Edukira joan

Dulantziko gudua

Koordenatuak: 42°48′N 2°30′W / 42.8°N 2.5°W / 42.8; -2.5
Wikipedia, Entziklopedia askea
Dulantziko gudua
Lehen Karlistada
Iparraldeko frontea
Dulantzi gaur egun
Data1834ko urriaren 27a
LekuaTxintxetru  Araba
42°50′10″N 2°27′20″W / 42.83611°N 2.45556°W / 42.83611; -2.45556
Koordenatuak42°48′N 2°30′W / 42.8°N 2.5°W / 42.8; -2.5
EmaitzaKarlisten garaipena
Gudulariak
Karlistak Isabelinoak
Buruzagiak
Tomas Zumalakarregi
Manuel Iturralde
Manuel O'Doyle

Dulantziko gudua 1834ko urriaren 27an Dulantzi inguruan dagoen Txintxetru zelaian gertatu zen gudua izan zen.

José Ramón Rodilek zuzendutako armada isabelinoa, 1834ko udan zehar Tomas Zumalakarregik zuzendutako tropak suntsitu eta Karlos Maria Isidro Borboikoa erregegaia atxilotzea helburuak zituen kanpainan porrota izan ondoren, 1834ko irailaren bukaerarako nahiko murriztua zegoen[2]. Irailaren 28an Iruñean zela Rodil kargutik kendu zuten eta Manuel Lorenzo hautatu zuten ordezko[3]. Madrilera joateko Nafarroako armadaren zati bat zen Manuel O'Doylek zuzendutako dibisioa Gasteizaraino eraman zuen eskolta gisa eta hantxe, nahiz eta botere izan ez, bertan komandante jeneral zen Joaquín de Osmari eman zion[4].

Iparraldeko frontearen mapa

Horrela Nafarroa Garaian zeuden tropa isabelinoak are gehiago murriztuak izan ziren, Zumalakarregiren mugimendu abilak kontrolatzeko ezgai. Hau Ebrora hurbildu zen Errioxan dagoen Ezcaray konkistatzeko asmotan. Bertan, ibaitik 40 kilometrotara hegoalderantz dagoen herrian, oihalezko lantegiak zeuden eta bere gudarosteek negurako uniformeak behar zituzten. Bere abatariak Errioxan zeuden indar armatuak miatzen ari zirela, urriaren 20an Burgostik Logroñora arma konboi bat zihoala eta hurrengo egunena Ebrotik hurbil pasatzen zen errege-bidea zeharkatuko zuela jakin zuen. Lau batailoi eta hiru eskuadroi atera eta hilaren 21ean Tronconegro izeneko uberatik ibaia zeharkatu zuen. Hala ere konboia dagoeneko pasa eta arin joan zen bere bila Zumalakarregi. Hala ere Cenicero zeharkatzean bertako milizianoek bidearen zubiren ondoan dagoen elizan gorde eta armada karlista geldiarazi zioten. Zumalakarregi itzulbira egin behar izan bazuen ere, bere zalditeriak Logroño ailegatzekotan zegoela harrapatu zuen konboia. Itzultzean, Ceniceroko eliza erre eta ubera beratik Ebro zeharkatu zuen urriaren 22an. Handik Nafarroara itzuli eta Berrotza haranean kokatu zen[5].

Zumalakarregiren erasoaldiaren berria 21ren bukaerarako Gasteiza heldu zen eta Osmak O'Doyleri bere dibisioarekin Ebro aldera joateko agindua eman zion. Dibisioa Erreginaren 1. eta 2. errejimentuek, Afrikako 1.ak, Karabineroen 1. eta 2. errejimentuek eta Bujalanceren batailoiak osatuta zegoen. Zumalakarregiren erretreta mozteko asmotan Urizaharrera joateko agindua eman zion. Topatzen bazuen handik Araba eta Nafarroa arteko mugaraino bere atzetik joan behar zuen, inolaz ere Nafarroan sartu ze bestela O'Doyle berriro Lorenzoren agindupean izango zatekeen. Karlistak topatzen ez baditu, Maeztura joan behar zen, Andiako mendilerroa zeharkatu eta, lautadara jaisten, Gasteiza Dulantzitik itzuli.

O'Doyle 22ren arratsaldean heldu zen Urizaharrera eta han karlistak jadanik Ebroaren iparraldean zeudela jakin zuen. Hori zela eta, hurrengo egunean Ega ibaiaren harana hartu, Lagranen gaua eman eta urriaren 24an Maeztura heldu zen. Bertan bere soldaduek atseden hartu zuten, ibilaldiagatik nekatuak izateaz gain elikagairik gabe zeudelako. Urriaren 26an Maeztutik atera, Andiako mendilerroa zeharkatu, eta 22 kilometro ibili ondoren eguerdirako Dulantzin zegoen.

Uribarri-Ganboa

Hara ailegatu zenerako, Osmaren agindu berri bat jaso zuen: dibisioa sakabanatu behar zuen Dulantzin Erreginaren 1. batailoi eta Afrikakoa, mendi-artilleria pieza biak eta zalditeria geratuz. Besteak arratsalde hartan bertan Dulantzitik iparralderantz hurrenez hurren sei, hamabi eta hamahiru kilometrotara dauden Gebara, Arroiabe eta Uribarri-Ganboa kantonatu behar zituen[6]. O'Doylek zuhurtzigabekeritzat jo zuen dibisioa sakabanatzea eta errejimentuen buruzagiekin eztabaidatu zuen, denak ados izanik. Hala ere, esana bete eta Dulantzitik atera eta bere kokagune berrietara joan ziren. O'Doylek Osmari eskutitz bat bidali zion bere ezadostasuna adierazteko[6].

O'Doylek Osmari urriaren 26an bidalitako eskutitza, aurrealdea
O'Doylek Osmari urriaren 26an bidalitako eskutitza, atzealdea

Zumalakarregi Berrotzan, Dulantzitik 48 kilometrotara hegoalderantz dago. Los Arcosen, hau da, oso hurbil, Lorenzoren dibisioa du. Hau Ziraukitik datorren Marcelino Oraaren tropen zain dago, elkarrekin karlistak erasotzeko. Aduanazain karlistak etsaien mugimenduaz jabetu eta mendiko bideetatik bere ofizialei berriak ematen zizkieten[7]. O'Doyleren dibisioa behatzen ari zirenak, troparen zati bat Dulantzitik atera zela ikustean, Zumalakarregiri berria eraman eta honek arratsaldearen bukaerarako jaso zuen. Karlistak ez ziren dibisio osoa menderatzeko gai baina baino batailoi pare bat. Hori zela eta, Arabako lautadarantz jotzen du sakabanatutako dibisioaren zutaberen bat topatzeko asmotan. Gauean, kanpamenduen suteak bizirik mantentzeko lagun batzuk utzi eta isilpean haranetik atera zen Kanpezun, Zuñigan eta Urbisun lo egin zezaten. Gauean Dulantzitik hogeita hamabost kilometrotara zegoen, Lorenzok oraindik Berrotzan zegoela uste zenean.

Urriaren 27ren egunsentian Osma Dulantzin agertu eta O'Doyleri sakabanaketaren zioak azaldu zizkion. Osmak Karlos erregegaia Oñatin, dibisioa zegoen 25 kilometrotara iparralderantz dagoena, zegoela jakin zuen. O'Doyleren dibisioak, orduan lau zutabetan banatuta, arratsalde hartan bere kanpamenduetatik atera, gauean martxa egin, eta hurrengo egunaren egunsentian Oñatira bide ezberdinetatik ailegatu eta erregegaia preso hartuko zuketen[8].

Goizean goiz armada karlista ere martxan zegoen. Soldaduak pozik zeuden, borrokaldi bat aurreratzen den egunetarako pattarren zatia jaso zutelako[9]. Zumalakarregik bi zutabetan banatu zituen bere tropak:

Karlistek bidean topatzen zituzten guztiak, bai ibiltzen bai lanean zeudenak, berarekin martxa egin edo bidetik urrun zeuden eskorta batean uzten zituzten, soldadu pare batek gordeta. Horrela armada isabelinoak ezin zuen bere ibilaldiaren berria izan. Denboraren poderioz, zerbait ere sumatzen zuten, liberalek bere ibilbidean ez zutelako inor topatzen.

Buruzagi karlista bazekien Lorenzok ez zuela bere ibilaldiaren berririk izan eta oraindino Los Arcosen zegoela eta, alde horretatik, lasai zegoen[10]. Bere plana jadanik sortua zuen: soldadu gutxi batzuk Dulantzitik ekialderantz hamar kilometrotara dagoen Agurain erasotuko zuten. Bitartean bera bidearen erdian dagoen Txintxetru basoan ezkutatu eta O'Doyleren zain izango zatekeen. Honek Arabako lautadan aritzen ziren partidetako batek Agurain eraso zuela jakitean iparralderentzako bere martxa gelditu eta ekialderantz joko zuela suposatzen zuen, Gasteizetik 22an alde zenetik Zumalakarregiren berririk ez zuelako eta Nafarroan izango zatekeen pentsatuko zuelakoan. Iturralde Sasetatik jeitsi, Dulantziko hegoaldean dauden malda basotsuetan ezkutatu eta O'Doyle Agurainera atera eta berehala, parez pare joan eta Txintxetrun Zumalakarregi hasitako erasoaldia ikustean, isabelinoen eskuinaldeko hegala erasotuko zukeen.

Egoera Zumalakarregiren onerako zegoen, Txintxetrura zihoanean Aguraingo gobernadorea topatu zuelako[11]. Hau Gasteiza preso batzuk eramaten ari zen. Arratsaldeko lauak ziren eta O'Doyleren tropak Dulantzitik iparralderantz atera berriak ziren Txintxetrun tiroak entzun zituztenean. Beste tiro batzuk eman eta basoan ezkutatu ziren.

Tropa isabelinoa

O'Doyle berehala utzi zuen iparralderanzko bidea eta ekialderantz jo zuen, muinoak zeharkatuz eta Txintxetrurako bide motzenetik. Andiako mendilerroaren bukaeran dauden muino hauen bidea txarra zen oso, basotsua, armada erregular batentzat desegokia. Eguraldia, ostera, oso ona zen eta eguzkiaren azken izpiak armada isabelinoaren armetan islatzen ziren Zumalakarregi etsaia non zegoen adieraziz[12]. Zumalakarregik Nafarroako gidariak basotik atera eta Txintxetru eta muinoen artean dagoen ordokian formatzeko agindua eman zion. Ehiztariez osatutako isabelinoen abangoardia, berarekin batera O'Doyle bera zaldiz zihoala, arin zihoan armadaren aurrealdean, bestetik banatuta. Basotik irten eta, bere parean, beti Zumalakarregiren aginduetara zegoen gudaroste karlista famatua topatu zuten, buruan txapel gorriak zituztenak[13]. Aho bete hortz geratu ondoren- O'Doylek bertan buruzagi karlista topatzea espero ez zuelako, batez ere Osmak lautadan «... Agurain inguruan zegoen Dionisio zelako batek zuzendutako partida txikia»[6] besterik ez zegoela esan ziolako- borrokatzeko agindua eman zion. Zoritzarrez, ehiztari isabelinoak Nafarroako gidariek menderatuak izan ziren, atzetik zeuden batailoi bi agertu baino lehen. Batailoiak agertzean, tropa karlista basotik atera eta benetako gudua hasi zen.

Honela esan zion Zumalakarregik bere soldaduei:

« Zumalakarregi, beheragokoa bazen eta artilleria pieza bat ez bazuen ere, erasotzeko irrikan zeuden bere gizonen artegatasuna ikusita bere ohizko eraso-agindua eman zuen A ellos, muchachos!; eta Aurrera mutillac! oihukatzean lerro osoa uhar baten modura mugitu zen[14] »


Nafarroako gidariak

Orduan Iturralderen gizonak agertu eta liberalen erretagoardia eta eskuinaldeko hegala erasotu zituzten[15]. O'Doylen durduzadura erabatekoa da, formazioak ezin leku txiki batean lan egin eta desegin ziren eta, behin fusilen lehendabiziko balak agortuak, ezin defenditu baioneten aurka eta errenditu ziren.

Borrokaren hotsak inguruko herrietara heldu eta O'Doyleren beste gudarosteek Txintxetrurako bidea hartu zuten. Hala ere, laster sarraskitik ihes egindako soldadu isabelinoak topatu eta galdutako zutabeen berriak izatean, Gasteiza joatea erabaki zuten, gauean ailegatuz[16].

Gau hartan, Txintxetru eta Dulantzi arteko mendi eta basoetan, karlistek ezkutatuta zeuden soldadu isabelinoak ehizatzeari ekin zioten. Ehizan zeudela ezin presoak hartu topatzerakoan soldadu liberalak hil zituzten[17].

Karlistek mendi-artilleria pieza bi (munizio eta guzti) eta Afrikako errejimentuaren bandera lortu zituzten. O'Doyle eta menderatutako beste ofizialak hurrengo egunean fusilatu zituzten.

Hala ere, berrehun eta berrogeita hamar soldadu isabelino inguru bere buruzagiekin batera batera mantendu eta alde egitea lortu zuten. Azkar, gudu-zelaitik hiru kilometrotara dagoen Arrietara heltzea lortu zuten eta elizaren barne sartu eta gua osoan zehar karlisten jazarpenari jarki zioten[18].

Berria gauean ere Gasteiza heldu eta hurrengo egunean Osmak soldadu hauek arriskutik onik ateratzeko Etxabarriko bentaren gudua sortu zuen.

Guduaren ordena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
                                   (1)                            
 (2)^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^
                (3)
                            (4)
                                  (5)
 (6)                                               (7)              (8)
                                                        ^^^^
                                                        (9)
                                         ^^^^^^^^^^^^^^^^
                                  (10)
 (11)^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^^(12)^^^^^^^^^^^^^^^^^^(13)^^^^^^^^^^^^^^^^^

(1) Oñati. (2) Lizarrate mendatea. (3) Uribarri-Ganboa. (4) Arroiabe. (5) Gebara. (6) Gasteiz. (7) Arrieta. (8) Agurain. (9) Txintxetru. (10) Dulantzi. (11) Andiako mendilerroa. (12) Saseta mendatea. (13) Uribarri mendatea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. William Walton, The Revolutions of Spain, from 1808 to the End of 1836 (R. Bentley, 1837), 310.
  2. Oraa, Marcelino. (1851). Memoria histórica de la conducta militar y política del General Oráa. .
  3. Boletín Oficial de Pamplona. 1834ko azaroa-1835eko urtarrila.
  4. de Osma y Tricio, Joaquín. Archivo General Militar de Segovia. .
  5. Memorias para escribir la Historia contemporánea de los siete primeros años del reinado de Isabel II. I.
  6. a b c de Osma y Tricio, Joaquín. Archivo familiar. Archivo Histórico Diocesano de Logroño.
  7. Barres du Molard, Alphonse. (1842). Memoires sur la guerre de la Navarre et des Provinces basques. .
  8. O'Doyle, Manuel. Archivo General Militar de Segovia. .
  9. Henningsen, C.F.. (1836). The most striking events of a twelvemonth's campaign with Zumalacarregui, in Navarre and the Basque Provinces. .
  10. Zaratiegui, Juan Antonio. (1845). Vida y hechos de don Tomás Zumalacárregui. , 238 or..
  11. Échos de la Navarre. Quelques souvenirs d'un officier de Charles V. .
  12. Loning, Adolf. (1844). Das spanische Volk. .
  13. Galería Militar Contemporánea. .
  14. Jatorrizko testua ingelesez: Zumalakarregi, though inferior in numbers, and without a single piece of cannon, yet perceiving from the impatient countenances of his men that they were eager to attack, at once gave his customary word of command, A ellos, muchachos! (At'em, my boys!) and with enthusiastic shouts of Aurrera mutillac! the whole line moved on like a torrent. William Walton, The Revolutions of Spain, from 1808 to the End of 1836 (R. Bentley, 1837), 309.
  15. Sabatier, Alexis. (1836). Tío Tomás. Souvenirs d'un soldat de Charles V. , 49 or..
  16. Boletín de Álava. Urria, Azaroa eta abendua.
  17. «La Abeja» Diario Universal: Madril..
  18. Zayas y de la Vega, Joaquín. (1870). Relación del desgraciado combate de Alegría, defensa del pueblo de Arrieta y retirada a Vitoria por Maeztu, desde el 27 de Octubre al 1º de Noviembre de 1834. Madrid 26 de Abril de 1870. Publicada en la sección de Adiciones del tomo VI de la Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista escrita por Antonio Pirala. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]