Edukira joan

Enpatia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Norbaiti besarkada bat ematea enpatiaren seinalea da

Enpatia pertsona batek besteen pentsamenduak eta emozioak hautemateko duen gaitasuna da, bestea antzekotzat hartzean oinarritua, hau da, gogo propioa duen antzeko banakotzat hartzean oinarritua. Gainera, pertsona bat bere ikuspuntutik ulertzean datza, edo bere sentimendu zein pertzepzioak zeharka sentitzean. Enpatia moten artean enpatia kognitiboa, enpatia afektiboa, enpatia somatikoa eta enpatia espirituala bereizten dira.

Enpatia hitza greziera klasikoko ἐμπάθεια (empatheia, “sentimendu bizia edo min handia” esan nahi duena) terminotik dator, ἐν (en, “barruan”) aurrizkitik eta πάθος (pathos, “sentimendua” edo “sufrimendua”) errotik eratortzen dena. Hermann Lotze eta Robert Vischer-ek termino hori egokitu zuten alemaneko Einfühlung (barruan sentitzen) eratzeko. 1909an, Edward B. Titchenerrek Einfühlung ingelesera itzuli zuen "empathy" gisa.

Enpatia hitzak definizio sorta zabala izan du, batzuetan kontraesankorrak haien artean. Definizio horiek fenomeno mota ugari barne hartzen dituzte, besteak beste, beste pertsona batzuk zaintzea eta haiei laguntzeko nahia; beste pertsona baten emozioekin bat datozen emozioak sentitzea; eta beste pertsona bat pentsatzen edo sentitzen ari dena bereiztea.

Bestearen ikuspuntu ulertzen

Enpatiak beste pertsona batzuen egoera emozionalak ulertzea eskatzen duenez, emozioak ezaugarritzeko moduaren araberakoa da. Adibidez, gorputz sentsazioek ezaugarritzen badituzte emozioak, orduan beste baten gorputz sentsazioak ulertzea izango da enpatiaren funtsa. Bestalde, emozioek sinesmen eta desirak badituzte ezaugarri, orduan sinesmen eta desira horiek ulertzea izango da funtsezkoena enpatian. Norbera beste pertsona baten lekuan jartzeko gaitasuna prozesu sofistikatua da. Hala ere, beste batzuengan emozioak hautemateko oinarrizko gaitasuna jaiotzetikoa da, eta modu inkontzientean eskura daiteke.

Enpatiaren eta sinpatiaren arteko bereizketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinpatia enpatiarekin erlazionaturik dagoen terminoa da, eta hitz hauen arteko bereizketak eztabaida asko piztu izan ditu. Orokorrean, sinpatia pertsona batek beste banako baten emozio negatiboei (sufrimenduari) emandako erantzuna definitzeko erabiltzen da, bestearekiko portaera pro-sozialera (laguntzailea) eramaten duena. Aldiz, enpatiak bere baitan hartzen du emozio positibo nahiz negatiboei erantzutea, baina ez du nahitaez laguntzea eskatzen. Sinpatiak besteen emozioenganako onespena dakar; enpatia, ordea, besteen esperientzia eta emozioen inguruko datu bilketa neutroa izaten da askotan. Sinpatiak errukia edo pena bezalako erantzun afektibo zehatz bat esan nahi du, baina enpatiak, berriz ere, amorrua, beldurra edo erresumina bezalako sentimendu negatiboak ere barne hartzen ditu.

Enpatiak bi alderdi nagusi ditu: enpatia afektiboa eta enpatia kognitiboa.

  1. Enpatia afektiboa, enpatia emozionala ere deitua, besteen egoera emozionalak esperimentatzeko gaitasuna da. Emozionalki enpatizatzeko gaitasuna kutsadura emozionalean oinarritzen da, hau da, banako baten egoera emozionalek beste batengan eragitean. Enpatia afektiboa bi azpi-maila hauetan banatu daiteke:
    • Kezka enpatikoa: besteen sufrimenduarenganako sinpatia eta errukia.
    • Atsekabe pertsonala: besteen sufrimenduak eragindako norberaren ondoeza eta antsietatea. Autore batzuek zalantzan jartzen dute atsekabe pertsonala enpatiaren parte ote den.
  2. Enpatia kognitiboa besteen ikuspuntua edo egoera mentala ulertzeko gaitasuna da. Enpatia kognitiboaren barruan alderdi hauek bereizten dira:
    • Besteen ikuspuntua hartzea: besteen ikuspuntu psikologikoak hartzeko berezko joera.
    • Fantasia: fikziozko pertsonaiekin identifikatzeko joera.
    • Enpatia taktikoa: besteen ikuspuntua ulertzearen berariazko erabilera, helburu jakin batzuk lortzeko asmoz.

Enpatia afektiboa eta kognitiboa elkarren artean independenteak dira: emozionalki oso enpatikoa den norbaitek ez du zertan ona izan besteen ikuspuntuak ulertzen.

Enpatiaren oinarri neuronalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpatiaren eta garunaren atal desberdinen arteko erlazioa ezagutzea ahalbidetu duten hainbat ikerketa egin dira. Honela, enpatiaren prozesuan gehien inplikatzen den eremu neuronaletako bat kortex prefrontal mediala da. Honen funtzioa informazio soziala prozesatzea da, norbere ikuspuntua beste baten ikuspuntuarekin alderatzeko helburuarekin.

Kortex prefontal medialaz gain, badira enpatian parte hartzen duten garuneko beste egitura batzuk. Batetik, beheko zirkunboluzio frontalak funtzio garrantzitsua betetzen du beste banakoen emozioen antzematean, enpatiaren prozesuaren hasiera ahalbidetzen duena. Aurreko kortex zingulatuak eta aurreko intsulak ere funtzio bera betetzen dute, baina emozio bakarra antzematen dute: mina. Bi egitura hauek pertsona batek beste bat mina jasaten ari dela ikustean aktibatzen dira, eta mina norbere gorputzean sentitzen denean bezala funtzionatzen dute.

Bestetik, eskuin lotura tenporoparietala enpatiaren beste oinarri neuronaletako bat da. Honek beste pertsona baten ikuspuntua hartzea ahalbidetzen du, haren erreakzio emozionalak edo mina irudikatzeko; aurreko egiturek betetzen duten funtzioaren antzekoa da. Area hau zehazki agentzia eta autokontzientziaren zentzuan parte hartzeaz arduratzen da, banakoak sortzen dituen seinaleak bere ingurukoekin alderatzen baititu, kutsadura emozionala ahalbidetuz.

Beheko zirkunboluzio frontalak, aurreko kortex zingulatuak eta aurreko intsulak betetzen dituzten funtzioek enpatia afektiboa sentitzea posible egiten dute. Lotura tenporoparietalak, berriz, enpatia kognitiboa esperimentatzeko aukera ematen du.

Bi urterekin, umeak enpatiazko funtsezko jarrerak erakusten hasi ohi dira, beste pertsona baten egoera emozionalarekin bat datozen erantzun emozionalak emanez. Batzuetan besteak kontsolatzen dituzte edo haienganako kezka agertzen dute. Lehenago ere, urte bakarrarekin, haurrek enpatiaren aztarna batzuk erakusten dituzte; ulertzen dute, beren ekintzekin gertatzen den bezala, besteen ekintzek ere helburu batzuk dituztela. Bi urteko umeak, gainera, jolas moduan besteak engainatzen saiatzen dira, eta horrek besteen usteak zein diren jakitea eskatzen du.

Ikerketa batzuek diote ingurumen faktoreek, hala nola haziera estiloak eta harremanek, haurren enpatiaren garapenean eragiten dutela.

Enpatia gabezia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpatiaren eta autismoaren arteko erlazioa ikerketa eremu konplexua da. Erlazio horretan hainbat faktore ezberdinek hartzen dute parte.

Oro har, autismoaren espektroko banakoek kezka enpatiko gutxiago erakusten dute, eta sufritzen ari den norbaiten aurrean laguntzazko erantzun gutxiago edo laguntzarik eza agertzen dute. Aldi berean, kontrol taldeekin alderatuta angustia pertsonalaren maila handiagoa adierazi ohi dute. Bi faktore horien konbinazioak, hau da, kezka enpatiko txikiagoa eta angustia maila handiagoa izateak, enpatiaren murrizketa orokorra ekar dezake. Simon Baron Cohenek proposatzen du autismo klasikoa duten gizabanakoek enpatia emozional zein kognitiboaren gabezia dutela. Aitzitik, beste ikerketa batzuek ez dute inolako frogarik aurkitu pertsona autistek besteen oinarrizko intentzio edo asmoak ulertzeko arazoak dituztela erakusten dutenik; horren ordez, datuek adierazten dute emozio konplexuagoak ulertzerakoan edo besteen ikuspuntuak hartzerakoan dituztela arazoak.  

Autismoaren espektroko nahasmenak gehiago lotzen dira enpatia kognitiboaren gabeziarekin, hots, besteen ikuspuntua ulertzeko gabeziarekin; psikopatia, ordea, enpatia emozional ezarekin lotuagoa dago. “Enpatia-nahasmendu” hauek enpatizatzearen garrantzia azaleratzen dute, enpatia gabeziaren ondorio batzuk erakusten baitituzte.

Psikopatia jokabide antisozial eta oldarkorrek ezaugarritutako nortasun-nahasmendu bat da, erruduntasun-sentimendu eta enpatia eza bezalako gabezia emozionalekin batera.

Hainbat ikerketak korrelazio negatibo sendoa aurkitu dute psikopatiaren eta enpatia afektibo ezaren artean. Ikerkuntza batzuek adierazten dutenez, psikopatia maila altua adierazten duten banakoek besteen emozioak ondo hautematen dituzte, baina enpatia emozialaren gabezia erakusten dute.

Simon Baron Cohenen arabera, psikopatiak ez dakar inolako arazorik enpatia kognitiboari dagokionez, psikopatia duten banakoek besteen emozioak eta ikuspuntuak ulertzeko arazorik ez izatea ekarriko lukeena. Aldiz, berak dioenez, psikopatia enpatiaren alderdi nagusiaren gabeziarekin estu-estu loturik dago, hau da, enpatia afektiboaren gabeziarekin. Horrek barne hartzen du besteen sufrimendua eta emozioak sentitzeko gaitasuna (kutsadura emozionala), eta, beraz, nahasmendu hau duten banakoek ezin dute besteen sufrimenduagatik atsekaberik sentitu. Enpatia afektiboaren eta kognitiboaren disoziazio hori gaizkile agresiboengan frogatu da.

Beste nahasmendu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohiz kanpoko erantzun enpatikoak beste hainbat nahasmenekin ere lotzen dira.

Nortasun-nahasmendu nartzisistaren diagnostiko irizpideen artean enpatia falta sartzen da, besteen sentimendu eta premiak hautemateko nahi ezarekin edo ezintasunarekin batera.

Nortasun-nahasmendu eskizoidearen ezaugarrietako batzuk hoztasun emozionala eta besteekiko enpatikoa eta ulerkorra izateko ezintasuna dira.

Dave Grossmanek, bere On Killing liburuan, azaltzen du entrenamendu militarrak, artifizialki, soldaduengan despertsonalizazioa sortzen duela, enpatia ezabatuz beste gizaki batzuk hiltzea errazagoa egiteko helburuarekin.

Aurreiritzi enpatikoa eta enpatia gehiegikeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketa batzuek proposatzen dute erraztasun handiagoa dugula gure antzekoak direnekin enpatizatzeko. Hau da, geroz eta antzekoagoak izan bi banako, orduan eta errazagoa izango da elkarrekin enpatizatzea. Bereziki, kultura eta bizi-baldintza antzekotasunekin areagotzen da enpatia. Esperimentu batean, gizonezkoen bi talde osatu zituzten bakoitzak defendatzen zuen futbol taldearen arabera. Ondoren, parte-hartzaile bakoitzak deskarga elektriko arin bat jasan zuen. Talde bereko parte-hartzaileenganako enpatia handia erakutsi bazuten ere, beste taldeko banakoenganako enpatia gutxi sentitu zuten.

Paul Bloom psikologoak, Against Empathy liburuaren autoreak, azpimarratzen du aurreiritzi enpatiko horrek tribalismoa eta erantzun bortitzak ekar ditzakeela "tribu" edo gizarte-talde bereko pertsonei laguntzeko. Adibidez, aurreiritzi enpatiko hori demagogoek erabiltzen dutenean. Alternatiba moduan “erruki arrazionala” proposatzen du autoreak; horren adibide bat karitatezko donazioak arrazionalki erabakitzeko altruismo efektiboa erabiltzea da, komunikabideetako irudienganako erantzun emozionaletan oinarritu ordez.

Gainera, Bloomek uste du enpatiaren erabilera okerrak epe laburrera begirako ekintzak ekar ditzakeela. Horrela, azaltzen du epe laburrera begirako enpatia gehiegi duten gurasoek epe luzerako arazoak sor diezaizkietela haien seme-alabei, diziplinarik ez ezarriz edo epe motzeko ondoezengatik txertorik ez jartzea erabakiz, esaterako. Bestetik, Bloomek pertsona erakargarriez pertsona itsusiez baino gehiago arduratzeak ere jokabide ez-etikoa bultzatu dezakeela dio. Erakargarritasunaren irizpideak faunaren kontserbazioan ere eragin dezake, animalia politak babesteko diru gehiago bilduz eta lege gehiago ezarriz, ekologikoki garrantzitsuagoak diren beste animalia batzuk alde batera uzten diren bitartean.

Enpatia gehiegikeriak sortutako nekea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiegizko enpatiak “enpatia gehiegikeriak sortutako nekea” eragin dezake, batez ere altruismo patologikoarekin loturik dagoenean. Arazo honen ondorioak nekea, burn-out sindromea, erruduntasun sentimendua, lotsa, antsietatea eta depresioa izan daitezke.

Paul Bloomek adierazten du enpatia handiko erizainek denbora gutxiago igaro ohi dutela haien pazienteekin, sufrimendua ikustearekin loturiko emozio negatiboak sentitzea ekiditeko helburuarekin.

Enpatia diziplina ezberdinetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an argitaratutako The Ethics of Care and Empathy liburuan, Michael Slote filosofoak besteen zaintzan funtsatutako teoria etiko bat proposatzen du, enpatian oinarriturikoa. Berak baieztatzen duena da motibazio moralaren oinarrian erantzun enpatikoa dagoela, eta egon beharko lukeela. Honela, autoreak dio esanahi moraleko egoerekiko dugun erreakzio naturala enpatiaren bidez azaltzen dela. Horregatik, haren arabera, enpatiaren mugak eta betebeharrak, moraltasunarekin batera, naturalak dira. Betebehar natural hauek familia eta adiskideekiko eta denboran zein espazioan gugandik hurbil daudenekiko betebehar enpatiko eta moral handiagoa dakarte. Pertsona horiekiko dugun betebehar moralak naturalki handiagoa dirudi guretzat urruneko jende ezezagunarentzat baino. Slotek azaltzen du hau enpatiaren prozesu naturalagatik dela. Bestetik, ekintzak okerrak direla dio baldin eta soilik baldin besteenganako guztiz garatutako kezka enpatikoaren gabeziaren bat erakusten badute agentearen aldetik.

Fenomenologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fenomenologian, enpatiak zerbaiten esperientzia deskribatzen du, bestearen ikuspuntutik, norberaren eta bestearen arteko nahasketarik gabe. Enpatia sentitzean, sentitzen dena ez da "norberaren" bizipena, nahiz eta norberak sentitzen duen. Hau da, sentitzen dena bestearen bizipen gisa sentitzen da.

Keith Jenkins bezalako historialari postmoderno batzuek eztabaidatu dute ea posible den iraganeko pertsonekin enpatizatzea. Jenkinsen arabera, iragana atzerriko herrialde bat bezala denez eta iraganeko baldintza epistemologikoak ezagutu ezin ditugunez, iraganeko banakoekin enpatizatzea ezinezkoa zaigu. Bestetik, Jenkinsek azaltzen du gaur egun enpatiak hain posizio pribilegiatua duela gizarte modernoaren diskurtso liberal nagusiarekin harmoniaz bat datorrelako, eta John Stuart Mill-en elkarrekiko askatasunaren kontzeptuarekin lotu daitekeelako.

Enpresak eta kudeaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko Wired to Care liburuan, Dev Patnaik estrategia-aholkulariak argudiatzen du gaur egungo enpresa-praktikan akats garrantzitsu bat dela enpatiarik eza korporazio handien artean. Bere esanetan, enpatiarik gabe, enpresa barruko pertsonek erabaki intuitiboak hartzeko zailtasunak izaten dituzte. Enpresek bezeroenganako enpatia zentzua sor dezaketela dio, Nike, Harley-Davidson eta IBM "Enpatia Irekiko Organizazioak" delakoaren adibide gisa aipatuz. Enpresa horiek, dioenez, lehiakideek baino azkarrago ikusten dituzte aukera berriak, aldaketara errazago egokitzen dira eta langileei beren lanetan misioaren zentzu handiagoa eskaintzen dieten lantokiak sortzen dituzte. Marie Miyashiro erakunde-aholkulariak ere, The Empathy Factor liburuan, enpatia lantokira ekartzearen alde egiten du, eta komunikazio ez-bortitza hori lortzeko mekanismo eraginkor gisa iradokitzen du. Gainera, Lidergo Sortzailearen Zentroak egindako ikerketa baten emaitzen arabera, enpatia modu positiboan lotzen da langileen lan jardunarekin.

Psikoanalisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heinz Kohut psikoanalistak honela definitzen du enpatia: psikoanalisiaren esparruan, beste gizaki batzuei buruzko datuak biltzeko metodo primarioa. Autore honen hitzetan, «Enpatiak gure behaketen eremua definitzen du funtsean» (1977:306). Kohutek enpatia oxigenoa bezala irudikatzen du, zeinarekin garatzen ari den haurra izaki osasuntsua izateko bizi den, arnasten duen eta hazi egiten den, eta, aldi berean, heldua maitasun- eta lan-harremanetan loratzen den. Honela, batetik, enpatia beste pertsonaren egoerari buruzko informazioa biltzeko metodo bat da, eta enpatiarik gabe besteaz egiten den irudia ez da osoa. Eta, bestetik, besteen norberarekiko enpatia gizabanakoa humanizatzen duena da, eta gizabanako batek bestea galtzen duenean, gizabanakoa apatiko, letargiko, eta deprimitua geratzen da. Kohutek proposaturiko metaforara itzuliz, enpatia norbanakoaren eta bestearen arteko harremanak bizitzeko behar duen oxigenoa da.

Enpatia funtsezkoa da psikoanalisirako, edo, zehatzago esanda, Kohuten psikoanalisiaren eredurako, “norberaren psikologia” ere deitua. Enpatia gutxiegirekin edo gaizki zuzendutako zein desitxuratutako enpatiarekin, hazten ari den pertsona (haurra) ezin da guztiz osatu. Enpatia ezaren kasu larrietan, ondorioak ospitaleratzea, urruntze emozional handia eta haurren autismoaren antzeko konektibitaterik eza izan daitezke, besteak beste. Hain larriak izan ez arren oraindik porrot handitzat jo daitezkeen kasuetan, gurasoen eta seme-alaben arteko harremaneko enpatia faltaren ondorioen artean honako hauek daude: nortasun-nahasmenduekin loturiko arazoak, nartzisismoaren ezaugarriak, edo estatusaren eta gauzen ideal materialisten bilaketa konpultsiboa.

Enpatia beste espezieengan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien portaerari eta neurozientziari buruzko ikerketek adierazten dute enpatia ez dela gizakietara mugatzen (hala ere, ikerketa horien interpretazioa, hein batean, ikertzaileek hartzen duten enpatiaren definizioaren araberakoa da).

Primateetan enpatiaren antzeko portaerak hauteman izan dira, bai gatibutasunean, bai naturan, eta bereziki bonoboetan, askok primaterik enpatikoentzat hartu izan dutena.

Besarkadaren bidezko kontsolamendua bonobo talde batean

Zanna Clay eta Frans de Waal ikertzaileek bonoboaren garapen sozio-emozionala aztertu zuten. Gaitasun askoren arteko elkarrekintzan zentratu ziren, hala nola enpatiarekin loturiko erantzunean, eta bonobo gazteen hazkuntzaren aurrekariek gertaera estresagarriei erantzuteko moduetan izandako eraginetan; bai beren buruarekin loturiko gertaeretan (adibidez, borroka bat galtzea), eta baita beste batzuen gertakari estresagarrietan ere. Bonoboek, bizirauteko mekanismo gisa, elkarren arteko kontaktua bilatzen dutela aurkitu zuten. Bonoboek gorputz-kontaktu gehiago bilatzen zuten beste bonobo batzuk sufritzen ikusi ondoren, haiek bizituriko gertaera estresagarri propioen ondoren baino.

Amak hazitako bonoboek bonobo umezurtzek baino kontaktu fisiko gehiago bilatu zuten besteen gertaera estresagarri bat ikusi ondoren. Aurkikuntza honek erakusten du garapen sozioemozional arrakastatsuan amaren eta seme-alabaren arteko atxikimenduak eta erlazioak duten garrantzia, portaera enpatikoen garrantziarekin batera.

Txinpantzeetan ere ikusi da jarrera enpatikoa, beren portaera naturalaren hainbat alderditan. Adibidez, txinpantzeek naturaltasunez erakusten dituzte jokabide agresiboen biktimenganako kontsolamenduzko joerak, bai ingurune natural zein ez-naturaletan. Teresa Romero buru zuten ikertzaileek aire zabalean banatutako bi txinpantze taldeetatako portaera enpatikoak aztertu zituzten. Bi taldeetan ikusi ziren kontsolazio ekintzak. Txinpantzeen eta gizakien artean aurkitutako antzekotasun bat erantzun enpatikoa ahaideen artean beste banakoen artean baino handiagoa izan zela da. Familiakoak ez ziren txinpantzeen artean ere kontsolamendua ikusi zen arren, gizakiekin bezala, txinpantzeek gertukoengan erakutsi zuten kontsolamendu eta kezka handiena. Bestetik, orokorrean, txinpatze emeengan arrengan baino kontsolazio joera handiagoa hauteman zen. Horren salbuespen bakarra izan zen goi-mailako arrek emakumeen gisako kontsolamendu maila erakutsi zutela. Uste da hori goi-mailako txinpantze arren estatus autoritarioaren ondorio dela.

Txakurrek giza espeziearekiko erantzun enpatikoak agertzen dituztela defendatu izan da askotan. Custance eta Mayer ikertzaileek txakur talde bat hartu, eta txakur bakoitza bere jabearekin eta arrotz batekin jarri zuten. Parte-hartzaileak hitz egiten ari zirenean, txakurrek ez zuten inolako portaera aldaketarik erakutsi; aldiz, parte-hartzaileek negar-plantak egitean, txakurrek haiengana bideratu zuten beren jokabidea, negar-plantak egiten ari zena jabea zein arrotza izan. Negar-plantak egiten ari zirenean, txakurrak parte-hartzaileengana modu otzanean hurbildu ziren, parte-hartzaileak usainduz, miazkatuz eta laztanduz. Txakurrek erantzun enpatikoak jabearengana bakarrik zuzendu ez zituztenez, uste da txakurrak orokorrean hurbiltzen direla sufrimenduzko joera korporala erakusten duten gizakiengana. Horrek iradoki dezake txakurrek enpatiarako gaitasun kognitiboa dutela, baina, era berean, posible da txakur etxekotuek sufritzen ari diren gizakiak kontsolatzen ikasi izana, belaunaldiz belaunaldi, portaera espezifiko horrengatik sarituak izanez.

Txitak sufritzen ikustean, etxekotutako oiloek (Gallus gallus domesticus) erantzun emozionala eta fisiologikoa erakusten dute. Oiloekin eta txitekin egindako ikerketa batek aurkitu zuenez, txita arriskuan zegoen baldintzetan oiloaren bihotz-maiztasuna azkartu egiten zen, alarma hotsak egiten zituen eta gorputzeko tenperatura handitu egiten zitzaion, txitaren egoerarekiko erreakzioa edonolakoa izanda ere. Hala ere, oiloek estresak eragindako hipertermia egoera arriskutsuarekiko beren erreakzioa txitarenarekin bat zetorrenean bakarrik jasan zuten.

Gizakiek beste espezie batzuekiko enpatia izan dezakete. Ikerketa batean aurkitu zutenez, gizakiok beste organismo batekin enpatizatzeko dugun gaitasunak korrelazio negatiboa du bi espezieek arbaso komun bat izan zutenetik igarotako denborarekin. Bestela esanda, espezie bat zenbat eta filogenetikoki hurbilago egon giza espeziarengandik, orduan eta aukera gehiago dugu harekiko enpatia eta errukia sentitzeko.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]