ENEKO BIDEGAIN
Gerla Handia,
muga sakona
Lehen Gerla Mundialaren
(1914-1918) hastapenak
Eskualduna eta Euzkadi
aldizkarietan
Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren
diru-laguntza jaso du
© Eneko Bidegain Aire
© Utriusque Vasconiae
Lehen argitaraldia: Donostian, 2009ko azaroa
ISBN: 978-84-937213-3-6
Lege-gordailua:
Diseinua eta maketazioa: P.I.A
Azalaren diseinua: Raphaële de Gorostarzu
Azaleko argazkia: Jean Darricau
UTRIUSQUE VASCONIAE – Ategorrieta
Hiribidea, 3-3.
20013 Donostia. Tel. 943-270433
Iparraldean: 0033547640386
Banatzailea: BITARTE – 31195 Berriozar
(Nafarroa). Tel. 948-302239
Debekatuta dago, legean aurrikusitako kasuetan izan ezik,
liburu honen erreprodukzioa, banaketa, komunikazio
publikoa eta eraldaketa egitea jabetza intelektuala duten
titularren baimenik gabe. Aipatutako eskubideak haustea
jabetza intelektualaren kontrako delitutzat har daiteke
(Kodigo Penaleko 270 art. eta ond.)
2
AITZIN SOLASA
XX mendea bortizki hasi zen, eta bortitza izan
zen. Hastapen bortitz hura markatu zuen gertakaria Lehen Gerla Mundiala edo Gerla Handia
izan zen. Berriki, gerla haren bukaeraren 90.
urteurrena anitz aipatu eta ospatu zen, hain zuzen,
2008ko azaroaren 11 inguruan. Gerlaren hastapenaren mendeurrenaren ospakizunen aitzin-gustu
bat, hain segur. 2014ean beteko dira ehun urte,
Europa osoan sua piztu zenetik, milioika lagun hil
ziren gudu lazgarria hasi zenetik.
Euskal Herrian ere eragin handia ukan zuen,
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako herritar anitz
eta anitz gerlara joan zirelako, eta haietarik andana
bat hil zelako. Euskal Herria zatitzen duen mugaren –bereziki muga psikologikoaren– eraikuntzan biziki gertakari garrantzitsua izan zen, Hego
Euskal Herrian abertzaletasuna eta independentziaren aldarrikapena garatu ziren garai berean,
Ipar Euskal Herriko jendea frantses sentiarazte
bidean urrats handiak egin baitziren, gerla haren
ondorioz.
3
Lan xume honek mugaz bi aldeetako bi aldizkari hartu ditu, errealitate hori nola islatzen zuten
ikertzeko. Ipar Euskal Herriko Eskualduna astekaria eta Hego Euskal Herriko Euzkadi egunkaria
irakurriz, gerla haren lehen hilabeteei buruz nolako iritzia zuten azalduko dute hurrengo orrialdeek. Garai biziki garrantzitsua zen, Euskal Herriko azken mendeko egoera politiko asimetrikoa
ulertzeko.
4
1. Mundua gerlan
Lehen Gerla Mundiala (1914-1918) gertakari
biziki larria izan zen Europa eta mundu osoarentzat. Ondorio biziki larriak utzi zituen. Stéphane
Audoin-Rouzeau eta Annette Becker historialarien
arabera, Europarentzat eta munduarentzat «katastrofeen aroa ireki zuen»1. Europar kontinentean
hasirik, munduko enfrentamendu ikaragarri bihurtu zen, militarki, ekonomikoki eta ideologikoki. «La guerre est mondiale: il n’est guère de territoire qui n’ait été touché»2.
Gerlak Euskal Herria ere hunki zuen, azkarki.
1914ko euskal aldizkariek gerlaz artikulu anitz
idatzi zuten. Konkretuki, Ipar Euskal Herriko Eskualduna astekaria eta Hego Euskal Herriko Euzkadi egunkaria dira liburuxka honetan aztertuko
direnak. Gerla horretaz eta Euskal Herriaz zuten
ikuspegia zinez kontrajarria zela argi gelditzen da,
azterketa egin ondotik, liburuxka honek erakustera eman nahi duen bezala. XX mendeko eta
gaurko Euskal Herria ulertzeko ezinbesteko giltza
da Lehen Gerla Mundiala; eta giltza horren zati
bat eskaintzen du bi aldizkari horien ikerketak.
Lehen Gerla Mundiala edo Gerla Handia izenarekin ezagun egin zen gerla 1914ko agorrileko
lehen egunetan lehertu zen. Agorrilaren 1ean, gizonen mobilizazio orokorra izan zen Alemanian
eta Frantzian, eta Alemaniak gerla deklaratu zion
Errusiari. Agorrilaren 2an, Alemaniako tropak
7
Belgika herrialde neutroaren lurretan sartu ziren.
Agorrilaren 3an, Alemaniak gerla deklaratu zion
Frantziari eta biharamunean Erresuma Batuak
deklaratu zion gerla Alemaniari.
Stephane Audoin-Rouzeau eta Annette Becker
Peronne taldeko historialariek diote 1914ko gerlaren zergatien galdera «izugarri konplexua» dela
eta «misterio puntu» bat badela Europako
potentziak gerlan lerratzeko arrazoiak bilatzean.
Europako herrialdeen artean giro gatazkatsu bat
edo gatazka beldur bat bazela azaltzen dute: «Les
Russes et les Français craignaient la puissance
allemande et les Allemands se croyaient encerclés
de toutes parts par les Français, les Russes et les Anglais, isolés en dépit de leur alliance avec l’AutricheHongrie».
Alde batean ziren Frantzia, Ingalaterra eta
Errusia, Elkargo Hirukoitza aliantzaren baitan biltzen zirenak; beste aldean ziren Alemania, AustriaHungaria eta Italia, Aliantza Hirukoitza multzoan
biltzen zirenak.
Frantziaren eta Alemaniaren arteko tentsioak
batetik, eta Ingalaterraren eta Alemaniaren artekoak bestetik, gerla lehertzeko osagaiak izan zitezkeen, nahiz eta ez zen zuzenean tentsio horiengatik
lehertu. Frantziaren eta Alemaniaren arteko krisiak
izan ziren Marokoren kontrolaren inguruan,
1905ean eta 1911n, eta krisia horien ondorioz,
tentsioek segitzen zuten. Ingalaterraren eta Alemaniaren arteko lehia bizia zen, industria potentzia
handiena izan nahi zutelako biek.
8
Marc Ferroren3 arabera, Alemaniak mendebaldeko Europako beste herriengan zuen «beranta
ekonomiko ikaragarria berreskuratu» behar zuen.
Bestetik, Frantziak eta Ingalaterrak Asian eta Afrikan gaindi koloniak bazituzten, baina Alemaniak
ez zuen ia koloniarik eta ez zuen eragin handirik
ukaitea espero.
Bestetik, Frantziaren partetik, Alsace-Lorraine
eskualdea berreskuratzeko borondatea ere izan
zitekeen. XIX mendean Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerlak izan ziren, eta 1870ean, Alemaniak Frantziari Alsace-Lorraine eskualdea kendu
zion. Alemanek, aldiz, Prusia zaharraren hegemonia inposatu nahi zioten Frantziari eta Errusiari,
Ferroren arabera. Frantzia eta Ingalaterrak, gainera, ez zuten begi onez ikusten Alemaniak indarra
har zezan, beldurrez eta horrek bigarren mailako
potentzien mailara apal araziko zituela.
Herrialde bakoitzak ondoko herrialdea etsai
gisa ikusten zuen, eta mezu hori zabaltzen zen
egunkarietan, Ferrok argitzen duenez. Herrialde
bakoitzak bere aberria sutsu defendatu nahi zuen,
gerla abertzale gisa aurkeztu zen. Bakoitzak uste
zuen bestea garaituko zuela.
Baina gerla lehertu zuen «pindarra», Sarajevon izan zen, 1914ko ekainaren 28an. Serbiar
batzuek Austriako enperadore izan beharra zen
François-Ferdinand artxidukea eta haren emaztea
tiroz hil zituzten. Stéphane Audoin-Rouzeau eta
Annette Becker-re arabera, Austria-Hungariak
aukera hori baliatu nahi izan zuen Serbiarekin
9
bukatzeko, eta Serbia inbaditzeko. Marc Ferroren
arabera, Alemaniak Austria-Hungaria Serbia inbaditzera bultzatu zuen, eta Austria-Hungariak ez
zion Alemaniaren ordenari buru egin.
Alemaniak uste zuen gerla laster bukatuko
zela eta laster irabaziko zuela. Ez zuen uste Ingalaterra gerlan sartuko zenik, haren jarrera bakezalea zela medio. Marc Ferrok Ingalaterraren jarrera
bakezaleari egozten dio, hein batez, Alemaniak
gerlan sartzeko ausardia hartzea. Haren ustez, Ingalaterra irmoago agertu balitz, beharbada Alemaniak ez zuen Austria-Hungaria Serbiari erasotzera
bultzatuko eta neurri eztiagoak hartuko zituen.
Austria-Hungariak Serbiari gerla deklaratu
zion uztailaren 28an. Ondorioz, Balkanetako herrien adiskide Errusiak mobilizazioa deitu zuen eta
Austria-Hungariaren kontra gerlan sartu zen. Alemaniak, bere aliatu Austria-Hungaria laguntzeko,
Errusiari gerla deklaratu zion. Aliantzen kateak
Frantzia eta Ingalaterra ere gerlan sartzea eragin
zuen.
Gerlako buruzagiek gerla laburra espero zuten.
Herri bakoitzak aste guti barne irabaztea espero
zuen, Marc Ferroren arabera. Gerla bultzatu zutenek ez zuten espero gerla hainbeste zabalduko
zela, ez zuten uste mundiala izanen zela, Ferroren
arabera. Baina azkenean uste baino gehiago
zabaldu zen, eta anitz konplikatu.
10
2. Pindar bat
1914eko uztailaren 23an, Austria-Hungariak
ultimatuma ezarri zion Serbiari, Sarajevoko atentatutik landa. Balkanetako gatazka egoera bi urte
lehenago sortua zen. Serbiaren eta Bulgariaren inguruan, maiz gertatzer zen gerla Errusiaren eta Austriaren artean, baina Alemaniak Austriari gerlan ez
hasteko erraten zion, eta gauza bera Frantziak
Errusiari. 1914ean ez zen horrelakorik gertatu.
Alemaniak uste zuen une egokian zegoela Serbiaren, Errusiaren eta Frantziaren kontra borrokatzeko, eta horregatik bultzatu zuen Austria-Hungaria Serbiari eraso egitera. Alemaniaren ustez, armamenduz anitzez azkarrago zen, eta gerla irabazteko aukerak zituen.
Uztailaren 28an, Austria-Hungariak gerla deklaratu zion Serbiari, eta haren armadak Belgrad
eraso zuen. Uztailaren 30ean, Errusian mobilizazio
orokorra egin zuten. Ondoko gauean berean,
Austria-Hungariak ere gauza bera egin zuen:
mobilizazio orokorra.
Uztailaren 31n, nazionalista batek, Jean Jaurès
Frantziako lider sozialista eta bakezale gisa ezaguna
zena hil zuen. Jaurès gerlaren kontra bazen ere,
frantses nazioa arriskuan baldin bazegoen, gerlan
hastearen alde mintzatua zen. Hilketa horrek,
sinbolikoki, Europa gerlan sartzea markatu zuen.
Biharamunean, agorrilaren lehenean, Frantziak eta Alemaniak mobilizazio orokorrerako deia
13
egin zuten, eta Alemaniak Errusiari gerla deklaratu
zion. Agorrilaren 2an, Alemaniako tropak Belgikan
sartu ziren, nahiz eta Belgika herrialde neutrala
zen. Belgikaren neutraltasuna urratzea gogor kritikatu zioten hainbatek Alemaniari. Agorrilaren 3an,
Alemaniak gerla deklaratu zion Frantziari. Agorrilaren 4ean, Erresuma Batuak gerla deklaratu zion
Alemaniari.
Agorrilaren 19tik 23ra, frantses armadak Lorraine eskualdeko ofentsiban huts egin zuen. Egun
bertsuetan, frantsesek eta ingelesek Charleroi eta
Mons-eko batailak galdu zituzten, agorrilaren 22tik
24era. Agorrilaren 20ean, Alemaniako armada
Bruselan sartu zen.
Irailaren 6tik 9ra, Marneko bataila iragan zen.
Frantsesek tropa alemanak Paristik zenbait kilometrora geldiarazi zituzten.
Azaroaren 1ean, Turkia gerlan sartu zen, Alemania eta Austria-Hungariaren aldean.
Abenduaren 8an, alemanen itsas-ontzi bat
suntsitu zuten Falkland uharteetan.
Abenduaren 15ean, serbiarrek Belgrad berreskuratu zuten.
1915eko otsailaren 15etik martxoaren 18ra,
Champagne-eko ofentsiba egin zuten frantsesek.
Otsailaren 19an, aldiz, Konstantinopla aldean, Dardanelles itsas pasaiako operazioak hasi zituzten,
aliatuek pasaia hori bereganatzeko.
Gerla Handiaren berezitasunetariko bat,
lubakien bidezko gerla izan zen. Soldaduak, alde
14
batekoak eta bestekoak, parez pare ziren lubakietan zeuden, eta han egoten ziren egunak, tiroen
artean edo bonben azpian hiltzeko arriskuaren erdian. Lehenbiziko asteetan, sekulako hil andana
izan zen. Frantsesek 300.000 hil ukan zituzten
1914ean berean.
Gerla laburra izanen zela espero zuten denek,
hastapenean. Alde bakoitzak uste zuen bestea berehala garaituko zuela. Stéphane Audoin-Rouzeau
eta Annette Becker-ren arabera, Alemaniak uste
zuen Frantzia sei astez garaituko zuela, eta gero
Errusiari lotzeko indar gehiago ukanen zuela.
Baina espero ez zutena zen Belgika inbaditu
ondoan, belgikarrek ihardukiko zutela. Hala ere,
Alemaniak Frantzia iparraldea konkistatu zuen
lehen asteetan, eta Parisetik 50 kilometrora heldu
zen: Marneko batailak geldiarazi zituen tropa
alemanak.
Frantsesek alemanak geldiarazi bazituzten ere,
ez zuten espero hainbesteko indarra ukanen zutenik haien etsaiek. Uste baino gogorrago izan zitzaien Alemania garaitzea. Errusia aldean ere, Alemaniak zenbait garaipen lortu zituen. Hastapenean, Errusiarren ofentsiba bat jasan behar izan
zuten, espero ez zutena; baina, gero, berriz hartu
zuten gaina.
Gerla laburraren «mitoa» erori zen, beraz,
1914 bukaera aldera.
Ondoko urteak gorabeheratsuak izan ziren.
1915ean beste herrialde batzuk sartu ziren gerlan.
Italia, hastapenean Austria-Hungariaren eta
15
Alemaniaren aliatua zena, Elkargo Hirukoitzarekin batera sartu zen gerlan, maiatzaren 23an.
Urriaren 5ean, Bulgaria Alemaniaren eta AustriaHungariaren ondoan hasi zen gerlan, eta hiru indarrek elkarrekin, Serbiaren kontrako ofentsiba
hasi zuten, biharamunean.
1916an, Alemaniak gerla deklaratu zion Portugali, martxoaren 9an. Agorrilaren 20ean, Errumania Elkargo Hirukoitzari juntatu zitzaion, gerlan sartzeko. 1917ko apirilaren 2an, Amerikako
Estatu Batuak gerlan sartu ziren, Elkargo Hirukoitzaren aldean. Ekainaren 29an, Greziaren aldi izan
zen.
1917a urte nahasia izan zen. Frantziako
armadan desobedientzia kolektiboak hasi ziren.
Errusian bi iraultza izan ziren, eta urriko iraultzak
Boltxebikeak, Lenin buru, boterera ekarri zituen,
Sobietar Batasuna sortuz. 1918ko martxoaren
3an, sobietarrek eta alemanek bakea izenpetu
zuten, Brest-Litovsk-en.
1918an, Alemaniako armadak hainbat ofentsiba egin zituen Frantzian, hala nola Picardie eskualdean eta Champagne eskualdean. Paris ere
bonbardatzen hasi ziren, martxoaren 23an. Baina
ekainetik aitzina, amerikarrek, frantsesek eta ingelesek hainbat kontra-ofentsiba hasi zituzten.
Azaroaren 11n, armistizioa izenpetu zuten.
16
3. Euskaldunak gerlara
deituak
Frantzia gerlan sartu zenean, eta mobilizazio
orokorrerako deia egin zuenean, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako euskaldunak ere gerlara deituak izan ziren, beste guziak bezala. 45 urtez beherako gizon guziak gerlara deituak izan ziren. Le
Journal de Saint-Palais astekariak ederki deskribatu
zuen mobilizazio hori:
Semaine de deuil, semaine de larme qui hélas!
sera suivie de bien d’autres.
Ils sont partis nos fils, nos amis, tous ceux que
nous aimions! Et pendant des semaines, des
mois nous resterons dans l’anxiété sans nouvelles de ces êtres si chers.
Les foyers sont devenus déserts, la campagne n’a
plus de bras, la vie industrielle et commerciale
est arrêtée, c’est la morne tristesse qui règne
lugubre sur tout notre pays.
Seule la jeunesse, qui de sang-froid va s’exposer
à la mort, traverse souriante la France endeuillée. Les chants du soldat, accompagnés du
crépitement de la fusillade, résonnent sur toute
notre frontière menacée. Ils sont là, tous, prêts à
faire leur devoir, prêts à donner leur sang pour
leur patrie...
[...] Un sujet, s’il en fut, qui prêterait à développements patriotiques serait celui du spectacle
des départs de nos soldats vers la frontière! Il fut
grandiose, inoubliable et arrachant des larmes
en même temps qu’il provoquait des sentiments
des plus vibrant et du plus pur enthousiasme!
19
[...] Et ces hommes de foi, dont l’âge oscillait
entre 21 et 48 ans conclurent la paix avec Dieu
avant d’entamer la lutte à mort contre les plus
infâmes adversaires qu’ait jamais supportés
notre surface terrestre abusivement hospitalière!
A la gare, femmes, vieillards, enfants, dévoraient
silencieusement des larmes qu’adoucissait l’espoir
indéfectible et radieux des revanches impitoyables ardamment soupirées depuis 44 mortelles
années d’infériorité cuisante et de vasselage
exaspérant!
Mais le Français, s’il est Basque surtout,
n’accomplira aucun acte de la vie, sans le
saupoudrer d’un sel humoristique, un peu gros
souvent, mais jamais banal!
[...] Tous les enfants des Ecoles Saint-Palaisiennes étaient-ils là? J’ai cru le constater et je
m’en réjouis, car ils ne recevront jamais leçon si
frappante de patriotisme qui leur fera mépriser,
à juste titre, les ouvrages souillés de pacifisme
béat et lâche, s’il s’en trouve.
[...] Au Pays-Basque, ces métamorphoses furent
rares, la plupart de nos chers défenseurs de la
patrie n’ayant à réaliser que des efforts modestes
de mentalité, de coeur, ou physiques, pour correspondre, sans restrictions, aux qualités remarquables exigées d’un irréprochable soldat français!
[...] Ce cher Pays-Basque brillera encore, d’un
éclat particulier, parmi toutes les autres régions,
par le nombre, toutes proportions gardées, et la
qualité de ses héros!
Vive la France! Biba Eskualdunak!
20
Euskaldunak gerlara joan ziren, eta horrek
tristura handia eragin zuen, herriak hustu baitziren, aktibitate guztia gelditu baitzen. Le Journal de
Saint-Palais astekariak ongi azaldu zuen gizon
guztiak gerlara joateak eragiten zuen atsekabea.
Haatik, artikulu horretan ongi adierazi zuen euskal soldaduak motibatuak zirela, Frantziaren alde
odola emateko. Erakustera eman zuen zein zintzoak ziren, zein obedientak. Erakutsi nahi zuen
ere, zein soldadu onak izanen ziren.
Euskaldun anitz hil zen gerlan, eta lehen asteetatik beretik heltzen ziren gerlan hil edo zauritu
zirenen berriak.
Euskaldunak irria ezpainetan gerlara joaten
zirela adieraztea, garai hartako ikuspegi orokorrarekin bat zetorren. Batetik, gerla laburra espero
zenez, laster berriz etxera itzuliko zirelako itxaropena sartua zitzaien.
Gerlara joateko gogo horrek bazuen beste esplikazio bat ere, Marc Ferroren arabera. Armadan
sartzeak eta gerla egiteak, baserri munduko gizon
haiei guztiei, ez gehiago «bigarren mailako herritar» izateko ustea emanen zien. Halaber, abentura
batean hasten ziren, are gehiago, airez aire irabaztea espero bazuten: inoiz ez zuten trenik hartu,
inoiz ez zuten hiri handia ikusi. Marc Ferro orokortasunean mintzo da, baina euskaldunek ere, baserri zolan bizi izanez, mundura joateko parada
ukan zuten.
Bestetik, Frantziaren mugak defendatzeko
behar patriotikoa errotu zuten soldaduen baitan.
21
Hots, Frantzia arriskuan zen, Alemaniak gerla deklaratu ziolako, baina, gainera, 1870ean Alemaniaren kontra galdu eta Alsace-Lorraine eskualdeak
alemanei utzi ondoan, mendekuaren mementoa
zela ere ikusten zuten. Frantses aberriaren kinka
txar horren inguruan, batasun sakratu bat sortu
zen, ordu arteko zatiketak eta kalapita politiko
edota erlijioso gogorrak estali zituena. Le Journal
de Saint-Palais astekariak, Eskualduna-k bezala,
batasun hori goraipatu zuen. Historialariek ere batasun hura azpimarratu zuten. Euskal Herria ez zen
batasun patriotiko hartarik aparte egon.
Mobilizazioak eta Frantziaren alde gerla
egitearen gibelean zegoen frantses nazionalismoak,
Euskal Herrian ere ukan zuen eragina, Le Journal
de Saint-Palais-ko artikulu horretan ageri den bezala, bereziki eskoletako haurren aipamena egiten
zuenean. Astekari horrek erakusten zuen euskaldunek frantses on izan behar zutela, eta frantses aberria maitatu behar zutela.
1914ean piztu zen gerlak, eragin biziki handia
izan zuen Ipar Euskal Herriko euskaldunak oraino
frantsesago sentiarazte bidean eta frantses nazioaren eraikuntzan.
22
4. Espainiaren neutraltasuna
Hego Euskal Herriko Euzkadi egunkariaren
azterketa hobeki ulertzeko, komeni da aipatzea
Espainia neutral agertu zela Lehen Gerla Mundiala
lehertu zenean. Espainiak ez zuen ez Triple Entente (Frantzia, Erresuma Batua eta Errusia) aliantzaren alde ez Aliantza Hirukoitzaren (Alemania,
Austria-Hungaria eta Italia) alde egin.
Ramon Menendez Pidal-ek hola azaldu zuen
Espainiaren neutraltasuna4: «El peculiar regeneracionismo de Alfonso XIII, afanado ante todo en
buscar un lugar bajo el sol a la alicaida España que
acababa de experimentar el desgarrón traumático
de 1898, hubo de adecuarse a la realidad: su gira
de 1913 le había convencido de que en la tensión
entre los dos potentes bloques armados –la Entente y la Triple Alianza– España no podía deducir
ningun beneficio, aun ofreciendo su cooperación a
unos u otros.»
Espainiaren neutral izatearen arrazoia, beraz,
gerla horretan baten ala bestearen alde izateko interesik ez zeukala zen. Euzkadi egunkariarentzat
ere, neutraltasun hori beharrezkoa zen, kasu honetan Euskal Herriak ez zuelako interesik baten ala
bestearen alde agertuz. Espainiaren neutraltasunaren erabakiak garrantzia handia zuen Euskal
Herriarentzat.
Baziren ere Espainiaren indar militarraren
mugak ikusten zituztenak. Marokon irabaztea ez
25
bazuten lortzen, horrelako gerla handiago batean
oraino zailtasun handiagoak izanen zituztela uste
zuten, bai ekonomikoki, bai militarki. Ahulezia
horrek eta Marokoko esperientzia gogorrak ere
esplikatzen zuen Espainiaren neutraltasuna.
Espainia neutral agertzeak bazukeen beste
arrazoi bat ere, Menendez Pidalek argitzen duenaren arabera, eta baita Eskualduna-k ere komentatu
izan zuenaren arabera: Espainiako Erregearen ama
austriarra zen, eta emaztea aldiz, ingelesa. Amaren
herrikoak emaztearen herrikoaren kontra ari ziren
borrokan. Hori zela eta, Menendez Pidalen ustez,
«neutraltasunak esanahi berezia zuen».
Espainiako politikari batzuek neutraltasunaren aldeko hautua defendatzen zuten, bakea
egiteko garaian, Espainiak bake konferentzia baten
antolatzeko zilegitasuna izanen zuelakoan.
Baina bakea egiteko garaian, Espainia baztertua izanen zela uste zuenik ere bazen. Frantziatik
beretik Espainiaren neutraltasunaren kritikak
agertu zirela aipatzen du Menendez Pidalek, hain
zuzen, Louis Charles de Freycenet frantziar diplomatuak idatzi gutun baten zatia erreproduzituz:
«Sans bouger, sans faire un geste, l’Espagne, pour le
seul fait de n’avoir pas coopéré à la grande oeuvre
qui s’accomplit, se trouvera dans l’avenir abaissée,
dans une Europe qui vivra pendant longtemps des
souvenirs de l’heure présente». Espainia Europa berriaren eraikitze prozesutik bazter egon zitekeela dio.
Baina Espainian berean denak ez ziren neutraltasunaren alde. Batzuk Elkargo Hirukoitzaren
26
alde ziren eta beste batzuk Aliantza Hirukoitzaren
alde. Diario Universal egunkariak agorrilaren 14ean
argitaratu zuen editorialean, neutraltasunaren
kontra eta Elkargo Hirukoitzaren alde izan behar
zela idatzi zuen, Menendez Pidal-ek laburbilduaren arabera: «Se titulaba, muy significativamente,
Neutralidades que matan, y en sus parrafos mas
sustantivos decía así: «España, aunque se proclame
otra cosa desde la Gaceta, esta, por fatalidades
económicas y geográficas, dentro de la órbita de
atracción de la Triple inteligencia: Francia, Inglaterra y Rusia; al asegurar lo contrario es cerrar los
ojos a la evidencia. España, ademas, no puede ser
neutral, porque, llegado el momento decisivo, la
obligarán a dejar de serlo. Si triunfa el interes
germánico, se mostrará agradecido a nuestra neutralidad? Seguramente no. La gratitud es una palabra que no tiene sentido cuando se trata de interes
de la naciones... Por el contrario, si fuese vencida
Alemania, los vencedores nada tendrían que agradecernos».
Frantziaren, Ingalaterraren eta Errusiaren alde
jartzearen aldeko jarrera horretan ikusten da interes ekonomikoa eta geografikoa. Hurbiltasun
horregatik baizik ez bazen ere, batzuen ustez, Espainiak jarrera bat hartu behar zuen. Hori izanen
zen Euzkadi-k ere maiz defendatuko zuen postura.
Denak ez ziren, ordea, postura horretan.
Batzuk Alemaniarekin eta Austria-Hungariarekin
bat egitearen alde ziren. Karlistak ziren, gehien
bat, postura horretakoak. Frantziaren laikotasuna
eta errepublikazaletasuna kritikatzen zuten, oroz
27
gainetik, eta horregatik egin zuten besteen aldeko
hautua.
28
5. Euskal Herriko idazleak
Euskal Herrian baziren idazleak, gerla garaian. Eta batzuek zer edo zer idatzi zuten Gerla
Handiaz. Hegoaldekoa izan ala Iparraldekoa,
aldatzen zen; lehenbizikoek guti idazten zuten, oro
har, eta bigarrenek anitzez gehiago. Gerlaz idatzi
zutenak, gehienetan, egunkari eta aldizkarietan
idatzi zutenak ziren. Garai hartan bazen aldizkari
eta egunkari franko, gehienak espainolez edo
frantsesez idatziak, baina baziren euskara hutsezko
bakar batzuk, edo elebidun batzuk, besteak beste
Eskualduna Ipar Euskal Herriko astekaria eta
Euzkadi Hego Euskal Herriko egunkaria.
Hego Euskal Herriko idazleetan, aipagarriena
Ebaristo Bustintza Kirikiño da. Mañarian (Bizkaia)
sortu zen 1866an, eta han hil 1929an. Matematika
eta fisikako lizentziadun gisa, irakasle izan zen lehenik, eta geroago Azkueren hiztegian lagundu zuen.
1913an Euzkadi egunkariko euskal ataleko arduradun izan zen. Euzkadi egunkarian idazten zuen,
eta gerlari buruzko kronikak ere idatzi zituen.
Egunkari hartan berean kolaboratzen zuen
Juan Bautista Bilbao Batxi ere gerlaz idatzi zuenetarik bat da. Arratzun (Bizkaia) sortu zen eta
Bizkaiko itsasoan hil, Lehen Gerla Mundialeko
itsas mina batek jorik. Ofizioz marinela zen, eta
bere bidaien kronika anitz idatzi zuen Euzkadi
egunkarian. Kronika horietan, gerlako berri ere
eman zuen.
31
Pablo Fermin Irigarai Larreko idazleak ere
zenbait testu idatzi zituen gerlaz. Auritzen (Nafarroa) sortu zen 1869an eta Iruñean hil 1949an.
Medikuntza ikasi zuen, eta mediku ibili ondoan,
Iruñeko ospitaleko zuzendari bilakatu zen. Euskal
aldizkarietan parte hartu zuen, besteak beste Napartarra aldizkarian, Euzkadi-n edota Gure Herria
aldizkarian. Lekukotasuna5 liburuan, Ipar Euskal
Herriko gerlariei buruzko artikulu batzuk ageri
dira.
Manex Hiriart-Urruti gerla hasi eta aski fite
hil zen, baina hil artean, gerlaz artikulu batzuk
idatzi zituen. Hazparnen sortu zen 1859an, eta
Baionan hil 1915ean, 56 urte zituela. Lehenik
apez eta gero kalonje izendatu zuten. Eskualduna
astekariaren sortzaileetariko bat izan zen, eta haren
artikuluak astekari hartan agertu ziren.
Jean Elissalde Zerbitzari gerlan ibili zen, eta
gerlako berriak igortzen zituen Eskualduna-ra,
frentetik. Azkainen sortu zen 1883an, eta Lekornen hil 1961ean. Gerla lehertu zenean oraino
franko gaztea zen, baina geroztik anitz idatzi zuen,
bai Eskualduna-n, bai Eskualdun Ona-n, bai Gure
Herria-n edota, geroago, Herria-n. Gerlako kronikak liburu batean bildu zituen Patri Urkizuk:
LVIIa gerlan6.
Jean Etchepare Aldudeko medikuak ere gerla
bizi izan zuen. Argentinan sortu zen, 1877an, Mar
Chiquitan, baina gazterik joan zen Euskal Herrira,
bere familiarekin. Kanbon hil zen 1935ean.
Eskualduna eta Gure Herria aldizkarietan idatzi
32
zuen. Mediku gisa, gerlan zaurituak artatzen ibiltzen zen.
Jean Saint-Pierre Anxuberro gerlara joan zen
1914ean, eta 1918an zauritu eta alemanen preso
izan zen, gerla bukatu arte. Milafrangan sortu zen
1884ean, eta han hil 1951an. Gerlara igorri zutenean, Eskualduna astekaritik gerlako berri emateko eskatu zioten, eta artikuluak idatzi zituen.
Kazetari gisa, Gure Herria aldizkariko zuzendari
eta Eskualduna astekariko erredaktore nagusi izan
zen. Elizgizon gisa, apez izan zen lehenik, Baionako
katedraleko kalonje gero, eta Gordus-eko apezpiku
azkenik. Gerla denboran idatzi artikuluak liburu
batean bilduak dira: 14eko Gerla Handia7.
Jules Moulier Oxobi (Bidarrai, Baxenabarre,
1888 – Hiriburu, Lapurdi, 1958) ez zen gerlan ibili.
Osagarri arazoak zirela medio, Hiriburuko apezlagun izaten segitu zuen. Oroz gainetik, olerkiak eta
bertsoak idatzi zituen eta Eskualduna astekarian
argitaratu. Eskualduna astekarian gerlari buruzko
zenbait bertso argitaratu zituen, 1914ean berean.
Geroago, Manex Hiriart-Urruty Eskualduna-ko
zuzendaria hil ondoan, Oxobik hartu zuen haren
kargua. Gerlaz idaztea gertatu zitzaion, nahiz eta
artikuluak ez izenpetu.
Jean Barbier ere gerlaz idatzi zuen euskal idazle
bat zen. Donibane Garazin sortu zen 1875ean eta
Senperen hil 1931n. Apezturik, Eskualduna astekarian parte hartu zuen. Halaber, olerkiak, ipuinak
eta nobela bat idatzi zituen. Piarres nobelaren8 bigarren zatian, gerla anitz aipatu zuen. Euskaldunei
33
buruzko eleberria da, eta bigarren zatian euskaldunak gerlan eta euskal soldaduak aipatzen ditu9.
XX mende hastapenean aldizkari eta egunkari
franko bazen Euskal Herrian. Lan honek bereziki
Iparraldeko Eskualduna astekaria eta Hegoaldeko
Euzkadi egunkaria aztertzen baditu ere, beste batzuk ere izan ziren.
Hego Euskal Herrian argitaratzen ziren aldizkarien artean, batetik Euskal-Erria bazen. 1880tik
1918ra bitartean argitaratu zen, Donostian.
Euskalerriaren alde aldizkaria bi astetik behin
argitaratzen zen. Kultura aldizkari bat zen, Donostian argitaratua, 1911 eta 1931 bitartean. Aldizkari kulturala zen aldetik, ez zuen gerlaz biziki
idatzi. Gerlari buruzko lehen artikulua 1914ko
azaroaren 30ekoa da:
Compasion! Pobres soldados franceses, alemanes, belgas, ingeleses...!
Hay vascos arrancados de sus caserios y llevados
al campo de batalla a matar y morir...
Y aunque la Revista Euskalerriaren Alde no tiene
por que narrar incidencias de esta lucha brutal,
[...] recogeremos noticias, relaciones y anecdotas
que sirvan para dar el relieve debido a la figure
del soldado vasco.
Hurrengo zenbakietan segitu zuen artikulu
horren haria, Euskalerriaren Alde aldizkariak.
Aldizkari horrek euskal literatura eta linguistika atala ere bazuen: Euskal-Esnalea.
34
Nafarroan, Napartarra aldizkari jeltzalea argitaratzen zen, 1911 eta 1918 bitartean. Gerlari buruzko zenbait artikulu argitaratzen zituen, aldizkari horretako kolaboratzaileek idatziak edota
Euzkadi egunkaritik hartuak.
Iruñean beste aldizkari bat ere sortu zen
1913an: Irugarrengo Prantzisko’tarra aldizkaria
1935 arte argitaratu zen.
Erlijioari lotu beste aldizkari batzuk ere baziren, hala nola Jaungoiko-zale, Zornotzan argitaratzen zena, 1912 eta 1932 bitartean.
Ipar Euskal Herrian Le Journal de Saint-Palais
astekaria bazen, Amikuze eta Maule eskualdeetan
banatzen zena. 1884ean sortu zen, eta oraino ere
argitaratzen da. Astekari horrek gerlako berri
ematen zuen, lehenago aipatu bezala.
Baionan beste astekari bat ere argitaratzen
zen: Le Pays Basque – Eskual-Herria astekaria
errepublikarren aldizkaria zen, 1898an sortu zena.
Eta ezin aipatu gabe utzi, Eskualduna astekariaren kontrario handiena izan zen Baionako Le
Réveil basque aldizkaria, gorriek argitaratzen
zutena.
35
6. Eskualduna astekaria
Eskualduna astekaria zen gaur egun oraino
argitaratzen den Herria astekariaren arbasoa. Ipar
Euskal Herriko etxe anitzetan zabaltzen zen astekaria zen, apezengandik arras hurbila. Gerla hasi
zenean, gerla solas betetzen zituen orri gehienak.
Astekari hura 1887an sortu zuen Louis Etcheverry
Donazaharreko politikari bonapartista eta zuriak10.
Politika zurien eta gorrien artean arras zatitua
zen, garai hartan. Zuriak, giristinoak, Frantzia laikoaren eta Errepublikaren kontrakoak ziren. Gorriak, aldiz, Errepublikaren aldekoak. Martial Henri
Berdoly gorriak Le Reveil Basque aldizkaria sortu
zuen, urte bat lehenago, hauteskunde xedearekin,
beti ere. Hari erantzunez sortu zen, beraz, Eskualduna.
Manex Hiriart-Urruty 1891n hasi zen zuzendari gisa, Eskualduna astekarian. Astekaria 1.300
aletan saltzen zen. Hiriart-Urrutyk frantsesezko La
Semaine astekarian idatzia zuen azken hauteskundeei buruz; horregatik joan zitzaion Louis Etcheverry, Eskualduna-ko zuzendari kargua hartzea galdetzera. Hiriart-Urruty-k baiezko erantzuna eman
zion, «fedearen eta libertatearen etsaiak gudukatzeko nahiarekin»11.
Javier Diaz Noci-k azaltzen duen bezala,
Eskualduna «Baionako apezpikuen gidaritzapean
egon zen, eta Hegoan ez bezala alderdi politiko
39
berezkorik ez zegoenez, astekaria izan zen euskaldun gehienen bilgune ideologikoa».
Ohar hori funtsezkoa da Eskualduna-ren eragina zein inportantea izan zitekeen ulertzeko. Astekari hori izan zen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako euskaldun gehienengana heltzen zena eta,
beraz, bere ideologia ere euskaldunen barnera heltzen zen. Halaber, Diaz Nocik dion bezala, apezpikuen gidaritzapean izanez, Eskualduna irakurriz
ikusten da garai hartako apezek zer ideologia
zabaltzen bide zuten beren herrietan eta mezetan.
Horregatik, Eskualduna-ren edukiak ikertzeak
interes bikoitza du: ez da mugatzen aldizkaria
irakurtzen zutenengana heltzen zen mezuaren
azterketara bakarrik; aldizkari horretan agertzen
ziren mezuak, apezek bestela ere zabaltzen zituztela
pentsa daitekeelako da bi aldiz interesgarri astekari
horren edukien lantzea.
Diaz Noci-ren arabera, «Eskualduna-ren kazetaritza eredua pobre samarra bazen (oso ideologikoa, irudi eskasak, erreportaje gutxi)». Erran daitekeena da, 1914ko artikuluak irakurriz, ukaezina
dela astekari «oso ideologikoa» zela. Erran daiteke
ere, artikuluetan betelan anitz bazela, informazio
bat eman aitzin, interes informatiborik ez zuten
hitz eta esaldi franko bazela. Baina zuzenean gerlan
parte hartzen zutenen testuak ere argitaratzen
zituen Eskualduna-k. Testu horietan informazio
bezainbat edo gehiago komentario bazen, baina,
ildo ideologiko markatuak izanik ere, frentean
gertatzen zenaren berri jakin zitekeen Eskualduna
irakurriz.
40
Eskualduna lau orrialdeko astekari bat zen;
orrialde handiak zituen, denak testuz beteak, batzuk ttipi-ttipiz idatziak. Gerla lehertu zenean, bi
orritara mugatu zuen bere argitalpena. Gerla lehertu zeneko zenbakian esplikatu zien erabaki hori
irakurleei, erranez berriak eskuratzea zaila izanen
zela, eta ez zuela beti orri guztiak betetzeko gairik
izanen. Hala ere, gerlako berri emateko engaiamendua hartu zuen, irakurleei esplikatu zien bezala:
Gerla hau delakotz eta hunek dirauno itzaltzekotan izanik Eskualduna, agertzen da oraino
egun; eta gure chedea da, nehondik neholere
ahal badugu, ez usteko hunen irakurtzaleak,
noiz eta ere baitira izanen berri gose eta egarrienik, hain chuchen orduan, deus jakin gabe,
bazterretikako berriak baizik. Hek ere noiz eta
nola? Jainkoak daki.
Guk ere bertzetarik jakinez beharko ditugu ba
eman; eta noiz edo noiz –agian bakan eta egun
laburrez!– berri gutirekin bagine, edo chuchenik, segurik batere gabe, laburtuko dugu kazeta,
nola nahi, zertaz nahi betherik emanen dugun
baino lehen.
Halere, lanak behar dauzkula eman zonbeit aldi
ezin helduz, beldur gira; eta azken beltzean behar baginu ere, gure ahal guzia bertze lan zerbeit
ezin utziagori eratchikitzeko, itzal-aldi bat egin
luzechago, laburchago, eginen dugu eta hartuko
duzue othoi hoberena12.
Hor iragartzen zuten gerla denboran ez zuela
ohiko formatua izanen, baizik eta murriztua. Bi
orrialdera jaitsi zuen Eskualduna-k bere orrialde
41
kopurua, gerla hasi zenean. Lehen orriko lehen
artikuluak editorial funtzioa betetzen segitzen
zuen, beste artikuluetan baino hizki handiagoz
idatzirik. Artikulu hori beti gerlari buruz itzulia
izaten zen, izan Euskal Herriari begira, izan nazioarteko gaiei begira, baina beti gerlari buruz.
Manex Hiriart-Urruty 1915ean hil zenez,
1914ko editorial haiek hark idatzi zituela erran
daiteke, nahiz eta ez ziren inoiz izenpetuak. HiriartUrruty bat-batean hil ondoan, Blaise Ademak hartu
zuen astekariaren zuzendaritza, eta Jules Moulier
Oxobi Hiriburuko bikario gaztea Eskualduna-ko
«isilpeko idazkari» bihurtu zen, «euskaltzale gazte
gehienak gerran» baitziren13. «Gerra denboran eta
hala beharrez esan daiteke, beraz, kazetari bilakatu
zela Oxobi. Baina kazetari isila, izenik gabe agertzen ohi baitziren haren artikuluak».
Ondoko zutabeetan ere gerlako berri orokorrak ematen zituen Eskualduna-k, beti ere bere
ideologiatik; artikulu gehien-gehienak euskaraz.
Hastapeneko asteetan herrietako berrien saila
azkarki murriztua zen, eta ziren berriak ere gerlari
lotuak ziren: mobilizazioaren berri lehenik,
hildako edo zauritutako herritarren berri geroago.
Gerlan ziren euskal soldaduen kronikak ere
argitaratu zituen Eskualduna-k, besteak beste Jean
Elissalde Zerbitzari-renak14 edota Jean SaintPierre Anxuberro-renak15.
Gerla ia gai bakar gisa agertuz, gertakari hura
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako euskal gizartean zenbateraino sartua zen erakustera ematen du
Eskualduna-ren azterketak.
42
7. Euzkadi egunkari jeltzalea
Lehen gerla mundial garaian, Euskal Herrian
ziren aldizkari edo egunkarietatik bat zen Euzkadi.
Eusko Alderdi Jeltzalea Sabino Aranak sortu euskal alderdi politiko abertzalearen ideologiari
loturik hasi zen argitaratzen, 1913an, Bilbon. Hori
baino lehen, Sabino Aranak berak Bizkaitarra eta
Baserritarra aldizkaria sortu zituen; lehena 1894ean
eta 1895ean argitaratu zen, eta bigarrena 1897an.
Arana hil ondoan beste aldizkari jeltzale batzuk
sortu ziren, hala nola JEL (1907-1908), Bizkaitarra (1903-1913), Gipuzkoarra (1908-1913),
Arabarra (1912tik goiti) eta Napartarra (19111918). Aldizkari horiek guztiak Euzkadi sortu
zelarik desagertu ziren, Napartarra salbu16.
Hala ere, Napartarra aldizkariaren eta Euzkadi
egunkariaren arteko lotura bistakoa izan zen, Napartarra aldizkarian argitaratu artikulu batzuk Euzkadi-k berrargitaratzen baitzituen, eta alderantziz.
Javier Diaz Noci Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak zehaztu bezala, Euzkadi egunkari
«politikoa baina informaziozkoa» zen eta «asmo
ideologikoa eta komertziala batzen» zituen. Zati
bat euskaraz zuen, eta beste zati handi bat
gazteleraz. Lehen orriko lehen artikuluak euskaraz
idatzi ohi zituzten; gehienetan editorial gisako
testu batekin. Gainerateko orrietan informazio
hutsa ematen zuen, maiz agiri ofizialak errepikatuz. Lehen gerla mundialeko gertakarien iturri
45
nagusi gisa erabiltzen zituen estatu bakoitzeko
gobernuetatik jin informazio ofizialak edo dépèche
delakoak.
Euskarazko atalaren arduraduna Evaristo
Bustintza Kirikiño zen, eta hark idazten zituen,
gehienetan, lehen orriko editorial kutsuko artikuluak. Javier Diaz Noci-k dionaren gisan, «euskara
garbizalea –baina dotorea– erabili zuen eta
herrietako informazio sare bat ehundu zuen».
Kirikiño idazle eta kazetari gisa ezaguna izan
zen, baina bere «lanik handiena Euzkadi egunkarian egin zuen», Igone Etxebarriaren arabera17:
«Egunkariaren atalen artean, ‘Euskal Atala’ zeritzanaren zuzendari jarri zuten Kirikiño hasieratik.
Ordutik hasi eta, 1928an utzi zuen arte, egunero
egunero argitaratu zituen bere lanak, eta beste
askorenak zuzendu».
Kirikiñok Lehen Gerla mundiala aipatu zuen,
gerla horretaz bere iritziaren berri ematen baitzuen. Baina lau urte iraun zuen guda horretako
kronikak ere idatzi zituen. Kronika horiek liburu
batean bilduak dira: Guda Nagusia (1914-1918)18.
Igone Etxebarriak hauxe dio lan horretaz:
«Badirudi iritzi orokorra dela Kirikiñok gai arinak
eta barregarriak erabili zituela. Iritzi hau zuzena
da, baina ez da egia osoa, Bustintzak gai serioak eta
Euskal Herritik kanpokoak ere landu baitzituen.
Eredu argia dugu lan hau». Beste pasarte batean
hau dio, Kirikiñoren kazetari lanari dagokionez:
«Euskal gaiak gogokoago baditu ere, ez du
mugarik. Gizon eskolatua da, eta munduko berri
46
ere badu, eta hori da, hain zuzen, bere lanetan
irakurleei erakutsi nahi izango diena».
Munduari buruzko ikuspegi ireki hori agerikoa da, lan honetan erakusten den bezala. Haatik, ñabardura bat gehitu behar litzaioke, Etxebarriaren oharrari: gerla mundialaz idatzi izana,
dudarik gabe, Euskal Herritik kanpo gertatzen
direnez interesatzearen lekuko da, eta horretaz
idatzi zuen anitz nazioarteko berriketari gisa idatzi
zuen. Baina den-dena ez zen Euskal Herritik
kanpo bezala landua. Kirikiñok ongi esplikatu
zuen gerlak zenbateko eragina izan zezakeen Euskal Herriarentzat, Hego Euskal Herriak gerlan
parte hartu ala ez. Horrez gain, ez zuen burutik
galtzen Ipar Euskal Herriko euskaldunak gerla
horretan sartuak zirela, eta haienganako pentsamenduaren berri ematen zuen.
Gerla hasi zenean, Euzkadi-k bere egunkariaren zati handiena eskaini zion gertakari horri.
Formatu zabaleko egunkaria zen, sei bat orrialde
zituena, gehienetan, 1914ean bederen. Egunero
bizpahiru orri betetzen zituen gerlako berriekin.
Batzuetan, baina ez anitzetan, lehen orrialdeko
euskarazko artikulu nagusia gerlari buruz izaten
zen, Kirikiñok izenpetua. Gainerateko artikulu
gehienak gazteleraz idatziak ziren. Batzuek egoeraren analisia sakona egiten zuten, beste anitzek
agiri ofizialak hartzen zituzten.
Lehen orriko «Izparrak eta» sailean aurki
zitekeen euskarazko artikulua, Kirikiñok idatzia.
Artikuluak zutabe oso bat edo gehiago har zezakeen. Lehen orrian, gerlari buruzko kronika
47
orokor bat bazen, gazteleraz, «Gudagai» izenekoa.
Gero, Baron Van Goltz-en kronika bat bazen,
Alemaniako frenteko berri ematen zuena. Bigarren
eta hirugarren orrietan, gerlako berriak ematen
zituzten, aski labur, denak gazteleraz.
Laugarren orrialdean «Euzko Abendaren
Elez» saila zegoen, euskaraz idatzia. Idazle batzuk
aldizka idazten zuten, besteak beste Juan Bautista
Bilbao Batxi-k. Batxi Europan eta munduan
gaindi ibili zen garai hartan, eta gerla hurbiletik
ikusi zuen. Gerla haren aipamena agertzen zen
idazten zituen kroniketan. Sail horretan berriak
edo kronikak baziren, baina baita gogoetak ere.
Euskal Herriari buruzko gogoetak eta kezka
abertzaleak ageri ziren sail hartan.
48
8. Eskualduna, gerlazale
Hurrengo orrietan, Eskualduna astekariaren
1914ko agorriletik abendu arteko zenbakiak aztertuko dira, hala nola, gerla hastapeneko beroanbero hori. Lehen asteetatik ageri zen Eskualduna-k
zer jarrera gerlazalea erakusten zuen. Gerlara joan
ziren euskal soldaduak, Frantziaren alde borrokatzera joan ziren. Haien artean apaiz gazte anitz
bazen; gerlarako adinean ez ziren apaizek,
Eskualduna-ren lerroetan sustatzen zituzten apaiz
horiek, mezu gerlazaleekin.
Horra zer dion Piarres Xarritonek Jean SaintPierre Anxuberro-ri buruzko liburuxkan: «Hainbestenarekin sukar hori bera nagusitzera baitzoan
Alemanen inperioan, gerla piztu zen azkenean,
1914ean, Europako erresuma nagusien artean eta
horrela ikusi ziren, erreximenduen lehen lerroetan
aitzinatzen Frantziako apaiz gazte guztiak, ofizioz
bakegileen artean egon behar zutenak.
«Adineko apaizak aldiz, beren jarraile kartsuen sustatzen ari ziren, aspaldiko teologia ahantzirik eta oihu eginez itsutuki, Manex HiriartUrrutyk bezala, Biba Frantzia!»19.
Ondoko lerroetan ikusiko da nola, Eskualduna astekariak, Lehen Gerla Mundialaren lehenbiziko hilabeteetan, zein jarrera gerlazalea hartu
zuen, eta horren bidez, euskaldunak Frantziarekin
oraino gehiago identifikatzeko bidean zer funtzio
51
inportantea bete zuen. 1914ko agorrilean, irailean,
urrian, azaroan eta abenduan, hasteko, gerla sustatzeko edo justifikatzeko mezuak zabaldu zituen,
euskaldunak gerlara anima zitezen.
Gerlaren lehenbiziko hilabeteetan Eskualduna
astekarian argitaratu testuen edukien azterketarekin hasi aitzin, hitzei edo terminoei begiratuz
soilik, ageri da Eskualduna-k gerlaren parte ezarri
zuela bere burua, argiki jarriz Frantziaren alde.
Termino horiekin bakarrik, argi gelditzen da Eskualduna gerlako aktore bihurtu zela. Funtsean,
gerlan ziren euskal soldadu batzuek ere holako
hitzak erabiliz idatzi zuten Eskualduna-n.
Horra zer hitz agertzen zuten, lehenik, 1914ko
agorrilaren 7ko Eskualduna-n agertu ziren artikuluek, hots gerla piztu eta lehenbiziko zenbakikoek:
Hona hemen, «Irakurzaleari» artikulutik
hartu hitz batzuk: «Zertako etsi? Ez dugu zeren»;
«oldar ederra, gaitza»; «etsaiari ihardukitzeko».
Gainerateko artikuluetan ere bazen beste
hitzik, esaldirik edo esaldi zatirik: «arrotz etsaiaren
garhaitzera doala gure indar guzia»; «mobilizazione gaitza», «hainbertze gizon, holako ordre ederrean»; «gerla behar badugu, doala gerla!»; «Biba
Frantzia!».
Zer da esaldi gerlazaleagorik, «gerla behar
badugu, doala gerla!» baino? Esaldi horrek argiki
uzten du Eskualduna gerlaren alde zegoela.
Zenbaki horretan bezala, besteetan ere,
«etsaia» eta «garhaitu» hitzak, bereziki, maiz heldu
52
ziren. Begi bistakoa da, kazeta batek beste herri bat
edo norbait izendatzeko «etsaia» hitza erabiltzen
bazuen, baten alderdia hartzen zuela eta, are gehiago, bere burua gatazkaren parte gisa kokatzen
zuela. Neutralagoa izanen zen Alemania izendatzeko, «Frantziaren etsaia» idatzi izan balu edo, besterik gabe, «Alemania» soil-soilki.
Irailaren 18ko zenbakitik hartu hitz batzuk
dira hauek: «Gaina dugu», «gaitzeko bataila», «irabazi dugu», «gure soldadoen oldarra», «etsai», «garhaitu»... Urriaren 2ko zenbakian, «arrotz etsaia»
aurkitzen da, beste behin gehiago. «Etsaia» aski ez
balitz bezala, «arrotz» hitz gehituz, desprestigiozko
hitz hori gehituz, oraino gehiago areagotzen zuen
bere irakurleengan Alemaniarekiko sortu nahi
zuen urruntasuna eta aiherkundea.
Agorrilaren 21eko alean, Zuberoako berrien
atalean, esaldi hau agertu zen: «Frantziak, oraikouan, ez du behar partida galdu eta ez du galduren». Artikulu horren idazleak argiki erakusten zue
Frantziaren alde zela; hori ez da harrigarri. Gerla
izendatzeko «partida» hitza erabiltzeak gertakariaren desdramatizatzeko joera erakuts dezake eta,
baita, gerlaren aldeko jarrera ere, nonbait.
Irailaren 11ko alean, hitz eta esaldi gerlazale
franko aurkitzen zen. Adibidez: «frantses soldadoek ihardokitzen baitute ederki eta ihardokiko
dute»; «zafratuak»... Edo adjektibo batzuk ere bai:
alemanentzat, «tzar» adjektiboa edo «urdeak!»
hitza, frantses soldadu zaurituentzat, «gaizoak».
Herrazko hitzak, hitz gaiztoak Alemanentzat
53
zituen Eskualduna-k, dudatu gabe; alderantziz,
urrikalmenduzko hitzak frantsesentzat edo frantsesen aldekoentzat. Horretaz ohar daiteke aipatu
zenbaki horretan edota hurrengoetan. Bere logika
badu. Eskualduna-k bere burua gerlaren parte ikusten bazuen, eta Alemania etsaitzat jotzen bazuen,
logika horren barnean kokatzen da hitz baikorrak
batentzat eta ezkorrak bestearentzat zuzentzea.
Baina Eskualduna-k termino eta esaldi gogorragoak ere erabiltzen zituen alemanen aurka.
Astekari horrek behin baino gehiagotan adierazi
zuen, ahoan bilorik gabe eta argi eta garbi, pozten
zela alemanak hil izanaz. Horra hiru adibide:
Igandean zitzaukun jin Baionarat garhaitia eder
horren berria; gerota bihotz-altchagarriago
zauzku heldu egunetik egunera. Aleman hil
hanitz; presoner milaka; zaldi, harma, tresneria
zer nahi; hemen hamar kanoi, haranche 160!...
Ehun eta hiruetan hogoi kanoi; kolpez hartzea,
zerbeit da!
Egundaino ez omen da nehon ikusi gure soldadoen oldarra bezalakorik.
La Marne deithu ur handirat ondarrak aurdikitzer ditugu, bat ez zadin geldi bizirik20.
Lehenbiziko adibide horretan ageri da zer balentria zuen Eskualduna-k bataila horretan aleman
anitz hil izanagatik eta nola nahi izan zuen «bat ez
zadin geldi bizirik». Ondoko adibidea, Zerbitzari
kronikariaren testu batetik hartua, oraindik gordinagoa da:
54
Ah, zer tiroak hartzen dituzten, egunaz, kanoietarik, gauaz zizpetarik. Milaka eta milaka hiltzen
ditugu; ez nahi bezenbat halere21.
Hirugarren adibidea ere «gerlarien berri» kronika batetik hartua da. Modu eztiagoan eta umore
kutsu batekin, baina gerlaren logika betean sartzen
den pasartea da, hots, gerlaren helburua ahal bezainbat etsairen hiltzea dela:
Erraiteko baizik ez da, oraino zer herra duten
Moroek gure etsaientzat. Bat ikusi dut tripan
kolpatua, nigar eta nigar zagoela.
Hurbiltzen nitzaio: «Qu’as-tu, mon brave?
Souffres-tu beaucoup pour pleurer ainsi?» - No
souffrir... - «Pourquoi pleures-tu donc?» - No
povoir tuer Boches!» Holako soldadoekin, nola
nahuzue Frantzia ez dadien nausi!!!...22
Argi ikusten da Eskualduna-k nahi zuela soldadu alemanak hil zitezen. Hori baino mezu gerlazaleagorik ez daiteke aise aurki. Harrigarria ere
bada, giristinotasunaren defendatzaile sutsuenek
norbaiten herioa desiratzea, gerla bateko etsaia
izanik ere. Hurrengo atalean ageri da alemanenganako mespretxua zein handia zuen, gizatasuna ere
ez baitzion onartzen. Alemanak «abereak» baldin
baziren, haien heriotza ez zen «hain larria». Kasu
guzietan, Eskualduna-k erabiltzen zuen terminologia hori, etsaien hiltzearen aldeko jarrera hori,
gerlaren aldeko jarrera baten seinale da. Bere irakurleak (gehienek familiako norbait edo gehiago
gerlan zituztenak) berotzeko eta Frantziaren alde
jartzeko balio zuen terminologia da.
55
Eskualduna astekaria alemanen herioen berri
jakitearekin pozten zen. Horrek erakusten du zer
heinerainokoa zen astekari horrek alemanengan
zuen mespretxua. Mespretxu hori ez zen bakarrik
alemanei gizatasuna kentzeko eta haien kontra tiro
egitearen larritasuna eztitzeko. Mespretxu horren
gibelean zegoen, alemanek gerla galduko zutelako
eta frantsesek irabaziko zutelako segurtasuna.
Segurtasun hori egiazkoa izan ala ez, ez da hori
inportanteena. Segurtasun horren helburua soldaduei eta haien familiei konfiantza eta kemena
ematea zela erran daiteke.
Alemanen kontrako artikuluak edo artikulu
zatiak asterokoak ziren Eskualduna astekarian. Denak aipatzea sobera luze litzateke. Artikulu anitzetan, Eskualduna-k esplikatzen zuen gerla Alemanek
piztu edo probokatu zutela. Astekari honen
gerlazaletasuna frogatzen du, horrez gain, alemanak
munstro gisa agertzeko joerak. Horren adibide
garbia da, 1914ko irailaren 11ko alean atera artikulu zati hau, «Etsaiaren abrekeriak» izenburuarekin:
Ezin sinetsizko abrekeriak egiten daizkute omen
aleman tzar hoiek, jendetasunaren urrinik den
gutiena duten gerlatiarrek ez egitekoak.
Ez dire mintzo bakarrik frantses kazetak, bainan
ba handik hunat jin soldado kolpatu gaizoak;
beren begiz ikusiez mintzo direnean ez sinestekotz gure soldadoak, nor sinets?
Arren huna zer dioten: ikusi dituztela beren
begiz alemanak gure kolpatu lurrerat erorien hiltzen, ez delarik egitate hori populu gizontasunik
dutenen artean onetsia. Alegia uko, besoak goiti
56
altchaturik hurbil gure ganat, eta gibelean gorderik zauzkaten mitrailleuses batzuekin, gu erhauts. Urdeak!
Estakuru gezurrezko beraz, 15 urtheko mutil
gazte bati bi begiak lehertu.
Haur uken berri emazte bat oheari estekatu,
haur gaichoa aldean, eta etcheari su eman.
Emazte haur hazle batzuri bulharra ezpata
ukaldika moztu. Gizon dohakabe ibes zoazin
batzuri, deus egin zutenez ere jakin gabe, eskuak
moztu, edo besoak, gogora heldu zitzeien
bezala.
Horrelako egitate okaztagarriek edozein irakurleren baitan sor zezaketen saminaz ederki baliatzen zen Eskualduna astekaria. Begi bistakoa da
holako zerbait idatziz, bere irakurleen artean alemanen kontrako herra oraino gehiago piztea aise
lortuko zuela. Herra horrek gerla justifikatzen zuen;
alemanak, jende izaera ukatuz, abereen lerroan
ezartzeak haien hiltzea justifikatzen zuen, nolazpait. Eskualduna-k, holako berriak zabaldu zituen,
«omen» balizko hitza erabiliz, hots erraten zuena
frogatu ahal izan gabe. Holako berriak zabalduz,
gatazka elikatzen zuen. Beste behin gehiago, gerla
horren aktore gisa kokatzen zuen bere burua,
Frantziaren alde.
Eskualduna-k soldaduei, soldadu zirelako eta
lekuko zuzen zirelako, ematen zien sinesgarritasunarekin erne egon behar da, Remy Cazalsen arabera: «En ce qui concerne les correspondances de
soldats, il faut tenir compte de l’autocensure, de la
57
tendance à écrire ce que le destinataire avait envie
de lire, du désir de ne pas inquiéter la famille ou,
au contraire, d’épater un copain… Les auteurs de
carnets doivent être identifiés: âge, métier dans la
vie civile, conscience politique, pratique religieuse,
grade, arme, présence au front… L’attitude
paresseuse qui consisterait à ne retenir que ce qui
a été écrit pendant la guerre, est à éviter»23.
Bere irakurleak hunkitzeko gisako beste berri
batzuk ere ematen zituen Eskualduna-k, alemanen
aurka: Frantziako edota Belgikako elizetan egin
desmasien berri ematen zuen. Eskualduna irakurtzen zutenak giristino «onak» baldin baziren, elizetan egin kalteek haien bihotza hunkituko zuten.
Eta urriaren 9ko zenbakian, Aita Sainduak Alemaniako Enperadoreari gutuna idatzi ziola aipatu
zuen astekari horrek. Gutun horretan aipatu
zizkion soldadu alemanek elizetan egin desmasiak.
Eskualduna-k aurkezten zuen ekuazioa sinplea
zen: alemanak salbai batzuk ziren, gerla galtzea
merezi zuten eta herritarrak berotu behar ziren
gaizkile haien kontra borrokatzeko.
Beste arrazoi bat ere ikusten zuen Eskualduna-k
soldaduak alemanen kontra oldartzera bultzatzeko. Alemanen kontrako mespretxua haiek gerla
irabazteko gaitasunik ez zutela erraiteraino zoan.
Gerla hasi orduko, alemanak postura ahulean
zirela azaltzen zuen Eskualduna-k, behin eta berriz.
Horra adibide pare bat, Eskualduna-k Alemaniaren ahulezia nola azaltzen zuen erakusteko.
58
Lehena, gerla hasi eta bizpahiru astekoa da, agorrilaren 21ekoa, Atharratzeko berri-emaileak idatzia:
Frantziaren etsai gaitza, Alemana da. Nazione
bekhachtia da eta berkhoia; eta noula bere amets
handi eta indar ororen gatik ez beita Frantziaren
aztal beharriala heltzen, entelijentziaz, jakitatez,
ez hountarzunez, Frantziaren kountre badu
bethi barneko har bat, erraietako jale bat.
Alemaniaren indarra gutxietsiz batera, Frantziarena goratzen zuen artikulu horrek. Ondoko
adibidea, azaroaren 13koa da, Guillaume Alemaniako Enperadoreari buruzko artikulu batetik
hartua da:
Gerlak erakutsiko dio huni, on bazaio eta ez bazaio, eztela heltzen Napoleon zenaren sorbaldetara, ez eta ere gerrira; gizon handi, Handi
izaiteko, eztela aski, «nahi» ukaitea.
[...] Hots, egunetik egunera histuz doa, eta
aphalduz Guillaumeren izarra.
«Etsaia» postura ahulean zela azpimarratuz,
haien kontra oldartzea justifikatzetik harago zoan
Eskualduna. Alemanak postura ahulean kokatuz,
jazartzea justifikatua izateaz gainera, zentzuzkoa
zela erakutsi nahi zuen astekari horrek. Hots, ahulak baldin baziren, garaipena posible zen, beraz ez
zen arrazoirik alemanei gerlarik ez egiteko: justifikatua izateaz gainera, garaipena segurtatua zen. Berriz ere agertu da Eskualduna-ren jarrera gerlazalea.
Eskualduna-k Alemania hain ahul eta Alemaniaren kontrako indarrak hain azkar ikusten
59
zituen, non uste zuen gerla laster bukatuko zela.
Hori uste zuen, bederen lehen asteetan; gero,
ohartuko zen, beharbada nahi baino gehiago luzatuko zela. Baina, hastapenetik garaile gisa agertzeko arrazoiak bazuen soldaduak animatzetik
gehiago. Horren erakusle da, ondoko pasarte hau:
Gerla baten irabazteko, halakorik ez duzu nola
konfiantza: behinik behin zuzenean zarela; eta
gero indarrez ere, zeurez edo laguntzalenez nausi
zarela.
Arren badugu konfiantza hori: hastetik osoa, eta
emendatuz, azkartuz joaki: abantail bat hori,
1870ean ez ginoena24.
Hots, Eskualduna-k azpimarratzen zuena da,
gerla irabaztekotz, gerlariek «konfiantza» behar
zutela. Eskualduna-k konfiantza hori transmititzen
zuen, astez aste, garaipena segurtzat joz, soldaduak
animatuko eta motibatuko baitzituen. Euskarazko
astekaria irakurtzen zutenek pentsatuko zuten gerla
ez zela hain izugarrikeria handia izanen, garaipena
segurua eta hurbila zela. Holako memento gogorretan morala atxikitzeko bide bat izan zitekeen hori,
eta Eskualduna-k hori baliatzen zuen.
Horra beste adibide batzuk, garaipena hurbil
ikusten zutela erakusteko:
Guzieri hemen, hauche zauku: gerlak hainitz
irauten duela. Zoin gure etchetarik, Bayonako,
Tarbeko edo Bordeleko kazernetan sartu ginelarik, iduri zitzaukun zortzi edo berantenaz hamabortz egunen buruko, berriz etchean ginela,
60
etsaiak erhautsirik. Bainan Alaman horiek gerlari gaitzak dire; ez dute amor eman nahi horren
laster.
[...] Beharrik da gure artilleria heiena baino
hobea. Ez da, diotenaz, hain urrunkaria, bainan
min gehiago egiten du25.
Azkenean gerlak lau urte iraun zuen. Baina
orduan ez zuten pentsatzen ere, hainbeste luzatuko
zenik, artikulu horren arabera bederen. Halakoa
zen testuingurua ere, gerla hasi zenean, denek uste
zuten laster itzuliko zirela, gerla irabazirik. Ez da
dudarik, gerlarien motibazioa ez zela bera izanen,
baldin eta lau urteko gerla baten egitera abiatzen
zirela jakin izan balute. Gerla laburra izanen zela
errateak edo sinetsarazteak ere balio zuen tropen
berotzeko, gerlaren minaren eztitzeko. Horren
lekuko da pasarte hau:
«Errain dautzietan, egun jendia hemen arras alegera dela, jakinik gerla hau fite finituko dela;
agian egia izain da!26
Azarorako, gerla uste baino luzeago izanen
zelako kontzientzia hartua zutela dirudi. Hala
ere, garaipena segurtzat ematen segitzen zuen
Eskualduna-k.
Ororen buruan geroari so egiten dugularik, ez
dugu behar egin ametsik, haurren gisa, berehala
fini dela eta gero iratzar nigarrez.
Gudua gure eskuetan dugula, bai: jada nausi
girela, bai. Bainan partida luze izanen dela menturaz, behar dugu eman gogoari. Badakigu zer
etsaia dugun zer barnea duen zer harmak eta zer
61
gizonak. Deramagun gure lana deskantsuak
emeki, buru kolperik gabe.
Urriak egin du bere aldia, eta gu bethi hemen.
Egiaren erraiteko, arras hemengotuak gira. Ikusiak ikusi, oraikoez ez dugu zeren errengura; ez
dire hala dorphe. Tokiaren gainean egoite hori
demboraren buruan lotsagarri litake, ez baginu
ikusten partida eskuetan daukagula; gero ta gehiago ageri da norat ari den gerla izigarri hau27.
Garaipena posible zela azpimarratzea ere
jarrera gerlazalearen parte da. Terminoetatik harat,
Alemanenganako mespretxutik harat, hots herrazko terminoetatik harat, baikortasun terminoak ere
kontuan hartzekoak dira ondorio horretara
heltzeko. Gerla elika daiteke herra sustatuz edota
garaipenaren segurtasuna goraipatuz. Eskualdunak biak egiten zituen. Berriz ere argi gelditzen zen
jarrera gerlazale hori.
Baikortasun hori bereziki Euskal Herriko
soldaduen eta haien familien animatzeko erabiltzen zuen Eskualduna-k. Berrogeita bost urtetik
beherako gizon guziak gerlara deituak izan ziren.
Euskal Herritik jende anitz joan zen gerlara, beraz.
Euskal Herria, beraz, nahi ala ez, gerla horretan
azkarki inplikatua zen, etxe guzietan edo gehienetan bazelako gerlan zegoen seme edo senar bat.
Eskualduna-ren jarrera gerlazalea zuzenean lotzen
zen euskal soldaduen goraipatzearekin. Eskualdunak erakutsi nahi zuen Euskal Herriko soldaduak
zein soldadu zintzoak eta onak ziren.
Eskualduna-k behin baino gehiagotan goraipatzen zuen gerlarako mobilizazioa. Gerla hasi eta
62
berehala, agorrilaren 7an, esaldi orokor hau adierazgarria da:
Hau da berriz mobilizazione gaitza! Egundaino
Frantzian ez da ikusi holakorik. Hainbertze
gizon, holako ordre ederrean, hoin fite, oro
utzirik, denak soldado.
Argiki ageri da mobilizazioa eta gerlara joatea
zein hitz baikorrekin aipatzen zuen. «Holako ordre
ederrean» edota «hoin fite» hitz laudagarriak dira,
mobilizazioa edertzen zutenak. «Oro utzirik»
azpimarratzearekin, sakrifizioaren edo dedikazioaren ideia erakusten zuen Eskualduna-k, apez egitearen kasuan bezala: gerla gauza guzien gainetik.
Ideia hori bera berriz agertzen zen, agorrilaren
21eko artikulu batean:
Gaizo gizonak, ... nongo nahiko izan zaitezten,
zuen etcheak eta etchekoak oro utzirik, burhaso
zahar, emazte, haur eta haurride, zoinek zuen
guziak nigarretan,... hanitzek eri, ezindu, berenaz egiteko ez on, behar hotzak, bazoazte.
Zoazte kuraiez, lotsatu gabe.
Zati horretan, etxekoak uztearen gogortasuna
ongi deskribatzen zuen Eskualduna-k. Berriz ere
idatzi zuen «oro utzirik». Segidan, sufrimendu horien gainetik, «zoazte kuraiez» idazteak erakusten
zuen, beste behin gehiago, astekari horrek Euskal
Herriko gizonen sakrifizio hori onesten zuela, eta
jendea gerlara joatera animatzen zuela.
Hona hemen beste adibide bat: «orok oro utz
eta loth, hala behar denaz geroz, zinkurinarik
63
gabe, gizonki, gerlarako bideari». Familia bateko
seme guziak gerlara joatea txalotzen zuen artikulu
batetik hartu esaldia da. Familia hori eredu gisa
aurkezten zuen, beste artikulu batzuetan beste familia batzuk bezala. «Zinkurinarik gabe» eta «gizonki» hitzekin, gerlara joatea gizon izatearekin
lotzen du, «gizon», indarraren, kemenaren edo gizontasunaren – artasun – ikuspegitik, Ipar Euskal
Herriko etxaldeetan hain goraipatua zen balioaren
ikuspegitik, ikuspegi matxista batetik, nolabait
errateko. Gerlara joatea «gizonki» portatzea bazen,
gerlara ez zihoana ez bide zen arras gizona... Ipar
Euskal Herriko gizartean, pisu handia duen hitza
hautatu zuen Eskualduna-k, gerlarako gogoaren
sustatzeko.
Horrekin, mobilizazioaren arrazoi patriotikoa
erlatibizatzen du Remy Cazals-ek: «Chez les vrais
soldats du front, les cas de patriotisme exalté me
paraissent avoir été rares, ou brefs, surtout à partir
de la fin de 1914. Plus fréquente a été la conscience
d’un devoir inéluctable à accomplir: devoir envers
la France ou la République, peut-être, en échange
des droits qu’elle a donnés; devoir envers le petit
groupe de camarades dont la solidarité représente
une question de vie ou de mort ; devoir envers sa
famille (pour la protéger des hordes ennemies? ou
de la honte et des tracasseries qui attendent les
proches d’un déserteur ?). Il faut prendre en
compte, encore, la volonté de ne pas ternir l’image
de soi, de bien respecter les normes de virilités»28.
Arrazoi horiek ez zituen ikusten Eskualduna-k,
baizik eta soldaduen borondate ona. Baina
64
Eskualduna-k soldaduak animatzeko terminoak,
maiz, Cazalsek aipatzen dituen horiek ziren.
Eskualduna-ri interesatzen zitzaion aditzera ematea
soldaduak gogo onez zoazela gerlara. Gerlarako
zuten engaiamendua goraipatzen zuen, bestalde,
batzuk eredu gisa aipatuz. Hego Ameriketan bizi
ziren euskaldun batzuk Euskal Herrira itzuli zirela
gerlara joateko aipatzen zuen Eskualduna-k, haien
hautua txalotuz:
Hilak hil, kolpatuak kolpatu, ez daude Frantzia,
ez Eskual-herria oraino uko egitekotan.
Zortzi Hazpandar jin dire aste huntan Chiletik
beren soldado eginbidearen bethetzera: Bernardin Darthayet; Ch. Dindabure; St-M. Itzia;
Laurent Lissarrague (Ttattila); René Londaitz;
Mendilahatsu (Compai); Sabaloa (Jats).
Zortzigarrenaren izenaz ezin orhoitu da zazpi
hoik eman dauzkuna.
Biez bertzeak untzitik chuchen joan dire
gerlarat, etcherat gabe. Bravo!29
Jarrera heroiko hori goraipatuz, Eskualduna-k
oraino zilegitasun gehiago eman nahi zion Frantziaren alde gerlara joateari. Berriz ere, lehentasuna
gerlari ematea txalotu zuen, «etcherat gabe» joan
zirela azpimarratuz. Gerlaren aldeko jarrera argi
ageri zen, etxekoak agurtzeari baino garrantzia
gehiago gerlari ematen zion aldizkariaren partetik.
Euskaldunak zein gerlari baliosak ziren ezin
aski frogatuz zebilen astekari euskalduna, asterik
aste. Izan «gerlarien berri» atalean, izan herriko
65
berrietan, beti aipatzen zituzten euskal soldaduen
balentriak. Euskaldunak zein kementsuak ziren
goraipatu zuen azaroaren 13ko «Gerlarien berri»
artikuluko esaldi honek:
Afrikako soldado arabe hek dire pleini gehienik,
bethi zinkhurinaka Alamanak ere bai. Sofritzeko
nausi gira kuraiez guzieri30.
Euskaldunak beste soldaduekin konparatu
zituen artikulu egileak. «Sofritzeko» eta «kuraiez»
besteei nagusi izatea goraipatzen zuen. Kuraia edo
kemen horren erakusteko beste bide bat zen
zauriturik Euskal Herrira etorri zirenek gerlara
lehenbailehen itzultzeko zuten grinaren goraipatzea. Bide horretan lehen urratsa zen zauritzearen
desdramatizazioa. Ondoko pasartean ageri da,
Baionako ospitalean artak hartzen ari ziren gerlari
zauritu batzuen arteko giroa aipatzean:
Gazte alabainan, eta elgarrekin jostatu nahi.
Omore on, salda on, ohe on, artha gocho, eta
ahal denean zonbeit zigarret edo zigarro, zer
behar du bertzerik soldado kolpatu larru
onekoak? Vive la joie!31
«Vive la joie!» komentario horrek gerlaren
krudelkeriarekin eta zaurien oinazeekin kontraste
izugarria egiten du. Ia iduri luke gerla josteta bat
balitz bezala kontatzen zuela artikulu egileak.
Zauritua izatea desdramatizatzen zuen, hain zuen,
gisa horretan. Desdramatizazio horrek balio zuen
gerlan zirenei edo zaurituak zirenei kemena
emateko, zinkurinka edo gerla zein gogorra zen
66
azpimarratuz aritzeak kontrako efektua eragin
zezakeelarik.
Beste artikulu batzuetan ere erakustera ematen zuen Eskualduna-k euskal soldadu zaurituen
gerlarako gogoa. Irailaren 11ko alearekin segituz:
Berehala on direnak gogotik doazi berriz gerlarat. Bihi bat ezta uko dagonik.
Jitean baino itchura hobea dute orok ere joaitean.
Sendatzen zirenek zauriturik jitean baino
itxura hobea zutela begi bistakoa da. Hori azpimarratzea zauritzearen desdramatizazioaren
parte da. Gerlara «gogotik» zoazela erratea, beste
hainbeste. Berriz ere iduri du gerla josteta bat
bezala aurkezten zuela Eskualduna-k. Hitz horiekin, gerlarako gogoa sustatzea bilatzen zuela berresten da.
Arinkienik hunkituenetan badire berriz joaitea
berandetsiak. «Hiltzer nute, diren bezalakoek; ez
gira goizegi berriz elgarretarako, hel ahaleri
tripak egin ditzotedan».
Izitu lotsaturik guti da. Gehienek daukate, gerlatiarrez gerlatiar, alemanak bezenbat bagirela32.
Pasarte honek berresten du aitzineko pasartetik atera ondorioa. Gerlara berriz joatea «berantetsia» zutela erraitea, kemen eta debozio handi
horren erakusteko zen, nekez sinets baitaiteke edozein gizonek hiltzeko arriskua hartzea hain atsegin
zuela. Euskaldunek gerla horretan Frantzia zenbat
laguntzen zuten edo zein frantses onak ziren erakustea zen, ororen buru, mezu horien helburua.
67
Eskualduna-k aditzera ematen zuen euskaldunak oro arras gerla horren alde zirela eta arras
gogotik zoazela gerlara. Geroztik ikerlari batzuek
erran izan dute hori ez zela arras egia, eta anitzek
Hego Euskal Herrira ihes egiteko hautua egin
zutela, gerla hori ez egin nahiz.
Hego Euskal Herriko hedabide batzuek, gerla
hasi eta laster, jakinarazi zuten Ipar Euskal Herrian
jende anitz altxatu zela gerlaren aurka. Hori zion
Eskualduna-k, agorrilaren 21eko alean.
Aitzinagoko astean izigarriko kalapita eta zalapartak omen ginituen berriz Baionan; gaitzeko
jendetzea gerlaren kontra altchaturik.
Izendatzea bera balio ez duen buru bero, artetan
hegoak derabilan baten zerez, haro bat, nolakoa,
hor mendiez haraindiko kazeta batzuetan.
Eskualduna-k ukatu zuen informazio hori egia
zenik. Maiz, gustatzen ez zitzaion berri oro gezurtzat jotzeko joera zuen astekari horrek. Ipar Euskal
Herrian ez zitekeen gerlaren aurkakorik izan, hori
Eskualduna-k zabaltzen zuen mezu gerlazalearen
kontrakoa zitakeen.
Desertore zenbaiten berri aipatu izan zuen, hala
ere; baina desertore horien hautua gogorki kritikatzeko. Hona hemen, azaroaren 6ko pasarte bat:
Frantses Eskualdun Etcheko-Jaun batek igorri
dauku duela zonbeit egun gure, herritar pilotari
aiphamen handiko bat Espainiarat joan berria
omen gerla huni ihesi, hango plaza batean agerturik burua gora, nahi etzituenak entzunik
68
dagola; nehon guti baitire omen holako hoik
begi onez ikusiak; hola utzi herriarentzat bertzeneaz ephel, ba eta hotz daudenek ere ahalik
gutiena baitituzte ikusi nahi.
Holakorik gerthatu bada, eztu delakoak merezi
zuena baizik aditu, ziztu eta oihu.
«Gerthatu bada»; ezen geroztik erran daukute,
etzela egia; gero berriz baietz, egia dela; choilki,
behin izendatua soldado da omen, eta ez uko
egitekotan; sua lehen aldiko ikustearekin durduzaldi bat ukan eta bere baitharatutuz geroz. Hala
ez bada, hala izan bedi.
Bertze pilotari bat omen da erresuma auzorat
ihes joanik, itzal-arazi dutelakoa oihuka: «kuku,
kuku».
Holakoetan bereziki jenden amen-omeneko
erranak eztirelakotz nola nahi altchatzeko, zoin
hobendun, zoin ez, begoite izenak argitarat
athera gabe, gutarik behinik behin.
Bertzalde, «desertor» solas hoik etzaiku laket.
Nahiz orai arte guti den, hoitarik eta hoitazko
elherik gutiago eta hobe dela baitaukagu hemen.
Delako desertore horren kontrako ziztuak eta
oihuak zuzentzat joz, Eskualduna-k bere iritzia argiki eman zuen gerlara joateari uko egiten zutenei
begira. Gorago komentatu jarrerarekin guztiz
koherentea zen, eta jarrera gerlazalea berresten
zuen, aldi batez gehiago. Hitzez hitz zion, funtsean, desertoreei buruzko solasak ez zitzaizkiola
«laket», ez zituela gustuko.
Eskualduna-ren jarrera gerlazalea ilustratzen
duten adibideak nahi adina aurki daitezke.
69
Gerlako terminoak erabiliz, alemanak gutxietsiz
eta madarikatuz, euskaldun soldaduak berotuz,
Eskualduna-k ez zuen bakarrik gerlaren alde zela
erraten, gerlako aktore gisa finkatzen zuen bere
burua, bere irakurleak gerlarako berotuz.
Johan Galtung gatazka eta bake prozesuak
ikertu dituen ikerlariak gatazka elikatzen duten
hiru bortizkeria mota zehaztu zituen. Hiru mota
horiek bestea eragiten dute, ziklo baten gisan.
Horietarik bat da «bortizkeria kulturala». Gerla
izanik, bortizkeria fisikoa eta estrukturala hor
ziren. Logikoki, bortizkeria kulturala ere bai.
Eskualduna-k diskurtso bortitza zuen, alemanen
kontrako herra zabaltzen zuen, eta gerlarako deia
egiten, gerlara joatea zerbait heroiko balitz bezala.
Eskualduna gerlako parte gisa agertzen zen,
Frantzia gerlan zelako, eta beraz, Ipar Euskal Herria ere bai. Inplikazio handi horrek erakusten
zuen Ipar Euskal Herria Frantziaren parte ikusten
zuela. Gerlan inplikatzeak erran nahi zuen Ipar
Euskal Herria ere gerlan inplikatzen zuela,
Frantziarekin eskuz esku, edo Frantziaren parte
gisa.
70
9. Euskaldunak frantses
Guztiz adierazgarria da gerla hasi eta ondoko
Eskualduna astekariko azalean, 1914ko agorrilaren
7an, handi-handian ezarri zuten izenburua: «Gerla
haste - Biba Frantzia!». Azpititulua ere bazuen
izenburu handi horrek: «Herrialde auzoak gure
alde». Beste asteetan, artikuluak zutabeka zetozen,
eta izenburuek zutabearen zabalera okupatzen
zuten. Aste horretan, izenburu nagusiak, bost zutabetik hiru betetzen zituen33.
«Biba Frantzia» frantses oihu bat da, dudarik
gabe, frantsesek egiten dutena, eta are gehiago
gerla testuinguru batean. Eskualduna-k oihu hori
bere eginez, bere burua frantses ikusten zuela adierazten zuen. Beste zenbakietan ere maiz erran
zuen, «Biba Frantzia».
Eskualduna-ren jarrera gerlazaleak eta inplikazioak pentsatzera ematen dute, beraz, bere burua
Frantziaren parte ikusten zuela. Eta ez horrek
bakarrik. Artikulu guzietan, Eskualduna frantses
gisa mintzo zen. Horren adierazle garbia da, pluraleko lehen pertsona erabiltzen zuela, ia beti,
Frantzia izendatzeko.
Funtsean, hitzez hitz adierazten zuen, beretzat, Ipar Euskal Herria Frantziaren parte zela:
«Frantzia guziak, Eskual-herria barne» (agorrilaren
7an), «frantses on, euskaldun on» (agorrilaren
21ean), «guk, eskualdun frantses katolikoek»
(urriaren 30a). Hara hiru adibide, Eskualduna-k
73
euskaltasuna eta frantsestasuna lotzen zituela frogatzen dutenak. Euskal Herria Frantzia guziaren
parte zela zioen lehenean, frantses ona euskaldun
ona zela bigarrenean, nortasun bikoitza adierazten
zuen hirugarrenean, euskaldun izatea eta frantses
izatea batera zihoazen.
Beste batzuetan, euskal nortasunaren zubitik
pasatu gabe adierazten zuen frantsestasuna
Eskualduna astekariak. Adibidez:
Frantzian, baditugu hogoi-ta-hemeretzi miliun
jende, eta lau miliun soldado.
Frantzia eta pluraleko lehen pertsona lotuz
(«Frantzian, baditugu») artikulua idatzi zuenak
mugak argi zehazten zituen. Euskal Herria aipatu
gabe, Eskualduna-ren eremua Frantzia zen, eta
Frantziaren zati bat.
Ondoko bi adibideek ere argiki erakusten
dute Frantziarenganako identifikazioa:
Guillaume urguluntzi handia, gure Frantzia
ederretik ja bere ustez hamar bat departamenduz jabetua.
Hortik, «gure Frantzia ederretik» azpimarragarria da. Batetik, «gure» horrekin, euskaldunak
osoki Frantziaren parte zirela adierazten zuen,
Frantziaren jabe, hots, frantses. Edertasunaren
kontzeptua subjektiboa da, baina jabego horren
baitan kokatzen den hitza dela erran daiteke.
Gurea da, beraz ederra da, edo gurea eta ederra
denez, are gureagoa da.
74
Artikulu beretik hartu beste esaldi bat da hau:
Orai duela barrogoi-ta lau urthe, Alamanek,
garhaitu gintuztenean, hartu zauzkuten bi
eskualde, Alsace eta Lorraine.
Alsace eta Lorraine eskualdeek bazuten beren
garrantzia gerla horretan. Baina euskaldun batek,
bi eskualde horiez mintzo zela, «hartu zauzkuten»
errateak badu bitxikeriatik. Bi eskualde horiek ez
ziren Euskal Herriarenak, inondik ere; are gehiago
arrotz ziren Euskal Herria eta bi eskualde horiek,
Alsace eta Lorraine Frantziaren beste muturrean
direlako. Eskualde horiek norbaiti hartzekotan,
alemanek Frantziari hartu zizkioten. Esaldi horretan erakutsi zuen Eskualduna astekariak, zein frantsesa zen izpirituz.
Hori horrela zen beste kasu anitzetan ere:
Frantzia edo Frantziaren zerbait aipatzen zuen guziez edo gehienetan, «gu» edo «gure» erraten zuen:
Ukan dezagun konfiantza gure armadetako
aitzindarietan; egin dezotegun kreit, behar den
guzia eginen dutela.
Eskualduna-rentzat ez zen «Frantziako armada» baizik eta «gure armada». Beste adibide batzuk
emateko, horra zer zion Italia, Ingalaterra eta Errusiari buruz:
Italiari buruz: «gure alde ez bada, ez dela kontra izanen».
Ingalaterrari buruz: «Agian, agian eztauku
huts eginen anglesaren laguntzak.»
75
Errusiari buruz: «Eta Rusia? - Erran gabe doa:
Rusia gurekin».
Horra zein garbi ikusten den Eskualdunarentzat Frantzia gu ginela, hots euskaldunak
frantses zirela. Azken adibide honetan ere bai:
Haste hartan, bortizki jazarri zitzauzkigun, gure
lagunetarik frango hilez eta hainitz kolpatuz.
Uste gabean, Belgikako lurrak iraganik,
Pariserat hurbilduak ginituen.
Bainan laster iratzarri ginen, Frantsesak34.
«Baina laster iratzarri ginen, Frantsesak».
Berriz ere argi eta garbi idatzi zuen Eskualduna-k,
kasu honetan Zerbitzari izengoitiarekin sinatzen
zuen gerlariak, euskaldunak frantsesak zirela.
Eskualduna-ren jarrera gerlazalea osoki ulertzen da Frantziarengan identifikatze horrekin.
Bestela errateko, Eskualduna hain frantses sentitzen zela ikusiz, aiseago ulertzen da zergatik zen
hain gerlaren zale: Eskualduna gerlaren zale zen,
bere burua frantses zeukalako.
Lehenbiziko asteetatik landa, ia asterokoak
ziren Euskal Herriko soldadu batzuk gerlan hil
zirelako berriak. Eskualduna-k gerlan hil zirenak
omentzen zituela errateaz haratago, bereziki azpimarra daiteke, herio hori nola aurkezten zuten
zenbait aldiz. Hots, gerlan hil zirenek, «bizia
herriarentzat» eman zuten. Ondoko bi adibideek
argi eta garbi erakusten dute:
Bizia herriarentzat emanik Jainkoari, azken
hatsa botatzen duen Eskualduna, eskualdun
76
apez baten eskuetan, dohatsu! Zer kontsolamendua haren etchekoentzat!35
Bizia herriarentzat ematea herio ohoragarri
gisa aurkezten da beti. Euskal Herrian, azken
urteetan, maiz aipatu dira «beren bizia herriaren
alde eman» dutenak, Euskal Herriaren independentziaren alde armak hartu eta hil diren kideak
izendatzeko. 1914ean, Eskualduna-k termino
berak erabiltzen zituen, baina, kasu hartan, herria
ez zen Euskal Herria, baizik eta Frantzia.
Hona beste adibide bat, ildo beretik:
Behinik behin ez ditugu zeren berak ukan urrikari, hola doazinak, beren odola, bizia eta oro
emanik herriari, sari ederra zeruan jadanik gozatzen baitukete, segur, merezimendu arau36.
Eskualduna-k Frantziaren aldeko sakrifizio
hori goraipatzen zuen. Gerla batean hilez gero, hil
hori heroi bihurtzen da, eta Hilen Monumentuan
haren izena sartuko da, «Mort pour la Patrie», gisa.
Heriotza horren goraipatze hori oraindik frantsesago sentitzeko bidea zen, hilaren hurbilekoentzat
eta gerla egin baina heriotik salbatu zirenentzat.
Hubert Pérès ikerlariak Hilen Monumentuei
buruz idatzi testu batean hau dio:
«Néanmoins, la constellation des sujets identifiés est supposée rassemblée par les liens
d’appartenance au pôle le plus vaste de l’identité
ici énoncé: La France, ou Patrie. Etant donné que
le symbolisme patriotique des monuments aux
morts retient spontanément l’attention, rien n’est
77
plus aisément explicite que ce mode d’identification. D’abord, parce que le regroupement des
individus énumérés suppose une destinée commune dévoilée par l’appartenance nationale. Les
morts sont bien des individus: pourtant, ce n’est
pas leur mort individuelle qui est honorée»37.
Gerlako heriotza, heriotza kolektibo baten
baitan kokatuz, kolektibotasun hori indartzen dela
dio Pérèsek. Eskualduna-k ere gerlan hil zirenak
kolektibotasun horretan kokatzen zituen, eta kolektibotasun hori Frantzia zen. Hiltzen zena norbanako bat bazen ere, sakrifizioa egiten zuela dio
Pérèsek, eta sakrifizio hori nazioaren parte egitea
zela gehitu du: «Dans les énoncés des dédices, la
France joue un rôle terminal de destinataire du
geste individuel; comme si l’action sacrificielle
était volontaire et prolongeait une adhésion
délibérée à la nation»38.
Gauza bera egiten zuen Eskualduna-k ere.
Gerlara zoazen euskaldunen engaiamendua zinez
beren baitarikoa zela aditzera ematen zuen, erran
gabe ez zutela hauturik. Sakrifizio bat zen, nonbait, eta batzuk hiltzen ziren. Eskualduna-ren
diskurtsoan, sakrifizio horrek eta herio horiek
frantses nazioaren parte egitea erran nahi zuten.
Frantses nazioarenganako grina eta kezka zabaltzen zituen, horrela.
Horren lekuko da, gerla hasi eta berehalako
artikulu batetik hartu esaldi hau:
Donibane Lohitzunetik Atharratzeraino eta han
harat azken herrietako azken mugaraino, dezagun egin guziek bat Frantziarekin39.
78
Horrek berresten du Frantziarekin bat egiteko
deia egiten zuela Eskualduna-k.
Frantziarenganako atxikimendu eta kezka hori
aipatzen zuen artikulu orokorretan. Baina herrietako berrien sailean, herritarrak berak Frantziaren
etorkizunaz arras kezkatuak zirela erakutsi nahi zuen
Eskualduna-k; hots, ez zela bakarrik nolabaiteko
elite bat kezka hori zuena, baizik eta herri guzia.
Ondoko adibide honetan ageri da Eskualduna-k herritar soil batek Frantziarentzat zuen grina
biziki handia zela:
Huna hau, ama bat guhauri mintzatua, Espainiako karrikan auzo duguna, elhaire ez ginuelarik, heldu zauku karrikaren erdira, haurño bat
eskutik, bertze bat chutik joaitekoa, besoetan;
begitartea mehe eta zuhail bezen begiak chuchen, mintzoa sarkor:
«Othoi, jauna, erradazu: garhaituko dutea gure
gizonek etsaia oraikoan ez balezate garhait,
Frantziarenak egin luke bethikotz».
Ahalik hobekiena ihardetsi diot: «Brave femme,
ayons confiance en Dieu – Ba, jauna, bainan
zinez egia: ene senharrak bere biziaren sakrifizioa egina duen bezala, nik ere onesten dut
bihotzetik; alharguntsa gelditzera nago, Frantziak irabaztekotan»40.
Artikulu honen arabera, ez ziren bakarrik
soldaduak Frantziaren alde sakrifizioa egiten zutenak; soldaduen emazteak ere prest ziren –hor
agertzen dena eredutzat hartuz segurik– alargun
izateko edo senarrak gerlan zituzten garaiak gogor
79
iragaiteko, Frantziaren alde. Emazte horrek Frantziaren etorkizunaz zuen kezka; honen lekukotasunarekin erakutsi nahi zuen, Eskualduna-k, Ipar
Euskal Herriko herritar xumeek beren burua zinez
frantses zeukatela. Horrekin, indar gehiago ematen zion aitzineko pasarteetan agertu den jarrera
frantses zaleari.
Ondoko adibidea ere ildo beretik doa, baina,
aldi honetan, berriketari baten hitza da:
Basaburuko gizon gaztek orok ihardetsi die
lehiaz eta alageraki Frantziaren deiari. Saldoka
eraitsi dira beren lekhietarik. Frantziaren amodioua bihotzian eta Aleman thorpia begietan,
abiatu dira heraberik ez lotsarik gabe, su garra
bezain bero.
[...] Frantziak, oraikouan, ez du behar partida
galdu eta ez du galduren; nazioniaren bizia eta
izatia trebesiala emanik dira41.
Kronikari honek Frantziarenganako maitasuna adierazi zuen batetik, eta frantses nazioaren
bizia arriskuan ikusten zuelako, gerla irabazi behar
zuela gehitu zuen, bestetik. Ohar horietan, frantses
sentitze hutsetik urrunago zihoazen aipatzen zuen
emaztea eta Atharratzeko berri-emailea. Frantses
nazionalismoa, frantses nazioarenganako atxikimendua eta kezka erakusten zituzten. Beren burua
nazio horren parte sentitzeaz gain, diskurtso nazionalista garatzen zuten Eskualduna-ko berriemaile horiek.
Frantses nazioarenganako atxikimendu eta
kezka hori nola sortu zen esplikatzen du Peio
80
Etcheverry-Ainchart historialariak: «L’Etat français sait proposer à la population des thèmes forts,
qui la mobilisent et qui l’unissent: après la défaite
de Napoléon Ier et la gestion de la victoire par les
autres puissances européennes lors du congrès de
Vienne de 1815, la volonté de revanche et le
sentiment d’injustice sont mis en avant. Il est
opératoire jusqu’à la chute du Second Empire.
Puis la défaite contre la Prusse et le rattachement à
l’Empire allemand de l’Alsace-Lorraine offrent de
nouveaux thèmes porteurs d’unité nationale.
L’ennemi commun à tous les Français est désigné,
l’Allemand, et le déclenchement de la guerre de
1914-1948 achève d’unir le pays»42.
Eskualduna-ren ildo editoriala logika horretan
sartzen zen. Mende bateko historiak frantses
nazionalismoa euskal gizarteraino errotu duelako
lekukoa da Eskualduna. 1914-1918 gerla baldin
bazen nazionalismoaren errotze hori bukatuko
zuena, ageri da Eskualduna-k horretan ere paper
hori jokatzen zuela.
Ondorio gisa, erran daiteke Eskualduna-k
frantses nazionalismoa sustatzen zuela bere irakurleen –hots, euskaldunen– baitan. Frantzia aipatzean
pluraleko lehen pertsona erabiliz, Frantzia
goraipatuz, Frantziaren alde hiltzea «herriaren» alde
hiltzea zela txalotuz, Frantziaren batasunarenganako
kezka erakutsiz, jadanik anitz errotzen ari zen frantses nortasun hori areagotzen zuen Eskualduna-k.
Kontraesana dirudi, euskal nortasunari atxikia izanez batera, frantses nortasunari halako
mirespena agertzeak. Jarrera kontraesankor hori
81
azaltzen du Manex Goihenetxek. Antoine
d’Abbadie-k antolatzen zituen Lore Jokoei buruzko azterketan, Manex Goihenetxek argitara
ematen du zein zen XIX mende bukaerako
euskaltzaleen ideologia, Ipar Euskal Herrian.
Batetik, Goihenetxek ohartarazten du euskara
antzinakotasunarekin eta tradizioarekin lotzen
zutela Eskualzaleen Biltzarra elkartea sortuko
zutenek. Halaber, euskaldun haiek, beren «aberri
handi» gisa Frantzia zeukatela azpimarratu zuen.
Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco
liburuak euskal bestei buruzko erreferentzien
zerrenda kronologikoa eskaini zuen, eta Goihenetxek horren bilduma bat eginez erakusten du
zenbat erreferentzia egiten zioten frantses nortasunari, beti ere, euskaltasuna frantsestasunaren parte
zela argi utziz: «Basques purs, Français sans
réserve», «qui aime mieux sa petite patrie [...]
donne de meilleurs gages à la grande», «plus vous
serez Basques, mieux vous serez français»43...
Goihenetxeren arabera, euskal kulturaren eta
euskararenganako atxikimendua ez zen euskal
nortasunari lotua espresuki, baizik eta aldaketa
handiak jasaten ari zen baserri munduko harreman
sozialei eusteko beharraren sentitzearen adierazpen
bat. Kultura hori zen tradizioaren eta antzinakotasunaren oinarria.
Eskualduna-k ere ideologia hori zekarren
berekin: euskaldun ona izateko frantses ona izan
behar zen, edo alderantziz, frantses ona izateko
euskaldun ona izan behar zen, biak elkarrekin
lotuak ziren.
82
10. Aberri txikia, aberri handia
Frantses sentitze horrek ez zuen euskal
nortasuna baztertzea erran nahi. Bai, Eskualduna
euskarari eta Euskal Herriari atxikia zitzaion; eta
horren lekuko da Hego Euskal Herriko euskaldunengan zuen errespetua. «Gure eskualdun anaiak»
aipatzen zituzten. Baina, gerla honen harira, ikuspegi arras desberdinak zituztela erakustera ematen
zuen Eskualduna-k.
Gerla hasi eta lehen hilabeteetan, bi astez
segidan, bi artikulu luze argitaratu zituen
Eskualduna-k, Hego Euskal Herriko euskaldunei
buruz kritikoak zirenak. Kritika horiek ongi
erakusten dute mugaz bi aldeetan zegoen egoera
desberdina. Baina kritika horiekin batera, interesgarria da ikustea, hala ere, atxikimendu handia
zeukatela batzuek besteengan. Eskualduna-k ongi
azpimarratzen zuen ez zuela Hego Euskal Herriko
euskaldunekin haserretu nahi, kritika eta desadostasun horiek adierazi izanagatik.
Hego Euskal Herriko abertzaleek Euskal Herria Espainiarengandik bereiz zedin nahi izatea
kritikatu zuen Eskualduna-k, urriaren 23ko artikulu batean. Hala ere, artikuluaren hasieran erakutsi
zuen Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaldunen
artean atxikimendu bat bazela:
Gerla aitzinean Eskualdun huntan bethi atseginekin irakurtzen ginituen Espainia aldeko
85
eskualtzale onetarik batek bi edo hirugarren
aldia du, irakurtzaleak, zuentzat edo guhaurentzat igortzen dauzkula goraintziak.
Zinez guri atchikia dagolako marka, ja ezpaginakien ere. Ba eta gu hari eta harekilako gure
eskualdun anaieri; gerla ondoan, lan huni hemen gurekin berriz lothuak ikus uste baititugu,
arte huntan agian izanen ez den berriagokorik
ezpalinbadugu44.
Lerroalde honetan ageri da elkarren arteko
harremanak bazituztela, eta baita atxikimendua
ere. Horren lekuko da «anai» hitza. Elkarrenganako adiskidetasuna ez galtzeko arrangura ere
agertu zuen Eskualduna-k, artikulu berean:
Solas min eta minbera ez othe dugun hau,
nago, eta odol hotzean, gizonki, adichkideki,
eskualdun haurrideki aiphatzekoa hemen elgarrekin, hitzak bederazka neurtuz, haztatuz.
Deus ez erranik nahiago nuke, huntarik behar
bagine makurtu. Ez balinba!
Egin nahi zuen kritika egin nahi zuen, baina
samurgorik sortu gabe. Horretarako hitzak neurtu
nahi zituela aditzera eman zuen artikulu egileak.
Artikulu osoan zehar aipatzen zuen bi aldeetako
euskaldunen arteko adiskidetasuna. Eta bukaera
aldean hau gehitu zuen:
Zuen gogora mintzo ez bagira, ez huntan zuek
ere gure gurera. Goazin aitzina halere bethi
adichkide eta eskualdun aneia.
86
Urriaren 30eko artikuluan, Hego Euskal Herriko euskaldun anitz alemanen alde zela-eta, kritika latza egin zuen Eskualduna-k. Hala ere, artikuluaren bukaeran, kritika guziak erran ondoan,
hori zehaztu zuen:
Barkatu, eta gu zuen, zuek gure adichkideago
bethi, munduko aleman guziak baino, agian!45
Hor bada aitzineko orrietan aipatu den frantsestasuna erlatibizatzen duen zerbait. Alemana
etsai gorria baldin bazen, Ipar Euskal Herriko
euskaldunak errotik frantsesak baldin baziren eta
Hego Euskal Herrikoak alemanen alde, Hego
Euskal Herrikoek etsaien lerroan ezarriak izan
behar zuketen (etsaiaren laguna, etsaia). Baina ez,
Eskualduna-k adiskidantza horri eutsi nahi zion,
beraz hor aitortzen zuen, zeharka bazen ere, euskal
nortasuna frantses nortasunaren gainetik zegoela.
Dena den, ohargarria da Hego Euskal Herriko euskaldunak izendatzeko, «Espainia aldeko
Eskualdunak» erabiltzen zuela Eskualduna-k. Beren
buruentzat, aldiz, «gu Frantzia aldeko Eskualdunak» erabiltzen zuen. Horrek erakusten du elkarrenganako atxikimendua hizkuntzari eta kulturari
lotua zela, baina politikoki ez zirela ikuspegi berekoak.
Eskualduna-k ikusten zuen desadostasunetariko bat, gerlari buruzko jarreran zegoen. Hego
Euskal Herriko euskaldun anitz alemanen alde
zegoela kritikatzen zuen Eskualduna-k. Aitzineko
zati batean aipatu da nola Eskualduna-k gauza
guzien arduraduntzat alemanak jotzen zituen eta
87
bestela ziotenek gezurra ziotela erraten zuen. Hona
hemen, adibide garbi bat.
Gerla hau guk piztua dela dautzute gezurra
erranen Alemanek: ba eta, gu baino hek sinetsi
nahiagoz, Espainia aldeko eskualdun askok. Ez
orok: hanitzek ba. Gehienik, diotenaz, Karlistek.
Ez dute oraikoa: bainan ez bide zuten egundaino beren burua hoinbertze agertu Alemanaren alde, gure kontra. Ez guziek balinba, eskualdun karlistek ere; ba ordean hanitz, hanitzek.
[...] Nonbeit zerbeit izan behar da hor, bertzetan, bainoagokorik oraiko huntan, Don
Jaime, karlisten oraiko nausi errege-geiak jakin
arazi diotenaz geroz, eztuela onesten bere aldekoen egitatea: gain gainetik eta goraki kondenatzen dituela, gerla huntan Frantziaren kontra
direlako karlistak, nahi bezen atchikiak izan
diten hari don Jaimeri.
Erran behar da oraiko errege don Alfonzoren
aldekoetan ere baditugula, erdaldun ala eskualdun, asko etsai Espainian; karlistetan baino
gutiago. Halere behartzen zaiku, errege Alfonzo
bera osoki alde baitugu.
Ama otrichianoa du Espainiako erregek, andrea
berriz anglesa: hetarik baloa ez-baia, lanetan
litake, biekilakoa ezin eginez.
Baginuke uste, biak aleman hutsak balitu ere,
balakikela gizonki zer egin, emazteñoeri erranik;
beharrez; daudela beren sukaldean.
Alfonsotiar eta Jaimetiar hoinbertze ikustea, beren bi Buruzagiak ez bezala, gure kontra gerla
88
huntan, alemanaren alde, handi zaiku. Zenbatez
handiago ezta ikustea, nehoren azpiko ez diren
edonahi ez litazken batzu, bakarrik eskualdun
katoliko, mintzo zaitzula gerla huntaz bezalatsu:
alemaniaren alde, Frantziaren kontra!
Ageri edo iduri, sinetsiak dituztela Alemanen
gezurrak; non guk dugun bilhatu, guk piztu
gerla hau, ez gure etsaiek46.
Eskualduna-k zehaztu zuen alemanen aldeko
anitz karlisten artean zegoela; nahiz eta karlistak ez
zirenen artean ere bazirela gehitu. Egia da karlistak
Alemaniaren alde zirela, hein handi batez. Hori
adierazten zuten El Correo Español egunkari
karlistako testu anitzek. Fernando Diaz-Plajak
bildu ditu artikulu zatiak, liburu batean47.
«Gran parte de las simpatías germanófilas de
las derechas españolas se debe al recelo ante la
Francia laica y revolucionaria», idatzi zuen Cirici
Ventallok 1914ko uztailaren 30eko El Correo Español egunkarian. Horrela jarraitu zuen: «nos alegramos por Alemania, que tiene una bella oportunidad para realizar una buena obra moralizadora
y desinfectante.» Zenbait egunen buruan, agorrilaren 8an, Gaspar Fajardok hau idatzi zuen: «La
derrota de Alemania sería un gran mal para
Europa y España. [...] Esperamos el triunfo de
Alemania, y aunque no triunfase, hasta el fin la
acompañara nuestra simpatía».
Espainiako karlista horiek Frantziaren laikotasun eta iraultzagatik ziren Alemaniaren alde,
hein batez. Eskualduna-k Alemania giristinoagoa
89
zela ziotenei gogor erantzuten zien, beste artikulu
batzuetan. Ohar horrek min egiten zion astekari
giristinoari. Giristinotasunak garrantzia handia
zuen astekari horretan, eta gerlari ere alde giristino
handia ematen zion.
Eskualduna-k Hego Euskal Herriko eta Espainiako batzuek zuten Alemaniaren aldeko jarrera
salatzen bazuen ere, azpimarratu behar da ez zirela
denak alemanen alde. Baina, itxura guztien arabera, artikulu honetan segurik, Eskualduna ez zen
horretaz ohartu.
Eskualduna-ren ustez, Frantziaren kontra ziren
euskaldunak istorio zaharrengatik ziren horrela:
Aitor-azue Napoleon Lehen zenaren egitateak
Espainiari buruz ditutzuela oraino ezin iretsiak.
Orduan hura zuentzat, Guillaume orai guretzat,
bi gizon tirano hastial. Ehun urtheren buruan ez
badetzazketzue haren hobenak ahantz, nola guk
Guillaumen aitzinekoen hobenak, eta bereak
azken gerlatik hunat? Hunek berak oraino
ezpazangun gerlarik egin, nori esker? Haren gizontasunari ala gure pazientzia luzeari?
[...] Gu Frantzia aldeko Eskualdunak frantsesegi
bagauzkatzue, Espainia aldeko eskualdunek,...
zer erran zuetaz Espainia aldeko eskualdunez,
baizik ere miletan zuzen gutiagoz, jakinean edo
ez jakinean, alemanegi zaretela hor bilhakatuak?
[...] Gu bagine hutsean, gure baitharik ginitazke: zuek aldiz, Alemaniaren gezurrak errechkiegi sinetsirik48.
90
Ehun bat urte lehenago izan ziren Napoleonen erasoak ziren Hego Euskal Herrikoek
Frantziaren kontra zuten jarreraren esplikazioetariko bat, Eskualduna-ren ustez. Hala ere, artikulu
horrek dena nahasten zuen. Ororen buru, alemanak aise sinestea leporatzen zien Hegoaldekoei.
Eta horregatik, «alemanegi» bihurtu zirela kritikatzen zuen. Aldi berean, Hegoaldekoek Ipar Euskal
Herrikoak «frantsesegi» ikusteari ere erantzuten
zion, azpimarratuz beren baitarik zirela frantses,
hala nola beren hautuz.
Ororen buru, hemendik ateratzen den ondorioa da Eskualduna-k Euskal Herriaren bi aldeen
arteko zatiketa politikoa azpimarratzen zuela.
Hego Euskal Herrikoak ez zituen lagun politiko
gisa ikusten, eta berak bere burua haiengandik
bereizten zuen, bere burua frantses gisa aldarrikatuz eta Hegoaldekoak alemantzat joz. Gerla
garai hartan, frantsesen eta alemanen arteko zatiketa eta herra zein handia zen ikusiz, Hego Euskal
Herrikoen eta Ipar Euskal Herrikoen arteko
zatiketa termino horietan adieraztea, bien arteko
arroila oraino gehiago handitzea zen.
Zatiketa politiko horrek ondorio zuzena
zuen, Euskal Herriarentzako proiektuan ere.
Eskualduna-rentzat Ipar Euskal Herrikoak frantsesak baziren, zergatik eginen zuten batasun
politikoa Hego Euskal Herriko alemanzaleekin?
Euskal Herriko separatismo ideiak ere komentatzen zituen Eskualduna-k. 1914ko urriaren
23ko artikulu nagusia gai horrekin osatu zuen.
91
Eskualduna-a Euskal Herria Espainiatik eta Frantziatik bereiztearen eta estatu batu baten
sortzearen aurka zegoen.
Anartean atsekabekin ikusten duguna, bihotzez
egia, –mintzo nautzue eskualdun guzieri– hauche da: Espainia aldeko eta Frantzia aldeko
Eskualdunak ez girela bethi orotaz bat: bereziki
ez Eskuan-herriaren eta Espainiaren arteko batasun edo berechkunde delakoa, ez delakoaz, behar litaken ala ez.
Halaber hemen, gure alde huntan Frantziarekilakoa. [...]
Bainan goazin aldian aldikoaz. Egungo solasa
dugu Frantziaz, Eskual-herriaz, Espainiaz: bertze bien artean Eskualherria, bietarik berech,
izaitez hala ez balinbada ere, hala behar litakela
diote holetan. Eta nork? Espainiako aldean
hanitzek, eta ez ahapeka. Hemen, Frantziako
alde huntan ere ba omen bakar batzuek. Zonbatek? Egundaino ezin jakin dut. Oro batera
emanik, othe dire hamar? Gehiago uste duena
mintza. Nik ez nezakezue bortzez on egin. Biga
baizik etzauzkit mementoan gogoratzen.
Espainia aldeko berri hanitz gutiago dakit, baina
aski ba, jakiteko, eskualdun baizik nahi ez diren
hanitz gehiago dela hemen baino han.
Beren ikustekoa dute, hangoek han berenaz;
guk hemen gureaz bezala.
Ikustekoa... zer duten edo luketen behar: ez gira
hortan sartzen.
Ohiko fueros beren zuzenak, menderen mende
gozatuak, aitzina bethi gozatuko zituztela hitze-
92
man behin eta gero hitza jana diote Espainiak.
Hori gaizki. Zer ari diren ordean horren chuchentzeko erranez, deus ez dutela nahi Espainiarekin. Erraitea bezen errech balitz egitea!...
Eskualdun eskualzale hangotiar eta hemengotiar
bilkura batean galdatu zioten bati –eztu ere
aspaldi,– elhetik elhere: «Española zirea? –Ez,
jauna –Frantsesa beraz? –Ez jauna. –Zer zira
beraz –Eskualduna –Eskualdun frantses ala española –Bat ez bertze. –Beraz? -Beraz Eskualduna, ke karamba!»
Atheraldi pullita: nahuzue dezagun erran ederra? Eta gero? –Geroaren berri eztakigu, ez zuek
ez guk.
Balethor egun bat, erresuma osoak pusketan
eman litzazkena –gerla ondorioz edo bertzela–
ezta noizpeit gertha ez ditakena, Eskualherriaren bi zathiek bat egitea, oraiko Frantses
eta Español bi erresumetarik berech.
Batasun hoberik ez lakiguke guri.
Anhartean ez othe da guretzat aneiaki, elgarrekin bizitzerik?
Gobernamenduz, politikazko biziz bateratu
arte, arrotz othe gira eta atze?
Nere burua nor nahi bezen eskualdun daukatalarik, ene hitzean nago: berech izaiteko eztela
aski erraitea: «Espainia bat da, Eskual herria
bertze bat». Bainan hola zaiotenek hola erran
bezate berentzat. Guk eskualdun frantsesek
eztugu Frantziatik berechtea galdatzen: are
gutiago erraiten ja bi direla Frantzia eta gure
Eskual-herri hau?
93
Zer onik ginuke ere hortarik igurikitzeko?
Erresuma ttipiak handiek ahamen batez janak ez
dituguia ikusten? Horra zer zaion gerthatu
azkenik hor Belgikari, handiago izan balitz
gerthatuko ez zitzaiona.
Handitasunak eztu zuzena egiten, ba ordean,
beharrez, laguntzen, azkartzen.
Ttipiturik, ederrak ginitazke, bi auzo handi,
bata bertzea bezen gosen erdian, bietarik gu
bereziak!
Otsoen hazkurri dire bildotsak;... chitoak
miruen.
[...] Noizpeiko aspaldiko ethorkiz bat izanik ere,
demborak berezi bagitu erresumaz: bi zathitan
ezarri bagitu bi populu auzori eratchikiak, bien
ararteko edo lokarri izaitea gu hiruen onetan ez
litakea?
Gure ustez ba, elgarrekin bizi gaichtoan bizitzea
baino hobe.
Ezkontzaz berechten zira, lehen auzo geldituz,
burhaso eta haurridetarik,... ahultzen direa soretchearekilako lokarriak, ala luzatuz, hedatuz,
azkartzen? –Ezta bardin. –Ez osoki: bainan hein
batez, adichkidea, eza?49
Artikulu hau Manex Hiriart-Urruty-k idatzi
zuen, Xipri Arbelbideren arabera:
«Broussain, Constantin, Mendiboure, Dourisboure, D´Andurein eta beste zenbaitek aipatua
baitzuten alderdi abertzale bat sortzea... eta
Eskualduna astekaria eskutan hartzea horretarako,
Hiriart Urruty batere ez zen haiekilako.
94
Broussainen artikuluak zentsuratuak ziren astekarian agertu aintzin abertzale kutsua zuten bezen
segur». Oraintxe aipatu artikulua «taldeño hori
gogoan» idatzi zuela dio Xipri Arbelbidek. Alabaina, artikuluan aipatzen zuen Ipar Euskal
Herrian ez zituela bost baino gehiago ezagutzen
Euskal Herriaren batasuna aldarrikatzen zutenak.
Artikulu horrek biziki ongi adierazi zuen
Eskualduna-ren eskizofrenia. Batetik zion, euskaldun guzien arteko batasuna baino ederragorik ez
zitekeela izan. Bestetik, uste zuen, ezinezkoa zela,
inguruko estatu handiek Euskal Herria laster
errautsiko zuketelako, alemanek Belgikarekin egin
bezala. Gerla testuinguru batean, ttipi izatearen
beldurra argudio eraginkorra izan zitekeen Ipar
Euskal Herriko euskaldunengan.
Ttipi izatea ahul izatea zelako argudioa arras
zabaldua izan zen XX mendean Frantzian, bereziki
independentzia gogoa erakusten zuten herriei
erantzuteko. Ahuleziaren beldur hori eta Frantziaren baitan denak bilduz azkar izateko segurtamen hori zen Eskualduna-k lantzen zuena. Baina
hori, historiak esplikatzen du, Peio EtcheverryAincharten arabera: «Si durant les siècles précédents le centre français, Paris, a centralisé pouvoirs
politique et économique, le centre espagnol fixé à
Madrid n’est resté que politique (un centre
politique, en outre, en déclin).
«Or durant le XIXe siècle, la révolution industrielle consacre le développement économique
de deux régions périphériques. La Catalogne
95
d’abord, connaît un essor important lié au secteur
textile. De même, l’économie du Pays Basque sud
se développe grâce à la construction navale et la
production minière. Cela favorise le développement urbain, en particulier la région de Bilbao qui
est propulsée au rang de grand centre industriel»50.
Hor ageri da, Hego Euskal Herriko probintziak ez bezala, Ipar Euskal Herrikoak ekonomikoki eta politikoki estatuko hiriburuaren menpe
zirela. Menpekotasun horrek, dudarik gabe, azkar
izateko batuak izan behar zirelako ustea areagotzen
zuen. Horrekin, erran daiteke, frantses nortasunarenganako atxikimendua baino gehiago, «txikitasun konplexua» zela Eskualduna-k adierazten
zuena, eta frantses sentituz eta Frantzia goraipatuz
zerbait handiagoren parte sentitzen zirela.
Hori zen gerlak ematen zion beldurra:
Frantziak galtzen bazuen, puska ttipitan zatikatua
izanen zela, beraz deuseztatua eta puska oro
ahulduak. Gerlaren bukaera horrela ikusten zuen.
Edo Alemania zatikatuko zen, edo Frantzia. Frantziarentzat nahi ez zuena nahi zuen, Eskualduna-k
Alemaniarentzat.
Gerla hau da gudu bat iraunen duena, Frantziak
edo Alamaniak leher egin arte, zatikatua izan
arte. Hola bakarrik, bakea heldu denean, gutitu
ahalko dire armadak; garhaitu erresuma hala
lehertua eta biluzia izanen baita, non ez baituke
luzaz indarrik bertzeari dichidu egiteko.
[...] Ene arabera, gerla hunen ondotik, hori
gertatuko da: orai arte, hainbertze urthez hazi
96
diren armada handiak hainitzez gutituko direla,
ez baita luzaz holako gerla baten beldurrik izanen. Zer irabazia, erresuma guzien budjetarentzat!
Horra beraz zerk has-arazi dion gerla hau
Alamaniari: ezin gehiago bere armada izigarria
haziz, nahi izan du, horren beharrik gehiago ez
izaiteko, Frantzia oraikotik zatikatu eta ezeztatu,
erresuma lerrotik histuz.
Itchura guzien arabera, bertzela gertatuko zaio.
Hala da, gerla hau bururatzearekin ez da armada
handi beharrik izanen. Bainan lehertua, zatikatua, erresumen lerrotik histua, ez du Frantzia
ikusiren. Alamaniari berari gertatuko zaio hola.
Horren sinhesteko, aski dire egun hautako berriak irakurtzea. Bertzalde, ez diteke deus errechagorik. Ezen Alamania elgarri behinere ongi
josiak izan ez diren puskez egina da. Puska
hoitarik bakotcha gogotik bere gain emanen da;
egin ditezke hoiekin, Alamania bakar baten
orde, hogoi bat erresuma ttiki, elgarren ganik
arras berechiak, bertzeentzat gehiago dichidu
bat ez ditezkenak.
Lehenagoko mendeetan ere, hola zen Alamania
hortan; ez erresuma bakar bat, bainan erresuma
berezi hanitz. Arrodak lehenagoko hein bererat
itzuli behar du. Segur hola eginen dela oraikoan51.
Eskualduna-k ez zuen asmatu Alemaniari zer
gertatuko zitzaion. Baina, asmatu ala ez, Alemania
zatiturik eta ahuldurik ikusi nahi zuela adierazi
zuen. Artikulu horretan ikusten denaren arabera,
Eskualduna-ren logika hau zen: estatu batek balio
zuen, handia eta batua baldin bazen; bestela
97
ahulegia zen eta ez zuen deusetako balio. Estatu
handiak behar zirelako iritzia osoki barneratua
zuen euskal astekariak. Logika horrekin, Euskal
Herriak, estatu ttipi gisa, ez zukeen behar
bezainbat pisu, eta ez zitekeen ona, ororen buru,
euskaldunentzat.
Frantziako Errepublikaren zentralismoak eta
XIX mendean zehar bereziki Alemaniarekin
izandako gatazkek, frantses lurraldearen peko ziren
guziak Parisi begira ezarri eta Frantziaren alde
borrokatzera behartu zituen. Historia horren zama
ageri zen Eskualduna-ren jarreran. Frantziak eta
Alemaniak gerlak galdu edo irabazi baldin
bazituzten, beren handitasunaren eta indarraren
arabera izan zen. Estatu handiak ziren Europan,
eta handien parean handi izan behar zelako ustea
zabaldu zen. Eskualduna uste berekoa zen.
Frantses izatea aldarrikatzearen arrazoi nagusietariko bat estatu handi baten parte izan behar
zelako segurtamena zen. Horregatik, Eskualduna
ez zetorren bat euskal estatu baten ideiarekin.
1914ean, muga politikoa zinez handia zen Ipar eta
Hego Euskal Herriaren artean. Hego Euskal
Herrian independentziaren aldeko jarrera handia
zen; Ipar Euskal Herrian ez zegoen horrelakorik.
Herriaren alde bakoitzaren bilakaerak arras
desberdinak ziren ordu arte, eta ordutik landa ere.
Eskualduna-k frantses Estatuaren baitan
egoteko egina zuen hautua ez zen, beharbada, hain
lotua bihotzetik eta sentimenduetatik, nahiz eta
jarrera gerlazalearen adierazpenak hala pentsatzera
98
bultza dezakeen. Erran daiteke Eskualduna-k Frantziarengan zuen atxikimendua pragmatikoa zela.
Gerla franko izan zuen XIX mendetik landa, gerla
mundialaren erdian, erresuma handiek ttipiak
okupatu eta desegiten zituzten edo zitzaketen garaian, estatu handi baten parte sentitzea lasaigarriagoa zitzaion Eskualduna-ri. Euskal Herria sobera ttipi ikusten zuen ondoko erresuma handiei
buru egin ahal izateko.
99
11. Euzkadi, neutraltasun
interesatua
Lehen Gerla Mundialak kezka handia sortu
zuen, gerlan inplikatuak ez ziren herrialdeetan ere.
Gerlaren lehertzea garrantzi handiko gertakaria
zen, Hego Euskal Herrian ere. Ez zen, Ipar Euskal
Herriko prentsan izan zitekeen bezala, aipagai bakarra, baina egunkari eta aldizkarietako orri anitz
bete zen gerlako berriekin. Euzkadi egunkari jeltzaleak berri franko eskaintzen zuen gerla horri
buruz; berri gehienak gazteleraz. Hala ere, bai gazteleraz, bai euskaraz, hainbat iritzi argitaratu zituen Euzkadi-k, maiz Kirikiñoren lumaren azpian.
Euzkadi, Hego Euskal Herriko egunkari
jeltzalea, Espainia gerlan sartzearen aurka agertu
zen. Espainia neutral agertzea ez zen espainiar eta
euskaldun guztien gustukoa, batzuk Alemaniaren
alde zirelako. Neutraltasuna arrisku gisa ikusten
zuenik bazen, gerla bururatu ondoan, irabazlea
edozein izanik ere, Espainiari neutraltasun hori
ordainaraziko ziola pentsatuz.
Euzkadi egunkariak, ordea, jarrera neutrala
Euskal Herriarentzat hobea zela uste zuen; babestuago sentituko zen.
Eskualduna-k jarrera gerlazalea erakutsi zuen
bezala, Euzkadi gerlaren aurka agertu zen, gerla
hasi aitzinetik. Gerla sufrimendu eta odol eragile
dela salatuz, jarrera bakezalea hartu zuen. Horrek
berak aditzera eman dezake neutraltasunaren aldeko iritzia.
103
Gerlak Euskal Herrian ukan zitzakeen
ondorioek kezkak sortzen zituen, neutral izan ala
ez. Alabaina, gerlak nolako bilakaera ukanen zuen,
eta horren arabera ondorioak Euskal Herrian ere
jasan zitezkeelako beldur zen Euzkadi. Baina,
bereziki, alemanen edo frantsesen eta ingelesen
alde jartzeak Euskal Herriarentzat zituzkeen ondorioek zuten gehien kezkatzen Euzkadi. Horregatik
zen neutraltasunaren alde: Euskal Herriak ez
zuelako holako gerla baten beharrik.
Euzkadi-k ez zuen gerlarik nahi. Inork ez du
gerlarik nahi izaten, baina gerla egoera batean,
gerlan inplikatuak zirenen jarrera gerlazaletik
urrun zen Euzkadi. Gerla gauza penagarri eta
txartzat zeukan, hasi aitzin ere; are gehiago, Hego
Euskal Herria gerlak jasanik izana baitzen,
aitzineko aldietan. Euzkadi-k desio zuena zen
Europako gerla hori ez zela lehertuko. Horra zer
zion 1914ko uztailaren 27ko artikulu batean:
Izpar itxala dabil. Guda gorri inpernutarra urtengo ete dan gaur Europan bildurra dago. Ez al
da egituko atzo ebillan zurrumurrua! Guzurtuko al da!
Doipuru ona, biyotza ausita, alegiñetan ei dabil
ia eragozten daun guda deungea. Jaunak lagunduko al dautso!52
Euzkadi-rentzat gerlaren larritasuna ederki
adierazten zuen hitza zen «inpernutarra». Gerla
infernuko zerbait balitz bezala aurkezten zuen;
infernua, giristinoentzat izan daitekeen lekurik
beldurgarriena eta txarrena, zeruaren kontrakoa,
104
Jainkoaren beste norabidekoa. Horregatik espero
zuen Jainkoak gerla ez zedin gerta lagunduko zuela.
Edo, hori otoizten zuen.
Ildo bertsukoa zen agorrilaren 25eko zenbakiko esaldi hau ere:
Madarikatubak guda ankerr au asmatu dabenak!53
«Madarikatua» hitzarekin, gerla asmatu zutenak infernuarekin lotzen zituen. Madarikazioak
badu, bistan denez, erlijio kutsua. Bestalde, gerla
«ankerra» zela erranez, Euzkadi-k gerla hori bera
anitz mespretxatzen zuen. Eskualduna astekarian
ez zen horrelako hitzik gerla zehazterakoan.
Hona hemen, gaztelerazko artikulu batetik
hartu esaldia, gerlak beldurra ematen zuela ziotenen ildokoa:
Hablamos ante la probabilidad cada dia más
temerosa de un conflicto armado54.
Erran daiteke, esaldi horretan eta aitzinekoan
ageri zen gerlaren kontrako beldurra ez zela egozentrikoa. Euzkadi-k, artikulu horretan, ez zuen
gerla horrek euskaldunentzat izan zezakeen ondorioen beldurrik aipatzen. Europa osoarentzako
kezka zuen agertzen. Espainia neutraltasunera bidean zihoanean, Europako beste herrienganako
pena eta elkartasuna ikusten ziren jarrera horretan.
Elkartasuna adierazten zuen sufritzen ari ziren
jendeengan, besteak beste, eta bereziki, Ipar Euskal
Herriko «anaiengan». Gerlak sortzen zituen sufrikarioak ziren Euzkadi hunkitzen zutenak.
105
Lerro otxek idazten nagon gelaraño datorrkit
gure anayak disurrten negarr samiñen marrumen oyarzuna.
Ta negar gazi oken gazitasuna!!55
Gerlan zirenen eta haien ahaideen mina zenbaterainokoa zen adierazten ahalegintzen zen
Euzkadi. Sufrikarioa ikaragarria zela imajinatzen
da bi esaldi horietan, «negar», «samin» eta «marruma» hitzak bat bestearen gibeletik lerrokatuz,
hori baitzen eragiten zuen sentimendua. Halaber,
negar horiek hain bide ziren ozenak non idazleak
berak entzuten baitzituen.
Eskualduna-k ez zuen horrelako negarren
berririk ematen. Pentsa daiteke Euzkadi-ko idazlea
Ipar Euskal Herriko gudarien eta haien familien
larruan jartzen zela, haiek sentitzen zutena irudikatzeko.
Erran behar da, Hego Euskal Herriko euskaldunek gerlaren berri bazutela, gerla karlistetan
odol anitz isuriak zirela, eta armadaren konkista
gerlek ere min handia egin zutela, Euzkadi-k,
uztailaren 27ko artikuluan gogora ekartzen zuen
bezala.
Una alianza con Alemania atraería sobre Euzkadi, sobre sus hijos, sobre su suelo, emapado
con el sangre de las guerras carlistas, todos los
horrores de la invasión de los ejercitos de tierra
y mar56.
Gerlako itsuskeriak eta odola aipatzen zituen
Euzkadi-k, errateko euskaldunek horretarik aski
106
jasan zutela lehen ere. Espainia gerlan sartzeak
erran nahiko zukeen euskaldunak beste gerla batean sartzea. Sufrikario hori ez zuen nahi Euzkadi-k,
eta horregatik aipatzen zuen, artikulu horretan,
Alemaniarekiko aliantza bat txarra izanen zela
Euskal Herriarentzat.
Erran behar da karlistak (gehien bat), Alemaniaren alde jarri zirela. Baina, Espainian ez
ziren denak Alemaniaren alde, ez eta ere gerlan
parte hartzearen alde. Ororen buru, Espainiako
Gobernuak neutraltasunaren bidea hautatu zuen,
eta Euzkadi egunkarikoak arras kontent agertu
ziren erabaki horrekin:
Sostenemos, pues, que el Gobierno español
merece nuestro sincero aplauso por hallarse en
las presentes circunstancias desligado de todo
compromiso que pueda atraernos la enemistad
de Francia é Inglaterra. Y repetimos la razón
única de nuestra actitud. Queremos paz con
todos porque las presentes guerras son ante todo
monstruosos atentados contra la justicia57.
Batetik, Euzkadi poztu zen Frantziarekin eta
Ingalaterrarekin ez zelako etsaigoan sartuko. Baina
artikulu horren arabera, Euzkadi-ren bakezaletasunak humanitarioa baizik ez zela zirudikeen, gerlak
«justiziaren kontrako atentatu salbaiak» zirelakoan. Orainokoan ez zen ageri arrazoi pragmatiko
anitz, ideologikoak eta moralak bakarrik. Argi da,
hala ere, Frantziaren eta Ingalaterraren etsaigotik
urrun egon nahi izateak bazuela moralaz aparteko
beste arrazoirik. Euzkadi-tentzar, «hobe» zen, Espainia neutro izan zedin:
107
– Berriro? Egun otan eztegu besterik ikusten
guda ta guda baizik zure Eguneko zirtzil
oyetan.
– Egunerko egunekuagorik eztago ba. Guda
beltz orrek kezkaz beterik gauzka gustiyok eta
gure goguak osoro azken dizkigu. [...]
– Eta emen ez ote degu beldur-ziyorik?
– Ala diyote, ala diyo Gobernuak berak ere; España laterriya eztala jarriko iñoren aldez,
geldi egongo dala.
– Obe da.
– Bai, obe58.
Artikulu horretan berean azaltzen zuen zergatik zen «hobe». Arrazoietariko bat zen Espainiak
itsasoan gaindi lasai ibiltzeko ahala bazuela,
Ingalaterraren babesari esker. Baina horrek ere
kezka bat sortzen zion Euzkadi-ri. Babes horren
truke, Ingalaterrak 200.000 soldadu igortzeko
eskatzen bazion zer egin behar ote zitekeen kezka
erakustera ematen zuen Euzkadi-k.
Espainia Frantziaren etsai bihurtzen bazen,
horrek euskal kostaldearentzat ondorio larriak
zituzkeela zion Euzkadi-k:
los fronteras de Gipuzkoa sufrirían los daños
inmensos de las primeras embestidas, expondiéndose á los incalculables de la ocupación
francesa, y nuestras costas abiertas habrían de
hallarse á merced de las escuadras anglo-francesas59.
108
Espainia gerlan sartzen bazen, eta Alemanen
alde, euskal kostaldeak frantses eta ingeles armaden
menpe zeudekeelako kezka erakutsi zuen. Baina
kontraesana ere bazuen. Espainiak Frantziarekiko
edozein jarrera harturik ere, Euskal Herriarentzat
ez zukeela gauza anitz aldatuko gehitu zuen
Euzkadi-k, artikulu horretan, lerro batzuk
urrunago:
Pero si estalla, sean cuales fueran los compromisos de España con Francia, los vascos nos
hallaremos alejados del centro de ciclón. Harto
trabajo tendrá sobre sí la escuadra alemana
frente á la inglesa en los mares del Norte, para
visitar nuestras costas; y los regimentos prusianos deberán haber aniquilado á Francia si
quieren cumplir el capricho de bañarse en el
Adur y el Bidasoa. Para entonces se habrá firmado la paz.
Gerla Euskal Herritik urrun gertatzen ari zelako ideiak lasaitzen zuen Euzkadi, batetik. Beraz
kezkak ez ziren beti ulertzen.
Alemanen kontra lerrokatuz gero, edo neutral
egonez gero, Alemanak Espainiarengana –eta ondorioz Euskal Herriarengana– bihur zitezkeelako
beldurra ere ez zuen saihesten Euzkadi-k:
– eta gogoratu ezazu Doitxe’k purrukatzen dula
Pantze gustiya, arrotzen dala gaur dan baño
geyago, ta esaten diyola España-laterriyari: zu
ere nere etsaya zera ta al detan kaltia egingo
dizut.
109
– Urruti gaude; beldur gutxi orregatik.
Guganaño eltzeko bide aundiyak egin biar
ditu.
– Zaude oraindik60.
Neutraltasun horren barnean, Euzkadi hain
neutrala ere ez zen. Gerla aitzinatu arau, alemanen
kontrako jarrera gero eta garbiagoa zuen. Hots,
Frantziarengandik eta Ingalaterrarengandik hurbilago sendi zuen bere burua Euzkadi-k.
Pentsa zitekeen Hego Euskal Herrian alemanengandik hurbilago izan zitezkeela, gerla garaian.
Baina hori ez zen beti horrela izan. Euzkadi
egunkariaren kasuan, konkretuki, egunez egun
ageri zen Alemaniarekiko biziki kritiko zirela.
Batetik, alemanek gerla denboran egiten zituzten
krimenak salatzen zituen Euzkadi-k. Hori baino
gehiago, alemanen alde zeuden euskaldunen
kontra ere mintzo zen.
Gerla hasi aitzin ere hitz gogorrak erabiltzen
zituen Euzkadi-k alemanen eta austriarren aurka.
Uztailaren 27ko zenbakian, Austria-Hungariak
Serbia inbaditzeko egiten zituen mehatxuez hau
komentatu zuen:
Ignoramos en los momentos en que comenzamos á escribir, si ha estallado la guerra europea
ó si cediendo Serbia á las brutales amenazas de
Austria se ha conjurado por el momento, con un
nuevo triunfo de la fuerza la paz del mundo.
Austriaren «mehatxu bortitzak» aipatuz,
Euzkadi-k Austria ezartzen zuen gaiztoen lerroan.
110
Zenbaki gehienetan ageri da Euzkadi-k Serbiari
zion begirunea eta atxikimendua. Beraz, Serbiarekiko elkartasun horren gibelean, Austriaren eta
Alemaniaren aurkako jarrera bat bazen.
Dena den, Alemaniaren kontrako jarrera beste
gisan ere agertzen zen. Hain zuzen, Alemaniak
Belgika inbaditu izana biziki begi txarrez ikusten
zuen Euzkadi-k, Kirikiñoren artikulu batean
agertzen zen bezala:
Alemania Belgika garaituz, bakean dagoen herri
«makala» joz, errexki lortu duela gudari ikaragarriaren ospea. Baina hori ez dela merezimendu bat. Ahulenaren kontra errexa dela61.
Ezin da erran esaldi hori bereziki bortitza
denik Alemaniaren aurka. Hala ere, ez da Alemaniaren aldeko komentarioa. Ongi azpimarratzen
du Belgika bakean zegoen herria zela, eta gainera
ttipia edo ahula («makala» hitzarekin uler daitekeen bezala). Hori egitea ez zela merezimendua
azpimarratu zuen Kirikiñok. Kritikak ez ziren
Eskualduna-renak bezain gogor eta bortitzak,
baina gertakariaren aurkezpena horrela planteatuz
soilik ageri da Alemaniaren jarrera ez zuela begi
onez ikusten.
Arras gogorragoak ziren 1915eko urtarrilaren
22ko artikuluko komentarioak. Horiek ere Kirikiñoren artikulu batetik hartuak dira. Inglaterraren
kontrako erasoa komentatzen zuen.
Doistarrak gabez ixil-ixillik. Ipar-Itxasura igaro
dabe egaizki-tramankuluetan, eldu dira Ingalan-
111
da’ko itxaso-ertzera, ta ango errijen ganera: «Orr
juak, ilten dana il daitela!» jaurti dabez bonbak
eta erail dabez emakumak, umiak, izkillobako
gixonak; auxe eginda, arin atzera euren errialdera eguna zabaldu orduko, arrapau eztayezan.
Orrek zer dira? Eta eurak bidaldu ditubenak zer
dira?
– Gixona ba... orretara gauzak ipiñi ezkero...
– Ez ibili emen aiko-maikoetan, kana bategaz
neurtu danak. Orretariko gaizkintzak darabiltzan errija ezin leike izan gure begikua.
Ori, basatikerija da62.
Lehengo parrafoan erakusten zuen, Kirikiñok, eszena bortitza izan zela. Bortizkeria hori
gordinki deskribatu zuen. Gauaz, alemanak beren
hegazkinekin Ingalaterrako itsas bazterrera joan
zirela eta han emazteak eta haurrak hil zituztela
bonbak botaz, kontatu zuen Euzkadi-k. Horrekin
bakarrik, alemanak gaiztoen lerroan ezartzen
zituela nabaria da; gaizto baino gehiago, salbaien
lerroan. Eta funtsean, konklusio gisa argitzen
zuen, Kirikiñok, bere ustez, alemanek egin zutena
«basatikeria» edo «salbaikeria» zela.
Alemanei buruz termino horiek erabiltzen
zituena ez zitekeen alemanen aldekoa izan, inondik ere. Eskualduna-k Hego Euskal Herriko
euskaldunei alemanen aldeko jarrera ukaitea leporatzen bazien, ez zebilen osoki xuxen. Ezin zien
horrelakorik leporatu jeltzaleen egunkaria idazten
zutenei. Euzkadi ez zen Alemaniaren aldekoa.
112
Euzkadi ez zela Alemaniaren aldeko egunkaria
oraino garbiago frogatzeko elementu bat eskaini
zuen, Napartarra Nafarroako aldizkari jeltzaleak
argitaratu artikulu batek. Euzkadi-n argitaratu
artikulu bat berriz hartu zuen aldizkari hark,
«Neutralidad criminal» izenburukoa.
Euzkadi-k Serbiarengan elkartasuna erakutsi
zuen. Austria Serbiaren etsaia izanik, Euzkadi-k
Austriaren aurkako nazka erakusten zuen. Logika
hori bururaino eramanez, Alemania Austriaren
aldekoa izateagatik, Alemaniaren aurka ere izan
behar zela zion Euzkadi-k.
Si Austria dominadora y enemiga de Servia,
excita nuestra repulsión, idéntico sentimiento
debe causarnos Alemania, unida á Austria y
sosteniéndola en un impía obra imperialista.
Todo cuanto bemos manifestado, condenando
el proceder de Austria, debe aplicarse literalmente, á Alemania. Declararnos neutrales
cuando padece, gravísimamente, une nación defendiendo su independencia y con ella el principio de su nacionalidad, tanto monta como la
declaración de que nos desliguemos de los vínculos y deberen anejos á la profesión de la
doctrina nacionalista.
Serbiarekiko elkartasuna adierazten zuen
Euzkadi-k, «bere independentzia defenditzen duen
nazio» gisa. Nazio ttipia izanik –Euskal Herria
bezala– Serbiarekiko atxikimendua edo hurbiltasun sentipena oraino handiagoa zen. Pentsa
daiteke, Euskal Herria Serbiarekin identifikatzen
113
zuela; ez zukeela nahi Euskal Herriak gisa bereko
zerbait jasan zezan.
Horregatik, Euzkadi-rentzat, onartezina zen
horrelako gauzak «neutraltasunez» pasatzen uztea,
neutrala izatea holako jarrerak onartzea edo
babestea zelakoan. Horregatik zion, artikulu luze
bateko pasarte horretan eta artikulu bereko beste
pasarteetan, ez zitekeela neutral egon horrelako
erasoen aurrean.
Gerlaren hastapenean neutraltasunaren aldeko jarrera ikus bazitekeen ere, artikulu horretan
beste jarrera bat ageri da. Horrekin ezin da
ondorioztatu Euzkadi gerlan sartzearen alde
bihurtu zenik, baina ondoriozta daiteke, berriz ere,
Alemaniaren kontra agertzen zela. Ez da aski errateko Frantziaren eta Ingalaterraren alde zela, baina
urrats inportantea da, ondorio horretara heltzeko.
Horrez gain, Hego Euskal Herrian alemanen
bertsioarekin bat egiten zutenei Alemaniaren alde
izatea leporatzen zien Euzkadi-k, 1915eko otsailaren 28ko artikulu batean:
Orain doixtarrak dabilz, bakian dagozan Errijetako itxastarrak bildurteko alegiñetan, guzur
asko zabaldurik onenbeste eta orrenbeste ontzi
galdu dirala, ta itxaspe-ontzijak urriñetaraño
sakabanatu dirala, ta erlia baño ugarijago dirala,
ta zorakeri bat dala Ingalanda’ra juan gura
ixatia, ija eskier edo seguru dala galtzia ta.
Ementxe be zabaldu zan arañegun guzurra,
biribila gero, itxaspe-ontzi bat ikusi zala Algorta’tik urrtxo. Arra beteko izki edo letrakaz argi-
114
taldu eben guzur ori emengo izparringi batzuk.
[...]
Emengo itxastarra ikaratu gura dabe, igarriigarrijan izparringi orrek, ia emendik
Ingalanda’rako ontzijei galazko al dautsien
arantza juatia. Doixterrija’ren aldez dabilz
beraz.
Ohargarria da alemanen bertsioa gezurtzat
jotzen zuela Euzkadi-k. Kasu honetan, herri neutraletako itsas-ontziek hobe zutela Ingalaterrara ez
joatea zioten alemanek, Euzkadi-k eman berriaren
arabera. Itsasoa arriskutsuegi zela eta ontzi anitz
desagertu zelako berria zabaldu zuten alemanek.
Euzkadi-k zion hori gezurra zela, eta horren
helburu bakarra Euskal Herria bezalako herrialde
neutraletako itsas-ontziak portuan egotera bultzatzea zela.
«Gezur» horiek Euskal Herriko hedabide
batzuek ere zabaldu zituztela kritikatu zuen
Euzkadi-k. Berri horiek zabaltzen ari ziren egunkariei alemanen alde aritzea leporatzen zien.
Horrekin ageri da egunkari jeltzaleak ez zuela bere
burua Alemaniaren alde ezartzen zituen horien
lerroan kokatzen.
Beste hainbeste erran daiteke Napartarra
aldizkariaz ere. Euzkadi-ren ildo politiko bereko
aldizkari horrek, Correo Español egunkaria alemanen aldekoa zela salatzen zuen, ironia puntu
batekin:
Zu «barkazioakin» noren aldez zaude? Noren
zalea zera? Panzizta.
115
Ori dek egokiena gizona, ala erran nion gudarazu auetan pantzizta zala erran zian
baserritarri.
Bañan... «Correo Española» zelako alemanzalea
eh! Ez al zera oartu? Alemaniaren aldez bi begiak
emango omen lituzke. Or konpon Mari-Anton,
Karlostar jaunak. Barkazio akin. D. Jaime noren
aldez dago? Azkeneko egun auetan nor dira
lagundu ditunak? Alemanakin onien dago ala
diote bere jarrileak; egia ote da? Nik eztakit
bañan ixo, ixo, ez erran iñori eh? Pranzera omen
da. Ez omen ditu beste aldekuak ikusi nai. Ez
gero erran iñori prantzera dala?63
Karlsitak alemanen alde izatea kritikatzen
zuen. Alabaina, Don Jaime karlisten burua
Frantziaren alde zegoela komentatu zuen, segidan.
Ironiaz erran zuen hori, Correo Español-eko
karlista alemanzaleez, beren alemanzaletasunagatik, trufatzeko.
Artikuluaren idazleak ahoan bilorik gabe zion
ongi zitzaiola frantsesen alde izatea. Frantziaren
alde zegoela erran zion laborari bati «hori dek
egokiena» erantzunez, argi uzten zuen, Frantziaren
alde izan behar zela. «Egokia» hitzak galderak sor
ditzake. Hitz horren gibelean, jarrera alderdikoi,
sentimental edo ideologiko bat baino gehiago,
jarrera pragmatiko bat ikus daiteke. Hego Euskal
Herriarentzat hobe zen, egokiago zelako, Frantziaren alde jartzea.
Argi ageri da Eusko Alderdi Jeltzalea, Euzkadi
eta Napartarra aldizkarien ahotan, ez zela Alemaniaren aldekoa, 1914-1918ko gerla hasi zenean. Ez
116
zuen bat egiten Alemaniaren eta Austriaren
jokamoldeekin; gogor kritikatzen zituen. Ez zuen
bat egiten Alemaniaren alde ziren euskaldunekin
eta Euskal Herriko hedabideekin. Ez zitzaion ongi
iruditzen neutral egotea, Alemaniaren eta Austriaren erasoen aurrean. Independentziarik gabeko
nazio ttipi baten ikuspegitik ere mintzo zen;
Serbiari eta Belgikari zion elkartasuna horren
lekuko izan daiteke. Hots, horren gibelean, Euskal
Herriaren aldeko jarrera abertzalea zegoela erran
daiteke, euskaldun gisa, bereziki ongi ulertzen
zuelako zer senti zezaketen Belgikak eta Serbiak,
etsaiek inbaditua izanik edo ia inbadituak izanik.
Ezin da erran Frantziarenganako elkartasunik
edo Frantziaren aldeko jarrera politikorik aurkitzen zenik Euzkadi egunkarian. Baina Euzkadi-k
nahiago zuen Frantziak eta Ingalaterrak irabaz zezaten. Hautu horren esplikazioa arrazoi geoestrategikoek ematen zuten.
Batetik, arrazoi ekonomikoak ikusten zituen
Euzkadi-k, Frantzia eta Ingalaterra nagusitzearen
alde izateko. Horren adibide garbia zen, 1915ean
Itsaso Beltzaren inguruan, Frantziak eta Ingalaterrak bataila batzuk irabaztearen alde izateko
arrazoia. Bosforo itsas pasaia ingelesen eta frantsesen esku izan zedin nahi zuen Euzkadi-k, horrela
janaria errazago helduko zelako Europa Mendebaldera, eta beraz, Euskal Herrira.
Ixen du daun itxas-estunia ija arrapau dabe
pantzetar ta ingalandar gudontzijak, gero errazago arrapatuko dabe Bosporo deritxon estunia
117
Konstantinopoli uri ospetsubaz, turkarrak orretara Europa’tik at bidaldurik noz-edo-noz!
Dardaneleta’ko gurenda orregaz onurea dau
emengo alde gustijak, esan gura dogu Europasartalde gusti onek. Ara zergaitik: Errusi’ko
Odessa’tik, eta Errumani’ko Braila’tik (biak
Itxaso Baltz’eko izturi edo portuak), gari asko
ekartzen da alde onetara; guda madarikatu au
dala ta, turkarrak ito egin dabe gari-ekarte ori,
Bosporo ta Dardaneleta’ren jabiak diralako;
orain pantzetar-ingalandarrak itxas-estuna orrek
idigita, asiko da onantz etorten Errusi ta Errumaniko garija, ta asko ei dago salgei.
Ona ba zetatik ondo datorkigun Dardaneleta
orren jabe egitia pantzetar-ingalandar itxasgudarijak64.
Artikulu horretan argi eta garbi adierazten
zuen, Euzkadi-k, Frantzia eta Ingalaterra itsas pasaia
horren jabe egitearen interesa, ekonomikoa zela.
Errumaniako eta Errusiako garia turkiarrek blokatzen zutela-eta, pasaia hori libratuz gero, garia helduko zela ikusten zuen Euzkadi-k. Hor ez da ikusten Frantziaren eta Ingalaterraren aldeko jarrera
politikorik, baizik eta Euskal Herriari begirako
kezka ekonomikoa. Hots, Euskal Herriaren kokapen geografikoak egiten zuen Euzkadi-ri gehiago interesatzen zaiola Frantzia eta Inglaterra nagusitzea.
Beste pasarte batean ere ikusten da Euskal
Herria zela Euzkadi-ri oroz gainetik interesatzen
zitzaiona. Horra zergatik nahi zuen bakea Frantziarekin eta Inglaterrarekin:
118
queremos, en especial, la paz con Francia e Inglaterra, porque la vecindad de Euzkadi á Francia y su situacion marítima, la guerra significa la
muerte de millones de vascos, la lucha horrible
fratricida de los vascos peninsulenes y transpirenáicos, la ruina de nuestra industria, el bombardeo de nuestras ciudades, la desolación de los
campos y la destrución de la patria65.
Hemen ez zuen aipatzen Frantziarekiko eta
Ingalaterrarekiko bakearen interesa haiekiko adostasunak eragiten zuela. Ez zuen horrelako deus
aipatzen. Berriz ere, Euskal Herriaren ikuspegitik
mintzo zen Euzkadi. Ikusten zuen Euskal Herriarentzat arriskutsua izan zitekeela bi estatu horiekin
gerlan izatea. Euskaldunak gerlara joateak euskaldun anitzen herioa eragin zezakeelako, euskal industria desegin zitekeelako, euskal hiriak bonbardatuak izan zitezkeelako eta, ororen buru, aberria
suntsi zitekeelako.
Horrekin ere frogatzen da Euzkadi Euskal
Herriari begira zegoela, interes bakarra edo nagusia Euskal Herria zuela. Ororen buru, Alemaniaren kontrako kritikak gora behera, erran daiteke gerla hori aski distantziarekin hartzen zuela,
eta ez inplikatzeko arrazoi nagusia Euskal Herriaren biziraupena segurtatzea zela.
Beste arrisku bat ere ikusten zion Euzkadi-k
Frantziaren eta Ingalaterraren aurka jartzeari:
Ipar Euskal Herriko euskaldunen kontra gerla
egitea. Horrelakorik ez zuen nahi Euzkadi-k;
119
dudarik gabe, jarrera abertzale bat zegoen horren
gibelean:
Hablamos ante la probabilidad cada dia más
temerosa de un conflicto armado, en el que pudiéramos vernos envueltos, y esta consideración,
unida á la situación del territorio vasco, arraiga
más y más en el ánimo, el convencimiento de
que une inteligencia del Estado español con el
alemán seria luctuosa para los vascos. [...]
Una alianza con Alemania atraería sobre Euzkadi, sobre sus hijos, sobre su suelo, emapado
con el sangre de las guerras carlistas, todos los
horrores de la invasión de los ejercitos de tierra
y mar.
Los vascos de un lado y otro de Bidasoa se verían
en el trance cruel de despedazarse los unos,
contra los otros66.
Pasarte horrek erakusten du horrelako gerla
batean sartzea «euskaldunen arteko gudua» sortzea
zitekeela salatzen zuela Euzkadi-k. Hemen ere
ikusten da gerlan ez sartzearen hautua, hautu abertzalea zela, Euskal Herriaren interesen araberako
hautua. Euzkadi-rentzat, ez zen duda izpirik, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako euskaldunekin
batera, aberri bakarra osatzen zutela, herri bakarra
zela. Herri eta aberri bereko herritar eta aberkideak
elkarren aurka borrokatzen ikusi baino nahiago
zuen gerlan ez parte hartu.
120
12. Iparraldeko aberkideak
Euzkadi-ren euskal abertzaletasunak eta nazio
kontzeptuak Ipar Euskal Herria Euskal Herriaren
parte gisa hartzera bultzatzen zuen. Euzkadi-rentzat,
Ipar Euskal Herrikoek drama bat bizi zuten; pena
zuen bere aberkideak gerlara zoazelako. Hor agertzen da, Euzkadi-rentzat, Ipar Euskal Herriko euskaldunen nazio erreferentziak Euskal Herria behar
zuela izan. Eskualduna-ren diskurtsotik urrun
gelditzen da.
Gerlarako mobilizazioak eragiten zuen atsekabea deskribatzen zuen Euzkadi-k. Alde ilun anitz
aipatzen zituen; horietan lehena, gerlak berak zekarren odol eta sufrikarioa ziren. Bere artikuluetan
«Laburdi», «Be-Naparra» eta «Zuberoa» aipatzen
zituen; ez zuen inoiz «Ipar Euskal Herria» edo
«Iparraldea» terminorik erabili. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako «anai maite[ez]» mintzo
zenean, gerlan izateagatik zuten pena zen Euzkadiri burura zetorkiona.
Gure anai maite gaxo oriken artean negarr
samiña ta eriozko ituntasuna bertzerik ez dago.
Guda odoltiyaz edestiya mintzo zaigu ta
ondorio beltz ikaragarriaz, baño oraiko onen
antzerik ez bide dute67.
Ikusten da zer hitz ilunak erabiltzen zituen
Euzkadi-k, gerla horretaz mintzatzeko: «negarr samiña» da sufrimenduaren adierazle handienetarikoa. Ez da hau, Ipar Euskal Herriko anaiek egiten
123
zuketen negar samina aipatzen zuen pasarte
bakarra. Ez zuen gerla desdramatizatzen,
Eskualduna-k egin zezakeen bezala. «Guda» izenari
«odoltiya» adjektiboa lotzea da horren lekuko.
Halaber, gudaren «ondorio beltz ikaragarria»
aipatzeak ere erakusten zuen gerlak zer beldurrak
eragiten zizkion Euzkadi-ri.
Hurrengo pasartean ere aipatzen zuen
Euzkadi-k «negarra», «guda beltza» eta odola.
Gerlari ondorio beltzak eta txarrak baizik ez
zizkion ikusten. Eta ondoko lerroetan agertuko
den pasartean ageri da gerlara ez joatea bera begi
onez ikusten zuela Euzkadi-k:
Au guda gertumenen negarra; guda beltzarena
ta ondokoak nolakoak ote? Odol odolezkoak.
Multxo zenbait etorri dire gure arterat: ez dute
ateak yoka ari bear izandu; zabal zabalik
zauzkiten, senide arterat etorri dire ta ez arrotz
errirat: utzi duten ogi biguña ezpada batzaxeagoa izanen dute anai maitetasuna68.
Pasarte hau Ipar Euskal Herriko herritarrei
buruzko artikulu batetik hartua da. Hor ikusten
dena da bazirela batzuk Hego Euskal Herrira joan
zirenak, gerlari ihesi, itxura guztien arabera.
Batetik, ageri da ateak «zabal zabalik» zituztela,
hots, Hego Euskal Herrikoek Ipar Euskal Herriko
desertoreak besoak zabalik hartu zituztela. Eskualduna irakurriz, pentsa zitekeen, Hegoaldekoek ere
ez zituztela begi onez hartzen desertoreak. Pasarte
horrek Eskualduna-ren ustea dudan ezartzeko
balio du.
124
Hortik harago, atxikimenduaren eta elkartasunaren adierazle da ateak zabalik izate hori. Halaber, «senide arterat» etorri zirela azpimarratzea eta
ez zirela «arrotz» herrira jin zehaztea elkartasun eta
atxikimendu horren adierazle handiak dira, baita
ere. Ez zirela herri «arrotz» batean zehazteak
erakusten du Euskal Herri osoa herri bakar gisa
ikusten zuela Euzkadi-k.
Gerlak zuen beste ondorio bat ere ongi
deskribatzen zuen Euzkadi-k: Ipar Euskal Herriko
herrien hustea. Hori bera ere penagarri zitzaion
Euzkadi-ri. Ikuspegi abertzalearen logikatik, herri
baten hustea eta dinamika guzia galtzea, herri
horrentzako kaltegarri dela erakustera ematen du.
Huste hori onartutako sakrifizio beharrezko gisa
aurkeztu zuen Eskualduna-k. Beste tonorik du
Euzkadi-ren pasarte honek:
Laburdi’ko uri iri ederr aberatsak zertaratu dituen gudu otsak! Eta orobat Be-Naparra ta
Zubero’koak ildokiak dirudite.
Gaztedirik gabe gelditu dire; anei aneika artarik
gabe daude umeak eta gautik goizerat alarguntz
negarra dariotela dabiltz ezin zenbatu ala
emazte.
Gogorrik gogorrena ta miñik miñena! Aunitz
eta aunitz erri apezik gabe gelditu dire: ok ere
orok gudara; berrogei ta bortz urte bete ez
dituzten guztiek.
Jainko ona! Urrikalztea gure euzkeldun anai
gaxo otaz69.
125
Zati horretan ikusten da herrien hustea zein
gauza triste eta larritzat zeukan Euzkadi-k. Herriak
zinez egoera tristean jarri zirela erakusten zuen
gerlak «iri ederr aberatsak zertaratu dituen» esaldian. Gerla hasi arte hiri horiek eder eta aberatsak
zirela erakustera ematen du. Gerlaren ondorioz,
edertasun eta aberastasun hori guzia galdu zutela
deitoratzen zuen Euzkadi egunkariak. Herriak
gazterik gabe gelditzea bera penagarritzat zeukan
egunkari horrek, gazterik gabeko herria dinamika
apaleko herria zela aditzera emanez, lerro horien
gibeletik.
Herriak apezik gabe gelditzeagatik zeukan
pena handiena egunkari abertzale eta giristino
horrek. Apezak gerlara joatea tristeziatzat zeukan;
herriak apezik gabe gelditzea dinamika galtzea eta
arimarik gabe gelditzea balitz bezala. Giristinoentzat, herrian apezak izateak garrantzia handia duenez, guztiz logikoa da Euzkadi-k larritzat hartzea
apezik ez gelditzea.
Herriaren huste horren pena erakusten du
beste egun bateko artikulu bateko pasarte honek ere:
Un querido amigo nuestro, residente en Sara
(Laburdi), nos ha referido escenas tristísimas
ocurridos en los pueblos vascos del otro lado del
Pirineo, con motivo de la movilización francesa.
Los caseríos están desiertos. Sólo quedan las
mujeres y los viejos70.
Aitzineko artikuluaren ildotik, artikulu honek
azpimarratzen du laborari etxeak hutsik zeudela;
hots herriko ekonomiaren eta biziaren zati
126
inportantea geldirik zegoela. Emazteak eta gizon
zaharrak baizik ez zirela gelditzen zehazten du.
Iduri luke emazteak ez zirela baserriko lanen
egiteko gai; Eskualduna-k gai zirela idazten zuen.
Baina orduko idazleek emazte laborariez zuten irudiaren irakurketa horietan sartu gabe, ondoriozta
daitekeena da Euzkadi-k, oro har, herriaren hustearen alde guztiak aipatzen zituela, zerbait biziki
ilun bezala.
Horrez gain eta bereziki, gerlara joateko
mobilizazioak une izugarri tristeak eragin zituela
kontatzen du artikulu horrek, Sarako lagun baten
lekukotasunetik abiaturik. Ez da argi ea Sarako
lagun horren hitza zen «escenas tristisimas» ala
idazleak zuen interpretazio hori egin; bego idazlearen iritzia dela erratearekin. Argi da, Euzkadirentzat, mobilizazio hori biziki gauza tristea izan
zela. Urrun zegoen Eskualduna-ren mezu animatzailetik. Eskualduna-rentzat mobilizazioko uneak
«bihotz altxagarri» baldin baziren, Euzkadi-rentzat
guziz kontrakoa zen.
Euzkadi-k gerlari begira zuen hoztasun horrek
Ipar Euskal Herrikoenganako atxikimendu eta
atsekabetze horrek erakusten zuen jarrera abertzalea. Logika badu. Euzkadi egunkari abertzalea
baldin bazen, eta Ipar Euskal Herria euskal aberriaren parte ikusten bazuen, ez zuen bidezko
ikusten Frantziaren alde gerla egin zezaten; Ipar
Euskal Herriak galtzen zuena ikusten zuen, ez
Frantziak irabaz zezakeena.
Ipar Euskal Herriko euskaldunak «Pirinioz
bestaldeko euskaldun» gisa aurkeztu zituen. Ez
127
zuen erabili «frantses euskaldun» terminorik,
Eskualduna-k erabiltzen zuen bezala. Horrek ere
erakusten du Ipar Euskal Herriarenganako atxikimendu hori herri bakar gisa ikusten zuen eremu
bateko zati batenganako atxikimendua zela.
Euzkadi egunkari abertzalearentzat, euskal
aberria zazpi herrialdek osatzen zutela erakusten
du Ipar Euskal Herriaz mintzatzeko zuen
moldeak. Bere diskurtso abertzalean, Ipar Euskal
Herria ez zuen euskal aberritik baztertzen. Euskal
aberriaren aldarrikapenean zazpi herrialde
historikoak sartzen zituen Euzkadi-k, Euskal
Herria Espainiaren eta Frantziaren artean bereizia
izatea kontuan hartu gabe.
Ipar Euskal Herriko herritarrak aberkide eta
ahaide gisa aurkezten zituen Euzkadi-k, behin eta
berriz eta sistematikoki. Hori bera aski litzateke
baieztatzeko Euzkadi-rentzat denek aberri bera
osatzen zutela. Baina bigarren elementu bat ere
bada, biziki inportantea. Euzkadi-rentzat,
Eskualduna-rentzat ez bezala, euskal gudariak herri
arrotz batentzat hiltzen ari ziren. Horrek erakutsiko du, Euzkadi-ren iritziz, gerla hori zein
drama handia zen euskaldunentzat.
Euzkadi-n ez zen «euskaldun frantsesak» edo
«euskaldun espainolak» bezalako terminorik. Hainbat adibideren bidez ikusten da anai gisa hartzeaz
gain, aberkide gisa ere hartzen zituztela.
Badakizu irakurlea, daipatzudan anai ok Pantze
laterrpean bizi diren gure euzko senideak direla.
128
Astero banabil emen ango anai maitien izperr
onak eman nairik, baño nere asmoak egixko
utsak ateratzen zaizkit71.
Bi esaldi barne, bi aldiz erabiltzen zuen «anai»
hitza eta behin «senide» hitza, Ipar Euskal Herriko
euskaldunak aipatzeko. Zinez erakusten zuen nolako atxikimendua eta urrikalmendua zuen haiei
begira. Euskaldun horiek «Pantze laterrpean»
(frantses erresumaren menpe) bizi zirela erranez,
argi erakusten du, Euzkadi-ren iritziz, Iparraldeko
euskaldunak ez zirela frantses beren borondatez
edo naturaltasunez, baizik eta Frantziarenganako
menpekotasunez. «Pean» hitz horrekin erakusten
zuen menpekotasunaren ideia hori.
Hori hola aurkeztea, planteamendu abertzalea
zen, dudarik gabe. Horren gibelean zegoen mezua
zen, Ipar Euskal Herria euskal aberriaren parte
zela, eta zuzen kontra zegoela Frantziaren esku,
herri zapaldua zela. Diskurtso abertzalea zen;
Eskualduna-k ez zuen holako diskurtsorik.
Ondoko lerroetako pasartea Kirikiñoren
artikulu batetik hartua da. «Aberri» hitza erabiltzen zuen Ipar Euskal Herrikoentzat, aberri erreferentzia Euskal Herria zela zehaztuz. Hori ere,
diskurtso abertzalearen parte zen.
Paris’an, Guda-Osakuntza’k erabaki du, uri artan
eta inguruban erkitzen diran euzkotar gudamutil
zauritubak, etxe batian orok elkarrekin jartzia.
Eritegi au dago Orly deritzayon jauregi eder eta
aundi batian, leku agerra ta zugazti zabalez
inguratuba.
129
Gure anai gixaxuak orrela obeki egongo dira,
beren aberriyataz aberri-elez itz egin dezkela.
Fevrier gudalnausiyak lortu omen du EudalEritegi au jartzia. [...] Jauna’k sariztuko al diyo
gure abenkidei egin diyen on ori72.
Euskal gudari zaurituak elkarrekin eta leku
berean egotea komentatzen zuen artikulu horretan. Euskaldunen elkarretaratze hori begi onez
ikusten zuen Kirikiñok. Ohargarri da «beren
aberria» aipatzen zuela artikulu horretan. Kirikiño
kazetari abertzalearentzat, hain segur, inportantea
zen aberri berekoak beren aberriaz mintzatu ahal
izatea. Baina hori, ikuspegi abertzaletik. Pentsa
daiteke, bistan denez, euskaraz eta Euskal Herriari
buruz mintzo zirela; baina aberri kontzientziarik
ba ote zuten nekez erran daiteke.
Kirikiñok lau esaldiren barnean, hiru aldiz
aipatu zuen euskal aberriaren erreferentzia: lehenik, euskaldun horiek «euzkotar» gisa aurkeztuz;
bigarrenik beren aberriaren aipamena eginez, eta
hirugarrenik, «gure abenkideak» aipatuz. Euzkadi-k
horrekin erakusten zuen, berriz ere, zazpi herrialdeak aberri beraren parte ikusten zituela.
Hurrengo pasarteak ere erakustera ematen du
euskal gudariek Euskal Herriarengan zuketen
atxikimendua:
Laburdi’tarr eta xubero’tarren dantz ederrak
txalotu zituzten eta dantzaririk bikañena ogei
laur lekoko begi gorridun urreakiñ saritu.
Dio ene adixkide izperkari Saint-Pierre,
Azparne’ko Belgundari maiteak, txoragarrien
130
txoragarriaz, negarra zeriotela abestu zituztela
euzkel eresi eztiak oroituz Euzkelerriaz, ill zitzaizkien gudalkidietaz eta zituzten galzoriaz
Jainkoari otoi egiñaz.
Guk ere, irakurlea, otoi dagiogun gure anai
orietaz73.
Pasarte horretan ez da hainbeste ageri aberriarenganako erreferentzia; baina euskal nortasunarena bai. Euskal gerlariak bihotzez euskaldunak
zirela ulertzera ematen du kontakizun horrek,
euskal kantuak negarrez kantatzearen eta Euskal
Herriaz oroitzearen aipamena eginez.
Ondoko lerroetako anekdotaren irakurketa
biziki adierazgarria egin zuen Kirikiñok. Anekdota
polita da, eta anekdota soila izateaz gain, Ipar
Euskal Herriak Frantziarekiko zuen egoera erakusten du. Eta anekdotaren irakurketak, euskal abertzaleek zuten iritzia.
Sara, Laburdi’ko osalari Elizagarai pantzetarren
gudamutil dabillanak idatzi dau, lubagi edo
trintxeran gau batian geldi egozanian, Iriarte deritxon abots zoli ederrdun euzkotar gudamutilla
asi zala gure abestijak erabilten, eta unerikunera, lubagijan aurkitxen ziran beste euzkeldunak laguntzen eutsoela danak batera. Berez ederrak ixanik abestijak, gabezko ixillian eta eztarri
zolijak abesturik, bijotz-bijotzeraño sartzen dira.
Pantzetarren lubagi onetatik 50 neurgin (metro)
arantzago eguan beste lubagi bat doistarrena.
Onek entzuten eguzan ixil-ixilik, eta euzkeldunak amaitu ebenian abestijaldia, doistarrak txalo
andijak jo eutsiezan. Eta ordañez, Marseillaise
131
abestu eben eurak, len abestu ebenak pantzetarrak ixan ziralakuan. Orduban, pantzetarrak
jo ebezan txaluak. Euzkeldunentzako zan
ordaña eurak arrapatu eben74.
Kirikiñok kontatzen zuen nola lubakietan
ziren euskaldun batzuk euskaraz kantuz hasi ziren,
beren boz ederrekin. Denek isil-isila entzun zuten,
alemanek ere bai. Kantua bukatu zutenean,
alemanak txaloka hasi ziren eta gero Marseillaise
Frantziako himnoa kantatu zuten, ordainez. Horrek erakusten du, batetik, alemanentzat, parean
zituzten guziak frantsesak zirela, eta ez zutela
ñabardurarik egiten. Euskaldunak frantses gisa
agertu ziren, nahiz eta euskaraz kantatu. Horrek,
Eskualduna-k markatzen zuen ildoa berresten du.
Baina Kirikiñok egiten zituen komentarioek
euskal abertzaletasunaren ikuspegia erakusten
dute. Batetik, Marseillaise-a, euskaraz kantatu zutenak frantsesak zirelakoan kantatu zutela erranez,
«zirelakoan» horrekin erakusten zuen, beretzat,
euskal gudariak ez zirela frantsesak. Aitzineko
lerroetan aipatua berretsi zuen. Bigarrenik, euskaldunek ukan behar zuten saria frantsesek ukan
zutela komentatzean, Kirikiñok argi eta garbi egin
zuen bereizkuntza: euskaldunak ez ziren frantsesak, eta frantsesak ez ziren euskaldunak.
Euzkadi-k ongi bereizten zuen euskaldun
izatea eta frantses izatea gauza desberdinak zirela.
Baina ez zen konformatzen Ipar eta Hego Euskal
Herrikoak aberri beraren parte zirela erratearekin.
Ipar Euskal Herriko euskaldunek Frantziarekin
deus ikustekorik ez zutela ere aditzera ematen
132
zuen, euskal gerlariak beste herri batentzat hiltzen
ari zirela komentatuz.
Que Jaun Goikoa proteja á nuestros pobres hermanos, destinados según parece, por la fatalidad,
á dar su sangre generosa por otros pueblos75.
Esaldi horrek dio euskaldunek beren odola,
eskuzabaltasunez, beste herri batzuen alde emanen
zutela. Beste herri batzuen alde ematen bazuten,
erran nahi zuen ez zutela beren herriaren alde
ematen. Hain segur, Frantziaren alde emanen
zuten odola. Eskualduna-k, «beren herriaren alde»
hiltzea aipatzen zuen, Frantziaren alde hiltzea
errateko. Artikulu hau idatzi zuenarentzat, argi
zen, Frantzia ez zela haien herria. Eskuzabaltasunaren ideiak, hori berresten du.
Komentario bat merezi du «fatalidad» hitzak
ere. Odola beste herri baten alde ematea halabehar
txar gisa aurkezten zuen Euzkadi-k. Horrekin gehiago erakusten zuen euskaldunek Frantziarengan
zuten arroztasuna, Euzkadi-ren begietan.
Ondoko lerroetan artikulu zatiak oraino argiago adierazten du Frantziarenganako arroztasun
hori:
Nuestros hermanos en raza, en propia historia
patria, los nabarros de la sexta merindad, son
llevados á pelear por el triunfo de la bandera de
los galos.
[...] Perdidos en los batallones franceses que
luchan contra el imperialismo germánico, los
nabarros de la sexta merindad darán su sangre
generosa.
133
[...] Triste condición la de nuestro pueblo; tan
triste, que si la fe en le triunfo y en las energías
de la raza no nos asegurase un bello porvenir,
habríamos de creer en un sino maléfico
condenando al pueblo vasco á servir y defender
siempre las aspiraciones, necesidades y egoismos
de países extranjeros76.
Zati honetako azken bi lerroek berresten
dute, Euzkadi-rentzat, Ipar Euskal Herriko euskaldunek «herri arrotzen helburuak, beharrak eta
egoismoak» defendatu behar zituztela. Zati gogorra da Frantziari begira, «egoismo» hitza bereziki.
Euskaldunak «frantsesen bandera» defenditzera
zoazten, ez beren bandera, Euzkadi-ren iritziz. Are
gehiago, frantses gudarien erdian «galduak» zirela
gehitzen zuen artikulu horrek.
Frantziaren edo herri «arrotz» baten alde borrokatze hori zerbait «madarikatu» gisa aurkezten
zuen Euzkadi-k. Borrokatzera «kondenatuak»
izateak ere kutsu biziki negatiboa zuen. Horrekin
ageri da, Euzkadi-rentzat, euskaldunek Frantziaren
alde gerla egitea ez zela hautu bat, inposatze bat
baizik; beraz, frantses izatea ez zen euskaldunen
hautu bat, inposatze bat baizik, beti ere Euzkadiren iritziz.
Pasarte horretan berretsi zuen Euzkadi-k,
zazpi herrialdeek aberri bakarra osatzen zutela.
Baxenabarreko euskaldunak «Nafarroako seigarren
merindadeko» herritar gisa aurkezten zituen,
aberri bakarreko eta historia bereko herritar gisa
aurkezten zituen.
134
13. Bi nazio ikuspegi
Euskal Herriko prentsak 1914-1918ko Gerla
Handia nola aipatu zuen xeheki aztertzeak berak
lan handia eskatuko luke, hainbeste baitira
aldizkariak eta bakoitzaren ildo editorialak. Lan
hau lehen hilabeteetara eta bi aldizkaritara mugatu
da. Hala ere, azterketa xume horrek argazki
interesgarria ateratzeko balio du: gerlari, Frantziari, Euskal Herriari eta euskaldun izateari buruzko
bi ikuspegi arras kontrajarri izan ziren Hego Euskal Herriko prentsa abertzalean eta Ipar Euskal
Herriko euskal prentsa giristinoan. Laburbilduz,
Ipar Euskal Herrian, Eskualduna astekariak frantses nazionalismoaren sentimendua zabaldu zuen;
eta, alderantziz, Hego Euskal Herrian, Euzkadi
egunkariak, euskal abertzaletasunaren ikuspegitik
lantzen zuen gerla mundialaren aipamena.
Gerlari buruz jarrera kontrajarria zuten bi
aldizkari hauek. Eskualduna, nahiz eta funtsean
gerla gauza triste gisa ikusten zuen , mezu
gerlazaleen zabaltzen aritu zen: gerlako berriak
berak gerlako hitzekin, hitz gogorrekin, aipatuz;
gerla horretan arras inplikaturik agertuz, Alemaniaren kontra eta Frantziaren alde; gerlara zoazen
euskaldunei kemena emanez, gerlaren izugarrikeria desdramatizatuz eta zauriaren mina erlatibizatuz; desertoreen kontra mintzatuz. Eskualduna
gerlaren alde agertzen zen, frantses on batzuk
bezala. Euzkadi egunkariak, aldiz, nahiago zukeen
gerla hori ez balitz lehertu. Gerlari buruz
137
idazterakoan, herrialde neutral baten gibelapenarekin, gerla zerbait larri gisa eta saihestu beharreko
zerbait bezala aurkezten zuen. Halaber, gerla Euskal Herritik urrun nahi zuen, horrek Euskal Herrira sufrimendua ekar zezakeelako. Eskualduna-k
sufrimendua baino gehiago heroismoa azpimarratzen zuen bezala, Euzkadi-k engaiamenduaren
gainetik ezartzen zuen horrek eragiten zuen atsekabea. Eskualduna-k mobilizazioa zerbait eder
bezala aipatzen zuen, bihotz altxagarri izan balitz
bezala, etxean bakarrik gelditzen zirenen engaiamendua bera (etxeko lanak egitea etxeko gizonak
falta zirelarik) ere txalotuz; Euzkadi-k mobilizazioaren ondorioz Ipar Euskal Herriko herriak eta
etxaldeak hutsik gelditzen zirela drama gisa
kontatzen zuen.
Euzkadi-k ez zuen nahi gerlarik, horrek
Euskal Herriari kalte eginen ziolako beldurrez.
Eskualduna-k Ipar Euskal Herria Frantziaren parte
ikusten zuenez, naturaltzat zeukan gerla horretan
euskaldunak ere inplikatzea. Batek Euskal Herria
ikusten zuen, besteak Frantzia. Horrek berak esplikatzen zuen gerlari buruz zuten ikuspegi kontrajarria. Halaber, Euzkadi egunkariak beste argudio bat ere bazuen gerlan sartzearen kontra izateko: ez zukeen nahi Espainia Alemaniaren alde
gerlan has zedin, horrek erran nahi zukeelako
euskaldunak euskaldunen kontra ariko ziratekeela
gerlan. Horrelakorik ez zuen nahi Euzkadi-k. Hor
ageri da Euzkadi-ren abertzaletasun.
Bai Euzkadi, bai Eskualduna alemanen kontra
ziren. Hala ere, Euzkadi-k alemanen kontra idazten
138
zituenak ez ziren Eskualduna-ren heinera heltzen.
Horiek hola, Alemaniaren kontrako jarrera ere motibazio desberdinek eragiten zuten. Eskualduna-k
Frantziaren etsai handi gisa aurkezten zuen
Alemania; eta Frantziaren etsai handia zelako zen
Eskualduna ere, errotik Alemaniaren kontra.
Euzkadi-k, aldiz, herri ttipi baten ikuspegitik
aipatzen zuen Alemaniaren kontrako iritzia, hots,
Belgika estatu ttipia inbaditzea edo AustriaHungariak Serbia mehatxatzea gogor gaitzesten
zituen, hain segur, herri ttipi bateko aldizkari gisa,
bere burua Belgikak eta Serbiak pairatzen
zutenarekin identifikatua ikusten baitzuen.
Horretan ere ageri da Eskualduna-k bere burua frantses gisa kokatzen zuela, eta Euzkadi-k
euskaldun gisa.
Bai Euzkadi, bai Eskualduna, Frantziak eta
Ingalaterrak irabaztearen alde zeuden; eta, beharbada, arrazoi berengatik. Eskualduna-k Frantziak
irabaz zezan nahi zuen, bere burua eta Ipar Euskal
Herria Frantziaren parte ikusten zituelako, eta
Frantziak galduz gero, Ipar Euskal Herriak ere
galduko zukeela pentsa zezakeelako. Euzkadi-k ez
zuen hainbeste erakusten Frantziaren eta Ingalaterraren aldera zuen atxikimendurik. Baina bi herrialde horiek irabaz zezaten nahiago zuen, Euskal
Herriko interes ekonomikoentzat hobe izanen
zelako. Beharbada biek erakusten zuten Euskal
Herriarenganako kezka; baina baten partetik
abertzaletasuna zen, bestearen partetik ez.
Euzkadi-ren eta Eskualduna-ren erreferentzia
nazionalak ez ziren berak: Euskal Herria zen
139
lehenarena, Frantzia bigarrenarena. Hor da desberdintasun handiena. Eskualduna-rentzat, gerlara
zoazen euskaldunak frantsesak ziren, Frantzia izendatzeko «gu» erabiltzen zuen, Frantziaren alde hiltzea, «herriarentzat» hiltzea zela idazten zuen,
Frantziaren etorkizunaz kezkaturik zegoen, frantses izatearen sentimendua errotik sartua zuen edo
sarrarazten zuen.
Guztiz desberdina zen Euzkadi-ren ikusmoldea. Egunkari abertzale honek gerlara zoazen euskaldunak «anai» edo aberkide gisa aurkezten zituen, nehola ere ez frantses gisa. Desberdintasun
agerikoena da, Eskualduna-k «herriarentzat hiltzen»
zirela erraten zuenean, Euzkadi-k «herri arrotz baten alde» hiltzen zirela idazten zuela. Eskualdunarentzat, Ipar Euskal Herria Frantziaren parte zen,
eta beraz, Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantsesak ziren; Euzkadi-rentzat, aldiz, Ipar Euskal
Herria Frantziaren menpe zegoen, eta Ipar Euskal
Herriko euskaldunak ez ziren frantsesak.
Argazki horrek gaur egungo egoera ulertzen
lagun dezake. Euskal abertzaletasunaren heina
historikoki arras desberdina izan da Hego Euskal
Herrian eta Ipar Euskal Herrian; eta gaur egun ere
arras desberdina da. Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoak Frantzia dauka erreferentzia, eta
Hego Euskal Herriko biztanleen zati handi batek
Espainiatik bereizi nahi du. Ikusten da hori ez dela
oraingoa; eta oraino hein handiago batean
gertatzen zela 1914ean.
Ikusten da, halaber, Hego Euskal Herriko
abertzaleentzat (jeltzaleentzat), Euskal Herriaren
140
erreferentzia zazpi herrialdeetan egikaritzen zela:
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi,
Baxenabarre eta Zuberoa. Hots, jeltzaleek Euskal
Herriarentzat zuten asmoa ez zen Hego Euskal
Herrira mugatzen.
Euzkadi-rentzat, Ipar Euskal Herriko euskaldunak Pirinioez haraindiko euskaldunak ziren, eta
Eskualduna-rentzat Hego Euskal Herrikoak Espainia aldeko euskaldunak ziren. Hor ere ageri da
bakoitzaren irizpide nazionala, Euzkadi-k berriz ere
Euskal Herria hartzen zuen erreferentzia gisa, eta
Eskualduna-k, aldiz, orduko Estatuen egituraketa:
Espainiari eta Frantziari zilegitasuna ematen zien.
Eskualduna-k Lehen Gerla Mundiala nola
aipatu zuen xehekiago aztertuz, gerla horrek Ipar
Euskal Herriko euskaldunak frantses sentiarazteko
bete zuen funtzioa zein handia izan zen agerian
geldituko litzateke. Kasu orotan, hori ere bere testuinguruan kokatu behar litzateke; pentsatzekoa da
Eskualduna orduko gizarte baten bozeramaile-edo
zela. Eskualduna-k berak zabaltzen zuen mezuak
baino inportantzia gehiago bide zuen, Eskualduna
egiten zuen jende motak, bereziki apezek. Eskualduna irakurria zen, baina apezek herrietan zuten
eragina zein handia zen ikusiz, pentsa daiteke
Eskualduna-ren lerroetan idazten zutena ahoz
erraten zutela beren parrokietan edo predikuetan.
Horregatik ere da interesgarria Eskualduna-ren ildo
editorial hori eta mezu horiek xehekiago barnatzea,
Eskualduna-tik harago hedatuak zirelako.
Lan honek ez du ikertu Eskualduna zergatik
ote zen hain frantses. Baina 1914ean Euskal
141
Herriaren batasun instituzionalari buruz eman
zuen bere iritzia zinez interesgarria da. Ez da
zuzenean gerlari lotua, baina Euzkadi-ren eta
Eskualduna-ren jarrera kontrajarria ulertzeko balio
du, baita ere Eskualduna Frantziaren alde zergatik
jarri zen ulertzeko. Eskualduna-k ez zion uko egiten
euskaltasunari; alderantziz, euskaldun erroei,
euskal nortasunari eta euskarari arras atxikia
zitzaiola adierazten zuen, baita ere Hego Euskal
Herriko euskaldunenganako adiskidetasunari edo
anaitasunari. Frantziarenganako identifikazioa
edota atxikimendua, Eskualduna-ren partetik, ez
zen, menturaz, hain jarrera frantsesa; izatekotan,
jarrera pragmatikoagoa zen: estatu ttipi batek
estatu handiei ez ziezaiekeela buru egin uste zuen
Eskualduna-k, Euskal Herri batu eta independente
bat estatu handiek berehala suntsi zezaketela uste
zuen. Azkarrago sentitzekoz, Frantziaren baitan
ikusi nahi zuen Eskualduna-k Ipar Euskal Herria;
Frantziak indar hori ematen ziolako zen
Eskualduna Frantziaren baitan segitzearen alde.
Hor balitzateke, nahi izanez gero, gai hori
xehekiago aztertzeko bidea. Gerlatik harago, zergatik zen Eskualduna hain Frantziaren aldekoa edo
zergatik ez zen euskal abertzalea? Ttipitasun
konplexuaren hipotesia barnatu nahi duenarentzat, Eskualduna-k bide handia eskaintzen du.
Baina bada beste atal bat ere lan honek batere
aipatu ez duena, aipatzen hasiz gero honen heineko lana merezi bailuke horrek berak. Hala ere,
lotura bat aurki dakioke orain landutakoarekin:
Eskualduna-k gerla horren bitartez goraipatzen
142
zuena Frantziaren batasuna zen. Ordu arte Errepublikaren aldekoen eta laikotasunaren kontrakoen arteko gatazka biziki bizia zen Frantzian.
Eskualduna-k Errepublikaren aldekoak kritikatzen
zituen, baita laikotasuna ere. Hala ere, iduri luke
gerlak zatiketa hori izozteko balio izan zuela, hastapenean bederen. Eskualduna kontent zen zatiketaren izozte horregatik; baina, aldi berean, giristinotasunaren aldeko propaganda handia egiten
zuen gerlaren bitartez.
Eskualduna-k gerlari izari giristinoa emanez
(«Jainkoa alde dugu» gisako esaldiak denbora
guztian errepikatuz), Jainkoa Frantziaren alde zela
erranez, gerla erabiltzen zuen giristinotasunaren
aldeko mezuak zabaltzeko, Frantzian giristinotasuna berriz indarrean ezartzea bilatzeko.
Frantziaren laikotasunak kritikak eragin zituen, besteak beste Espainian, karlisten artean.
Eskualduna-ri arras gaitzigarri iruditu zitzaion
giristino batzuk Alemaniaren alde jartzea, Frantzia
laikoegia zelakoan. Merezi luke aztertzeak ea
Frantziaren alde jartzea eta giristinotasunaren
sustatzaile izatea lotuak ziren ala ez. Edo aztertzea
zerk eragiten zion besteari: ea Frantziarenganako
atxikimendua lehenik zetorren, eta beraz Frantziarenganako atxikimendua hain zuen handia non
Frantzia giristino erreferente bat zela frogatzeko
ahalegina egin nahi zuen; ala ea giristinotasunarenganako lehentasuna hain handia zuen non,
Frantziako hiritar gisa, Frantziaren goraipatzeaz
baliatzen zen giristinotasuna bera goraipatzeko eta
gorrien eta xurien arteko gatazkan, xurien aldeko
propaganda handia egiteko.
143
Laburbilduz, eta bururatzeko, lan honetatik
ateratzen den ondorioa da Ipar Euskal Herrian
euskal kontzientzia abertzalea ez zela ia batere existitzen, Eskualduna-ren arabera; eta Hego Euskal
Herrian arras iratzarria zela. Horrek eragin handia
du gerla mundiala aipatzeko mementoan. Ikusten
da gerla horrek eragin handia izan zuela Euskal
Herriaren zatiketa areagotzeko, eta euskal abertzaletasuna Pirinioen alde batean bestea baino
emekiago garatzeko.
144
OHARRAK
1Audoin-Rouzeau Stéphane et Becker Annette, La Grande
Guerre 1914-1918, Gallimard, Paris, 1998.
2 «Gerla mundiala da: ez dago lurralde bakar bat ere hunkia
ez denik».
3 Ferro Marc, La Grande Guerre, Gallimard, Paris, 1968.
4 Menendez Pidal Ramon, Historia de España XXXVIII. La
España de Alfonso XIII. El estado y la politica (1902-1931).
Espasa Calpe. Madrid. 1995. 328-336 orr.
5 Irigarai Pablo Fermin Larreko, Lekukotasuna, (Iñaki Caminoren edizioa), Euskal Editoreen Elkartea, 1992.
6 Elissalde Jean Zerbitzari, LVIIa gerlan. Alberdania, 1995.
7 Saint-Pierre Jean Anxuberro, 14eko Gerla Handia, Klasikoak, 1998.
8 Barbier Jean, Piarres
9 Jean Barbier-ri buruz xehetasun gehiago: Onaindia Santi,
Euskak literatura IV, Etor, 1975.
10 Xipri Arbelbide, Manex Hiriart-Urruty, Bidegileak, 1992.
11 Ibid.
12 Eskualduna, 1914ko agorrilaren 7a. «Irakurtzaleari» artikulutik.
13 Xarriton Piarres, Jules Moulier ’Oxobi’, Bidegileak, 1990.
14 Elissalde Jean ’Zerbitzari’, LVIIa gerlan, Patri Urkizuren
edizioa, Alberdania, 1995.
15 Saint-Pierre Jean Anxuberro, 14eko Gerla Handia, Piarres
Xarritonen edizioa, Klasikoak, 1998.
16 Diaz Noci, Javier. Nafarroako unibertsitatean eman hitzaldi batean: «Euskarazko kazetaritza XX mendearen hastapenean».
145
17 Etxebarria Igone, Ebaristo Bustintza ’Kirikiño’, Bidegileak
bilduma, Eusko Jaurlaritza, 1992.
18 Bustintza Ebaristo Kirikiño, Guda Nagusia (1914-1918),
Bilbo, 1989.
19 Xarriton Piarres, Jean Saint-Pierre ’Anxuberro’ (1884-1951).
Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaitza, Gasteiz, 2003.
20 Eskualduna, 1914ko irailaren 18a. Marne-ko batailari
buruzko artikulutik hartu zatia.
21 Eskualduna, 1914ko urriaren 16a. «Gerlarien berri» atala-
ren baitan, Zerbitzari-ren kronika.
22 Eskualduna, 1914ko azaroaren 6a.
23 Cazals Rémy, «1914-1918. Oser penser, oser écrire»,
Génèses, n° 46, mars 2002, p. 26-43.
24 Eskualduna, 1914ko urriaren 9a.
25 Eskualduna, 1914ko urriaren 16a, «Gerlarien berri» atale-
tik.
26 Eskualduna, 1914ko azaroaren 20a, «Bachenárre aldetik»
artikulutik.
27 Eskualduna, 1914ko azaroaren 13a, «Gerlarien berri» ata-
letik.
28 Cazals Rémy, «1914-1918. Oser penser, oser écrire», Gé-
nèses, n°46, mars 2002, p. 26-43.
29 Eskualduna, 1914ko urriaren 2a, Hazparneko berrien ata-
letik.
30 Eskualduna, 1914ko azaroaren 13a.
31 Eskualduna, 1914ko irailaren 11. «Zenbat soldado?» arti-
kulutik hartua.
32 Eskualduna, 1914ko irailaren 18a.
33 Eskualduna. 1914ko agorrilaren 7a.
34 Eskualduna, 1914ko urriaren 16a. «Gerlarien berri» atale-
tik, Zerbitzari-ren kronika zati bat.
35 Eskualduna, 1914ko irailaren 18a. «Hilak» artikulutik.
36 Eskualduna, 1914ko urriaren 9a. «Clément Monge» arti-
kulutik. Clément Monge Eskualduna-ko laguntzailea zen,
146
eta gerlara joan zen. Haren hil berria ematen zuen artikulutik hartu esaldia da.
37 Pérès Hubert, «Identité communale, république et communalisation. A propos des monuments aux morts des
villages», in Revue française de science politique, 1989, Vol.
39, n° 5, p. 667.
38 Ibid., p. 669.
39 Eskualduna, 1914ko agorrilaren 7a. «Orok bat» artikulutik.
40 Eskualduna, 1914ko agorrilaren 7a. «Biba Eskual-herria»
artikulutik.
41 Eskualduna, 1914ko agorrilaren 21a. Atharratzeko berrien
ataletik.
42 Etcheverry-Aintchart, Peio. «Le Pays Basque et les tentatives de construction nationale», in Goyhenetche Manex,
Histoire générale du Pays Basque Tome V. Le XIXe siècle:
1804-1914. Elkar, Baiona, 2005. 280. orr.
43 GOYHENETCHE Jean, «Les origines sociales et historiques de l’association Eskualzaleen Biltzarra» in Processus
sociaux idéologies et pratiques culturelles dans la société
basque, Pau, Université de Pau et des Pays de l’Adour,
1985. 82. orr.
44 Eskualduna, 1914ko urriaren 23a, «Frantzia eta Espainia»
artikulutik.
45 Eskualduna, 1914ko urriaren 30a, «Alemanaren adiskidantza» artikulutik.
46 Eskualduna, 1914ko urriaren 30a, «Alemanaren adiskidantza» artikulutik.
47 Diaz-Plaja Fernando. La España politica del siglo XX. En
Fotografias y documentos. Del arranque del siglo a la Dictadura (1900-1923). Plaza & Janes SA. Barcelona, 1970
48 Eskualduna, 1914ko urriaren 30a, «Alemanaren adiskidantza» artikulutik.
49 Eskualduna, 1914ko urriaren 23a. «Frantzia eta Espainia»
artikulutik.
50 Etcheverry-Aintchart, Peio. «Le Pays Basque et les tentatives de construction nationale», in Goyhenetche Manex,
147
Histoire générale du Pays Basque Tome V. Le XIXe siècle:
1804-1914. Elkar, Baiona, 2005. 276. orr.
51 Eskualduna, 1914ko irailaren 18a. «Hala beharra» artikulutik.
52 Euzkadi, 1914ko uztailaren 27a. «Atzerri» artikulutik hartua.
53 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 25a. «Gudea» artikulutik hartua.
54 Euzkadi, 1914ko uztailaren 27a. «Enemigos de la enemistad franco-inglesa» artikulutik.
55 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 8a. «Gudu negarr miñak»
artikulutik.
56 Euzkadi, 1914ko uztailaren 27a. «Enemigos de la enemistad franco-inglesa» artikulutik.
57 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 11. «Ante la guerra europea.
Por Euzkadi» artikulutik.
58 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 26a. «Guda» artikulutik.
59 Euzkadi, 1914ko uztailaren 27a. «Enemigos de la enemistad franco-inglesa» artikulutik.
60 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 26a.
61 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 14a. «Belgika errukigarria»
artikulutik.
62 Euzkadi, 1915eko urtarrilaren 22a. Euzkadi-k Doixtarra
deitzen die alemanei eta Ingalanda Inglaterrari.
63 Napartarra. Pantzizta erraiten du frantsesen aldekoentzat.
64 Euzkadi, 1915eko martxoaren 1a. «Dardaneleta» artikulutik.
65 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 11. «Ante la guerra europea.
Por Euzkadi» artikulutik.
66 Euzkadi, 1914ko uztailaren 27a.
67 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 25a. «Euzko Abendaren elez»
saileko «Be-Naparra, Laburdi ta Zuberoan» artikulutik.
68 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 8a. «Gudu negar miñak» artikulutik.
69 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 8a. «Gudu negar miñak» artikulutik.
148
70 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 11. «Los vascos a la guerra»
artikulutik.
71 Euzkadi, 1914ko abenduaren 12a. «Euzko Abendan elez»
saileko «Naparra’tik» artikulutik.
72 Euzkadi, 1915eko urtarrilaren 12a. «Euzkotarr zaurituak
elkarrekin» artikulutik.
73 Euzkadi, 1915eko urtarrilaren 13a. «Euzkeldun gudarien
jaia» artikulutik.
74 Euzkadi, 1915eko urtarrilaren 4a. «Doistarrak gure abesti-
jei txaloka» artikulutik harua.
75 Napartarra, 1914ko agorrilaren 11. «Los vascos a la guerra»
artikulutik.
76 Euzkadi, 1914ko agorrilaren 18a. «Los nabarros a la guerra»
artikulutik.
149
BIBLIOGRAFIA
Aldizkariak
Eskualduna, Baiona, 1914.
Euskalerriaren Alde, Donostia, 1914.
Euzkadi, Bilbo, 1914-1915
Le Journal de Saint-Palais, Donapaleu, 1914.
Napartarra, Iruñea, 1914.
Liburuak
ARBELBIDE, Xipri, Manex Hiriart-Urruty, Bidegileak, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 1992.
AUDOIN-ROUZEAU, Stéphane et Becker Annette,
La Grande Guerre 1914-1918, Gallimard,
Paris, 1998.
BARBIER, Jean, Piarres II (Ane Loidiren edizioa),
Euskal Editoreen Elkartea, 1992.
BILBAO, J.B. Batxi, Hau mundu arrano hau (Koldo
Izagirre eta Iñigo Aranbarriren edizioa), Susa,
1997.
BUSTINTZA, Ebaristo Kirikiño, Guda Nagusia
(1914-1918), Bilbo, 1989.
DIAZ-PLAJA, Fernando, La España politica del siglo
XX. En fotografias y documentos. Del arranque
del siglo a la dictadura (1900-1923). Plaza &
Janes SA, Barcelona, 1970.
151
ELISSALDE, Jean Zerbitzari, LVIIa gerlan, Alberdania, 1995.
ETCHEPARE, Jean, Jean Etchepare Mirikuaren
(1877-1935) idazlanak. I Euskal gaiak, Elkar,
1984.
—, Jean Etchepare Mirikuaren idazlanak. III, Elkar,
1988.
—, Jean Etchepare Mirikuaren idazlanak. IV, Elkar,
1992.
ETXEBERRIA, Igone, Ebaristo Bustintza Kirikiño,
Bidegileak, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza, 1992.
FERRO, Marc, La Grande Guerre, Paris, Gallimard,
1990 [1ère éd. 1969].
GARAT, Jacques, Insoumissions et désertions en France pendant la Grande Guerre: Le cas des cantons
basques, DEA d’histoire, Paris, EHESS, 1983.
IRIGARAI, Pablo Fermin Larreko, Lekukotasuna
(Iñaki Caminoren edizioa), Euskal Editoreen
Elkartea, 1992.
LAGREEN, Michel, Les parlers de la foi, religion et
langues régionales, Rennes, Presses Universitaires de Rennes, 1995.
MENENDEZ PIDAL, Ramon, Historia de España
XXXVIII. La España de Alfonso XIII. El estado y
la politica (1902-1931), Espasa Calpe, Madrid,
1995.
MITXELENA, Koldo, Historia de la literatura vasca,
Madrid, Minatauro, 1960.
SAINT-PIERRE, Jean Anxuberro, 14eko Gerla Handia, Klasikoak, 1998.
152
XARRITON, Piarres, Jean Saint-Pierre Anxuberro
(1884-1951), Bidegileak, Eusko Jaurlaritza,
Gasteiz, 2003.
—, Piarres, Jules Moulier Oxobi, Bidegileak, Eusko
Jaurlaritza, Gasteiz, 1990.
Artikuluak
CAZALS, Rémy, «1914-1918. Oser penser, oser
écrire», Génèses, n° 46, mars 2002.
ETCHEVERRY-AINCHART, Peio, «Le Pays Basque et
les tentatives de construction nationale», dans
Goyenetche Manex, Histoire Générale du Pays
Basque Tome V. Le XIXè siècle: 1804-1914,
Elkar, Baiona, 2005.
GARAT, Jacques, «Les Basques et l’institution militaire au XIXe siècle», dans Goyenetche Manex,
Histoire Générale du Pays Basque Tome V. Le
XIXè siècle: 1804-1914, Elkar, Baiona, 2005.
GOYHENETCHE, Jean, «Les origines sociales et historiques de l’association Eskualzaleen Biltzarra», dans Bidart Pierre (dir.), Processus sociaux
idéologies et pratiques culturelles dans la société
basque, Université de Pau et des Pays de l’Adour,
Pau, 1985.
LARA ORUNO, D., «Les soldats «créoles» dans la
Grande Guerre», Matériaux pour l’histoire de
notre temps, 1998, n° 49-50, pp. 69-71.
PÉRÈS, Hubert, «Identité communale, république
et communalisation. A propos des monuments
aux morts des villages», in Revue de Science
politique, 1989, vol. 39, n° 5, pp. 665-682.
153
IDEIAK
BILDUMA
1. Fito Rodriguez: Jerusalem. Xalimen hiria, 20080
2. Eneko Bidegain: Gerla Handia, muga sakona,
2009
155