Compound motorra
Compound motorra edo kitzikapen konposatuko motorra korronte zuzeneko motor elektriko bat da. Motor hauen kitzikapena bi harilkatu induktorek sortzen dute; hauetako bat harilkatu induzituarekin seriean eta bestea harilkatuek osaturiko zirkuituarekin paraleloan konektatua: induzitua, serie induktorea eta induktore osagarri edo laguntzailea.
Motor konposatuek serie eremu bat dute shunt eremuko harilkatuaren mugaren gainean. Serie eremu hau alanbre lodi baten buelta gutxi batzuetaz osaturik dago eta armaduraren korrontea garraiatzen du, armadurarekin seriean konektaturik.
Serie eremuko fluxua armadurako korrontea aldatzearekin batera aldatzen da eta kargarekiko zuzenki proportzionala da. Serie eremua bere fluxua Shunt eremu nagusira gehitzeko moduan konektatzen da. Compound motorrak modu honetan konektatu ohi dira normalean, eta compound metatzeak deritze.
Honek abiadura shunt motorrena bezain "gogorra" edo laua ez izatea dakar, ezta serie motorrena bezain "leuna" ere. Compound motor batek eremu-ahultasun maila mugatua du; eremuaren ahultasun honen ondorioz kargarik gabeko motorrak abiadura maximo ziurra gaindi dezake. Zenbaitetan, korronte jarraituko compound motorrak indar momentuaren erantzun egonkorra behar denean erabiltzen dira, abiadura tarte zabal baterako.
Compound motorra serie motorren ezaugarriak dituen kitzikapen edo eremu independenteko motorra da. Eremu independenteari induzituaren karga balio bera duen serie eremua gehitzen zaio, horrela, motorrak momentu konstantea ematen duelarik. Induzituko korrontea zenbat eta handiagoa izan orduan eta serie eremu handiagoa sorrarazten du, hori bai, inoiz balio nominaletik pasatu gabe.