaten zaien informazioa ematera, batez ere Ttakun elkarteko bazkideak.
Eta Kitto aldizkariak badauka informazio sare bat, gehienbat elkarteen inguruan mugitzen
direnak, beren elkarteari buruzko informazioa emateko. Zer edo zer gertatuz gero herrian, jendea
kazetariekin jartzen da harremanetan.
783
Aurrekontuak eta diru laguntzak
Aldizkari eta hedabide gehienen datuak lortu dira, nahiz eta batzuenak falta izan. Hedabide
nagusien aurrekontuekin, tokiko euskarazko hedabideetan gastatzen den diru kopuruaren
hurbilpen bat egin daiteke, 2012ko aurrekontuak oinarri hartuta. Bildutako datu horiekin egin den
batuketaren arabera, euskarazko tokiko hedabide guztien artean (telebista lokalak eta Hego
Euskal Herriko irratiak salbu), 11 milioi eurotik gorako aurrekontua dago urtean. Falta diren
hedabideen aurrekontu datuak eskuratuz gero, Tokikom-en dauden hedabideen artean biltzen da
aurrekontu horren erdia baino gehiago; laurdena baino gutxixeago hartzen dute, aldiz, Hitza
taldekoek.
Tokikom-en biltzen diren hedabideen artean 5,9 milioitik gorako aurrekontua daukate. Horiez
gain, Tokikom-en ez dauden Topaguneko aldizkarien artean, 561.000 eurotik gorako aurrekontua
daukate. Elkarteen kasuan, 1,7 milioi euroko zati horretako handiena Ipar Euskal Herriko Euskal
Irratiak federazioarena (Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza) da, 1,2 milioiko
aurrekontua baitute urtean. Kontuan hartu behar da Euskal Irratien aurrekontuaren zati bat
Antxeta Irratiari dagokiola (baina aurrekontuak orokorrak direnez, ez dago bereizketa hori), eta
beraz Antxeta Irratiari dagokion atala gehi dakiokeela Tokikom-en aurrekontuari (eta elkarteen
atalari kendu).
Tokiko komunikabideetan joaten den diruaren erdia baino gehiago (6,1 milioi eurotik gora)
pertsonal gastuetan joaten da. 1,7 milioi euro gastatzen da inprimaketan, 1,63 milioi euro egoitza
ordaintzen, 0,96 milioi euro banaketan eta 0,91 milioi euro gainerako gastuetan. Kontuan hartu
behar da inprimaketa eta banaketa gasturik ez daukatela irratiek eta telebistek, baina beste gastu
batzuk dauzkatela.
Egindako kalkuluen arabera, euskarazko tokiko hedabideen aurrekontuaren %39 erakunde
publikoen diru laguntzetatik estaltzen da.
Diru laguntzen pisu handiena Eusko Jaurlaritzarena eta udalena edo mankomunitateena da.
Udalek eta mankomunitateek ziurtatzen dute diru-laguntzen %47, hala nola 2,1 milioi euro
gutxienez. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, laguntzen %27 estaltzen du, 1,2 milioi eurorekin; horri gehitu
behar zaio Euskararen Erakunde Publikoaren diru-laguntzak osatzeko poltsara ematen duen
dirua, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiarekin, Akitaniako Eskualde Kontseiluarekin eta
Frantziako Estatuarekin batera; denen artean 400.000 euro ematen dute Euskal Irratiak,
Kanaldude eta Herria astekaria laguntzeko. Azpimarratu behar da Nafarroako Gobernuak ez
duela dirurik ematen tokiko hedabideak laguntzeko. Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik
ematen ez duenez, Nafarroako hedabideek beren udal edo mankomunitateko eta Eusko
Jaurlaritzako diru-laguntzak jasotzen dituzte bakarrik.
Bestalde, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean, 730.000 euro banatu dizkiete
euskarazko tokiko hedabideei, hala nola diru-laguntza guztien %16. Udalen laguntzari
dagokionez, azpimarratu behar da, hala ere, laguntza horretan ez dela sartzen aldizkari askori
doan uzten dieten egoitzaren saria. Bestalde, horri gehi dakioke mankomunitateek ematen
dituzten 120.000 euroak. Kasu gehienetan, mankomunitateek ez dute diru laguntzarik ematen,
laguntza hori udalaren bitartez bideratzen baita. Laburbilduz, oro har, tokiko hedabideen
aurrekontuaren ia %19 estaltzen du udalen eta mankomunitateen diru laguntzak.
784
Euskarazko tokiko hedabideen funtzionamendua
Lan antolaketa
Ez dago lan antolaketa eredu bakar bat. Erredakzioek ere ez dute denek handitasun bera, eta
horren arabera modu batera edo bestera lan egiten dute. Kronika-ren kasuan, kazetari batek
hurrengo egunekoa egiten du, astelehenetik ostiralekoa. Beste biek asteburuko bi zenbakiak
egiten dituzte. Eguneroko zenbakiak lantzen dituen kazetariak egiten ditu argazkiak eta jarraitzen
ditu prentsaurrekoak. Beste biek erreportajeak lantzen dituzte.
Ttipi-Ttapa aldizkarian, kazetari bakoitzak sail batzuk dauzka bere esku. Batek bere gain hartzen
ditu kronika lokalak. Elkarrizketa orokorra beste batek egiten du, eta iritzia hirugarren batek
kudeatzen du. Internet elikatzea, aldiz, lehen bi kazetarien artean egiten dute, astelehenetik
ostiralera, egunero. Testuen zuzenketari dagokionez, batak besteari zuzentzen dio. Ostiral
goizetan inprimeriara eramaten dute, eta hurrengo astean banatzen.
Guaixe-ko erredakzioan pertsona bat arduratzen da kirol sailaz, “kirolak nahiko aktibitate zabala”
duelako. Kiroletako arduradunak bere lana bukatzen duenean, beste sailetako lanak egiten ditu.
Aldizkarian astero ateratzen den elkarrizketa, aldiz, nork egingo duen zenbaki hasieran
erabakitzen dute, eta gainerako artikuluen banaketa horren ondoren egiten dute.
Anboto-ko kazetarien artean hamabi herriak banatzen dituzte. Pertsona bat arduratzen da kirolaz,
beste bat kulturaz, webguneak ere badu arduradun bat, eta beste batek elkarrizketak egiten ditu.
Txintxarri astekarian astelehenetan gaien banaketa egiten dute. Gai konkretu batzuk hartzen ditu
bakoitzak. Gai horiek kazetari berak garatu behar ditu paperean eta webgunean, bereak dira eta
bere ardura da. Prentsaurrekora joaten da, webgunerako idazten du, eta gero papererako.
Bideoa eta argazki albuma egitea ere berari dagokio. Azken uneko zerbait ateratzen bada,
bukatu duenak edo gai atenporal batekin ari denak hartzen du. Bideo edizioan bi lagun ibiltzen
dira.
Hala ere, Txintxarri-ko arduradunak webguneak eragiten duen lan gehigarriaz ohartarazi du:
“Webguneak aparteko produkzioa eskatzen du. Normalean, paperak mugatzen gaitu, eta
elkarrizketa edo erreportaje luzeegiak webgunean sartzen ditugu. webguneko albisteak badu
beste nortasun bat, desberdina. Horrek ere lan karga bat suposatzen du”. Baina kontua ez da
dena webgunera bideratzea, “betiko irakurlea” ez delako sartzen webgunera: “horri ere eskaini
behar zaio webgunean sartzen duguna”.
Eta Kitto-koek ostegunean egiten dute erredakzio kontseilua, eta horretan erabakitzen dute gaiak
zeinek landuko dituen, bi erredaktoreen artean. Printzipioz ostiral eta astelehena erabiltzen
dituzte publizitatea kudeatzeko, eta testuak astearte eta asteazkenetan egiten dituzte. Horrez
gain, erredaktoreetariko batek kudeatzen du webguneko jario dena, egunero. Aldizkariaren
helburua da egunean lau edo bost albiste zintzilikatzea. Azken urtean bereziki lantzen ari dira
Twitter eta Facebook.
Aiurri aldizkarian bi unetan egiten dute antolaketa. Ostegun-ostiraletan asteburuko
aurreikuspenak ikusi eta lan taldea antolatzen dute. Astelehenetan asteburuan jasotako
informazioa aztertu eta astekaria martxan jartzen dute. Libre dagoenaren arabera antolatzen dute
banaketa, unean uneko ekitaldien arabera. Asteburuetan norbait behar bada lan egiteko, lan
egiten duela dio arduradunak. Horrez gain, saiatzen dira webgunea egunero berritzen, egunean
gutxienez albiste bat edo beste sartuz. Orain paperean sartzen ez dena webgunean sartzen dute,
785
adibidez Urnietako antzerki lan baten inguruan izan den “iritzi zaparrada”. Paperean dagoena
interneten egoten da, baina interneten gauza gehiago sartzen dutela dio Aiurri-ko arduradunak.
Uztarria-koek astero lan taldeko bilera egiten dute, asteko gaiak aipatzeko, eta ikusteko
webgunean zeren jarraipena egin behar duten. Hilabete hasieran, ordea, aldizkariko gaiak
zehazteko biltzen dira, eta ondoren aldizkariaren jarraipena egiten dute astero. Horrez gain,
hilean behin erredakzio kontseilua biltzen da, eta orokorrago hitz egiten dute, ateratzen ari diren
gaiak aztertzeko. Erran dezakete azkenaldian artikulu gehiegi egin dela gai baten inguruan,
adibidez.
Begitu-k kazetari bakarra dauka, baina zuzendaritza talde bat badago bakoitzaren arloak eta
betebeharrak berrikusteko. Herriko albisteak eta erreportajea kazetariak egiten ditu; besteak
kolaboratzaileek. Aldizkariaren %70 betetzen du kazetariak.
Goiena-k antolaketa eredu berri bat hasi du 2013an. Taula bat daukate Google Drive-en
partekatzen dutena. Taula horretan ageri dira, zutabeka antolaturik, kazetariaren izena,
interneteko egileak, telebistako programa, albistea paperean… Egiteko bakoitzak ordu kopuru bat
asignatuta dauka. Ordu kopuru horretan sartzen dira artxibatzeko denbora eta twitterreko
denbora ere. Kazetari bakoitzak betetzen du taula horretan zati bakoitzean zenbat denbora
jartzen duen, eta astean 40 ordura iristen da. “Pantailara begiratuta, arduradunak badaki bakoitza
zertan ari den”.
Lanaren %80tik gora aurretik banatua da, finkoa da. “Bultzatu dugu kazetariak marka izatera:
Arrasatekoa Arrasatekoa izatea, marka fisikoa izatea, kirola, ekonomia, tokiaren arabera… Eta
orain lantzen ari gara marka digitala” (Iban Arantzabal).
Erredakzio bilerak egunero egiten dituzte, lehen orduan. Bilera horietan biltzen dira edukien
arduraduna, telebistako arduraduna, papereko arduraduna eta webgunekoa. Bileraren helburua
da ikustea “batez ere zer gai dagoen katramilatuta, zer interesgarri, zeri eman garrantzia, zer
landu dezakegun aurrerago eta hobeto”.
Kronika-koei informazioa iristen zaie, jendeak bidaltzen duelako, gehienbat email bidez, baina
baita ere zuzenean erredakziora etorriz. Halaber, kazetariek egunero begiratzen dituzte beste
egunkariak. Begitu-ko kazetariak, aldiz, informatzaile bakoitzari deitzen dio.
Prentsa bulegoek garrantzia daukate, Ttipi-Ttapa-ren arabera. Egunean hainbat mezu elektroniko
iristen zaizkie, “era guztietakoak” (instituzioak, kirola, gizartea…). Gai lokalak, aldiz, “agenda
informatibo guztietatik aparte dira”. Herrialde mailako gaien kasuan, besteak beste Nafarroako
Gobernuaren albisteetatik datozenetan, beren “eskualdearen interesekoak direnean” aipatzen
dituzte, edo “eskualdera ekartzen” dute, “elkarrizketa bat gehituz edo erreportaje bat eginez”.
Tokiko hedabideen arteko harremana
Tokiko hedabideen arteko harremana aztertzerakoan, bi alderdi hartu dira kontuan: eskualde
bereko aldizkarien arteko harremana batetik, Euskal Herriko tokikoen arteko harremana bestetik.
Buruntzaldea eskualdeko aldizkariek “nahiko harreman onak” dituzte, Kronika-ren arabera.
Tokikom-en ordezkaritza bat daukate. Txintxarri-k “urtetako bilerak, urtetan prentsaurrekoetan
elkartu izana, informazioa eta argazkiak trukatu” izana aipatzen du “harreman onak” azaltzeko.
Buruntzaldea eskualdeko tokiko aldizkariek webgune bateratu bat ateratzeko ahalegina egin
zuten, baina azkenean ez da aurrera atera, Kronika-ren arabera. Txintxarri-k ez du hitz berekin
azaldu egoera: “Orain, proiektu amankomun bat egiteko bileretan gabiltza. Oraindik trabatu gara.
Ikusten dugu eskualdeko zerbait digitalaren beharra. Baina aldizkari bakoitza oso errotuta dago,
786
herriko aldizkariak dira”. Txintxarri-k aitortzen du “zailtasun” bat badagoela. Aiurri aldizkarikoak
ere dio ez dela gauzatu: “Buruntzaldean saiakera batzuk egin dira baina ez dira ezertan gauzatu,
nahiz eta modu pertsonalean harremana daukagun”. Horrez gain, Buruntzaldean argitaratzen
diren aldizkarien artean, Buruntzaldeari buruzko erreportajeak egiten dituzte erregularki,
udaletako euskara zerbitzuekin batera. Urtean sei izaten dira. Aldizkari bakoitza arduratzen da
erreportaje hori egiteaz, eta eskualdeko aldizkari guztietan argitaratzen dute, denek aste berean.
Bestalde, Buruntzaldeko agenda bateratua kudeatzen dute. Aiurri Tolosaldera ere begira dago,
baina hango gainerako hedabideekin ez daukate harremanik, salbu Txolarre irratiarekin. “Hitza
sortu zenean, gatazka bat izan zen, eta geroztik bakoitzak bere bidea” egin zuen.
Uztarria-ren kasuan, Urola Kostako Hitza egunkariko langile bat dago haien egoitza berean.
“Harreman estua” daukate. “Batzuetan joaten da bat prentsaurreko batera eta ateratzen du
argazkia, eta uzten dio besteari. Eta alderantziz. Informazioak elkarbanatzen ditugu. Gure
webgunean Azpeitiari buruzko Hitza-ko albisteak sartzen dira”. Eskualdeko beste aldizkariekin
ere badute harremana Uztarria-koek (Zestoako Danbolin, Zumaiako Baleike, Orioko Karkara,
Getariko Artzape), eskualdeko tokiko hedabideen batzorde bat badutelako. Hausnarketa bat
egiten ari dira enpresa egitura bateratzea aztertzeko, enpresa eredua bateratuta, baina
produktuak aldatu gabe. Uztarria-koak beldur dira “denak batera eginez, irakurleak galduko”
lituzketela.
Aldiz, Euskal Herriko hedabideen artean, harreman gutxiago daukate. Uztarria-koek diote
harreman gutxi dutela gainerako tokikoekin, “bakoitzak tokian tokikoa lantzen duelako”. Tokiko
aldizkarien arteko harremana “informala” da. Azkenaldian harremana handitu da, Tokikom-en
inguruan hainbat aldiz bildu direlako elkarrekin. Aldizkari guztietako ordezkariek aipatzen dute
Tokikom-ek elkar ezagutzeko arrazoi nagusi gisa. Horrela dio Txintxarri-ko ordezkariak:
“besteekin ez daukagu harremanik, eguneroko lanean ez dugu beharrik eduki. Baina ez genuke
arazorik edukiko. Tokikom-ek lagundu du elkar ezagutzen, harremana sakontzen”.
Zenbait aldizkariren arteko trukea egiten da, hala ere. Ttipi-Ttapa aldizkarikoek ez dute “apenas
deus konpartitzen beste aldizkariekin, ez bada testu eta argazki trukerik Guaixe-rekin”. Hala ere,
Bizkaiko futbol talde batean ari den lesakar batena argazki bat behar izaten badute, adibidez,
hango aldizkari bati galdetzen diote argazkia.
Anboto eta Goiena aldizkarien arteko harreman bat badago, azken hauek ikastaro bat eman
zietelako lehenei sare sozialez, webgunean “aurrerapausoak” egin nahi zituztelako. Halaber,
Goiena-koek irakatsi diete argazkiak ere kazetariek beren gain hartzen edota argazkilaririk gabe
funtzionatzen, aurreztera begira. Uztarria-koek diote batzuetan beste aldizkariei galdetzen dietela
nola egiten duten diru laguntza batzuk edo publizitatea lortzeko. Aholkuak galdetzera joaten dira
Begitu-koak ere besteengana, baina ez dute beste harremanik. Eta Kitto-k ere maila berean
ikusten du Tokikom-en biltzen diren aldizkarien arteko harremana: diru laguntzen inguruko
informazio trukea egiten dute, baina ez argitaratzeko informazioari buruzkoa.
Goienak Erlo telebista, Hamaika telebista eta Goierri telebistarekin ere badauka harremana. Hala
ere, tokikoen arteko hitzarmenik ez dagoela idatzita dio Goiena-ko ordezkariak, baina elkarren
arteko harremana “anai-arreben” artekoa bezalakoa dela gehitu du. Tokiko telebista horiek
Tokiko elkartean biltzen dira, eta tokiko.tv plataforman batzen dituzte beren edukiak. Dena den,
Tokikom-ekin daukaten harremanaz aparte, kazetaritza harremanik ez dagoela zehaztu du.
Halaber, ez dago harreman egituratu eta hitzarturik tokiko hedabideen eta hedabide nazionalen
artean. Dagoen harremana informala dela diote denek.
787
Atomizazioa gainditzen
Eztabaida sakon horietatik agertu den emaitza hori – alegia, tokiko hedabideek elkarren arteko
harreman instituzional moduko bat badute ere, bakoitza bere aldetik ari dela lanean – berretsi
dute euskarazko hedabideetako webguneen arduradunek ere, haiekin antolatutako focus groupean. Hedabideen “atomizazioa” aipatu dute bertaratu direnek.
Eztabaida taldean bildutakoek nabarmendu dute euskarazko hedabideen arteko “atomizazioak”
sortzen diela kezka. Joxe Rojas Topaguneko kidearen ustez, “indar asko galtzen” da atomizazio
horren ondorioz: “Paperean gertatu zena digitalean gertatzen ari da: ekimen lokal asko dago,
bakoitzak bere bidea egin du. Atomizazio horretan indar asko galtzen da. Tokiko denak antzeko
bidean jartzeko modu bat bilatzen ari gara. Oso hurbil gaude elkarrengandik, indar handia dugu
irabazteko, baina ez dugu asmatu”. Rojasen ustez, hedabide asko “txikitasunetik dago bere
indarrari begira”. Hedabide bakoitzak egiten duen “ahalegina saretzea” falta dela dio.
Baina indarrak batzearen kontuak eztabaida piztu du. Koldo Isusi Bizkaie.biz webgunekoak “ondo
ikusten” du indarrak batzea, “baina esparru edo proiektu bakoitzak bere berezitasunak” dituela
azpimarratu du: “Ez da erraza uztartzea. Geurea bizkaieraz idatzita dago, ez da erraza Berriarekin uztartzea”. Pello Urzelai Berria-koak erantzun dio “teknologiak ez daukala hizkuntzarik”,
baina Isasiren ustez beren kasuan euskalkia da “markatzen” duena.
Beste arazo bat ere ikusten du Koldo Isusik, hala nola “bakoitzak bere funtzionamendua” duela.
Zehaztu du denen arteko “batasuna sortzea ona” dela baina horrek “goitik beherako aldaketa”
eskatuko lukeela eta ez dela “erraza”. Puntu batzuetan “adostasun bat lortu” dutela argitu du
Isusik.
Herri mailako hedabidearen indarra galtzeko kezka zabaldu du Julene Frantzesenak: “Azpeitian
Uztarria-com-ek dexente funtzionatzen du. Eredugarritasun hori galduko luke besteekin batuz
gero”. Uztarria eskualdeari begirako proiektuak sustatzen dabilela eta oso txikia dela zehazturik,
besteekin batzea “oso zaila” ikusten du. Hala ere, ez du dudan ezartzen “indarrak batu behar
direla, Erlo Telebista eta holakoekin”.
Tokikoen gertutasunak eskaintzen duen pluralitatearen eta indarrak batzearen arteko oreka
bilatzeak “bertigoa” sortzen dio Joxe Rojasi: “nola lortu galtze ahalik eta txikiena, pluralitatearen
aldetik?” Argi duena da “oraingo kudeaketa ingobernablea” dela, “bakoitza bere aldetik ari”
delako. “Ur fuga asko daukagu gure hodietan”.
Ildo beretik jarraitu du Pello Urzelaik: “Atomizazioaren ondorioz lanak biderkatzen ditugu, ez
daukagu gaitasunik lerro batzuk markatzeko, konpartitzeko”. Arrazoi teknologikoak ere ikusten
ditu Urzelaik: hedabide bakoitzak “unitate ezberdinak erabiltzen” dituela dio. Tokiko mundua ere
ez du batuta ikusten, “etxe bakoitzak bere plataformak edota gustuko kodeak erabiltzen
dituelako”.
Dena den, aipatu beharra dago, ikerketa lan hau egin den bitartean, hainbat saretze proiektu
eraman direla aurrera. Buruntzaldeko proiektu bateraturik sortzea ez badute lortu ere,
Tolosaldean Ataria izeneko proiektu bat sortu dute 2013ko udazkenean, Tolosaldeko Hitza,
Galtzaundi eta Txolarre Irratiaren artean. 28 kanala telebista, ordea, ez da batu proiektu
horretara. Urola Kostaldean ere ari dira gogoeta bat aurrera eramaten, bertako hedabideen
arteko sare bat osatzeko eta eskualde mailako hedabide bat sortzeko. Bilbo Handian beste
hainbeste egiten ari dira, baita Aiaraldean edota Gasteizen ere. Iruñerrian eta Sakanan ere
antzeko proiektuak badituzte. Hots, euskarazko tokiko hedabideak atomizazio hori gainditzeko
prozesu batean sartuta daude, Tokikom erakundearen bultzadak lagunduta, oroz gainetik.
788
Ondorioak
Lau ondorio nagusi atera dira ikerketa honetan. Batetik, tokiko hedabideek herritarren babes
sendoa daukate. Denen artean ia 300 langile dauzkate, eta beraz kontuan hartzeko lan sektorea
da. Halaber, ehundaka laguntzaile dauzkate, eta hori gizartearen babesaren isla da, herriko eta
eskualdeko gizartearen ehuntze lanean funtsezkoa dela erakusten du. Horrez gain, ehuntze
horren erakusle nabarmenena da dozenaka mila irakurle dauzkatela tokiko hedabideek, orotara,
400.000ra hurbilduz. Hots, ia bi euskaldunetik batek irakurtzen du euskarazko tokiko hedabideren
bat. Euskarazko tokiko hedabideak heltzen dira Euskal Herriaren zati jendetsuenera, Gipuzkoa
osora eta Bizkaiko zati handi batera, batez ere, baita ere Gasteizera, Iruñerrira eta Nafarroa iparmendebaldera. Haatik, Nafarroako eta Arabako zati handi batean ez dago tokiko hedabiderik, eta
Ipar Euskal Herrian ez dago tokiko hedabide espezifikorik, tokiko informazioa herrialde mailako
hedabide batzuek eskaintzen baitute.
Kopuru horiek indar erakusle dira, baina indar hori ez da ikusgarria, hedabideak oso atomizatuta
daudelako. Hori da bigarren ondorioa. Atomizazio hori ahulgune gisa ikusten da, indar asko
xahutzen delako. Baina honekin batera, indargune bat ere badago, aberastasuna islatzen
duelako batetik, eta atomizazio hori gainditu beharrez, hedabideak saretzen ari direlako,
eskualde mailako hedabide indartsuagoak sortzeko edota Euskal Herri osoko tokiko hedabideen
arteko harreman kohesionatu bat egituratzeko.
Zabalkunde handi horrek eta proiektu berriek ezin dute estali, ordea, proiektu bakoitzaren
ahulezia, batez ere ekonomikoa. Hain zuzen, hedabide gehienak aurrekontu mugatuekin ari dira
lanean, eta azken urteetan murrizketak jasan behar izan dituzte. Murrizketa horien ondorioz,
zenbait lanpostu desagertu dira, eta baita proiektu batzuk murriztu ere. Kasu nabarmenenak dira
Ttipi Ttapa telebista desagertzea edota Beleixe irratiaren edukiak astean behin bakarrik egitera
pasatzea. Matxitxatzen, Txaparro eta Geu desagertu ziren. Ezin aipatu gabe utzi, halaber,
ikerketa hau bukatu ondoren Aiurri aldizkariari gertatu zaiona, 2013ko urrian eta azaroan lan
etenaldia egin behar izan dutelako. Ikerketa honen hirugarren ondorioa euskarazko tokiko
hedabideen prekarietate ekonomikoari dagokio, beraz.
Azkenik, ondorio orokor modura, ikerketa honek agerian uzten du euskarazko tokiko hedabideek,
orokortasunean hartuta, eragin handiko sektorea osatzen dutela. Bakoitza bere aldetik begiratuz,
txikiak eta ahulak badira ere, denek batera benetan kontuan hartzeko proiektua osatzen dute.
Daukaten irakurle kopurua eta babes soziala ikusiz, argi da zerbitzu publiko bat betetzen dutela,
eskaintzen duten tokian tokiko informazioarekin. Tokiko hedabideek berek indarrak hobeto
koordinatu eta saretu behar dituzte, baina hedabide nazionalek eta erakunde publikoek tokiko
hedabide horien lana eta ekoizpena baloratu behar dituzte. Baloratzea ezin da izan soilik
hitzezkoa edo sinbolikoa; lana baloratzea da kontuan hartzea tokikoek egiten dutena,
hitzarmenak izenpetuz, elkarlanak eta elkartrukeak antolatzeko.
Bibliografia
Aiestaran Yarza, A. (2007). Debabarreneko euskarazko komunikazio-sistema. Uztaro: giza eta
gizarte-zientzien aldizkaria, (62), 81–97.
Aiestaran Yarza, A. (2011). Euskarazko tokian tokiko prentsaren eduki analisi konparatiboa:
Debabarreneko azterketa. Zer: Revista de estudios de comunicación = Komunikazio
ikasketen aldizkaria, 203–223.
Arana, G., & Zuberogoitia, A. (2012). Goiena Komunikazio Taldea: tokiko talde multimedia baten
kasu-azterketa. Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria.