Nicholas Winton
Sir Nicholas George Winton edo, jaiotza-izenez, Nicholas Wertheim (1909ko maiatzaren 19a - 2015eko uztailaren 1a) filantropo britainiar bat izan zen, Txekoslovakian, Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehenago 669 ume -haietako asko juduak- salbatzeko operazio bat antolatu zuena. Bertara egin zuen bisitaldi labur batean, iheslari-kanpamentuetan bizi-baldintza oso txarretan bizi ziren haurren zerrenda bat osatzen lagundu zuen eta, Erresuma Batura itzuli zenean, haur horiek hara eramateko eta haientzat bizilekua eta laguntza lortzeko bete behar ziren lege-baldintzak betetzeko lanean ibili zen.[1] Operazio honi Kindertransport ("haur garraioa", alemanieraz) izena jarri zioten gerora.
Ia inork ez zekien ezer Wintonen ekintza humanitarioei buruz ia 50 urtez, harik eta 1988an BBC kanaleko That's Life! programara gonbidatu zuten arte. Bertan, Erresuma Batura ekartzen lagundu zituen dozenaka haurrekin elkartu zen berriro, eta haien seme-alabak eta bilobak ezagutzeko aukera ere izan zuen. Britainiar prentsak goretsi egin zuen Winton, eta "Schindler britainiarra" izengoitia jarri zioten.[2] 2003an Elizabeth II.a erreginak Sir titulua eman zion Wintoni, "haur juduak naziek hartutako Txekoslovakiatik salbatuz, gizateriaren alde egindako lanagatik". 2014an Txekiako Errepublikako ohorezko titulu handiena, 1. Mailako Leoi Zuriaren Ordena, eman zion Miloš Zemanek, herrialdeko presidenteak. Winton 2015ean hil zen, 106 urte zituela.[3]
Haurtzaro eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nicholas Winton 1909ko maiatzaren 19an jaio zen Hampsteaden (Londres). Gurasoak Rudolph Wertheim (1881–1937), banku-administratzailea, eta Barbara (jaiotzez Wertheimer, 1888–1978). Nicholas hiru seme-alabetako tartekoa zen; arreba zaharrena Charlotte (1908–2001) zen, eta anaia gazteena, Robert (1914–2009). Gurasoak Londresera bi urte lehenago iritsitako judu alemaniarrak ziren; haien abizena Wertheim zen, baina Winton abizen ingelesa hartu zuten, Ingalaterrako gizartera egokitzeko ahalegin moduan. Kristautasunera bihurtu ziren gainera, eta Nicholas bataiatu ere egin zuten.[4]
1923an, Stowe School eskola sortu berrian hasi zen ikasten, Midland Bank-en borondatezko lana egiten zuen bitartean gaueko klaseetara joanez, baina titulurik eskuratu gabe irten zen. Hanburgora joan zen jarraian, Behrens Bank-en lan egitera, eta Berlinera ondoren, Wasserman Bank-era. 1931n, Frantziara joan zen eta Parisko Banque Nationale de Crédit banketxean egin zuen lan. Banku-langile titulua ere eskuratu zuen Frantzian. Londresera itzultzean, artekari gisa hasi zen lanean Londresko Burtsan. Burtsa-artekaria izan arren, Winton "sozialista sutsua zen, eta Alderdi Laboristako hainbat buruzagiren hurbilekoa zen, Aneurin Bevan, Jennie Lee eta Tom Dribergena, esaterako". Martin Blake izeneko beste lagun sozialista baten bitartez, nazismoak zekartzan arriskuekin kezkatuta zegoen talde ezkertiar bateko kide egin zen.
Bestalde, eskola-garaian, eskrimalari aparta bilakatu zen, bai floretearekin eta bai ezpatarekin, eta Erresuma Batuko selekzioan sartu zen 1938an. Hurrengo Olinpiar Jokoetan parte hartzeko itxaropena zuen, baina Jokoak bertan behera geratu ziren Bigarren Mundu Gerraren ondorioz.[5]
Umeak erreskatatzeko operazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1938ko Gabonak baino lehentxeago, Wintonek Suitzara oporretara joateko asmoa zuen, eskiatzera. Marie Schmolka eta Doreen Warrinerrek laguntza eskatu ostean, Pragara joatea erabaki zuen, Martin Blakeri laguntzera.[6] Blake Pragan zegoen Txekoslovakiako Iheslarien Britainiar Batzordeko kide gisa, Alemania herrialde hura inbaditzera zihoala baitzirudien, eta hark Wintoni deitu zion ume juduen erreskatean lagun zezan eskatzeko.[7] Txekoslovakiako Iheslarien Batzordearekin batera, hainbat boluntario britainiar eta kanadarrek, Winton, Trevor Chadwick eta Beatrice Wellingtonek, adibidez, nazien aurrean arriskuan zeuden familia juduetako haurrei laguntzeko antolaketan egin zuten lan. Guztira, Winton hilabete egon zen Pragan eta 1939ko urtarrilean joan zen handik, alemaniarrek Txekoslovakia okupatu baino sei aste lehenago. Atzerriko beste boluntario batzuk, Chadwick, Warriner eta Wellington, esate baterako, bertan geratu ziren. 1938ko azaroan, Alemania nazian Kristal hautsien gaua izan ondoren, Britainia Handiko Komunen Ganberak lege bat onartu zuen, 17 urte baino gutxiago zituzten iheslariei Erresuma Batura sartzeko baimena emanez baldin eta bizitokia bazuten eta pertsona bakoitzeko 50£-ko (2021ean 3.397£ izango lirateke) bermea gordailutzen bazuten, geroago beren herrialdera itzuli ahal izateko.[8]
Oztopo garrantzitsu bat Herbeheretara sartzeko baimen ofiziala lortzea zen, haurrek Hoek van Holland herrian hartu behar baitzuten ferrya. Izan ere, 1938ko azaroko Kristal hautsien gauaren ondoren, Herbeheretako gobernuak mugak itxi zituen ofizialki iheslari juduentzat. Herbeheretako polizia haien bila ibiltzen zen eta aurkitzen zituztenak Alemaniara itzultzen zituzten, Kristal hautsien gauean gertatutako izugarrikerien berri jakin arren. Hala ere, Wintonek Herbeheretara sartzeko baimena lortu zuen azkenik, Erresuma Batutik eskuratu zituen bermeei esker. Lehenbiziko trenaren ostean, ez zuten Herbehereak zeharkatzeko arazorik izan.[9]
Guztira, Wintonek 669 haurrentzako bizilekuak lortu zituen Erresuma Batuan. Haur haietako askoren gurasoak Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan hil ziren. Bere amak ere lagundu zion haurrei etxe eta, geroago, aterpetxeetan lekua bilatzeko lanean. 1939ko udan, haurren argazkiak jarri zituen Picture Post aldizkarian, haiek hartuko zituzten familiak bilatzeko. Kasualitatez, Harwich eta Hoek van Holland lotzen zituen ibilbidea egiten zuen London and North Eastern Railway konpainiako bi lurrunontzien izenak Prague eta Vienna ziren; lehenbizikoa Pathé News konpainiaren 1938ko albistegi batean ikus daiteke.
Estatu Batuetako hainbat politikariri ere idatzi zien, hala nola Franklin D. Roosevelt presidenteari, haur gehiago hartzeko eskatuz. Wintonek zioenez, 2.000 haur gehiago salba zitzaketen haien laguntzarekin, baina Suediak bakarrik hartu zituen beste haur batzuk, Erresuma Batura joan zirenez gain. Abiatzekoa zen azken haur multzoa, Pragatik 1939ko irailaren 1ean trena hartuko zuena, handik irten ezinik geratu zen. Izan ere, Hitlerrek Polonia egun horretan bertan inbaditu zuen, eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Tren horretan ihes egitekoak ziren 250 haurretatik bi bakarrik geratzen ziren bizirik gerra ondoren.
Wintonek beti aitortu zuen Doreen Warriner, Trevor Chadwick, Nicholas Stopford, Beatrice Wellington, Josephine Pike eta Bill Barazettik ere lan handia egin zutela Pragan, haurrak Txekoslovakiatik ebakuatzeko. Berak hiru bat aste besterik ez zituen eman Pragan, eta naziek herrialdea okupatu aurretik egin zuen alde.[10] Ez zen inoiz Pragako tren geltoki nagusian egon, nahiz eta bertan bere estatua bat dagoen orain. Wintonek honako hau zioen Chadwicki buruz: "Ondoren, hura Pragan geratu zen lanean, bertan genituen arazo handiez arduratzen, eta lan horretan jarraitu zuen alemaniarrak iritsi eta egoera arriskutsua eta zaila bilakatu zenean ere. Harena da meritu guztia".[11]
Bigarren Mundu Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Wintonek uko egin zion britainiar armadan errekrutatua izateari; kontzientzia-eragozle gisa izena ematea lortu zuen eta ondoren Gurutze Gorrian ibili zen lanean.
Alabaina, 1940an, iritziz aldatu eta Royal Air Forcean eman zuen izena, kudeaketan eta zerbitzu berezietan. Gradu apalenetik hasi eta sarjentu izatera iritsi zen, eta 1944ko ekainaren 22an praktiketako ordezko pilotu ofizial izendatu zuten. 1944ko abuztuaren 17an, praktiketako pilotu ofizial gradura igo zuten.
1945eko otsailaren 17an lortu zuen gerrako abiazio ofizial gradua, eta Aire Armadan jarraitu zuen gerra amaitu ondoren. Bere eginkizuna 1954ko maiatzaren 19an utzi zuen, baina abiazio teniente ohorezko titulua mantendu zuen.
Gerra osteko bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra amaitu ondoren, Wintonek Errefuxiatuen Nazioarteko Erakundean egin zuen lan, eta gero baita Berreraikuntza eta Garapeneko Nazioarteko Bankuan ere, Parisen. Bertan ezagutu zuen Grete Gjelstrup danimarkar idazkaria, kontulari baten alaba. 1948ko urriaren 31ean ezkondu ziren Veljen, emaztearen jaioterrian.
Hiru seme-alaba izan zituzten; gazteenak, Robinek, Downen sindromea zuen. Familiak Robinek haiekin bizitzen jarraitzea defendatu zuen, garai hartan zentroetara eramatea baitzen ohikoena. Robin meningitis baten ondorioz zendu zen, sei urte bete baino egun bat lehenago. Honek eragin latza izan zuen Wintonengan, eta laguntza-elkarte bat sortu zuen, gaur egun Maidenhead Mencap izena duena. Wintonek udal hauteskundeetan hartu zuen parte, baina ez zuen irabazi. Geroago, hainbat enpresaren finantza sailetan aurkitu zuen lana.
Lortutako aitortza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wintonek bere ekintza humanitarioak aipatu zituen 1954an Maidenhead hiriko udalerako egin zuen hauteskunde-kanpainan, baina ez zen hautatuta atera.[12] Gainerakoan, hurrengo mende erdian, ia inork ez zekien ezer ekintza haiei buruz, 1988an Wintonen emazteak etxeko ganbaran senarraren oroigarriak gordetzeko egindako liburuxka bat aurkitu zuen arte. Liburuxka hartan, besteak beste, salbatutako haurren zerrendak zeuden, haien gurasoen izen eta hartu zituzten familien helbide eta guzti. Liburuxka hura Elisabeth Maxwell holokausto-ikerlari eta Robert Maxwell komunikabide-jabearen emazte zenari eman zion. Gutunak bidali zituzten helbide guztietara, eta "Wintonen haurretako" 80 aurkitu zituzten Erresuma Batuan.
BBC Irratiko The Life Scientific programako elkarrizketa batean, Simon Wesselyk kontatu zuen bere aita Rudik, erreskatatutako haurretako batek, kasualitatez Wintonekin topo egin zuela.
Wintonen ekintzak 1988ko otsailean ezagutarazi ziren mundu osoan, BBC telebistako That's Life! programaren atal batera gonbidatu zutenean ikusle gisa. Programako momentu batean, Wintonen liburuxka erakutsi eta haren ekintzak azaldu zituzten. Esther Rantzen-ek, programaren aurkezleak, Wintoni hark salbatzen lagundutako haurrak aurkeztu zizkion, tartean Vera Gissen.[13]
Saio horren jarraipena zen beste That's Life! programa batean, Winton berriz ikusle zela, Rantzenek galdetu zuen ea ikuslerian Wintonek salbatutako haurrik bazegoen, eta hala bazen, zutitzeko: Wintonen inguruko bi dozena ikusle baino gehiago altxatu eta txaloka hasi ziren. Ondoren, Rantzenek Wintonek salbatutako haurren seme-alaba edo bilobarik bazegoen galdetu zuen, eta gainontzeko ikusle guztiak altxatu ziren.
1988an Winton ezagun egin zenerako, Txekoslovakiako Kindertransport delakoan aritutako pertsona gehienak hilak ziren, haien balentriagatik aitortzarik jaso gabe. Haren ekintzengatik alde guztietatik gorespena jaso zuen arren, aditu batzuk haren ekintzak erlatibizatzen saiatu ziren, esanez ume haien erreskatean beste pertsona asko aritu zirela eta ez zela hainbeste pertsonalizatu behar.
Ohore eta omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1983an, erreginaren urtebetetzeko ohorezko titulu banaketan, Winton Britainiar Inperioko Ordenaren kide izendatu zuten, Erresuma Batuan Abbeyfield abegi-etxeak sortzen egindako lanagatik. 2003an, Sir titulua jaso zuen, Kindertransport delakoan gizateriaren alde egindako ekintzengatik. Geroago, 2010ean, Erresuma Batuko gobernuak Winton holokaustoko britainiar heroi izendatu zuen.[14]
Václav Havel txekiar presidenteak Laugarren Klaseko Tomáš Garrigue Masaryk ordena eman zion 1998an.[15] 2008an, hainbat modutara ohoratu zuen Txekiako gobernuak. Kunžakeko lehen hezkuntzako eskola batek haren izena darama, eta Defentsa Ministroaren Lehen Graduko Meritu-Gurutzea ere eman zioten. Txekiar gobernuak 2008ko Bakearen Nobel Sarirako proposatu zuen Winton.
Wintonen estatua bat dago Pragako tren geltoki nagusiko 1. nasan. Flor Kentek egin zuen eta 2009ko irailaren 1ean inauguratu zuten, Kindertransport-eko azken trenaren 70. urteurrenaren omenaldian.[16] Egun horretan, hain zuzen ere, 1930eko hamarkadan erabilitako lurrunezko tren-makina eta bagoiez osaturiko "Wintonen Tren" berezi bat abiatu zen Pragako tren geltoki nagusitik Londresera, haurren garraioaren ibilbide beretik. Londresera iristean, Wintonek berak eman zien ongietorria trenean zeuden "Wintonen haurrei" eta haien ondorengoei.
Orobat, hiru oroitarri daude Londreseko Liverpool Street geltokian, Kindertransport-eko haurrak hara iristen baitziren. 2010eko irailean, Wintonen beste estatua bat inauguratu zuten, oraingoan Maidenheadeko tren geltokian, Theresa May barne-ministroak, Maidenheadeko parlamentari zenak. Lydia Karpinskak egin zuen eta Winton banku batean eserita liburu bat irakurtzen irudikatzen du.[17]
Ume juduak salbatzen aritu arren, Israelgo Yad Vashem izeneko Holokaustoa Oroitzeko Zentroak ez zion "Nazioen arteko Zuzen" titulua eman, haien arabera juduak salbatzeko beren bizitza arriskatu zuten ez-juduek bakarrik jaso baitezakete ohore-titulu hau.[18] Helduaroan, Wintonek ez zuen inolako erlijiorik praktikatzen; 2015ean egindako elkarrizketa batean, Wintonek esan zuen erlijioarekiko desengainua gerran izan zuela, erlijioek "gerra beraren bi aldeetan garaipenaren alde otoitz egiten zutelako". Wintonek honela azaldu zituen bere sinesmen pertsonalak: "Etikan sinesten dut, eta guztiok sinetsiko bagenu etikan, ez genuke inongo arazorik izango. Hori da irtenbide bakarra; ahaztu erlijioak."
2014ko maiatzaren 19an, Wintonen 105. urtebetetzean, Txekiako ohorezko titulu handiena jasoko zuela eman zen aditzera, txekiar haurrei "eman litekeen oparirik handiena" emateagatik: "bizitzeko eta aske izateko aukera".[19] Urte hartako urriaren 28an, gainera, 1. Mailako Leoi Zuriaren Ordena eman zion Miloš Zeman Txekiako presidenteak, Txekiako defentsa-ministerioak hura Pragara ekartzeko hegazkin berezi bat bidali ostean. Wintonekin batera, Winston Churchilli ere eman zioten sari hori, eta haren biloba Nicholas Soamesek jaso zuen. Zemanen hitzetan, pena ematen zion Txekiako ohorezko titulu handiena bi pertsona hauei hain berandu emateak, baina "hobe berandu inoiz ez baino".[20] Wintonek 75 urte lehenago salbatu zituen hainbat haur ezagutzeko aukera ere izan zuen, orduan 80 urtetik gora zituztenak. Honako hau esan zuen Wintonek: "Eskerrik asko guztioi orain dela ia 100 urte gertatu zitzaidan zerbaitegatik egin didazuen esker on adierazpenagatik; 100 urte denbora izugarri pila da. Poz handia ematen dit haur haietako hainbeste oraindik bizirik eta hemen niri eskerrak ematen egoteak."
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Winton lo zegoela hil zen bihotz-gelditze baten ondorioz 2015eko uztailaren 1ean Sloughko Wexham Park ospitalean, aste bat lehenago bere osasun egoerak okerrera egin izanagatik ospitaleratua izan ostean. 106 urte zituen.[21] Wintonen errautsak Maidenheadeko Braywick hilerrian daude lurperatuta, Grete emaztearen eta Robin semearen alboan.
Salbatu zituen haurretako 241k Pragatik trenez ihes egin zuten egunaren 76. urteurrenean hil zen Winton. Egun horretan bertan, BBC kanalak Wintonek gerran salbatutako hainbat haurri buruzko erreportaje berezi bat argitaratu zuen.
Filmak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matej Mináč eslovakiar zinemagileak hiru film egin ditu Wintonek egindako erreskateari buruz: All My Loved Ones (1999) drama, non Rupert Graves antzezleak egiten duen Wintonen papera; The Power of Good: Nicholas Winton (2002) dokumentala, Emmy Sari bat irabazi zuena; eta Nicky's Family drama-dokumentala.[22][23][24]
2000. urtean, Into the Arms of Strangers: Stories of the Kindertransport film dokumentala egin zen, 2001eko dokumental luze onenaren Oscar saria irabazi zuena. Deborah Oppenheimerrek eta Mark Jonathan Harris oscar irabazleak idatzi zuten gidoia, eta bigarren honek zuzendu zuen filma.[25]
James Hawesek zuzendutako eta See-Saw Filmsek ekoiztutako One Life film biografikoan, Anthony Hopkins eta Johnny Flynnek antzezten dute Winton haren bizitzako bi arotan, gaztaroan eta zahartzaroan. Film hau 2023ko Torontoko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zuten. Euskal Herrian, 2024an ikusi ahal izan zen film hau lehen aldiz.[26]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Sir Nicholas Winton, A Man of Courage. Danimarka 2009ko irailak 3.
- ↑ (Ingelesez) Moss, Stephen. (2014ko azaroak 9). 'British Schindler' Nicholas Winton: I wasn't heroic. I was never in danger. The Guardian (Noiz kontsultatua: 2014ko abenduak 30).
- ↑ (Ingelesez) Holocaust 'hero' Sir Nicholas Winton dies aged 106. 2015-07-01 (Noiz kontsultatua: 2022-07-31).
- ↑ (Ingelesez) «Profile: Nicholas Winton» BBC News (BBC) 2009ko abuztuak 28.
- ↑ (Ingelesez) Early Life – Sir Nicholas Winton Exhibition. .
- ↑ (Ingelesez) Hájková, Anna. «The Woman Behind the Kindertransport» History Today 68.
- ↑ (Ingelesez) Nicholas Winton and the Rescue of Children from Czechoslovakia, 1938–1939. United States Holocaust Memorial Museum.
- ↑ (Ingelesez) Baruch Tenenbaum. Nicholas Winton, British savior. The International Raoul Wallenberg Foundation (Noiz kontsultatua: 2009ko irailak 3).
- ↑ (Ingelesez) Flashbak. (2013ko azaroak 23). Sir Nicholas Winton: How One Man Saved So Many Lives. (Noiz kontsultatua: 2015eko uztailak 1).
- ↑ (Ingelesez) Grenville, Anthony. (2011ko apirila). «Doreen Warriner, Trevor Chadwick and the 'Winton children'» Association of Jewish Refugees Journal 11 (Noiz kontsultatua: 2016ko otsailak 4).
- ↑ (Ingelesez) Chadwick, William. (2010). The Rescue of the Prague Refugees 1938–39. Matador ISBN 978-1-84876-504-7..
- ↑ (Ingelesez) Interview to Barbara Winton, daughter of Sir Nicholas Winton. London, 27 June 2013.. The International Raoul Wallenberg Foundation (Noiz kontsultatua: 2015eko uztailak 29).
- ↑ (Ingelesez) Crying for the past. Sunday Mirror 1988-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Britons honoured for holocaust heroism. The Daily Telegraph 2010eko martxoak 9 (Noiz kontsultatua: 2010eko martxoak 9).
- ↑ (Ingelesez) List of holders of the Tomas Garrigue Masaryk Order. Office of the President of the Czech Republic (Noiz kontsultatua: 2009ko irailak 3).
- ↑ (Ingelesez) Dáin & Olík; sfwife. (2011ko urtarrilak 20). Sir Nicholas Winton statue, Praha, CZ. Groundspeak (Noiz kontsultatua: 2013ko azaroak 19).
- ↑ (Ingelesez) Statue for 'British Schindler' Sir Nicholas Winton. BBC News (Noiz kontsultatua: 2010eko irailak 18).
- ↑ (Ingelesez) Nicholas Winton. Jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2009ko irailak 1).
- ↑ (Ingelesez) Singh, Anita. (2014ko maiatzak 21). Sir Nicholas Winton at 105: the man who gave 669 Czech children the 'greatest gift'. The Daily Telegraph (Noiz kontsultatua: 2020ko maiatzak 19).
- ↑ (Ingelesez) White Lion goes to Winton and Winston. The Prague Post 2014ko urriak 28.
- ↑ Koppel, Naomi. (2015eko uztailak 1). Kindertransport Organizer Nicholas Winton Dies at 106. ABC News (Noiz kontsultatua: 2015eko uztailak 1).
- ↑ Všichni moji blízcí (1999). (Noiz kontsultatua: 2009ko irailak 1).
- ↑ Síla lidskosti – Nicholas Winton (2002). (Noiz kontsultatua: 2009ko irailak 1).
- ↑ (Ingelesez) Nicky's Family. The Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Children of Nazi Germany escape into arms of strangers. The Indianapolis Star (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Bamigboye, Baz. Helena Bonham Carter Joins Anthony Hopkins And Johnny Flynn In Holocaust Rescue Drama 'One Life'; 'Black Mirror' Director James Hawes To Make Feature Debut. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).