Manuel Santa Kruz
Manuel Santa Kruz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Manuel Ignacio Santa Cruz Loidi |
Jaiotza | Elduain, 1842ko maiatzaren 23a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Buesaco (en) , 1926ko abuztuaren 10a (84 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa eta misiolaria |
Izengoitia(k) | Cura Santa Cruz eta Santa Kruz apaiza |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Karlistaldia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Erlijio-ordena | Jesusen Konpainia |
- Artikulu hau Apaiz karlistari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Santa Cruz».
Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi (Elduain, Gipuzkoa, 1842ko maiatzaren 23a[1] – Pasto, Kolonbia, 1926ko abuztuaren 10a), Santa Kruz apaiza izenez ezagunagoa (edo "Don Manuel"), apaiz eta gerrillaria zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorri xumekoa zen eta haurtzaroan umezurtz geratu zen. Amaren aldeko osaba baten laguntzari esker Gasteizko apaiztegian ikasi eta apaiztu zen. Apaizgai garaian bere izaera asaldatuak, indarrak, malgutasunak eta abenturazaletasunak nabarmendu zuten eta ez ikasteko zaletasunak. 1866an Hernialdera bidali zuten apaiz-lanetara.[2]
1868ko iraultzak Elisabet II.a Espainiakoa tronutik kendu eta gutxira, Santa Kruz karlismoaren aldeko propaganda aktiboa egiten hasi zen. 1870eko urriaren hasieran arrazoi horrengatik atxilotu zuten, baina urriaren 6an Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. 1872ko apirilean Bigarren Karlistaldia hasi zenean, muga igaro eta talde batean kapilau sartu zen. Ahalegina porrotean bukatu zen eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen. Ez zuen Zornotzako ituna onartu eta abuztuan muga zeharkatu zuen, oraingoan taldeburu gisa. Aramaion berriro atxilotu eta berriz ere ihes egitea lortu zuen, era harrigarrian. Ordu askoz ibai batean urperatuta eta kanabera baten bidez arnasa hartzen zuela[3]. Ipar Euskal Herrian babesa lortu. 1872ko abenduan muga berriro igaro zuen, eta 50 laguneko taldetxoa bildu zuen.
Garai horretan bere aldarrikapen ospetsua egin zuen, zeinean bere konfiantzazko gizonak aipatu eta bere goiburua azaldu zuen:
« | "Yo hago mi guerra. Yo tengo mis hombres: capellán, don Valero; ayudante, Albistur; guía, Luxia; secretario, Caperochipi; sargento, Arbelaiz; chistulari, Zabalo; tamborrero, Toloxa; Yo tengo mi lema: Viva la Religión, Vivan los Fueros".[4] | » |
Bere taldea Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan aritu zen borrokan eta Santa Kruz berehala karlismoaren buruzagi agerikoenetako bat bihurtu zen. Mikeleteak etengabe segika zituelarik, zutabe liberalen aurkako segada batzuk burutu zituen. Ospetsu egin zen batez ere bere ausardia eta balentriengatik, baina baita bere ankerkeriagatik ere. Bere izenak lilura baino gehiago izua sorrarazten zuen. "Zentzagarri" gisa gizon zein emakumeak makilatu ohi zituen eta eraikin batzuk erre zituen (kasurik ospetsuena Beasaingo tren geltokiaren erreketa izan zen).
Bere jokaera askea zela-eta gatazkak izan zituen karlismoaren buruzagi militarrekin eta hauek haren aurkako neurriak hartzea erabaki zuten. Begitan hartu zuen Antonio Lizarraga jeneralaren aginduz gerra-kontseilua egin zioten eta heriotza zigorra jaso zuen, nahiz eta handik lasterrera indultua eman zioten.[5]Hori baino lehen, 1873 urtarrilean Aian jazo zen guduan, Lizarragak ez zion laguntzarik bidali.[4]
1873ko apirilean Juan Egozkue bere taldeko komandantea fusilarazi zuen. Bere ekintzen zigorgabetasunak harrotuta, bando bat diktatu eta ezagutzera eman zuen, zeinaren arabera berak emandako ibiltzeko baimenik izan ezean, Gipuzkoatik zehar mugitzea galarazten zen. 1873ko ekainean "Endarlatsako gertaerak" edo "Endarlatsako fusilamenduak" izenez ospetsu diren gertakariak jazo ziren. Iturri batzuen arabera (Joaquin Vicianak, zehazki), Santa Kruzek bizirik uztearen truke errenditu ziren 28 karabinero fusilatzeko agindua eman zuen.
Hala ere, ez da falta izan hori guztiz gezurtatu duenik, hala nola Eladio Espartzak zein Orixek, azken hori Jaime Orben oinarrituz. Horien arabera, errenditzeko bandera atera ondoren, karabineroak tiroka hasi zitzaizkion Santa Kruzen miliziari.[6] Gertakarion inguruko polemikak hurrengo hamarkadetan jarraitu zuen, eta Santa Kruzen alde irten ziren autore batzuk. Egun, karabinero horien omenezko oroitarri bat dago, 42 hildakoren kopurua zehaztuz.[7]
On Karlosek kargugabetu zuen, eta armada liberalaren zein karlistaren jazarpena zela eta, borroka utzi eta 1873ko uztailean muga berriz zeharkatu zuen. Irailean berriro Gipuzkoara itzuli zen, Lizarragak bere gizon batzuk fusilatu zituela jakin ostean. Talde berri bat osatu zuen, eta artilleria pieza batzuk ere lortu zituen. Aritxulegin zuen gotorlekua baina ez zen luzaro izan, abenduan behin betiko atzerriratu zen, lehenengo Frantziara (Nantes eta Lillen) eta gero Ingalaterrara.[8] Santa Kruz Jesusen Konpainian sartu eta misiolari aritu zen Jamaikan eta Kolonbian, azken herrialde horretan hil zen arte.[9]
Balorazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Santa Kruz apaizaren ospea ia berehalakoa izan zen eta azken karlistaldiko pertsonaia ezagunenetakoa da. Harrez geroztik hari buruzko dozenaka artikulu eta liburu idatzi dira. Gehienek Santa Kruzen balorazio negatiboa egiten dute, bere ankerkeria nabarmenduz. Bakan batzuk, aurrekoa ukatu gabe, irakurketa orekatuagoa egiten dute. Hona hemen aipatu bi ildoen adibide bana:
Espasa-Calpe entziklopedian egin zuten biografian Santa Kruz apaizaren izaera eta jokabideak horrela baloratu zituzten:
« | (Gaztelaniaz) "Aquel hombre singular, cuya silueta moral sería aún muy difícil trazar imparcialmente, tan contradictoriamente se le ha juzgado, dio pruebas en la última guerra carlista no sólo de valor y crueldad, sino también de una sangre fría, astucia y serenidad que le permitían salir con bien de los mayores peligros. Varias veces estuvo prisionero y condenado á muerte; pero la fertilidad de su imaginación y sus fuerzas físicas burlaron siempre la vigilancia de sus carceleros. Y, sin embargo, este hombre, todo acción, de impetuosidad casi salvaje, de extraordinaria dureza de sentimientos, fué después modelo de religioso, y su último pensamiento fué para la patria, á la que, sin duda, había creído servir fielmente". | » |
Pio Barojak Zalakain abenturazalea eleberrian (1908) Santa Kruz apaizaren taldearen anekdota batzuk kontatzeaz gain, haren deskribapen fisikoa eta balorazio negatiboa ere eman zuen:
« | (Gaztelaniaz) "Era un hombre regordete, más bajo que alto, de tipo insignificante, de unos treinta y tantos años.(...) Llevaba la boina negra inclinada sobre la frente, como si temiera que le mirasen a los ojos; gastaba barba ya ruda y crecida, el pelo corto, un pañuelo en el cuello, un chaquetón negro con todos los botones abrochados y un garrote entre las piernas. (...) tenía algo de esa personalidad enigmática de los seres sanguinarios, de los asesinos y de los verdugos; su fama de cruel y de bárbaro se extendía por toda España. Él lo sabía y, probablemente, estaba orgulloso del terror que causaba su nombre. En el fondo era un pobre diablo histérico, enfermo, convencido de su misión providencial". | » |
Taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pio Barojak 1924ko Divagaciones Apasionadas liburuan taldeko kideen zoria azaltzen du:
- Francisco Arbelaitz, ezizenez Praxku Bordagaraiko, Montserrat jeneral karlistak fusilatu zuen. Hala ere, Auñamendi Eusko Entziklopediak dio Santa Kruzek fusilatu zuela Endarlatsan.[10]
- Esteban Indart, ezizenez Lasalako turutajolea, karlistek fusilatu zuten.
- Oilarra, Ramon Cabrera gerrillari karlistarekin bat egin zuen Alfontso XII.aren alde.
- Jose Ramon Garmendiak, ezizenez Lazkaoko ikaslea, Frantzian bizitzen bukatu zuen.
- Portuetxe Parisen apaiz bihurtu zen.
- Kaperutxipi Argentinara erbestetu zen.
- Arroxko pilotari bihurtu zen.
- Lechugino Beran (Nafarroa Garaia) bizi izan zen.
- Juan Egozkue, Santa Kruzek fusilarazi zuen 1873ko apirilean.
- Soroeta guduan hil zen.
- Frantzisko Maria Aranburu Mendiaratz, ezizenez Beltza (Beasain, Gipuzkoa, 1838ko abenduaren 20a – ?) Pio Barojak desagertutzat eta liberalek hiltzat emana bazuten ere, haren senideek Frantziatik itzulita Bizkaian bizi izan zela diote.[11]
Auñamendi Eusko Entziklopediak beste kideen zoriaz honako hau dio:[10]
- Jose Zeberio, ezizenez Xendoia, bertsolaria liberalek harrapatu eta gero Cadizen preso egon zen.
- Orkaiztegi, Santa Kruzen aholkularia izan zen.
Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1909an, Ramon Maria Valle-Inclanen Gerifaltes de antaño. Vol. III. La guerra carlista argitaratu zen, zeinean Santa Kruz apaiza protagonista den.
- 1918an, Pio Barojaren El cura Santa Cruz y su partida argitaratu zen.
- 1928an, Gaëtan Bernovilleren La croix de sang. Histoire du curé Santa Cruz argitaratu zen.
- 1928an, Julio Urkixoren La cruz de sangre. El Cura Santa Cruz. Pequeña rectificación histórica (a G. Bernoville) argitaratu zen.
- 1928an, Juan Olazabal Rameryren El cura Santa Cruz, guerrillero argitaratu zen.
- 1929an, Nikolas Ormaetxea Orixeren Santa Kruz apaiza eleberria argitaratu zen.[12]
- 1990ean, Jose Maria Tudurik Santa Cruz, el cura guerrillero filma egin zuen.
- 1992an, Junes Casenavek Santa Kruz güdülari pastorala idatzi zuen.
- 2008an Bizardunak musika taldeak "Santa Kruz Apaizaren Kondaira" deituriko abesti bat publikatu zuten "Bizardunak" deituriko diskoan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen iturrietako bat Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa da.
- ↑ La Constancia, 1926, "El Cura Santa Cruz"
- ↑ Espasa-Calpe, 1927, 183 orr.
- ↑ Estornés, Idoia, "Santa Cruz Loidi, Manuel Ignacio", Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ a b Estornés, Idoia, op cit., Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ Espasa-Calpe, op cit., 184 orr.
- ↑ Aizpurua, Eneko. (2021). Bidasoan gora. Elkar, 97-100 or. ISBN 978-84-1360-000-0..
- ↑ «Bidasoaren azpietan alderrai» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-28).
- ↑ Espasa-Calpe, op. cit, 184 orr.
- ↑ Aita Karlos Arrizabalaga misiolariari eginiko elkarrizketa, Noticias de Gipuzkoa, 2006-07-09.
- ↑ a b «Santa Cruz Loidi, Manuel Ignacio», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Francisco María de Arámburu Mendiaraz (Beasaín, 1838)», Bustinza.com.
- ↑ Nikolas Ormaetxea Orixe (1929): Santa Kruz apaiza. Klasikoen Gordailuan online eskuragarri.
Bibliografía
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Espasa-Calpe (1927), "Santa Cruz (Manuel)", Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo-Americana, LIII. liburukia, 183-184 orr..
- Estornés Zubizarreta, Idoia: "Santa Cruz Loidi, Manuel Ignacio", Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- Melgar, Francisco Martín (1940): "Capítulo XIII: El cura de Santa Cruz", in Veinte años con Don Carlos: Memorias de su secretario, el Conde de Melgar, 81-84 orr..
- Zavala Fernandez de Heredia, Luis [et al.] (2018): El cura Santa Cruz. Nuevos datos y cartas inéditas del Archivo de la Casa de Zavala, Etor-Ostoa S. L.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Nuñez (2007-01-12): «El cura Santa Cruz, en imágenes», Diario Vasco.
- (Gaztelaniaz) "Los Fusilamientos de Endarlaza: Crónica de un Desastre Anunciado", Hechos, Anécdotas y Relatos de Las Guerras Carlistas, http://mikelatz.blogspot.com.
- (Gaztelaniaz) "Grandes guerrilleros II; el fundamentalismo anárquico del cura Santa Cruz, soulguerrilla.com
- (Gaztelaniaz) Góngora, Francisco (2016-06-28): "La rocambolesca huida de Aramaio del guerrillero cura Santa Cruz", El Correo.