Taman penintsula
Taman penintsula | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | penintsula |
Azalera | 387 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 45°12′N 37°12′E / 45.2°N 37.2°E |
Ur-gorputza | Itsaso Beltza Azoveko itsasoa |
Leku geografikoa | Kuban |
Taman penintsula (errusieraz: Тама́нский полуо́стров, translit.: Tamanskiy poluostrov) Errusiako Krasnodar kraian dagoen penintsula bat da, Kertxeko penintsularen parean, bien artean Azoveko itsasoa eta Itsaso Beltza banatzen dituen Kertxeko itsasarteak dago.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinaroan, penintsulan, Hermonasa (antzinako grezieraz: Ἑρμώνασσα) eta Fanagoria (antzinako grezieraz: Φαναγόρεια) pontiar kolonia greziarrak zeuden, eta, geroago, Tmutarakan hiria.[1]
Meotiarrak eta sindiarrak bertan bizi ziren. Goi Erromatar Inperioaren garaian Bosforoko Erresumaren zati zen. Bertako biztanleak sarmaziarak, greziarrak, Pontoko Erresumatik etorritako anatoliarrak eta juduak ziren. IV. mendean hunoek eskualdea inbaditu zuten. Geroago Bulgaria Handiko hiriburu bilakatu eta VII. mendearen erdialdean khazariaren eskuetan erori zen. 969. urte inguruan khazariar kaganerria erori ondoren, penintsula khazariar estatu juduaren zati izan zen David Tamangoaren erregealdian. 980ko hamarkadaren amaieran, Kieveko Rusaren eta Tmutarakan hiriaren jabe bihurtu zen neurri handi batean, 1100 aldera kumandarren eskuetara igaro aurretik. Mongolek 1239an bereganatu zuten penintsula. Gero Genoako Errepublikara pasa zen, Krimeako Gazaria koloniekin batera.
XV. mendearen zatirik handienean, Ghisolfi familiak gobernatu zuen penintsula, Simeon Ghisolfi judu genoarrak sortua. Gobernadoreek, komisarioek edo printze juduek eskualdea kontrolatu izanak eztabaida piztu du Errusiako hegoaldean khazariar judaismoak garai horretan izan zezakeen biziraupenari buruz. 1483an Krimeako Khanerriak penintsula hartu zuen, eta 1783an Otomandar Inperioak. 1791n, bigarren Erruso-turkiar gerran, penintsula errusiarren kontrolpean geratu zen.[2]
Tropa alemaniarrek eta bere errumaniar aliatuek Taman 1942an okupatu zuten, eta Armada Gorriak 1943an berreskuratu zuen.[3] Cross of Iron filmak Wehrmachteko erregimentu baten jokabidearen gatazkak kontatzen ditu, Krimean barrena penintsulatik erretiratzean. 2014 eta 2018 artean Kertx itsasartearen gaineko zubia eraiki zuten.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean zehar, biztanleria sakabanatuta mantendu zen. Hiririk handiena Taman izeneko herri kosakoa (geroago stanitsa) zen, eta mende horren amaieran Temriukeko portua izango zen haren oinordekoa. Hiri hau Mikhail Lermontovek deskribatuko zuen bere Gure garaiko heroia eleberrian.
Penintsulan lohi-sumendi txikiak eta gas naturalaren eta petrolioaren erreserbak daude.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ "Greek colonization in the northern Black Sea area". German Archaeological Institute
- ↑ Tsutsiev, Atlas of the Ethno-Political History of the Caucasus, 2004
- ↑ Robert Forczyk, The Caucasus 1942–43: Kleist’s race for oil