Artikulu hau Santutxuko ikastolari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Karmelo ikastetxea (Donostia)».

Karmelo Ikastola IPI Bilboko Santutxu auzoko ikastetxe publikoa da, 1964. urtean sortua. 2 urtetik 16 urtera arteko hezkuntza eskaintzen du, euskara hutsean. Ia 700 ikasle ditu, gaur egun, eta bertan 100 langiletik gora aritzen dira.

Karmelo ikastola
Kokapena
Koordenatuak43°14′55″N 2°54′49″W / 43.24854323°N 2.91368013°W / 43.24854323; -2.91368013
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1964
Kontaktua
HelbideaSan Joakin, 2.
Webgune ofiziala

Hezkuntza-eredua

aldatu

Ikastetxe publikoa

aldatu

Karmelo Ikastola oso errotuta egon da Santutxun, sortu zen egunetik bertatik. Auzoko hainbat ekimen kulturalen sortzaile edo sustatzaile izan da: Inauteriak, Santa Ageda, Euskararen Astea, Korrika, Olentzero[1]

Horrekin batera, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko apustua egin zuen hasieratik. 1994az geroztik eskola publikoa da Karmelo[2].

Euskalduna

aldatu

Euskal kultura eta euskara transmititzeko konpromisoa hartu zuten Ikastolako sortzaileek, eta konpromiso hori gaur egunera arte mantendu du ikastetxeko hezkuntza-komunitateak, hezkuntza-proiektuaren ardatz nagusi bihurtuz.

Integrala

aldatu

Karmelo Ikastola Ikastetxe Publiko Integrala (IPI) da: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen ditu, 2 urtetik hasita eta 16 urtera arte. Norberaren banakotasun eta berezitasunetatik abiatzen da proiektua, izaera desberdinak onartzeko eta genero bereizketatik kanpo aritzeko. Kontzientea den proiektu hezitzailea izan nahi du: aukera berdintasunean eta neska-mutilen arteko parekidetasunean oinarritua, pertsona askeen garapen integrala helburu duena.[3]

Historia

aldatu

Ikastolaren sorrera (1964)

aldatu
 
Karmelo ikastolaren sortzaile taldea: Gabino Azaola, Jose Luis Kerexeta, Joseba Arrieta eta Iñaki Zabala (ezker-eskuin).[4]

1964an Santutxu auzoko guraso-talde batek, haien seme-alabak euskaldundu eta euskaraz hezteko asmoz, ikastola bat sortu beharra zegoela erabaki zuten. Euskararentzako oso garai latzak zirela kontuan izanda, auzoko karmeldarren komentuaren babesa eskatu zuten, eta bertan ezarri zen klandestinoki egoitza, gela batean, adin desberdinetako 15 haurrekin.

1968an aritzeko baimena eman zion Espainiako Gobernuak, «euskarazko irakaskuntza gehigarria» eman zezakeen eskola pribatu gisa[5], eta «Colegio El Carmelo» izenarekin. Gurasoek kooperatiba bat sortu zuten, eta auzoko norbanakoen eta elkarteen laguntza ekonomikoari esker biziraun zuen ikastolak.

1964an sortu zutenen artean zeuden Joseba Arrieta, Joxe Luis Kerexeta, Iñaki Zabala, Josu Meabe eta Gabino Azaola, baita familia hauek ere: Kerexetatarrak, Arrietatarrak, Basterratarrak (Juanjo, Martin, Joseba…).

Zatiketa (1977)

aldatu

Karmelo elizako lokalak txiki geratu ziren, urteak pasa ahala, eta ikastolak eraikin berri bat behar zuela nabaria zen; ikastolako guraso batek, Iñaki Azaola eraikitzaileak, Torre Gorostizaga kaleko lokal batzuk emango zituen, bertan ikastola kokatzeko. Aldi berean, Barne Eraketarako Arautegi berri bat lantzeko asanblada sortu zen ikastolan, 1976an. Arautegi honen inguruko eztabaida piztu zen, eta hainbat desadostasun gertatu ziren asanblada osatzen zuten gurasoen artean. Horien kausaz, bi aurreproiektu kontrajarri mahairatu ziren, guztiz bateraezinak, eta egoera erabat garraztu zen. Ondorioz, ikastolako gurasoak bi taldetan banatu ziren, eta zatiketa gertatu zen. Ikastolatik joandako taldean zegoen Azaola jauna, eta, horrela, lokal berririk gabe geratu zen ikastola[6]. Zatiketaren ondorioz sortutako beste ikastolak Kirikiño ikastola izena hartu zuen 1977an[7].

Ikastola berria (1978)

aldatu

Premia larria zen, eta gurasoek zeru-lurrak astindu zituzten lokal berrien bila. Santutxu bezalako auzo populatu betean ez zen lan makala izan, baina azkenik, Fika eta Menendez y Pelayo kaleak hartzen zituen etxebizitza-eraikin bateko etxabeak erosi zituzten, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako, eta Remigio Gandasegiko beste batzuk, Haur Hezkuntzakoentzat.

Ikastola barneko eraikuntza auzolanean egin zen, musutruk eta elkarlanean arituz. «Oso gogorra izan zen. Arratsaldeko 7etan batzen ginen, lanetik irten ostean; izugarri lan egin genuen ikastola eraikitzeko» Jose Luis Kerexetaren esanetan, sustatzaileetako bat. Ahalegin ekonomikoa ere, izugarria izan zen; izan ziren etxea hipotekatu zutenak, beharrezkoak ziren kredituak lortzeko. Azkenean, 1978an estreinatu zen ikastola berria.

Izen-aldatzea eta publifikazioa (1994)

aldatu

Urte luzez «Cooperativa de Enseñanza Colegio El Carmelo» izena mantendu ostean, gaur egungoa («Karmelo Ikastola») eskuratzea lortu zuen, 1989an.[8] Euskal Eskola Publikoaren aldekoa zen ikastolako hezkuntza-komunitate osoa; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zehar hainbat mobilizazio eta manifestazio antolatu zituzten, lehendabizi Eskola Publikoaren aldeko lege berria eskatuz, eta, ondoren, Karmelo Ikastola sare publikoan txertatzeko. 1994an egin zen publiko, azkenik[2]. 1998an, Solokoetxe auzoan dagoen Bigarren Hezkuntzako «Solokoetxe» Institutuari izena aldatu eta «Karmelo Ikastola-Solokoetxe» bihurtu zen.[9]

Lekualdatzea (2014)

aldatu
 
Karmelo Ikastolako 3 eraikinak: Remigio Gandasegi kalean, Menendez y Pelayo kalean, eta Solokoetxen.

Ikastolako lokalak, baina, zaharkituz joan ziren, eta ez zieten ikastetxearen beharrei erantzuten. Gainera, Karmeloko ikasleak hiru eraikinetan zeuden sakabanatuta: Haur Hezkuntzakoak Remigio Gandasegi kaleko lokaletan, Lehen Hezkuntzakoak Menendez y Pelayoko etxabeetan, eta Bigarren Hezkuntzakoak Solokoetxen. Aspaldikoa zen eraikin berri baten aldarria: ikastolako gurasoen artean bazegoen alboko orube batzuk erabiltzearen aldeko eskaria[10], baina Jaularitzaren aldetik ez zegoen erantzun garbirik. 2003an hartu zuen konpromisoa eraikin berri bat lortzeko[11], baina asmo hori ez zen egikaritzen[12].

Orduan ere, mobilizazio eta manifestazio ugari egin ziren, bereziki Jaularitzaren asmo berria jakin zenean: Mina del Morro-Larreagaburu HLHI eskolarekin fusioa. Honek ezinegon handia sortu zuen gurasoengan; gainera, sortzen ziren proposamen alternatiboek ez zuten erantzunik jasotzen Administraziotik.[13]

2014an, ikastolaren sorreraren 50. urteurrenarekin batera Karmelo Ikastola eraikin berri batera lekualdatu zen[14], San Joakin kalera hain zuzen, Mina del Morro-Larreagaburu HLHI eskolaren ondoan, eta bertan, ikastetxe integral (IPI) bihurtzeko aukera azaldu zen: haur eta lehen hezkuntzaz gain, bigarren hezkuntza ere eman ahal izango zen, bi lerrotan.[15]

Mina del Morro-Larreagaburu (2023)

aldatu

2019an 2 urteko gelako matrikulaziorik ez egitea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, Mina del Morro-Larreagaburu HLHI eskolan. Hurrengo ikasturtean gauza bera egin zuen 3 urtekoarekin.[16] Eskola ixteko lehenengo pausuak ematen ari zirela salatu zuten bertako guraso eta irakasleek, eta horren aurkako hainbat manifestazio egin ziren, auzoko ikastetxe publikoek antolatuta.[17] Jaurlaritzak, azkenik, eskola itxi eta Karmelo Ikastolako DBH eraikin bihurtzeko erabakia hartu zuen. 2022-23 ikasturtean gauzatu zen lekualdatzea. Honek 3. lerroaren sorrera ahalbidetu zuen, Lehen Hezkuntzan.

 
DBH eraikineko patioa

Karmelo ikastola kulturaren alde (1964-1989)

aldatu

Karmelo Ikastolan, irakaskuntza ofizialaz gain, beti izan da kezka berezia kulturarekin eta, zehazkiago esanez, euskal kulturarekin zerikusirik duten arloak lantzeko. Hori dela eta, bertako ateak betidanik egon dira zabalik, kulturaren arloan lanegin nahi izan dutenentzat, horretarako lokalak eskainiz. Ondorioz, izan dira zenbait talde ikastolan egonkorki lanean jardun dutenak, besteak beste, hemen aipatzen direnak.[18]

Kirol-saila ikastolan

aldatu

Kirola beti izan da gure Ikastolaren eginahal kolektiboaren esparruetariko bat. Hasiera batean gehien landutako arloak futbola eta pilota izan ziren.

1979az geroztik beste bi kirol-mota berri lantzen hasi ziren: Eskubaloia eta saskibaloia. Neska-mutil gehiagoren partaidetza eragiteaz gainera, bi kirol hauen bidez beste ikastegi euskaldun nahiz erdaldunekiko harremanak zabaldu ziren; ez soilik jokalariei dagokienez, gertatzaile eta zaletuei dagokienez ere bai.

Eskubaloiko neskak Euskal Herriko txapelketan zenbait aldiz garaile izan dira.

AEK ikastolan

aldatu

Santutxun helduentzako euskara-irakastaldiak Karmelo ikastolarekin batera hasi ziren, hau da, 1964an, izan ere, euskarazko ikastaldi haiek ikastolako gurasoen euskalduntze-beharrari erantzuteko ematen baitziren. Helduentzako euskara-irakastaldiak ikastola inguruan mugitzen zen jendeak sortu zituen hasieran. Geroago jende berria sartu zen, eta 1972an beste gau-eskola batzuekin koordinatzen hasi ziren. 1977. urtetik aurrera AEKko talde batzuek ikastolaren lokaletan jardun zuten. Santutxuko AEKren arazo larrienetako bat lokalen falta zen, eta ikastolak lagundu zuen arazo hori konpontzen. 1989an AEKko Irakasleak 28 ziren eta ikasleak 500 inguru. Horietako 57k Karmelo Ikastolako lokaletan egiten zituzten beren ikastaldiak.

Txistulariak

aldatu
 
Santutxuko txistulariak 1989an

Jesus urte askotan zehar ibili zen txistu-irakastaldiak ikastolan ematen 1984tik edo. Lehenengoz ikastola zaharrean egiten zuen, Lejarza eta Eukeni-rekin. Gero berak bakarrik, eta noizean behin baten bat joaten zen. Ikasle kopurua 35etik 40ra bitartekoa izaten zen. Urtero ibiltzen Santutxun txistuaren soinuaz bazterrak alaitzen; adibidez Agate Deuna egunean, Olentzero, Ihauterietan... Egun horietan bereziki biltzen ziren auzoko beste txistulariekin, auzoari ohiturak eta kultura irakasteko asmoz. eta kalez kale ondo pasatzeko ere, noski.

Euskeria abesbatza

aldatu
 
Euskerie abesbatza (1989)

Ikastolan kantatu ere egiten zen. Haurrei asko gustatzen zaie abestea. Hala ere, gurasoen artean ere zaletasuna zegoenez 1978an Euskeria abesbatzari sortu zuten, handik eta hemendik ibilitako abeslariekin. Hogeita bostek edo osotzen dute taldea eta ikastolan egin izan dituzte beti entsaioak, astean bi bider. Herriaren ahots apala izateko sortu zuten. Horrela, Amnistiaren aldeko batzordeen hainbat ekintzatan hartu izan zuten parte (Olentzero eta Santa Ageda, diru-bilketa) eta auzo-elkarteak eskatuta ere,.. Bide honetatik kanta ezagun batzuei letra berria ipini diegu.

Santutxuko bertsolari-eskola

aldatu
 
Santutxuko bertsolari-eskola (1989) Karmelo ikastolan

Santutxuko Bertsolari-Eskola 1979-80 ikasturtean sortu zen, lehenago emandako euskarazko ikastaro batzuen ondorio modura. Lagun-talde batekoek, alfabetatu eta euskarazko tituluak ateratzeko ikastaroak egin ondoren (orduan "titulitisaren" kalentura baitzebilen), euskararen burokrazia alde batera utzita, euskara erabiliz zerbait praktiko, interesgarri eta jolasgarri egin behar zutela pentsatu zuten, eta garai hartan zenbait urteren isilaldiaren ondoren egin zen Bertsolari-Txapelketak, ideia ezin hobea eman zien. Zergatik ez hasi bertsogintzaren arloan lan egiten? Pentsatu eta egin. Harrezkero irekirik eduki zuten beren Bertsolari-Eskola, horretarako Karmelo Ikastolako lokalak beti laguntasun osoz baliagarri izan zielarik.

Era desberdinetako lanak egin zituzten tarte hartan. Bertsoen teknika irakasteko irakastaldietatik hasi, saio praktikoetatik pasatuz, hainbeste jaialditan parte hartuz. Eskola hori nagusientzako bertsolari-eskolen bide-urratzaile izan zen, eta gero hainbeste eskola sortu ziren bide beretik. Berrogeita hamar lagunetik gora ziren eskolatik pasatutakoak. Horien artean asko eta asko bertsolari izaten ikasi dute, baten bat finalista izatera ere iritsiz. Ikastoletako irakasleentzako ikastaroak eman ditugu, eta pozez esan dezakegu, Bertsolari-Eskolen eraginez, Oinarrizko Heziketa Orokorrean bertsolaritza aztertzeko ohitura sartu zen. Ez da beraz, fruitu gutxi! Dena den, Santutxuko Bertsolari-Eskolaren helburu nagusia ez zen bertsolari profesionalak sortzea, bertsoak egiten ondo pasatzea eta bertsozaletasuna zabaltzea baizik. Bai Santutxun eta bai Bilbo osoan ere. Horregatik, geroago Bilbo inguruko bertso-saioen antolatzaile bihurtu ziren: Udaberriko Saioak, Aste nagusiko Saioak, San Tomas eta Ihauterietakoak, eta abar. Edozertara, Santutxukoak izanik, auzategian ahalegin berezia bideratzen zuten, hilero bertako Herriko Tabernan bertso-saioa antolatuz, bertatik Euskal Herri osoko bertsolariak pasatuz doazelarik, eta auzoko ekitaldietan parte hartuz.

Horretarako, nahitaezkoa izan zen Karmelo Ikastolak emandako laguntza, bere ateak zabalik utziz.

Karmelo Ikastola, auzoa euskalduntzeko etxez etxe sortutako proiektua (1964)

aldatu

Karmelo Ikastolak oso argi izan du beti, Santutxu euskalduntzeko jaioa izan zela. 1964an guraso ausart batzuk etxerik etxe haurren bila aritu ziren; andereño batek ume sorta bat hartu eta fraide karmeldarren gela ilun batean ibilbide luze honi ekin zion. Ikastolak gaur egun duen indarra ikusirik, nekez soma daitezke jasandako oztopoak eta gainditu beharreko hamaika traba, iragan ilun hark inposaturikoak. Hala ere, askoren gogoan dira oraindino, oztopo, traba eta bestelako guztien gainetik izan den ilusio biziak itxaropen euskalduna eskaintzen baitio Santutxu auzategiari.

 
Itziar Zarraonaindia

Gurasoek adarretatik hartu zuten zezena eta arrisku guztiak baztertuz, dozena bat haur bildu zuten ikastola izango zen hori sortzeko. Bilbon zegoen erreferentzia bakarra Elkano kalean, Julita Berrojalbiz-ek martxan jarritakoa, hain zuzen. Gogoan du lehenengo andereñoak, Itziar Zarraonaindia bera, lehenengo egunean Julita etorri zitzaiela goxoki piloa hartu eta ikastola berriko umeei bisita eginez, andereñoa animatzera eta bere laguntza eta esperientzia apurra eskaintzera. Hasierako andereñoek gogoan dute, halaber, irakaskuntzarako baldintza nahikorik eskaintzen ez zuten ikasgela haiek; bai eta inspektore, polizia eta guardia zibilen bisitak ere. Kontutan izan behar da, hasierako urteetan "modu alegalaz" sortu zirela ikastolak: ez lege-arautegirik, ez baimen ofizialik, ez ezer. Indarrean egoteak, sortu eta bizirik irauteak, eman zien ikastolei behar zuten legitimitatea. Derrigorrezkoa gertatu zitzaienean, onartu beharrean aurkitu ziren agintari frankistak. «Esaten zigutena zen —gogoratzen zuten orduko protagonistek— zuek bost ordutan erdaraz eman behar duzue eta, nahi izanez gero, ordu bakar bat euskaraz, eskola-orduetatik kanpo».

« Baldintza politikoak pairatu beharreko zama astuna ziren. Inspektorea zen mamua. Inoiz Espainiako himnoa ez jakiteagatik zigortuak izan ziren Karmeloko haurrak. Zelan ahantzi hori, zelan ez gogoan izan bandera eta mapa espainolaren presentzia? Zelan ez gogoratu, karpeta bi eduki behar zituztela beti, egiazkoa bata, euskarazko materialaz hornitua, eta inspektoreari erakustekoa bestea, dena erdaraz? Haurrek ere ba zuten horren kontzientzia, eta inspektorea agertzen zen bakoitzean, ezkutatu egiten zuten euskarazkoa. »


Buru-belarri ilusioz beteriko lanean

aldatu

Hala ere, aipaturiko eragozpen guztiok ez zuten inoren ilusioa indargabetu. Lehenengo boladako andereño gazteek, 18 urte besterik ez baitzuten batzuek, magisteritza-eskolatik irten eta zuzenean irakastaldiak ematen jarri ziren, Xabier Peña-k egindako alfabetatze-ikastaroaren ostean,

« Uste genuen, ikastolok gizarte osoa aldatu behar zuela ikastolak oso garrantzizkoak zirela eta gu... ia-ia superjainkosak ginela. Ilusio horrekin eta hori sinistuta, lan piloa egin genuen.

Ikastolak heziketa-modu berria planteatzen zuen. Pedagogia berriaren premiaz jabeturik, bide berriak urratzen aritu ziren. Gurasoekiko harremanak estuak ziren, horixe baitzen ikastolaren berezitasunetariko bat. 18, 19 urte genituen eta adin horrekin mundua jan behar duzula uste duzu; eta guk ere horixe uste genuen

»

—Tere eta Errose andereñoek

 
Xabiertxo (1925, Ixaka Lopez). Aranburu jauregia, Tolosa. Gipuzkoa, Euskal Herria.

Hasiera hartako andereñoak izan ziren hauek: Bego Uriarte mundakarra, María Luisa Markuerkiaga ondarrutarra,[18] Mari Tere Asua Zabala galdakoztarra, Tasio Erkizia lesakarra...

Ikastolakideen ahalegina ez zen makala izan. Kontutan hartu beharra dago, Xabiertxo izeneko irakurketa-liburuaz aparte, ez zegoela inolako materialik euskaraz prestaturik. Horrek esan gura zuen, ikastolatik kanpo ere lanean aritu behar izaten zirela andereño eta gurasoak. Bizkaia mailan koordinakunde txiki bat osatu zen eta astero biltzen ziren, apurka-apurka materiala prestatuz joateko. Hainbat eta hainbat asteburu lan horretan eman zutela, irribarrez gogoratzen dute orain. 1969.ean, esaterako, hiru urtetik gorako haurrentzako materiala prestatzeko, Euskaltzaindian biltzen ziren Bizkaiko andereñoak. Taldea ez zen oso handia, baina bai emankorra.

Gurasoek oso zeregin garrantzizkoa izan zuten ikastolaren bilakaeran. Ikastolak zorte handia izan zuen sortu zen garai hartan; nahiko ardura baitzegoen pedagogiari dagokionez irakasleen artean, gizartearen geldiezina pil-pilean sumatzen zen ikastoletan eta mugimendu pedagogiko berri baten eredu izan ziren. Irakasleak herrialde mailan koordinatu eta Gipuzkoakoekin batera elkartzen hasi ziren. Dena den, Katalunian indar handiagoz ari zirelarik, ugariak izan ziren harantz egindako bisitaldiak. Nahiz eta kanpotik zeuden esperientziez baliatu, ikastolan arazo bat zuten, inork konpontzen ez ziona, eta hizkuntzarena zen. Arazo estra ondokoa zen, haur gehienak erdaldunak zirela eta euskaldundu egin behar zituztela. Beraz, nahiz eta kanpotik ideiak hartu, guzti hori gero moldatu eta ikastolen mundura sartu behar izaten zuten. Jakin ondo zekiten, ilusio horiek faltsuak zirela zenbait mailatan, baina horrek garra sutan mantendu zuen.

Apustua bikoitza zen ikastolan

aldatu

Ikasgaiak ere, buruhauste nahiko ekarri zien. Kontutan hartu beharra dago, merkatuan zegoen materiala desegokia bazen, hori ez zela soilik erdaraz argitaratuta zegoelako, edukiek ere guztiz baldintzatzen baitzuten guztia. Apustua beraz, bikoitza zen. Umeak ahalik eta ongien prestatu behar izaten zituzten, bezeria agor ez zedin. Baina bestalde, Ikastolatik atera eta Bilboko Institutuan aritzeko prestatu behar izan zituzten.

Edukien aldetik, gauzak erabat aldatu behar izaten ziren goi mailetan, Institutuan gainditu beharreko azterketa horri begira. Andereñoek aitortzen dutenez, uste baino emaitza hobeak izan zituzten hasierako urte haietan.

Leku egokiaren bila

aldatu
 
Karmelo ikastolako instalazioak (Menendez Pelayo kalea, 1989)

Karmelo Ikastolak hasieratik izan zuen kokatze fisikoaren arazoa. Etxez etxe ibili behar izan ziren. Karmelotik irten eta etxe partikular batean aritu behar izan ziren hasieran. Karmelora itzuli eta gero, Travesía de Iturriagako etxepe batetan sartu behar izan ziren geroago, ikasle berriak etortzearekin espazio handiagoaren premia zuten eta. Ume asko zegoenez gauez mahaiak barruan sartzen zituzten, eta gelak etxe barruko patio txiki batetara jotzen zuenez, egunez leihoa ireki eta bertara atera behar izaten zituzten mahaiak, haurrak sartu ahal izateko; bestela haurrak ez ziren kabitzen.

Kontzienteak ziren, auzoari ezin zitzaizkiola lokalak eskatu, baina,.. ba zen ikastola sortu zutenen artean lanez etxegilea zen bat, eta hark, egindako eraikuntza baten etxe-azpia utzi zien, prezio sinbolikoan, dohainik praktikan. Ez zen beste munduko gauza lokal hura, baina gutxienik une hartan bazuten umeak babesteko adinakoa bai.

Denbora luze eman zuen ikastola lokal haietan, txiki geratu ziren artean. Orduan Gabino Azaola-k, bera baitzen aipaturiko etxegilea, Goialde izeneko etxea eskaini zuen. Hasieran andereñoen bizileku izan behar zuen hura, eskolaurrerako dedikatu zen. Eta handik gutxira, ikastola leku faltaz laster itotzen hasi zenean, Azaola-k eraikitako eraikuntza berri batetan behar moduko ikastola bat prestatzen hasi ziren. Garai horretakoa da ikastolakideen banaketa, 1977ko ekainean. Eboluzioaren arauak agindu bezala, ideia desberdinak sortu ziren ikastolako partaideen artean. Batzuek izaera publikoaren aldeko apustua egin eta besteek bestelako jarrera erakutsi, bertan etorri zen apurketa. Gurasoetariko erdiak baino gutxitxoago, ikastola berrira pasatu ziren, eta horrela Kirikiño Ikastola sortu zen. Beste erdiak baino gehitxoago, irakasle guztiak lagun zituztelarik, lokal zaharretan geratu ziren, eta uda osoan buru-belarri lan egin zuten, ikasturte berrirako gaur eguneko Karmelo Ikastola berri bat eraikitzea lortu zuten arte.

Auzoa euskalduntzeko sorturiko ikastola

aldatu

Arestian esan bezala, Karmelo Ikastola Santutxu auzategia euskalduntzeko sortua zen eta, horren premia oraindik ere agerikoa den arren, emaitzak nolanahikoak ez direla aitortu behar zaie, bertan su eta gar ari diren guztiei. Hainbeste ekintza auzoari begira eginak izan dira. Edozein lan egin behar zenean, auzoko jendea hurbiltzen zen laguntzera, baita gauzarik sinpleenetan ere.

Karmelo Ikastolak gazte-mugimendu oso bat mugi erazi zuen hizkuntzaren alde, auzoa euskalduntzeko ahalegin horretan, Hasierako urteetan sartzen zen ikaslegoaren % 3a besterik ez zen euskaldun. Hiru gela antolatu eta bakoitzean bat edo bi baino ez ziren euskaldunak. 1989an, aldiz, 50 ume hartu hartu bi gelatan banaturik: Bata haur euskaldunez osoturik zegoen eta bestean, berriz, erdia haurtzaindegi euskaldun batetara joandakoa zen, eta zertxobait ulertzen zuen, beraz. Horrek argi eta garbi esan nahi du, Karmelo Ikastolak arrakasta izan zuela bere bilakabide horretan. Egia da, dena den, hori ez zuela ikastolak bakarrik lortu, hor egon baitzen urteetan zehar Gau Eskola, eta horrek ere izugarrizko lana egin zuen euskalduntze-prozesuan. Umeak alde batetik eta beraien gurasoak bestetik, horrek ekarri zuen Santutxu hainbeste jende euskalduntzea.

Sariak eta aitortzak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985) 14:21 Karmelo Ikastolako umeak 'Hator hator' eta 'Kanta Aleluia' kantatzen, Bilboko Zazpikaleetan.» filmoteka.eus (Euskaldiko Filmoteka. Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea.): 14:21 -- 15:15'. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  2. a b «65/1994 DEKRETUA» EHAA 40: 1776-1777. 1994-02-28 ISSN 2483-5374..
  3. «Karmelo Ikastola» Karmelo Ikastola (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  4. Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985)» filmoteka.eus: 14'21-15'15. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  5. Ikastola mugimendua, dabilen herria. Euskaltzaindia, 58 or. ISBN 978-84-95438-77-5..
  6. «Santutxuko ikastola apurturik» Anaitasuna (Bilbo) 340: 18-26..
  7. (Gaztelaniaz) «Kirikiño Ikastola - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  8. «Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa-Sailaren 1985.eko Urtarrilaren 31ko agindua» EHAA 56: 595-596. 1985-02-15 ISSN 2483-5374..
  9. «Agindua, 1998ko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena.» EHAA 81: 7707. 1998-05-05.
  10. (Gaztelaniaz) «Cartas al Director: Karmelo Ikastola» El País (Madrid) 9.144 2002-06-09 ISSN 1134-6582..
  11. (Gaztelaniaz) «Karmelo Ikastola sale cuatro años después a la calle para exigir el edificio prometido» Gara 2007-06-16 ISSN 1695-8969..
  12. «Borrokari eutsi eutson Santutxuk» Egunkaria: 6. 2003-01-05 ISSN 1134-640X..
  13. «Karmelo ikastola Santutxun gelditzeko exijitu dute gurasoek Celaá sailburuaren aurrean» Branka 2011-06-06.
  14. (Gaztelaniaz) «Educación decide trasladar a 400 niños de una ikastola de Santutxu a Bolueta» Deia 2011-04-16.
  15. Mallea, Lur. «Karmelo Ikastola eraikin berrian azkenik» Berton (Bilbo) 2013-11-6 ISSN 1577-9025..
  16. (Gaztelaniaz) Zugadi, Ane. (2020-01-17). Educación cierra el aula de 3 años del centro Mina del Morro de Santutxu. SER.
  17. (Gaztelaniaz) Fernández Vallejo, Marta. (2020-02-07). «Familias de las escuelas públicas y vecinos de Santutxu piden que no se cierre Mina del Morro» El Correo ISSN 1577-077X..
  18. a b Karmelo ikastola. (1989). «Karmelo ikastola, Santutxu, 25 urte. 1964-1989 — Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  19. Euskara, Kultura eta Kirol Saila. (2015-12-02). «BIZKAIKO AHALDUN NAGUSIAK ETA EUSKARA ETA KULTURA DIPUTATUAK LAUAXETA 2015 SARIAK EMAN DITUZTE - Komunikazioa - Bizkaia.eus» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-14).
  20. (Gaztelaniaz) Eguskiza, L.. (2015-12-03). «Meabe, Arrieta, Zubiri y Zearra, pioneros en el ámbito de la enseñanza» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-06-13).
  21. (Gaztelaniaz) Porras, Susana. (2004-01-01). «Bilbainos ilustres. El Ayuntamiento de Bilbao reconoció a Emma Jiménez, Vicente Larrea, Josu Meabe, Carmen Orueta y Antonio Foraster por su trayectoria profesional y su entrega a la Villa.» Bilbao aldizkaria (Bilboko udala): 14..

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu