Nadezhda Krupskaia
Nadezhda Konstantinovna Krupskaia (errusieraz: Наде́жда Константи́новна Кру́пская, nɐˈdʲeʐdə kənstɐnˈtʲinəvnə ˈkrupskəjə ahoskatua; San Petersburgo, Errusia, 1869ko otsailaren 26agreg./otsailaren 14ajul. - Mosku, Sobietar Batasuna, 1939ko otsailaren 27a) errusiar iraultzaile eta pedagogoa izan zen.
Buruzagi boltxebikea izateaz gain, Errusiar Iraultzako ikono garrantzitsutzat ere hartu izan da: hezkuntza sistema sobietar berria diseinatzearekin eta aurrera eramatearekin batera langile estatuaren liburutegiak martxan jarri zituen, liburutegi sistema sobietarra indartuz. Horrekin batera, Gizarte Sozialistan liburutegien eta irakurketaren garrantziaren inguruko hainbat hitzaldi eta idazki egin zituen.
Nadezhda Krupskaia oso ezaguna da Leninen bikotea izan zelako, 1898tik Lenin hil zen arte (1924ko urtarrilak 21).
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vladimir Leninen emaztea eta Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako buruzagi nagusietako bat izan zen. Militante marxista zen 1890etik aurrera, eta lau urte geroago ezagutu zuen Lenin. 1896an atxilo hartu zuten, eta 1898an Leninen ondora eraman zuten Siberiako erbestera, eta hantxe ezkondu ziren biak urte horretan bertan.
Leninen hurbileko laguntzailea izan zen erbesteko urteetan eta berebiziko eragina izan zuen boltxebikeen alderdia sortzeko unean. Iraultzaren ondoren, Hezkuntzarako Herri Batzorde Nagusiko kide zela gazteriaren arloaz arduratu zen bereziki (1918), eta Lenin hil ondoan (1924), Alderdiko barne-borroketatik kanpora geratu zen, berak hala nahi izanda. Leninen oroitzapenak (Vospominaniya o Lenine) eta pedagogia-lanak idatzi zituen.
Lehenengo urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nadezhda Krupskaia 1869ko otsailaren 14ean jaio zen San Petersburgon. Bere gurasoak (ama, etxe irakaslea eta aita, militarra) lurjabe txiro familia batetik zetozen eta talde intelektualek partekatzen zituzten ideia aurrerakoi – demokratiko – iraultzaileekin bat egiten zuten, Krupskaiak mundu ulerkera garatzeko orduan eraginak izan zituztenak. Gaztetatik hezkuntzaren alorrarekiko interesa adierazi zuen; nahiz eta 1886an bigarren hezkuntza arrakastaz bukatu, eta hezkuntza ikasketak era berean bukatutzat eman, ez zuen inoiz lehen hezkuntzan lanik aurkitu.
Krupskaiak bere arreta gizartean ematen ziren ezberdintasunetan kokatu zuen, eta orduko injustizia hauen arrazoiak bilatzeari ekin zion, hauekin bukatzeko helburuarekin. Irakurketen artean bereziki gustukoen zituen gizartearen inguruan aritzen ziren errusiar eta atzerritar autoreen ekarpenak, eta komunismo zientifikoaren fundatzaileen inguruko azterketan aritu zen, hala nola, Karl Marx eta Friedrich Engelsen inguruan.
Militantzia politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1890ean, Krupskaia mugimendu iraultzailearen parte izatera pasa zen, eta ideia hauetara atxikitu zen San Petersburgoko Institutu Teknologikoko Elkarte Marxistako kide egin zenean. Jarduera iraultzaileari dagokionean, langileekin hitzaldiak eta klaseak emateari ekin zion; horrela, langilegoaren lan eta bizi baldintzekin familiarizatu zen. 1891-1896 urte bitartean, alfabetizaziorako gaueko eskolen bitartez, langileriari ideia sozialistak transmititu zizkien.[1]
1895ean, Kruspkaia Leninek sortutako Langile Klasearen Emantzipaziorako Borroka Ligara batu zen San Petersburgon; honen helburua kapitalismoak errusiar langileriaren gain inposatzen zuen zapalkuntza eta miseriari aurre egitea zen. 1896ko abuztuan atxilotua izan zen; bi urte beranduago, 1898an, hiru urteko erbestealdira kondenatua izan zen. Denbora tarte horretan Emakume langilea izendatutako bere lehen panfletoa idatzi zuen; bertan, emakumeak etxean sufritzen zuen zapalkuntzaren aurrean langile estatuaren beharra azpimarratzen zuen, hau izango baitzen emakumearen askapenerako bide bakarra. Krupskaiaren hurbilpen teorikoa dimentsio biko ikuspegitik abiatzen da: emakume ama gisa ulertzetik, emakumea langile gisa ulertzera. Bi aspektu hauek emakumearen inguruko teorizazioetan funtsezko oinarriak ziren. Emakumea ama gisa ulertzea Errusiako historian oso ongi integratua dagoen elementua da; emakumea langile gisa hartzea Krupskaiak egindako hausnarketen ondorio da, bere konpromiso marxistatik eta langile klasetik abiatzen dena.
Erbestealdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erregimen tsaristak Alemanian, Britainia Handian eta Suitzan bizitzera kondenatu zuten arren, horrek ez zuen bere jarduera militante eten: errusiar iheslarien mugimendu iraultzailean aktiboki parte hartzen jarraitzen zuen, Iskra egunkariaren argitaratze eta distribuzio klandestinoan laguntzen, etab.
Hortik aurrera, bere bizitza osoa alderdiari eskaini zion, herriaren zerbitzura eta gizartearen aldaketa iraultzaileagatik bizitza emanez. Alderdiaren kongresu eta konferentzietan parte hartu zuen, eta foileto ezberdinen argitalpenean eta banaketan aritu zen. Zenbatezinak diren konpromisoaz gain, etengabeko errepresioaz gain, atxiloketa eta erbesteratzeko baldintzez gain, bere herrialdearen hezkuntza maila hobetzea izan zen bere interes iraultzailearen lehentasunetako bat. Behartutako erbesteratze tartea eskola, liburutegi, irakasle eta hezkuntza esperientzia abangoardistekin ohitzeko baliatu zuen. Honekin batera, munduan hezkuntzaren egoeraren inguruko analisi kritikoa egin zuen; analisi kritiko honen bitartez, teoriaren eta praktikaren irakaskuntza onena diseinatzeko bidean baliabideak garatu zituen, eta oinarri horren baitan, eskolaratzearen auziaren inguruko posizio marxista era zehatzenean lantzeari ekin zion.[2]
Urriko Iraultzan zehar, Krupskaiak berrogei argitalpenetik gora produzitu zituen. Hezkuntza publikoa eta demokrazia (1915ean bukatua eta 1917an argitaratua) izan zen garrantzitsuenetariko bat, hezkuntzaren zientzia marxistaren garapenerako ekarpen erabakigarria izan zena. Liburuaren azken paragrafoa langile hezkuntzaren historiaren inguruko analisiaren laburpen gisa hartu daiteke:[3]
«Irakaskuntzaren antolakuntza burgesiaren eskuetan dagoen bitartean, eskolako lana langile klasearen aurkako arma izango da. Soilik langile klaseak bihur dezake eskolan egindako lana egungo gizartea eraldatzeko tresna.»
Iraultza Sozialistaren garaipenak heziketa jarduerarako aukera berri asko zabaldu zizkion. Instituzioaren esparruan politikarekin eta hezkuntzarekin lotuak zeuden hainbat zeregin garrantzitsu bete zituen; Hezkuntza Ministra izendatu zuten; urte askotan zehar hezkuntza sistema berriari zegokien aspektu pedagogikoen elaborazioan aritu zen eta Bizitza berri baterantz izeneko aldizkaria editatu zuen. Urte horietan zehar, Krupskaia Sobietar Batasuneko Eskolatze Publikoko Ministerioko postu altuenetan aritu zen eta 1937tik aurrera, Soviet Goreneko Presidiumeko kide izendatu zuten. Krupskaiak gobernuan, alderdian eta hezkuntzan egiten zuen lana ongi bateratzea lortu zuen, bere esfortzu zientifiko eta literarioei esker.
Bere ekarpen eta lanak Sobietar Batasuneko beste herrialdeetako hizkuntzetan itzulia izan da. Bere lanaren kalitatea Estatu Sobietarraren hainbat alorretan txalotua izan da. 1929an Lanaren Bandera Gorria ordena eman zioten, 1933an Leninen Ordena eta 1931an Sobietar Batasuneko Zientziaren Akademian ohorezko kide izendatu zuten. 1936an Zientzia Pedagogikoetan doktoretzarekin izan zen saritua. 1939ko otsailaren 27an Nadezhda Konstantinovna Krupskaia zendu zen.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leninen heriotza, 1924ko urtarrilaren 21, eta gero, Krupskaiak Hezkuntza Ministerioan bere jarduera berrartu zuen. Bere senarraren heriotzak sortutako tentsioa dela eta, eta etengabeko borroka politikoaren ondorioz, bere osasuna txarragotzen hasia zen eta denbora luzez pausatua egon zen.
1926ko abuztuak Leninen Testamentua argitaratu zuen atzerrian, era klandestinoan. New York Timesen argitaratua izan zen. Hau izan zen Stalinen politikaren aurka agertu zen azkenengo aldia. Stalinek presio handia egin zuen bere kontra, mehatxuen bitartez bere aldeko jarriarazi zuelarik.
Otsailaren 24ean, boltxebike beteranoek bere omenean jai bat antolatu zuten, 70. urtebetetzearen harira. Nadezhda gaizki aurkitzen hasia zela, Moskuko Kremlin ospitalera trasladatu zuten urgentziaz; bertan konortea galdu zuen. Hortik gutxira, enbolismo abdominal baten ondorioz, eta jadanik sufritzen zuen arteroesklerosiaren erruz, 1939ko otsailaren 27an zendu egin zen. Bere errautsak Kremlineko Harresian nitxo batean laga ziren.[4]
Feminismo Sobietarrari ekarpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1917ko urrian, boltxebikeen garaipenaren ostean, emakume sobietarrek askatasuna eta berdintasuna erdietsi zuten 1918ko urrian ezkontza, familia eta umeen zaintzaren inguruko kode berri baten onespenarekin batera. 1918ko lan kodigoak familiaren kontziliaziori begira lehenengo neurriak hedatu zituen, amatasunari zenbait erraztasun ematen zizkiola. Hortaz, Alexandra Kollontaik, 1917an Lenin eskutik gobernatutako lehen sobietar gobernuan Gizartearen eta Emakumearen gaien inguruko Herri Komisariak, indartutako legegintza sobietar berriak emakumeari oinarrizko hainbat eskubide aitortu zizkion: boto eskubidea, dibortzio eskubidea, familia kargak arintzeko laguntzak, hezkuntza doako eta unibertsala, gizonezkoen parean egongo zen soldata, abortu libre eta doakorako eskubidea… Emakume langilearen emantzipazioa bermatzeko, Alexandra Kollontaik 1918an, Errusiako Emakume Langileen Lehen Kongresua antolatu zuen; kongresuan, izaera gubernamentala izango duen emakumezkoen departamentu bat sortzearen beharra identifikatu zen, Zhenotdel izena zuena, 1919an sortu eta Inessa Armanden eskuetan zuzendua egon zena. Departamentu honen funtzioak hurrengoak ziren: errusiar emakumeen bizi baldintza hobetzea eta horretarako, analfabetismoari aurre egingo zitzaion, eta emakumeei onartuak izan ziren eskubide berrien inguruko informazioa helarazi zitzaien. Ekarpen guzti hauei eta batez ere, Alexandra Kollontai eta Inessa Armand bezalako pertsonalitatei esker, emakumearen emantzipazio sexualaren eta hauen eskubide sozial eta politikoen inguruko eztabaida aberasgarri bat hedatu zen denbora tarte iraultzaile honen baitan.[5]
Krupskaiak feminismoari eginiko ekarpena oso bizia izan zen bere bizitzan zehar, baina batez ere emakume sobietarraren emantzipazio aurretiko bi momentu azpimarragarriak dira: batetik, Rabotnitsa egunkariaren erredakzioan parte hartzean eta bestetik, Emakume Sozialisten III Konferentzia Internazionalean delegazio errusiarraren parte izatean. Esan bezala, 1914ean Krupskaia Rabotnitsa izeneko egunkariaren erredakzioaren parte izan zen; honen funtzioetako bat, orduan boltxebikeen jarduera zentral bilakatu zen propaganda lana zen. Erredakzio komitean emakumearen emantzipazioaren alde agertzen ziren hainbat buru boltxebikerekin aritu zen, hala nola: Inessa Armand, Liudmila Stal, Alexandra Kollontai, Anna Ulianova-Elizarova, Praskovia Kudelli, Konkordia Samoilova, Klavdia Nikolaieva, etab. Rabotnitsako lehenengo alean, 1914ko otsailean atera zena, Krupskaiak feminista burgesen eta boltxebikeen arteko bereizketa azaltzen zuen:[6]
«Emakume langileek gizartea bi klasetan banatua dagoela onartu eta adierazten dute. Klase bakoitzak bere interes propioak ditu eta hauen alde egiten du. Burgesiak ere, bereak ditu, langileriak interes propioak dituen bezala. Bi klaseen arteko interesak aurkaritzan daude. Hortaz, emakumea eta gizona banatzen duen horrek ez du horrenbesteko garrantzirik emakume langileentzat. Emakume langilea gizon langilearekin batzen duen hori, banatzen dituena baino indartsuagoa da.»
Gainera, Krupskaiak delegazio errusiarra Clara Zetkinek antolatutako Emakume Sozialisten III. Konferentzia Internazionalean integratu zuen; Konferentzia gerra inperialistaren aurka agertu zen. 1915ko martxoaren 26tik 28ra, Bernan, ospatu egin zen Emakume Sozialisten konferentzia Internazionalean 25 delegazio egon ziren: Ingalaterratik lau, Alemaniatik zazpi, Holandatik hiru, Frantziatik bat, Errusiatik 6 eta Poloniatik bat. Zetkin, Krupskaiarekin batera, Emakume Sozialisten Internazionaleko idazkariak izan ziren.[7]
Lehen Mundu Gerraren hasieran ezberdintasunak handiagotu ziren arren, 1915eko abuztuan Eskubideen Berdintasunaren Aldeko Emakumeen Batasunak ‘Errusiako alabei', Errusiako emakumeei, gobernuaren alde agertzeko mobilizaziora deialdia luzatu zitzaien. Kanpaina honen helburua, errusiar emakumeak gerraren inguruko lanetan konprometitzea zen, boltxebikeen posizioari jarraiki, Leninek adierazten zuen bezala, herrialde inperialista orotako proletalgoa burgesiaren aurka altxatzeko konbentzimendua zabaldu behar baitzen. Posizionamendu hau eraman zuten delegazio boltxebikeek Emakume Sozialisten III. Konferentzia Internazionalera. Nadezha K. Krupskaiak gogoratzen zuen bezala:[6]
«Guk gure adierazpen propio azaldu genuen, Inessak defendatu bezala. Ordezkari poloniarra den Kamenskaiak ere gure alde agertu zen. Bakarrik gelditu ginen. Leku guztietan salatu egin zen gure ‘zatiketa’. Baina gertakariek laster argi utzi zuten gure posizionamenduaren arrazoia. Ingalaterren eta holandarren bakezaletasunak ez zuen aurrera egin ekintza internazionalean. Gerraren amaierak zuen beharrezkotasuna borroka iraultzaileak eta chauvinistekin hausturak ordezkatu zuen.»
Bukatzeko, posizionamendu bakezalearen eta errusiar delegazioak hartutako posizionamendu artean konpromiso irtenbide gisara, herrialdeen subiranotasun eskubidearen aitortzarako gerraren amaiera aldarrikatzeko akordioa egin zen. Horri jarraiki, munduko emakume eta alderdi sozialistei “Gerra gerrari!” lelopean mobilizatzeko deialdia luzatzen zaie. Hortaz, Emakume Sozialisten III. Konferentzia Internazionalak II. Internazionalaren traizioaren aurrean pauso erabakigarria suposatu zuen internazionalisten bateratzeari begira. Kongresuaren amaiera bakearen aldeko deia egiten bukatu zen:[8]
«Bakea, bakea, emakumeek euren seme-alaba eta senarrei lehentasuna ematean nekatu gabe aldarrika dezaten: munduko langileak anaia/arrebak gara. Borondate honek bukatuko du sarraskiarekin. Soilik sozialismoak ekarriko du bakea mundura! Kanpora gerra! Gora Sozialismoa.»
Sobietar Batasuneko hezkuntza eta liburutegi sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1917an, Alderdi Komunistaren bando boltxebikea boterea heldu zenean, Errusia landa gizarte bat zen, desindustrializatua zegoena eta neurri handi batean, analfabetoa zena. Baldintza hauek eta tsarren filosofiak, instituzio kulturaletan, hutsunea handia utzi zuten, batez ere liburutegiei zegokienean. Tsaristen Errusian liburutegi publikoak oso eskasak ziren. Testuinguru horren baitan, bibliotekonomiak pisua hartzen hasia zen, hau lanbide bezala ulertzen zelarik eta mendebaldeko eraginen ondorio izanik. Bere aldetik, Krupskaia buru sobietar eta pentsalaria izateaz gain, gestore trebea zela argi erakutsi zuen: sobietar hezkuntza egituretan jardundako bi hamarkadetan harreman zuzena izan zuen Sobietar Batasuneko liburutegien garapenarekin.[9] Kulturaren eta liburutegien bultzatzaile nagusia izan zen bere herrialdean; Leninen gobernupean milaka liburutegi ireki ziren eta hauek, tsarismoan irakurketara eta literaturara egon ez zen sarbidea ahalbidetu zuten.
1928 eta 1938 urte tartean zehar, Krupskaiak liburutegien hedapenerako eta egonkortzerako hainbat neurri bultzatu zituen: horien artean, aurrekontuen eta soldaten igoerak, zein liburutegiko azpiegituren hobekuntzak. Neurri horien helburu nagusia, sobietar liburutegien baldintzak hobetzearekin batera, gizartearen dokumentaziora ere bazegoen bideratua. Teorikoki eta praktikoki, liburutegiak eta gizartea bateratu zituen. Horretarako, bere erbestealdia Europako hainbat liburutegi eredutatik ikasi zuen, hala nola, Britainiako, Pariseko zein Zuricheko liburutegi ereduetatik edan egin zuen.
Bere ustetan, “umeentzako liburuak belaunaldi berrien heziketarako tresna oso boteretsua da sozialisten eskuetan”. Adierazpen hauetan oinarrituz, hezkuntza sobietar politikak bultzatu zituen, alfabetizazioaren bidean, irakurtzen eta idazten ikastea zentralitate handia izan zutelarik. Krupskaiak ez zuen hezkuntza eskoletara mugatzen, gizarte komunistaren antolakuntzan txertatu beharreko zerbait gisara ulertzen zuen, bizitzaren esparru ezberdinetan aplikatu beharrekoa, bizitzako esparru orotan presente egongo zena.
Liburutegi publikoek gizartearen onura dakartzate pertsonei aukerak ematen dizkietelako, iraultzaileen eskuetan tresna esplizitua bilakatzen delarik, birprodukziorako tresna politiko bilakatzean bere papera aitortzen dietelarik. Sobietar sisteman liburutegiak zuten helburu nagusia, masen mobilizazioari erraztasunak ematean zetzan: hezkuntza komunistarako irakurketa gidari gisa balio zuen eta horrela, maila kulturalaren gorakada errazten zuen, teoria marxista-leninistaren menperatzea ahalbidetuz. Neurri hauek funtzionarazteko beharrekoa izan zen Krupskaiaren eta bibliotekonomiaren garapenaren eraginak Errusian: etorkizuneko iraultza bati begira, gizartearen kontzientzia iraultzailea garatzeko bitartekoak sortzea.[9]
Liburutegiak gizarte sobietarreko azpiegitura ideologikoaren beharrezko alderdi gisara ulertua izan zen; 1934 hala zihoen Krupskaiak:
«Mundu guztiari liburuak ahalbidetzeko bidean, beharrezkoa da hauen argitaratzea mila biderretan handitzea. Gaur egun, ekonomiaren kolapsoa ikusita ezinezkoa da helburu horretara heltzea. Hortaz, aterabide bat besterik ez dugu: pertsonatik erabilera kolektiborako jabetzara pasatu. Liburuen erabilera kolektiboa soilik da posible liburutegi sare handi bat sortuz gero.»
Hortik gutxira, Hezkuntzako Komisario izanik, 500 aletik gora bilduma pribatu guztiak konfiskatzeko eta nazionalizatzeko agindua eman zuen. Liburutegiko bildumen baitako liburuen kolektibizazioak edukiaren gaineko kontrola ahalbidetu zion alderdi komunistari. Hasieratik, garrantzi eta enfasi berezia jarri zen eduki jakin bat masei ahalbidetzean.[10]
Hala ere, zentzura Urriko Iraultza ondoren kendu egin zen; honek ez zuen larregi iraun, Leninek egun gutxitara zentzura berrestu zuelako, liburutegiek gizartea eraldatzeko duten botere iraultzailea kontuan hartuz. Hala izan zen, eta horrelako onura egin zion alderdi komunistari liburutegi sistemak, masa komunismoan formatuz. Gizarte sozialista baten eraketan askatasun intelektuala oztopo dela pentsatuz, masen interesen mesedetan eta gobernuaren ildoari jarraiki zentzura hedatu zuen liburutegiko edukietan. Sobietar aldian zehar, liburuzainek debekatutako liburu listak gaurkotzeko ardura zuten, hauek irakurleen eskuetatik kanpo utziz eta batzuetan, purgatuz.
Garai honetan liburutegiak, alde batetik, zentro kultural garrantzitsu gisara hartuak ziren, eta bestetik, ordena sozialaren jarraikortasunerako motore epistemologiko nagusitzat ulertzen ziren, aldaketa kulturalaren promotore. Ordena dokumentalak duen balioa Krupskaiaren ikuspegitik sintetizatu daiteke: [11]
«Leninek liburutegien antolatzeko eraren bitartez neurtzen zuen maila kulturala. Berarentzat, gizarte zibilizatu baten kulturaren indizea liburutegien antolakuntzan oinarritu behar da.»
Liburutegiei euren garrantzia aitortu zien, beraien funtzionamendua eta antolakuntza herriaren kultura mailaren adierazle izanik liburutegiak eta liburuzainak gizarte sobietarraren eraikuntzan zuten inportantzia azpimarratuz.
«Liburuzain bakoitzak euren liburutegian sozialismoaren hedapenari lagunduko zion zentro ideologikoa eraiki behar zuten» Krupskaiaren hitzetan.
Hortaz, liburuzainen funtzioa ez zen soilik erabiltzaileek eskatzen zituzten eduki eta materiala eskura uztea, egokiak ziren horiek aukeratzeko laguntza eskaintzeko eginbeharra zuten. Liburutegiak pertsona berriak hezitzeko funtsezko papera zuten, Krupskaiak zihoenez
«libururik gabe, liburutegirik gabe, liburuen erabilera egokirik gabe ezingo da irakurlearentzako iraultza kulturala hedatu.»
Idatziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1898-1916: Leninen amari eta Maria eta Anna arrebei idatzekitako kartak[12]
- 1915-1917: Herriaren hezkuntza eta demokrazia
- 1917: Gazteriaren batasuna
Langileria Gaztearen borroka
Langileria Gaztearen antolakuntza[13]
- 1919: Mundua astindu zuten hamar egunak (J.Reeden) errusiarezko lehen argitalpenaren hitzaurrea[13]
- 1925: Leninen inguruko idazkiak[14]
- 1926: Emakume langilea[14]
- 1933: Urriko egunak (Leninen memoriak)[13]
- 1957: Idatzi pedagogikoak[14]
- 1963: Hezkuntza komunistaren inguruko idatziak[14]
- 1966: Emakumearen emantzipazioa (Lenin idatzietatik aterata)[14]
- 1978: Gazteriaren hezkuntza
Hezkuntza sozialistaren inguruko hausnarketak[14]
- 1982: Liburutegien inguruko idatziak (1918-1924)
Lan Heziketa eta irakaskuntza[14]
- 1985: Lanera begira dagoen hezkuntza eta instrukzioa
Etorkizuna umeak dira[14]
- 1989: Umeak hezi Lenin izaeran[14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) «9788474650099: LA EDUCACIÓN COMUNISTA. LENIN Y LA JUVENTUD - IberLibro: 8474650097» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
- ↑ (Ingelesez) Nadezhda, Krupskaia (1869-1939). (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).
- ↑ (Ingelesez) Krupskaya, Nadezhda. (PDF) Krupskaya, Public education and socialist schools [1915-1918. ] (Noiz kontsultatua: 2019-04-06).
- ↑ (Ingelesez) Nuevatribuna. «Nadia Krupskaya, las contradicciones de una revolucionaria» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) .
- ↑ a b «Rebelion. Feminismo y Marxismo: más de 30 años de controversias» www.rebelion.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
- ↑ Rosal, Amaro del. (1975). Los congresos obreros internacionales en el siglo XX. ISBN 9788425303012. (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La mujer en el camino de su emancipación» Scribd (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
- ↑ a b (Ingelesez) Rovelstad, Mathilde V.. Krupskaia and Soviet Russian Librarianship, 1917-1939 (Book Review) | Rovelstad | College & Research Libraries. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
- ↑ (Ingelesez) Haigh, Maria. Making Ukrainians in the Library: Language, Libraries, and National Identity. (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Tello, Felipe Meneses. (2005). «BIBLIOTECAS Y SOCIEDAD : REFLEXIONES DESDE UNA PERSPECTIVA SOCIOLÓGICA» Revista Interamericana de Bibliotecología 28 (2) ISSN 2538-9866. (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
- ↑ «Nadezhada K. Krupskaya» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-06).
- ↑ a b c «MIA - Archivo Nadezhda Krupskaya.» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-05).
- ↑ a b c d e f g h i «Nadezhda Krupskaya - Citas de Google Académico» scholar.google.es (Noiz kontsultatua: 2019-04-06).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Krupskaia, Nadezhda (2024) Herriaren hezkuntza eta demokrazia, Katakrak. ISBN 9788416946952.
- Muñoz Muñoz, Ana María (2010). «Nadezdha Konstantínovna Krúpskaya (1869-1939): Feminista y bibliotecaria». En Pilar Ballarín Domingo; Ana María Muñoz Muñoz. Mujeres y libros: homenaje a la profesora Dña. Isabel de Torres Ramírez. Editorial Universidad de Granada. p. 333. ISBN 9788433851536.
- Krupskaya, N. (1978). La educación de la juventud. Madrid: Nuestra Cultura.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1869ko jaiotzak
- 1939ko heriotzak
- Sanpetersburgotarrak
- Pedagogoak
- Errusiako politikariak
- Marxistak
- Errusiako noblezia
- Errusiako komunistak
- Errusiako feministak
- Sobietar Batasuneko politikariak
- Errusiako Iraultzako biografiak
- Emakume politikariak
- Moskun hildakoak
- Emakume iraultzaileak
- Leninen Ordenarekin sarituak
- Boltxebike Zaharrak
- Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kideak
- Haurren eskubideen defendatzaileak