Edukira joan

Jaione Ugaldebere Sarasua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jaione Ugaldebere Sarasua

zinegotzi

1991 - 1995
Bizitza
JaiotzaOiartzun1959ko abenduaren 23a (64 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitateko Donostiako Campusa
Zaragozako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea, kazetaria eta wikilaria
KidetzaWikiproiektu:WikiEmakumeok
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Herri Batasuna

Facebook: Jaione Ugaldebere Twitter: goizarin Edit the value on Wikidata

Jaione Ugaldebere Sarasua (Oiartzun, Gipuzkoa, 1959ko abenduaren 23a) irakaslea, kazetaria, herri ekintzailea, politikaria eta feminista da. Oiartzungo herriari hainbat ekarpen egindako emakumea.[1]

Iturriotz auzoko Portugal Etxeberri etxean jaio zen, lau senideren artean bigarrena. Ama, Karmen Sarasua Aierdi, Lezoko Olatzar baserrikoa. Aita, Anttonio Ugaldebere Mendiburu, Iturriotzeko Millene baserrikoa. Auzoko eskolan egin zituen lehen ikasketak 10 urte bete zituen arte. Ikasteko grinari jarraiki, Batxilergoa egiteko hiru ikastetxe desberdinetan aritu zen. Lehenengo urtea herriko Mesedeetako mojen eskolan, bigarren eta hirugarren urteak berriz herrian sortutako “Apaiz” eskolan, gaur egungo Manuel Lekuona bibliotekako lehen solairuan, eta laugarrenetik UBI arte, Oreretako Koldo Mitxelena institutuan.

Filosofia eta letretako lizentziaduna da. Donostiako EUTG eta Zaragozako Unibertsitatean ikasketak burutu ondoren lortu zuen titulua 1982. urtean. Urte berean lortu zuen baita Zaragozako ICEren eskutik Egokitzapen Pedagogikoari buruzko CAP agiria ere. Geroago, 1985 urtean lortu zuen “Batxilergoan zein Lanbide Heziketan euskaraz irakasteko agiria, letren alorrean”.

Lanbidea irakaskuntza izanik, etengabeak izan dira formazio ikastaroak. Pedagogia Operatoriako formazio trinkoa jasoa du 1985 urtean, baita Sexu-hezkuntzako eta familia orientazioko formazioa titulua ere 1996.an. Bigarren hezkuntzak edota zuzendaritza jarduerak ere leku izan dute bere formazio esparruan.

Ikasketa guztiak gazteleraz egin arren, euskararen ikaskuntzak izan du lekua bere formazioan. EGA titulua 1983. urtean lortu zuen eta geroago, 2012an IRALEko ikastaroa egiteko liberatua egon zen lau hilabetez.

Lanbide nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982tik 2022an jubilatu zen arte, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako irakaslea izan da, LHn, DBHn eta BBBn. Azken bi horietan Gaztelaniako eta Latineko irakaslea. Ardurazko lanak urte luzez burutu ditu. Zuzendari izana da 1996tik 2002ra,[2] eta ikasketa-burua bi txandatan: HH- LH 2002tik 2004ra eta DBH 2005etik 2010era arte. Ikastolako Txinpart[3] aldizkariko lan taldean bospasei urtez aritu izan zen.

Zuzendaritzatik proiektu garrantzitsuak bideratu zituen. Bere garaikoak dira:

  • 1996 Oiartzo Batxilergo ikastolaren sorrera.[4]
  • 1997 Jantoki berria eraikitzea ikastolan.[5]
  • 1997/98 ikasturtean Karaez (Bretainia) - Haurtzaro ikastola (Oiartzun) ikasleen arteko trukaketa programa martxan jartzea.[6]
  • 1999 Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoaren sorrera.[7]
  • 2007 Gwisseni (Bretaina) –Haurtzaro ikastola (Oiartzun) ikasleen arteko trukaketa programa martxan jartzea.[8][9]

Beste lanbideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEKn bi urte eman zituen lanean, 1982tik 1984ra.

Urtekaria. Batzordeko kideekin

Kazetari lanetan: Haurtzaro Ikastolatik kanpo, kazetaritzan egiten duen lanarengatik ere ezaguna da Jaione. 1991az geroztik herrian argitaratzen den Oiartzun Urtekaria-ren Udal Batzordekide da, zuzendaritza-idazkaritza taldean.[10] Bere garaiko lorpena da euskara hutsean egitera iristea urtekaria. Nabarmentzekoa da, bestalde, parekotasunaren alde egindako lana, emakumeen presentzia nabarmen handitu baita jasotzen diren bizi historietan, batik bat, elkarrizketa nagusirako aukeratzen direnen artean. Lehen pausoak emateko laguntza Juan Mari Lekuona, Iñaki Arbelaitz eta Joxe Mari Sanzberroren eskutik jaso zuen eta elkarrizketatuen artean Jose Manuel Azkue Aginagalde[11] oiartzuar organo jotzaile ospetsua dago, beste askoren artean. Aipatzekoak dira hauek ere: Maria Oiartzabal Ankamotxenekoa; Anixeta Agirrezabala Lekuona; Maritxu Ibarguen Matteonekoa; Maria Luisa Berrondo Iartzabal Ugaldetxoko maistra; Roxa Pikabea Artola Tornolako alaba; Primitiba Lekuona Berasategi; Romana Agirrezabala Lekuona; Ana Maria (Anita) Arruabarrena Ansa; Arantxa Lete Bergaretxe; Maria Jesus Aranburu Arbelaitz; Tiburtxi Aduriz Urdanpilleta; Hilario Arbelaitz Irastorza; Jose Mari Sanzberro Echeveste; Adolfo Leibar Axpe; Koldo Zubizarreta Gerendiain; Itziar Iñarra Oiarzabal; Maria Luisa Ezeiza Ibarguen; Idoia Beratarbide Arrieta; Izaskun Madariaga Iragorri; Izaskun Zubizarreta Gerendiain; Maite Gezala Legorburu; Dolorex Unsain Aizpurua; Joxe Remigio Ostolaza Linazasoro; Jose Pagadizabal; Ioritz Mendizabal Zubeldia; Karla Lekuona Etxeberria; Jose Mari Erauskin Rekalde, Ugaldetxoko ile-apaintzailea; Xabier Zapirain Arbide; Ander Imaz Retegi; Andoni Ugalde Muguruza; Jexux Isasa Yarzabal, Ierobi Haundi baserriko semea; Gotzon Isasa Belaunzaran... Bestalde, 2012tik Diario Vasco egunkarian eguneroko herri kronika zabaltzen aritu da 2022ko azarora arte, Goizarin ezizenez. Egunerokotasunari gertuko jarraipena egitea izan da bere lana (eta lana egiteko modua) herriko albisteen gordailuzain fidela izan delarik.

Kolaborazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cuentos y Leyendas de Oiartzun. Xabier Susperregiren liburuko kolaboratzailea.[12]

Ardura politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jaione xanixtebanetako soka-dantzan.
  • 1991-1995 zinegotzi HB taldetik, Kultura batzordeko lehendakari moduan.[13]Garai horretan Udalak inauguratu zuen Manuel Lekuona Udal Biblioteka; baita Arditurri Bidegorria zabaldu ere. Udal Gorporazioko kideek ere Soka-Dantza berreskuratu zuten.[14]Bretainiako Karaez herriarekin senidetza hitzarmena sinatu zuten ere. Azkenik, Mugarri saila ere sortu zen Oiartzungo historiaren eta ondarearen oroimena gordetzeko gai soziokulturalei buruzko monografia-bilduma gisa.[15]Lehen zenbakia Maria Teresa Gabarain Aranguren historialariak osatu zuen, "Lehen liberalismoa Oiartzun haranean (1800-1840)".[16]

Herri ekintzaile. Talde lanean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaguna da Jaioneren esku zabaltasuna herriarekiko. Iturriotz bere auzoan oso gaztetatik hasi zen bertako jaien antolaketetan eta beste hainbat ekintzetan parte hartzen. Bi urtez ibili ziren dantza taldea sortu, dantzak ikasi eta auzoko nahiz herriko festak alaitzen. Gazte garaian auzoko jaien antolaketan sartua egon izanak bultzatu zuen, geroago (eta 2001. urtean auzoa jairik gabe geratu ondoren) berriro lekukoa hartu eta jaien antolaketan jardutera lau urte luzez. Iturri Berri elkartean ere kolaboratu izan zuen bertako akta hartzaile modura, 1996-1999 urte bitartean. Solidaritatea beste arloetara erraz eramaten du. Gaur egun herriko presoen aldeko mugimenduan kolaboratzen du, baina laguntza jarrera aspaldikoa du. Egin kontu, 14 urte zituelarik ere antolatu izan zuela Santa Agedaren eskea, Tolosan greban zeuden langileei laguntzeko.

Asko ditu eta denerako hartzen du tartea. Egunero, gosaltzeko garaian Berria irakurtzen du. Balentria handiko mendizale eta txirrindularia da; Lilaton korrikalaria ere bai, zenbait urtetan[17]. Bidaiari sutsua. Historia eta literatura zalea, Oiartzungo irakurketa taldeko partaide da sorreratik. Irakaskuntza biziki maite du, eguneroko derrigortasunaren gainetik ere eskuzabal azaltzen da bere beharra duten guztiekin, berdin dio ikastetxez aldatuak badira ere.

2022an sortutako Oiartzungo WikiEmakumeok lantaldean parte hartzen du.[18] Taldea WikiEmakumeok[19] proiektuaren baitan antolatu da eta bere xedea Wikipedian dagoen genero arrakala murriztea da.

Elkarrizketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ibilbideari buruzko elkarrizketa: "Ez dakit ezetzik esaten, erronka moduan hartzen ditut gauzak". Oarsoaldeko Hitza. [20]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Jaione Ugaldebere: "Ez dakit ezetzik esaten, erronka moduan hartzen ditut gauzak"» Oarsoaldeko Hitza 2020-06-26 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  2. Zuzendari izana da 1996tik 2002ra,. .
  3. «Txinpart | Haurtzaro Ikastola» haurtzaroikastola.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  4. «25 urte… eta aurrera goaz! – Oiartzo Ikastola» www.oiartzoikastola.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  5. Oiartzun Irastorza, Maialen. (2021-06-08). «Irakaskuntza publikorako sarbidearen azterketa: Europako irakasle-gaitasunak oinarri» IV. Ikergazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz. Kongresuko artikulu bilduma. Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea (UEU arg)  doi:10.26876/ikergazte.iv.02.13. (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  6. (Ingelesez) Brezina, R.; Schramek, S.; Kazár, J.. (1975-11). «Selection of chlortetracycline-resistant strain of Coxiella burnetii» Acta Virologica 19 (6): 496. ISSN 0001-723X. PMID 1997. (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  7. «Aurkezpena» Jolastuz, izan eta hazi. Lagunduz, izan eta hezi. (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  8. «Haurtzaroko ikasleak Bretainiara doaz, astebetez» El Diario Vasco 2017-03-15 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  9. «89. Udala Informatzen» Oiartzungo Udala informatzen (Oiartzungo Udala) 2019-07-19 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  10. Oiartzun Urtekaria. .
  11. «Azkue Aguinagalde, José Manuel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  12. (Gaztelaniaz) «CUENTOS Y LEYENDAS DE OIARTZUN» calameo.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  13. (Gaztelaniaz) «Elecciones Municipales 1991: País Vasco / Gipuzkoa / Oiartzun» www.datoselecciones.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  14. (Ingelesez) «89. Udala Informatzen by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2019-07-19 (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  15. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  16. (Ingelesez) «1994 lehen liberalismoa oiartzun haranean» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  17. Sailkapen orokorra, 32. edizioa. .
  18. Erik, Gartzia(e)ko. (2022-12-09). «Wikilariak, emakumeen biografiak ahanzturatik azaleratzeko» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  19. Wikiproiektu:WikiEmakumeok. 2023-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  20. «jaione ugaldebere Aloak» Oarsoaldeko Hitza 2020-06-26 (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]