Planeagailu
Planeagailua edo planeatzeko hegazkina aisialdi jardueratarako erabiltzen den motorrik gabeko aireontzi bat da.[1][2] Motorrik gabeko hegazkinok naturan agertzen diren aire korronteak erabiltzen dituzte airean denbora luzez mantendu ahal izateko. Planeagailuek aerodinamika oso aurreratua izan ohi dute eta horrek korronteak erabiliz altuera irabaztea, distantzia luzeak egitea eta airean denbora luzez mantetzea ahalbidetzen die.
Hegaldi luzeenaren errekorra Klaus Ohlmann alemaniarrak zuen 2004an, 3.009 kilometroko bidea egin baitzuen orduan.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sir George Cayleyk lortu zuen oso denbora laburrez aireratzea lortu zuen 1849 inguruan.[4] 1890eko hamarkadan Otto Lilienthal-ek hainbat planeagailu egin zituen, pisua lekuz aldatuz lortzen zuen hauek kontrolatzea. 1900 urtearen bueltan Wright anaiek kontrol azalera mugikorreko planeagailuak eraiki zituzten. 1903an hauetako bati motore bat gehitu zioten, arrakastaz egin ere, horrela motordun hegazkinak sortuz.[5]
Lehen mundu gerra eta gero, lehen aldiz planeagailuak kirol jardueratarako eraiki zituzten Alemanian. Alemaniaren bela hegazkinekiko lotura estua gerra eta gero ezarri zizkioten debekuei dagokie neurri handian, ezin baitzuten motoredun hegazkinik eraiki. Hori dela eta hegazkinzale guztiek planeagailuetara jo zuten eta Alemaniako gobernuak jarduera hau bereziki bultzatu zuen, aipatzekoa da Wasserkuppeko bela hegaldi gunea, oso egokia jarduera honetarako.
1930eko hamarkadan garapen nabarmena izan zuten planeagailuek kirol arloan, horrela Cross-country edo zeharkaldiak gero eta ohikoago bihurtu ziren, gaur egun eguraldia lagun denean ehundaka edo milaka kilometroko hegaldiak egin ohi dira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berezko propultsio sistemarik ez dutenez, aire korronteak probesteko gaitasun handia eta ibilitako distantziarekiko garaiera galera txikia dira planeagailuen behar nagusiak. Beraz, masa txikia eta itxura aerodinamiko bereziki zaindua dute planeagailuek. Hortik dator planeagailuen itxura bereizgarria: fuselaje lerdena eta hegal luze eta estuak.
Pisua eta ezaugarri aerodinamikoak alde batera utzita, aski aniztasun bada planeagailuen artean. Tripulatuak edo irrati bidez kontrolatuak topa daitezke, hego zurrun, erdimalgu edo malgudunak (oihalezkoak), tamaina handikoak edo eskala txikian eraikiak...
Aireratzeko teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Planeatzeko hegazkin bat aireratzeko hainbat metodo edo teknika daude, ezagunenak eta erabilienak tornu bidezko aireratzea eta atoi hegazkin bidezko aireratzea direlarik.
- Tornu bidezko aireratzean, lurrean muntaturiko motore bat erabiltzen da aireratzeko. Motore horrek planeagailuari loturiko soka bat abiadura handian biltzen du, planeagailuari aireratzeko behar duen abioa emanez. Soka automatikoki askatzen da planeagailuak aireratzeko behar duen distantzia egin duenean. Atoi hegazkinaren bidezko teknikarekin alderatuz, aireratze azkarragoak eta angelu handiagokoak egiten ditu.
- Atoi hegazkin bidezko aireratzean motoredun hegazkin arin batek tiratzen du planeagailua. Planeagailua gune eta garaiera egokian denean, tiratzen duen soka askatu eta planeagailua bere kasa hegan egiten uzten da. Teknika honetan, planeagailuak motordun hegazkinak sorturiko turbulentziak saihestu behar ditu, gainetik edo azpitik joanez. Zenbait kasutan bi hegazkinek tiratuz ere airera daitezke planeagailuak.
Beste metodo batzuk ere badira, sandow bezala ezagutzen dena (soka elastikoen erabileran oinarrituak), auto bidezko atoia edo oinezko aireratzea adibidez. Azken metodo hauek ez dira asko erabili ohi dituzten muga praktikoak direla eta.
Motorren erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbait planeagailuk motor bat edo gehiago ukan dezakete, une jakinetan edo larrialdietan soilik erabiltzen duten arren. Planeagailu motordunak deritze, eta zenbaitzuk beren kasa aireratzeko gai ere badira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ FAA Glider handbook
- ↑ Definition of gliders used for sporting purposes in FAI Sporting Code
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2011-06-06 (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
- ↑ Flight magazine 1954
- ↑ British Pathé. (2012-05-16). Wright Brothers First Flight (1903) | A Day That Shook the World. (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).