Perpetua Saragueta
Perpetua Saragueta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Erroibar, 1905eko abuztuaren 3a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1986ko martxoaren 26a (80 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Trinidad Urtasun |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Perpetua Saragueta Saragueta (Mezkiritz, Erroibar, Nafarroa Garaia, 1905eko abuztuaren 3a - Iruñea, 1986ko martxoaren 26a) euskal idazlea izan zen.
« | Emakume aitzindaria izan zela esan daiteke, haren garaian gutxi zirelako Nafarroan idazten zutenak, eta are gutxiago euskaraz aritzen zirenak. Nafarroan garai haietan euskaraz idaztera ausartu ziren emakume bakarretakoa izan zen, eta horrek berak handiago egiten du mezkiriztar emakumearen merezimendua.[1] | » |
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baserri giroko familia xume batean jaioa, hamahiru anai-arrebatatik zaharrena izan zen. Eskolara zazpi urterekin joan zen beste 56 haurrekin batera eta, lau urtez baizik joan ez bazen ere, laster eta ongi ikasi zuen idazten eta irakurtzen. Irakasle-lanetan hasi zen Manuel Lusarreta apaiz euskaltzalea gaixorik jarri zenean, eskola handik 3 urtera itxi zuten arte. 1931n Baztango Irurita herrira ezkondu zen eta Trinidad Urtasun okina eta bertsolaria izan zuen senar. Familiako okindegiko lanetan laguntzeko, gidabaimena atera behar izan zuen, eta Nafarroan gidabaimena eskuratu zuen bigarren emakumea izan omen zen. Senarra falangisten jipoi baten ondorioz ezindua gelditu eta, txikitan bere aitak izandako istripu baten ondorioz bezala, orduan ere Saraguetak atera behar izan zuen familia aurrera. 1944an Iruñera joan ziren. Sei alaba hazi eta hezi zituen. Etxean eta etxetik kanpo lana ezin buka izan zuen arren, idazteko gogoa eta zaletasuna mantendu zuen beti. Azken urteetan, berriz hasi zen idazten[2]
Idazle lanetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai hartan emakume gutxik idazten eta argitaratzen zuten euskaraz, Saragueta bakarrenetakoa izan zen, herriarekiko eta euskararekiko maitasunak, irakurtzeko zaletasunak eta idazteko grinak bultzatuta. Bi aro bereizten dira Perpetua Saraguetaren idatzietan:[1]
Lehenengo aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936ko gerraren aurreko urteetan egin zuen kazetari lanari dagokio lehenengo aroa. Iruñeko El Pensamiento Navarro eta La Voz de Navarra egunkarietara hasi zen igortzen sorterriko berriak, bai eta Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara ere Mezkirizko eta Arizkungo kronikak, Mendigibeleta, Aritza eta Txorrondo ezizenekin sinatzen zituelarik. Txorrondo, bera jaio zen baserriaren auzoaren izena zen.
Bigarren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerrako eta gerraondoko isilune luzearen ondoren egin zituen idatziek osatzen dute bigarren aroa.[3] Batez ere 1970eko hamarkadan eginiko idatzi horietan, hainbat gai ditu hizpide: sorterriko deskribapenak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak, fede eta erlijioa, besteak beste.
Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarietara hainbat artikulu bidali zituen, eta azken horretan Mezkiritz monografia argitaratu zuen. Orobat, Nere oroimenak (1977) liburu autobiografikoa idatzi zuen.[4] Pasarte batzuk argitaratuta daude: senarraren bertsolaritzari buruzkoa (Trinidad Urtasun bertsolaria (1894-1978), amatxiri aditutako euskal ipuinena (Perpetua Saraguetaren euskal ipuiak) eta jaioterri Mezkintzeko oroitzapenak eta inguruko mendi eta paisaiak hizpide dituztenak (Mezkiritz (Erroibar), Mezkirizko etxe barnea eta Mezonzko langintza).[2]
Errekonozimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2019ko abenduan Iruñeko Kondestablearen jauregian Hemen baditun 14 erakusketan omendu zuten, XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde arituriko emakumeak omentzeko erakusketa.[5][6][7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Perpetua Saraguetaren idatzi guztiak jasotzen dituen argitalpen berria aurkeztu dute Euskarabideak eta Euskaltzaindiak», Euskarabidea.es webgunea, 2011-06-20.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Una exposición homenajea en Condestable a 14 mujeres que han trabajado a favor del euskera durante el siglo XX -. 2019-12-10 (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- ↑ Jose Maria SATRUSTEGI: Perpetua Saragueta, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza, 2001.
- ↑ «Perpetua Saragüeta Saragüeta», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ Las navarras que trabajaron por el euskera salen del anonimato. EITB, 2019.
- ↑ «Hemen baditun 14 – Aquí ya 14 erakusketak omenaldia eginen die XX. mendean euskararen alde aritu ziren 14 emakumeri, Kondestablen, abenduaren 10etik 20ra | Ayuntamiento de Pamplona» www.pamplona.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bidegileak bilduma: Perpetua Saragueta, euskara.euskadi.net
- Perpetua Saragueta, animaeuskera.eus