Euskaltzaindiak herriaren izena dokumentazio zaharrean nola heldu den aztertu zuen. Jose Maria Jimeno Jurio aritu zen dokumentu zaharrak aztertzen eta honako agerpen hauek aurkitu zituen:
Hartara, datu horiek ikusirik, Euskaltzaindiak euskara baturakoBera izena onartu zuen.
Vera de Bidasoa1916kouztailaren 27ko errege dekretuaren bidez ezarri zuten. Hala ere, udaleko akta liburuetan behin agertu zen 1918an, eta 1924 arte ez zen berriz agertu.
Berako Udalak izen ofizialtzat Bera erabiltzea erabaki zuen 1989an.
Bera izenaren esanahi etimologikoari dagokionez, bi teoria nagusi daude: lehenengoak toponimo hori euskaratik datorrela erraten du; bigarrenak, jatorri erromantzea duela.
Koldo Mitxelenak dioenez, izena euskarazko behera edo behere hitzetatik bide dator. Hitz horrek euskal toponimo aunitz osatzen ditu. Datu bitxia da Bera dela Nafarroako udalerri baxuena; hau da, garaiera ttikiena duena. Baina kontuan izan behar da Nafarroako Foru Erkidegoak gaur egun dituen mugak eta Nafarroako Erresumak garai batean izan zituenak ez datozela bat, asko aldatu direla. Erraterako, XIX. mendearen hasieran ondoko bi udalerri, Irun eta Hondarribia (gaur egun Gipuzkoan kokatuak), Nafarroaren zati izan ziren hiru urtez.
Bertze eskola batek gaztelaniazko vera (ur-bazterra) hitzetik zetorrela uste du, preseski herriaren kokalekua aipatzen duela, Bidasoaren bazterrean. Joan Coromines filologoak uste zuen horixe zela Bera izenaren jatorria. Gainera, uste zuen Vera izena zuten Espainiako herri guztiak ibai bazterretan kokatuak zeudela eta erromatar hiriak izan zirela.
Julio Caro Baroja filologo eta antropologoak Berako herriarekin lotura handia izan zuen, eta toponimoa aztertzean zalantza zuen ea behere hitzetik zetorren herriaren izenaren jatorria. Nolanahi ere, aukera hori ez zuen baztertzen. Caro Barojak bertze balizko jatorri bat eman zuen, erratean BeraErdi Aroan pertsona izena zela, eta Erdi Aroko bertze euskal pertsona-izen bat bazela, Beraxa, hainbat toponimotan ageri dena (Barasoain, Beasain, Orexa).
Patxi Salaberri Zaratiegik, berriz, pentsatzen du erromatar pertsona izen bat egon daitekeela oinarrian. Haren iritziz, Verus pertsona-izenetik abiatuta, agian honako eboluzio hau gertatuko zen: *(villa) verana > *Berâa > *Beraa > Bera.[5]
Klima atlantikoa du Berak: hezea, euri ugarirekin, tenperatura epelak urte sasoi guzietan, aldaera ttikiak dituela. Batez bertzeko tenperatura 14-15 gradukoa da, prezipitazio handiekin, urtean 170 egunez egiten baitu euria (1.600 eta 1.800mm bitartean).
Beran, itsasoaren mailatik 50 metrora, Nafarroako gobernuaren jabetzako estazio meteorologikoa dago.[6]
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.
Herriaren inguruko hariztiak aspaldi galdu ziren, artzain, ikazkin eta zuhaitzen mozketengatik. XIX. mendearen amaieran, inguruko herri askotan bezala, Japoniatik ekarritako larizio pinuak (Pinus nigra) eta haritz gorriak birlandatu ziren. Birlandatutako basoen azalera 1.200 hektareakoa da gaur egun.
Daniel Cadoux kapitainaren oroitarria, San Mikel zubian. 1813an hil ziren Wellingtongo dukearen ingeles soldaduetako bat zen.
1402. Nafarroako errege Karlos Nobleak Lesakako eta Berako herritarrei hainbat pribilegio eman zizkien, bere lurra gipuzkoarren eta lapurtarren aitzinean defenda zezaten.
1606. Lorenzo Hualde Berako elizako erretore izendatu zuen Altzate eta Urtubiko jaunak. Pertsona hura Valle Alvarado inkisidorearen laguntzaile izateagatik nabarmendu zen. Sorginkeriagatik beratar aunitz salatu zituen, Logroñoko inkisizio auziko (1610) agirietan jaso denez.
1610. urte aldera, Baionatik artoa sartu zen, eta Atlantikoko ereduko nekazaritza sisteman oinarrizko laborea izan zen geroztik.
1638. Saint-Simon dukearen tropek, Altzate eta Urtubiko jaunaren gidaritzapean, Bera erre zuten.
1793-1795. Konbentzio Gerra. Lehen aldian, 1794ko uztail arte, Espainiako tropek okupatu zuten Bera. Bigarrenean, 1794ko uztaila bukaeratik aitzina, frantsesek hartu zuten herria, eta bertan izan ziren, 1795eko ekainean guda bukatu zen arte.
XX. mendearen lehen hamarkadetan biztanle kopuruari maila bertsuan eutsi ondoren, 1930eko hamarkadatik aurrera 20 urtez biztanleak galdu zituen Berak. 1970eko hamarkadan, berriz, hazkunde nabarmena gertatu zen, eta hamar urtean % 30 inguru hazi zen populazioa. Beste 30 urtez egonkor mantendu ondoren, XXI. mendearen lehen hamarkadan beste hazkunde txiki bat gertatu da.
Berako biztanleria
2008ko erroldan jasota dagoenez, Espainiaz kanpoko 215 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 5,84 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
2015eko udal hauteskundeetan Euskal Herria Bildu koalizioak gehiengo osoa eskuratu zuen, sei zinegotzi guztira. Herrirako plataformak lau lortu zituen, eta UPN alderdiak bat.
Berako alkatetzat Eusko Abertzale Ekintza alderdiko Iosu Iratzoki Agirre atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko hamaika zinegotzietatik lau lortu zituen ezker abertzalearen zerrendak. Botoa baliogabeak 75 izan ziren (emandako guztien %3,82), eta boto zuriak 125 (botoen %6,63). Abstentzioa, berriz, %34,72 izan zen.
Berako Udala (2007)
Alderdia
Botoak
Zinegotziak
EAE
596
4
EA
485
3
EAJ
366
2
Aralar
314
2
2011nBildu (4 zinegotzi) izan zen bozkatuena. Hala ere, Marisol Taberna (Aralar) aukeratu zuten alkate, bere alderdiaren (4) eta EAJren (2) botoekin; Beran ez zen NaBai 2011ren zerrenda bateraturik izan. UPNk hautetsi bakarra lortu zuen, eta PPk bat ere ez.
Udaletxea 1774 eta 1776 urteen artean eraiki zen estilo barrokoan. Hiru zatitan banaturiko eraikin handi eta sendoa da. Beheko solairuan, sei arkudun ataria dago, alboetan harlanduen bidez estalduraraino iristen direnak. Eraikineko beste bi zatiek, simetria gordetzen dute eta margozturiko dinteldun hutsalez osaturik daude. Udala alkatea eta hamar zinegotzik osatzen dute.
Itzea, Barojatarren etxea, Xantel errekaren ertzean.Itzea, Baroja sendiaren bizilekua, auzoari izena ematen dion etxea. XVII. mendearen azkenaldian eraikia, egurrezko hegatzeko taila ikusgarria du. Hegatzak pizkunde garaiko estiloa du, XVI. eta XVII. mendeetan Nafarroan eta Aragoiko etxe eta jauregietan ohikoa den estilokoa. 1912an erosi zuen Baroja familiak. Etxearen ondoko zelai batean Jorge OteizakPio Barojaren omenez egindako oroitarria dago.
Herriko Etxea. Estilo neoklasikokoa, 1776an eraikia. 1983an, fatxada berritzean, pintura aztarnak agertu ziren, eta horietan oinarrituta, Julio Caro Barojak marrazkiak egin zituen eta Juan Ignacio Larramendi margolari beratarrak pintatu zituen.
San Esteban eliza udaletxetik.San Esteban eliza. Defentsarako erabilitako dorretxe gotiko bat zen oinarrian. XVI. mendetik aitzinera eliza gisa erabili zen, eta 1632. urte aldera berritu eta handitu zuten. Gurutze latindarreko oinplanoa du eta gurutze-ganga nabarmenak ditu. Erretaula nagusia neoklasikoa da, XIX. mendekoa. Organoa da artelanik garrantzitsuena. Aquilino Amezuak egina, 1895ean, Nafarroako organo erromantiko onenetakoa da. Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuen.
Donfelipebaita. XVIII. mendeko arkitekturaren eredu bat da, gerora elementu gehiago erantsi bazaizkio ere. Hegoaldera ematen duen bortz arkuko galeria du hiru solairuetan.
Eltzaurpe ttiki. Etxeak arrasto gotikoak ditu bazter bateko leihoan eta fatxadako atean. Eguzkia, IHS hizkiak, ilargia eta lanerako tresnak ditu zizelkaturik ate gainean. 1638an Bera osorik erre zuen sutea baino lehen, mota horretako etxeak ohikoak ziren herrian.
Lazarobaita. XVII. menearen hondarrean eta XVIII.aren hasieran eraikia, egurrezko tailu tipikoak ditu. Etxearen alde bakoitzean sarrerako ate bana ditu, eta erdian bertze bat handiagoa, toskanar itxurako bi zutabez hornitua. Bigarren Karlistaldian Carlos VII.ak etxe honetan egin zuen lo.
Karnaxenea. Frantziarren eraso militarren ondorioz herriak su hartu zuen 1638ko uztailaren 16an. Gertaera hura gogorazten du etxe horretako zurezko habean idatzitako testuak. Antza denez, Salbat Altzate Urtubik, Altzateko Jaunak, zuzenean parte hartu zuen bere herriaren erasoan.
Zelaia. Harri landuko baserria. Etxearen aitzineko aldeak eta bazterrak neurri bertsuak izatea deigarria da. Beheitiko solairuaren erdialdean gune zabal bat dago, garai batean bidezidorra izandakoa.[7]
San Migel zubia. Zubi horrek San Migel zubiko gudaldiaren testigu izan zen. 1813ko irailaren 1ean, bezperan Donostia erre ondotik, tropa frantziarrak ihesi zihoazela, Bidasoa gaineko zubi horretan borrokaldi latza izan zuten tropa ingelesekin. Gosea eta pobrezia handia utzi zituen borrokaldi hark hurrengo hamarkadan Bortzirietan.
Musikaren esparruan tradizio luzeko herria izan da Bera. Herrian jaiotako edo bizi izandako musikarien artean, aipatzekoak dira Isidoro Fagoaga (Bera, 1893 - Donostia, 1976) tenorra, Mikel Irazoki (M-ak, Bizkarhezurra, Miguel Bose...) eta Fernan Irazoki (M-ak, Fito y los Fitipaldis...) anaiak, Joseba Irazoki (Maixa ta Ixiar, Xabier Montoia band, Onddo, Do, On Benito...), Iñigo Telletxea eta Igor Telletxea (Xabier Montoia band, Anje Duhalde, Triki ta ke...) anaiak, Javier Perez de Azpeitia pianojolea, Petti bakarlaria, Xabier Erkizia (Gutariko bat, Voodoo Muzak, Café Teatro, Billy Bao...) soinu artista, Joseba B. Lenoir, Estitxu Pinatxo, Josu Goia kantaria, Beñardo Goietxe (Morau eta Agotak, Noise Hole, Mugaldekoak...), Mikel Etxegarai (Gutariko bat, Voodoo Muzak, Mengele Quartet, Bizarra..) eta abar.
Berako inauteriak: Hausterre asteazkenaren aitzineko egunetan ospatzen dira inauteriak:
Ortzegun gizena: Goizean haurrak ateratzen dira puska biltzea egitera zingar-arraultze eskean. Arratsaldean, aldiz, Inudeak eta artzainak dantzatzen ibiltzen dira.
Larunbata: Kaldereroen konpartsa.
Igandea: Inudeak eta artzainak konpartsa. Mutilak neskaz janzten dira, eta neskak mutilaz. Dantzariekin batera hainbat pertsonaia bitxi agertzen dira, musikariekin batera.
Astelehena: goizean Zingar-arraultze eskea egiten da baserrietan eta karriketan. Inauterietako egun handia.
Besta Berri eguna: Gorpuzti egunez prozesioa egiten da. Txistulariek Alkate soinua jotzen dute, Berako doinua, besta honetarako bereziki egina. Prozesioaren ibilbidean maindire bat zabaltzen da bidearen erditik, eta honen bazterretan iratzea zabaltzen da. Paretetan, aldiz, loreak eta adaxkak paratzen dira. Herriko bandera dantzatzen da egun horretan.
Ekobera: ekainean produktu ekologikoen azoka egiten da.
Sanesteban bestetako dantza (2014-08-03)Sanesteban bestak: herriko zaindariaren bestak abuztuaren 2tik 6ra arte izaten dira (abuztuaren 3a, Done Eztebe eguna). Musika, dantzak, herri kirolak, kukaina eta mota guzietako ikuskizunak izaten dira. Zaindariaren egunean, Done Ezteberen ohoretan meza nagusia izaten da, eta ondotik Berako bordon dantza eta makil dantza dantzatzen dira. 2018an, lehen aldiz emakume bat izan zen kapitaina, eta hark gidatu zuen bordon dantza.[12] Arratsaldean, berriz, Berako aurreskua.
Lurraren Eguna: urriko 4. igandean, Gure Txokoa Elkarteak antolatua, eskulangileak, gasna eta sagardo lehiaketak, bertako produktuen erakusketa, musika, dantzariak eta abar biltzen dituen besta eguna.
Olentzeroa: abenduaren 24an Olentzerori kantatzen zaio. Arratsaldean haurrak ateratzen dira Olentzero eta bertzelako eguberri-kantak abestuz. Ilunabarrean helduen txanda izaten da.
Urtezaharra
Glin-glan: Urtezahar arratsaldean, haurrak auzoz auzo ibiltzen dira, etxeko atarietan Glin-glan, glin-glan, duenak ez duenari eman kantuarekin eskean. Fruitu lehorrak, goxokiak, frutak eta abar botatzen dira leihoetatik.
Diostesalbea: Urtezahar ilunabarrean kopla kantuan ibiltzen dira urte zaharra agurtuz, eta urte berria opatuz.