Dolly ardia inoiz klonatutako lehen ugaztuna izan zen. Jakina, zientzialari batzuek klonatu zuten, Eskozian. 1996ko uztailaren 5ean jaio eta 2003an hil zen Dolly, eta 6 urte eta erdi bizi izan zen, ardi normalak bezalaxe. Baina ez zen horren normala: azken finean, klon bat zen.
Munduan ardi arraza asko daude. Eskozian bi daude: bata Scottish Blackface eta bestea Finn Dorset. Blackface ardiek mutur beltza dute, eta Finn Dorset arrazakoak guztiz zuriak dira. Dakigunez, gure zeluletako material genetikoak zehazten du zer itxura izango dugun. Beraz, Blackface ardiek mutur beltza badute, beren material genetikoak hala zehazten duelako da.
Dollyren kasuan, ardi muturbeltz baten obulu bat hartu eta horren nukleoa atera zuten. Obulu horretan, zientzialari eskoziarrek ardi muturzuri baten obulu baten nukleoa txertatu zuten gero. Horrela, nahiz eta zelula ardi muturbeltz batena izan, ardi muturzuri baten nukleoa zuen. Hortaz, nukleotik kanpoko guztia muturbeltz batena zen, baina nukleoa muturzuriena. Zientzialariek ardi muturbeltzean sartu zuten obulua. Era horretara, ardi muturbeltza Dollyz erditu zen, baina Dollyk mutur zuria zuen!
Ardi muturbeltzek ez dute inoiz mutur zuririk. Dollyk mutur zuria izateak nahiko argi erakusten zuen esperimentua ondo atera zela, baina zientzialariek Dollyren material genetikoa aztertu zuten badaezpada. Zer aurkitu zuten? Nukleoa hartu zioten ardi muturzuriaren material genetiko berdina zuela Dollyk. Ez zuen bere ama zen ardi muturbeltzaren material genetikorik.
Ordutik, 10 ugaztun espezie klonatzen saiatu dira zientzialariak, baina zazpirekin soilik lortu dute: behiekin, ardiekin, ahuntzekin, arratoiekin, zerriekin, katuekin eta untxiekin. Oso gutxitan ateratzen da ondo klonazioa.
Dollyren bizitzan eta heriotzan pentsatzean, hainbat zalantza sortzen zaizkigu. Dolly azkarrago zahartzen ote zen ikusi nahi zuten zientzialariek, material genetikoa, izatez, obulu ernaldu batena baina zaharragoa zelako. Azkarrago zahartuko zela uste zuten, baina ezin ziur jakin. Artritisa agertu zitzaion Dollyri, batez ere ardi zaharretan agertzen den gaixotasun bat, baina, berriz ere, ezin zuten jakin klon bat zelako agertu ote zitzaion. Zenbait animaliari gaztetan agertzen zaie artritisa. Bada datu interesgarri gehiagorik ere: Dollyk ume bat izan zuen, erabat normala zena, zentzu guztietan. Bizimodu aktibo eta osasuntsua izan zuen Dollyk, harik eta ardi askok izaten duten biriketako infekzio bat hartu zuen arte. Orduan, zientzialariek Dolly hiltzea erabaki zuten, gehiago sufritu ez zezan. Sei urte eta erdi zituenean hil zen Dolly, Finn Dorset ardi baten batez besteko bizialdiaren erdian. Gaur egun, disekatuta dago ikusgai Edinburgon, Eskozian.