Chumbawamba
Chumbawamba britainiar musika taldea izan zen, anarko-komunismoari oso lotua eta 1982tik 2012ra jo zuena. Hasieran punk estiloa jotzen hasi zen baina bere ibilbide luzean punk-rocka, popa eta folka ere jorratu zituen. Disko zein kontzertuetan mendebaldeko gizarte ereduaren kritika eta hainbat eskubideren defentsa egiten zituzten.
Chumbawamba | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Burnley |
Musika mota | punk, postpunk, folk rock, anarcho-punk (en) eta dantza |
Urteak | 1982—2012 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | One Little Indian EMI No Masters MNRK Music Group (en) |
Lou Watts (en) Boff Whalley (en) Dunstan Bruce (en) Alice Nutter (en) Jude Abbott (en) Danbert Nobacon (en) Harry Hamer (en) Mavis Dillon (en) Paul Greco (en) Neil Ferguson (en) Phil Moody (en) | |
Sariak | |
Nominazioak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
chumba.com | |
Ibilbidea
aldatuTaldeak 1982ko urtarrilean jo zuen lehen kontzertua, Allan Whalley, Danbert Nobacon, Midge, Toni eta Lou Wattsen eskutik. Urtea bukatu aitzin Alice Nutter eta Dunstan Bruce elkartu ziren taldera, taldekideak Leeds hiriko etxe okupatu batean bizi zirenean. Harry Hamer eta Mavis Dillon laster batu zitzaizkien. Lehen LPa 1986an plazaratu zuten, haiek sorturiko Agit-prop zigilupean. Pictures of starving children sell records zuen izenburua, eta herrialde pobreei laguntzeko ongintzazko kontzertuen hipokrisia salatzeko asmoz hautatu zuten. Bigarren diskoa 1987an argitaratu zuten, hauteskunde urtean. Never Mind the Ballots...Here's the Rest of Your Lives, zen diskoaren izenburua, eta kantu askotan Erresuma Batuko politikarien jokabideari kritika egiten zioten taldekideek.
1988an Rebel songs 181-1984 kaleratu zuten, ingelesezko protesta kantu tradizionalek osaturiko diskoa. Aurrekoekiko estilo aldaketa nabarmena izan zen, musika korala eta a capella abesturikoa erabili baitzituzten.
Hamarkada aldaketarako taldea rave eta tekno musikaren eraginak hartzen hasi zen. 1990ko Slap! diskoan eta 1992ko Shhh diskoan pop musikaranzko pausoak nabari dira. Bestalde, garai hartan taldekideek ohiko lanak utzi eta musika ogibide oso bihurtzeko apustua egin zuten.
1994an One Little Indian diskoetxearekin Anarchy plazaratu zuten, taldearen ordu arteko arrakasta handiena, eta lehen aldiz Top40an kokatu zuena. Bestalde, disketxeak taldearen disko zaharragoak CD formatuan plazaratu zituen, ordu arte biniloan edo kasetean soilik baitziren eskuragarri. Bigarren eta hirugarren lanak disko bakarrean berrargitaratu ziren, First 2 izenburupean. 1995ean zuzeneko lehen diskoa grabatu zuten, Showbusiness!. 1996an Swingin' with Raymond diskoa plazaratu zuten, bi zatitan banatua, lehen zatia folk estilotik hurbil zebilena eta bigarrena punketik hurbilago.
1997an EMI disketxearekin akordioa egin zuten taldekideek. Erabaki horrek zenbait kritika eragin zituen punk mugimenduaren baitatik, izan ere 1989an Fuck EMI kantu bilduman parte hartu zuen taldeak, eta taldekideek berek ere askotan kritikatu izan zuten enpresa. Jende batzuek ez zuten bateragarri ikusten jarrera anarkista eta diskoetxe handi batekin lan egitea. Urte horretan Tubthumper izeneko diskoa atera zuten, pop eta pop-rock estilotik hurbilekoa eta berebiziko arrakasta ukan zuena. Bertako Tubthumping kantuak bigarren postua lortu zuen Erresuma Batuan eta 6.a Estatu Batuetan. Disko bereko Amnesia kantuak 10. postua lortu zuen Erresuma Batuan. Oihartzuna lortzean zenbait polemika ere piztu zituzten; Nutterri egotzi zizkioten poliziaren kontrako adierazpen batzuek haserrea piztu zuten, telebistako elkarrizketa batean diru gutxi zuten zaleei saltoki handietan diskoak lapurtzea aholkatu zieten[1] eta BRIT Sarietan ikusleen artean zen Alderdi Laboristako ministro batengana hurbildu eta suil bat ur isuri zioten gainera.[2]
1998an taldearen kantu zaharren bilduma bat kaleratu zuten, Uneasy listening izenburupean. Urte berean kantu zaharren country bertsioak zituen disko bat plazaratu zuten Japonian, Amnesia izenburukoa. 2000. urtean WYSIWYG plazaratu zuten, (What you see is what you get).
2002an EMI disketxea utzi eta beren disketxea sortu zuten: Mutt Records. Taldeak 20 urteko ibilbidearen oroigarri dokumental bat ere plazaratu zuen. Mutt Records zigilupean hiru disko argitaratu zituzten hiru urtetan: Readymades (2002), Revenger's Tragedy soinu banda (2003), eta Un (2004). Azken lanak No masters records zigiluarekin plazaratu zituzten: A Singsong and a Scrap 2005ean, The boys bands have won... 2008an eta ABCDEFG 2010ean.
2012an iragarri zuten 30 urteko ibilbidearen amaiera, estudioko 14. diskoaren ondoren bakoitzak bere bidea jarraituko zuela azalduz.
Bestelakoak
aldatuNike enpresak Tubthubing kantua iragarki baterako erabili ahal izatearen truke milioi bat dolar inguru eskaini zizkion taldeari, bana taldekideek uko egin zioten. Ezezkoa erantzun zioten General Electric taldeari ere. Beranduago, General Motorsek 70.000 dolar eskaini zizkion Pass it along kantua erabiltzeko eskubideen truke. Taldeak onartu, eta diru hori CorpWatch eta Indymedia talde aktibistei eman zien, General Motorsen ingurugiroaren kontrako politikak ikertu eta publiko egin zitzaten. Beste zenbait kasutan ere onartu zuten horrelako traturik, gero irabaziak talde aktibistei emateko.[3]
Taldeak bi single argitaratu eta jarraitzaileei musu truk banatu zizkien. Lehena, "Tony Blair" izenekoa, Blair presidentearen promesa hautsiak eta langile klaseari eginiko traizioa aipatuz, eta bigarrena The Beatles taldearen "Her majesty" izeneko kantuaren bertsioa, Elisabet II.a erreginaren jubileoan, ingalaterrako monarkia salatuz.
2023an Chumbawambak Desokupa enpresari Tubthubing kantua ez erabiltzeko eskatu zion, Chumbawanba "nazien kontrako taldea" zela esanez.[4][5]
Diskografia
aldatuEstudioko albumak
- Pictures of Starving Children Sell Records (1986)
- Never Mind the Ballots (1987)
- English Rebel Songs 1381–1984 (1988)
- Slap! (1990)
- Shhh (1992)
- Anarchy (1994)
- Swingin' with Raymond (1995)
- Tubthumper (1997)
- WYSIWYG (2000)
- Readymades (2002)
- Un (2004)
- A Singsong and a Scrap (2005)
- The Boy Bands Have Won (2008)
- ABCDEFG (2010)
Bestelakoak
- First 2 (Pictures of Starving Children Sell Records eta Never Mind the Ballots diskoen berrargitalpena)
- Showbusiness! (1995eko zuzenekoa)
- Uneasy listening (1985 eta 1998 arteko kantuen bilduma)
- Revengers Tragedy Soundtrack (2003ko izen bereko filmaren musika)
- Shhhlap! (Shhh eta Slap! diskoen berrargitalpena)
- Get on with it (2006ko zuzenekoa)
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) «Virgin Megastores Yank Chumbawamba's Hit LP» MTV (Noiz kontsultatua: 2023-08-31).
- ↑ (Ingelesez) Rodrigues, Jason. (2014-09-24). «John Prescott gets soaked at the Brit Awards» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-08-31).
- ↑ (Ingelesez) Rowan, David. (2002-01-27). «Chumbawamba's tune turns the tables on US car giant» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-07-08). «Chumbawamba prohíbe a Desokupa usar sus canciones y le recuerda que la banda es anti-nazis» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Rastreador, El. (2023-07-08). «“Somos antifascistas”: Chumbawamba exige a Desokupa no usar su canción en vídeos y le sugiere probar con ‘The Day the Nazi Died’» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
Kanpo estekak
aldatu
Artikulu hau musikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |