Streptococcus
Streptococcus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Bacillati |
Filuma | Bacillota |
Klasea | Bacilli |
Ordena | Lactobacillales |
Familia | Streptococcaceae |
Generoa | Streptococcus Rosenbach, 1884
|
Azpibanaketa | |
S. agalactiae S. anginosus | |
Datu orokorrak | |
Habitat | human saliva (en) |
Gram tindaketa | Grampositibo |
Streptococcus generoa bakterio Gram positiboz osatuta dago, koko itxura dutenak. Koko hauek ilaretan biltzen dira sarri, kate luzeak osatuz (ikusi argazkia). Ez dira mugitzen eta ez dute esporarik sortzen.
Genero honen barruan aniztasun handia dago: espezie batzuk saprofitoak dira, beste batzuk komentsalak; badaude patogenoak ere. Bakterio laktiko asko estreptokokoak dira, janari industrian eginkizun oso garrantzitsua dutenak, esnekigintzan batez ere (jogurt, mamia edo gaztaren ekoizpenean, esaterako).
Estreptokokoen ezaugarri biokimiko nagusiak hauek dira:
- anaerobio fakultatiboak
- katalasa (-)
- oxidasa (-)
- glukosaren hartzidura (+) (azido laktikoa sortuz eta gasik sortu gabe)
- gelatinaren hidrolisia (-)
Janari eskakizun zorrotzak dituztenez, hazkuntza-inguru aberatsak erabiltzen dira laborategian hazteko.
Patogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estreptokoko patogenoak hiru taldetan sailkatzen dira; lehenengo biek Lancefield-en irizpide antigenikoak jarraitzen dituzte:
- A taldeko estreptokokoak: estreptokoko hauek eritrozitoen hemolisia eragiten dute, odol-agarrean hazten direnean kolonia inguruan zisku gardena sortuz. Talde honetan Streptococcus pyogenes dago, faringitis, eskarlatina eta sukar erreumatikoaren eragilea.
- B taldeko estreptokokoak: hauek ere eritrozitoen hemolisia eragiten dute. Streptococcus agalactiae da ezagunena, jaioberrien meningitis larri baten eragilea.
- Viridans taldeko estreptokokoak: ez dute eritrozitoen hemolisi osoa sortzen, odol-agarrean hemolisi-zisku txikia eragiten kolonia inguruan. Streptococcus pneumoniae (pneumoniaren eragilea) eta Streptococcus mutans (txantxarrarena) dira taldekide garrantzitsuenak.
Erabilera industriala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait estreptokokok (eta oro har bakterio laktikoek) garrantzi handia dute esnea eta esnekien industrian. Esnearen laktosa hartzitzen dute, azido laktikoa sortuz (hartzidura homolaktikoa). Horren ondorioz esnearen pH asko jaisten da, mamia eta jogurt bezalako produktuak agertuz. Gaztagintzan ere funtsezko eginkizuna betetzen dute mikrobio hauek, hasierako fasean zein gaztaren heltze prozesuan.
Streptococcus lactis, Streptococcus cremoris eta Streptococcus diacetylactis (gaur egun Lactococcus lactis izenarekin bilduak) eta Streptococcus termophilus dira bakterio erabilienak esnekien industrian.
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Streptococcus |