Viktor Janukovitx
Viktor Fedorovitx Janukovitx[1] (ukraineraz: Віктор Федорович Янукович; Jenakiieve, Ukrainako ESS, SESB, gaur egun Ukraina, 1950eko uztailaren 9a) ukrainar politikaria da. 2010ko otsailaren 25etik[2] 2014ko otsaila arte Ukrainako presidentea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1997 eta 2002 artean Donetskeko gobernadorea izan zen. 2002ko azaroaren 21etik 2004ko abenduaren 7ra arte, Leonid Kutxmaren presidentetzapean, Ukrainako lehen ministroa izan zen. Kutxmaren sostenguarekin, 2004ko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen. Irabazletzat eman zuten, baina Viktor Justxenkoren aldekoek iruzurra izan zela salatu zuten. Hori izan zen Iraultza Laranjaren abiapuntua. Azkenik, Ukrainako Auzitegi Gorenak hauteskundeak baliogabetu zituen. 2004ko abenduaren 26an errepikatu ziren eta Justxenko atera zen irabazle. Janukovitxek Errusiaren aldeko Eskualdeen Alderdiko buru izaten jarraitu zuen, eta lehen ministro izan zen 2006ko abuztuaren 4tik 2007ko abenduaren 18ra, Justxenko presidente zelarik.[3] 2010eko martxoaren 3an, alderdiko buruzagitza Mykola Azaroven esku utzi zuen.
2010eko hauteskundeetako lehen itzulian Janukovitx izan zen bozkatuena. Bigarren itzulian Julia Tymoxenkorekin lehiatu eta, alde txikiaz bazen ere, gailendu zen: Janukovitxek botoen %48,95 jaso zituen eta Tymoxenkok %45,47.[2][4] Ukrainak eta Europar Batasunak sinatu behar zuten elkartze akordioa bertan behera utzi izanak protesta mugimendu handia eragin ondoren, 2014ko otsailaren 22an Ukrainako parlamentuak kargugabetu zuen.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindiaren 156. araua - Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko, euskaltzaindia.net
- ↑ a b Mujika, Amagoia, «Ukrainan alde txikiarekin irabazi dio lehen ministroari oposizioko buruak», berria.info
- ↑ Sokarros, Allande, «Justxenko presidenteak Janukovitx aurkari ohia izendatu du Ukrainako lehen ministro», paperekoa.berria.eus
- ↑ «Janukovitxek dimititzeko eskatu dio Timoxenkori», berria.info
- ↑ «Legebiltzarrak Janukovitx kargugabetu du», berria.eus
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Viktor Janukovitx |