Moldavia
- Artikulu hau estatu independenteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Moldavia (argipena)».
Moldavia[1], ofizialki Moldaviako Errepublika (errumanieraz: Republica Moldova, /reˈpublika molˈdova/ ahoskatua), Ekialdeko Europako itsasertzik gabeko herrialdea da.[2] Errumaniarekin mendebaldean eta Ukrainarekin egiten du muga, iparraldean, ekialdean eta hegoaldean.[3] Gainera, Transnistria onarpenik gabeko estatua Dniester ibaiaren ekialdeko aldean dago, Ukrainarekin muga luzea eginez. Hiriburua eta hiririk handiena Chisinau da.
Moldaviako lurralde gehiena Moldaviako Printzerrian zegoen XIV. mendetik 1812ra bitartean, Otomandar Inperioak Errusiako Inperioari laga zionean (Moldavia estatu basailua zen), eta Besarabia izena hartu zuen. 1856an, Besarabiako hegoaldea Moldaviara itzuli zen. Hiru urte geroago Valakiarekin elkartu zen Errumania eratzeko, baina Errusiako gobernua 1878an berrezarri zen eskualde osoan. 1917ko Errusiako Iraultzan, Besarabia Estatu autonomo bihurtu zen Errusiar Errepublikaren barruan, Moldaviako Errepublika Demokratikoa izenaz ezaguna. 1918ko otsailean, Moldaviako Errepublika Demokratikoak independentzia aldarrikatu zuen, eta, gero, Errumanian sartu zen batzarrak bozkatu ondoren. Erabakia Sobietar Errusiak ukatu zuen, eta 1924an, Ukrainako SESaren barruan, Moldaviako Errepublika Autonomo bat (MASSR) ezarri zuen, Besarabiako ekialdeko moldaviar etniadun lurraldeetan.
1940an, Molotov–Ribbentrop Itunaren ondorioz, Errumania behartuta egon zen Besarabia eta Bukovina iparraldea Sobietar Batasunari lagatzera. Horren ondorioz, Moldaviako Errepublika Sozialista Sobietarra sortu zen, Besarabiaren zati handiena eta mendebaldeko zerrenda zaharra barne. 1991ko abuztuaren 27an, Sobietar Batasuna desegiten ari zela, Moldaviako SESak independentzia aldarrikatu eta Moldavia izena hartu zuen.[4] Moldaviako Konstituzioa 1994an onartu zen. Dniesterren ekialdeko ibaiertzeko lurralde moldaviarreko zerrenda Transnistria gobernu independentistaren kontrolpean egon da de facto 1990az geroztik.
Sobietar Batasuna desegin ondoren industria- eta nekazaritza-ekoizpena murriztu egin denez, zerbitzuen sektorea hazi egin da Moldaviako ekonomia menderatzeraino, eta nazioaren BPGaren % 60 gainditu du. Europako bigarren herrialde pobreena da per capita BPGaren arabera.[5] Moldaviak kontinenteko giza garapenaren indizerik txikiena du, eta munduko 90. postuan dago.
Moldavia errepublika parlamentarioa da, presidente bat estatuburu gisa du eta lehen ministro bat gobernuburu gisa. Nazio Batuetako estatu kide da, baita Europako Kontseilua, Munduko Merkataritza Erakundea (MME), Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundea (EsLE), Demokraziarako eta Garapen Ekonomikorako GUAMaren Erakundea, Estatu Independenteen Erkidegoa (CEI), Ekonomia Lankidetzarako Erakundea (BEI) eta Hirukote Elkartekoa.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguru naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdearen muga naturalak Dniester eta Prut ibaiak dira: lehena ekialdean dago eta bigarrena, mendebaldean. Prut ibaiak Danubiorekin bat egiten du iparraldetik, Itsaso Beltzean amaitu baino lehen.
Iparraldeko eskualdeak menditsuak dira: 400 metro inguruko muinoak ere badaude.
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chisinau: 647.513 biztanle.*
- Tiraspol: 159.163.**
- Balti: 122.778.*
- Bender: 97.027.**
- Ribnita: 53.648.**
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinaroan, Europa eta Asiaren arteko kokapena dela-eta hainbat inbasio pairatu zuen, tartean godo, huno, magiar eta mongoldarrenak. Bestela, Erromatar Inperioaren garaian Daziako probintziaren zatia izan zen.
Erdi Aroan, Moldaviako Printzerriko zati nagusia izan zen XIV. mendetik, Errusiako Inperioak 1812an bereganatu zuena.
Errumaniako beste herrialdeekin bat egin zuen 1918an, eta Bigarren Mundu Gerraren ostean, berriz, SESBko errepublika bihurtu zen 1991ko abuztuaren 27an independentzia aldarrikatu zuen arte.
Moldaviako printzerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIV. mendean, Ekialdeko Karpatoetako printzerri batzuek bat egin eta Moldaviako printzerri autonomoa eratu zuten. Printzerriak hedadura handiena erdietsi zuenean, iparraldetik eta ipar-ekialdetik Dniester ibaiak mugatzen zuen, hegoaldetik Itsaso Beltzak, Dobrudjak eta Valakiak, eta mendebaletik Transilvaniak. Printzerriaren urterik oparoenak Estebe IV.a Handiaren agintaldikoak izan ziren (1457-1504), herrialdea otomandarren erasoez babestea lortu baitzuen. Hala ere, XVI. mendearen erdialdean, printzerria otomandarren inperioaren zergapeko estatu autonomo bihurtu zen eta, hurrengo hirurehun urtez, sistema feudal gogor bat ezarri zuten turkiarren mendean egon zen.
Errusiaren mende
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendean errusiarren aginpidea Moldavian handituz joan zen, eta 1774an Errusiaren babespean geratu zen, nahiz eta Turkiak izan lurraldearen gaineko aginpidea. Turkiaren eta Errusiaren arteko 1806-12 bitarteko gerraren ondoren, Moldaviako zati bat, Besarabia, Errusiaren mendean geratu zen.
Krimeako gerraren ondoko Parisko Itunean (1856), Besarabiako hegoaldea Moldaviari eman zitzaion. 1859an Moldaviak Valakiarekin bat egitea erabaki zuen, eta Alexandro Joan Cuza printzearen aginpidean Errumaniako estatua osatu zuten; batasuna 1861ean gauzatu zen. Errusiaren mendeko Besarabia Sobietar Errepublika Sozialista Autonomo bihurtu zen, Ukrainaren baitan lehendabizi (1924-40), eta Moldaviako sobietar errepublika sozialistaren baitan gero.
Burujabetasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1991. urtean Sobietar Batasunarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuen Moldaviak, baina 1980ko hamarraldiaren hasieratik dagoeneko etnien, lurraldeen eta hizkuntza desberdineko taldeen arteko liskarrak nabarmendu ziren Moldaviako politikan, eta hamarraldi haren amaieran izan zuten, hain zuzen ere, unerik larriena, Dniester ekialdeko gerra zibilarekin. 1989. urtean Moldaviako burujabetasunaren aldeko mugimendua indar hartzen hasi zenean, hizkuntza nazionalaren auzia larritu zen. Izan ere, Moldaviako lurraldea Errusiaren mende geratu zenez gero, alfabeto zirilikoa erabili izan zen bertan (errusiera zen hizkuntza ofiziala), baina 1989an independentzia zaleen presioei esker, errumaniera (errumanieraren moldaviar aldaera, alfabeto latindarrekoa) izendatu zuten Moldaviako hizkuntza ofiziala. Dniester ekialdeko lurraldeetan — inguru hartan, errusiera mintzatuagoa da errumaniera baino—, ez zuten errumaniera hizkuntza ofizial gisa hartzen zuen legea onartu eta autonomia eskatzen hasi ziren beren lurraldearentzat.
Bestalde, Moldaviaren burujabetasunaren aldeko mugimenduarekin batera, Errumaniarekin bat egitearen aldeko iritzia zabaldu zen (historian zehar lotura estua izan du Moldaviak Errusiarekin zain Errumaniarekin) eta horrek are gehiago larritu zuen egoera: adibidez, Errumaniarekin bat egitearen kontrako greba handiak egin zituzten errusiarrek. Moldaviako hegoaldean ere, Gagauziako lurraldean, burujabetasunaren aldeko mugimendua indartu zuten gagauziarrek.
1990ean autonomiari buruzko erreferenduma egin zuten Dniester ekialdean: Dniester ekialdeko errepublika osatzea erabaki zen eta errusiarrek beren gobernua ezarri. 1991n, beraz, Moldaviak Sobietar Batasunarekiko burujabetasuna aldarrikatu zuen urtean, gauza bera egin zuten Moldaviari buruz Dniester ekialdean eta Gagauzian, eta errepublika burujabe izendatu zituzten lurralde haiek; bi lurraldeotan Moldaviaren burujabetasunaren kontra eta Errumaniarekin bat egitearen kontra zeuden.
Moldaviako lehendakaritzarako lehenengo hauteskundeetan Mircea Snegur moderatua izan zen garaile, Mircea Druc, Errumaniarekin bat egitearen aldekoen buruzagiari aurrea harturik. Dniester ekialdeko gatazkak lurraldeen arteko batasuna arriskuan jarriko zuen beldur, eta lurraldeen arteko gatazkak indarra erabili gabe konpontzearren, Moldaviako lehendakariak amore eman behar izan zuen gauza askotan: lurraldean bakea lortu eta egoera bere onera etorri arte errusiar gudarostearen presentzia onartu zen, besteak beste, eta 1992an bake hitzarmena sinatu zen.
Tirabirak ez ziren erabat konpondu, ordea, eta 1994ko konstituzio berriaren bidez hegoaldeko gagauziarrei eta Dniester ekialdeko errusiarrei autonomia gehiago eman zitzaien, Moldaviako etnien eta lurraldeen arteko elkarbizitza erraztearren: errumaniera hizkuntza ofiziala zen arren, zeinek bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea onartu zen, gobernu propioa osatzeko aukera eman zitzaien eta, era berean, Moldaviak inoiz Errumaniarekin bat eginez gero, lurralde berriarekiko burujabetasuna eskuratzeko eskubidea aitortu zitzaien.
1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Petru Lucinschi izan zen irabazle, ezkerreko taldeen babesarekin. Hurrengo urtean Andrei Sangheli nazionalistak dimisioa eman zuen, eta Ion Ciubuc izendatu zuten Lehen Ministro. Petru Lucinschiren agintaldiaren hasieran ekonomia egoerak okerrera egin zuen, eta 1998ko legebiltzarrerako hauteskundeetan komunistek gora egin zuten.
2001ean Vladimir Vorodin izendatu zuten lehendakari eta Vasile Tarlev gobernuburu; eraberritu gabeko alderdi komunista batek agintea berreskuratu zuen Sobietar Batasun ohiko estatu bakarra izan zen. Alderdi komunistak erreforma ekonomiko eta sozial handiak egiteko programa bat abian jarri zuen, herrialdea Europar Batasunean sartzeari begira, eta ahalegin handiak egin ziren lana sortzeko halaber. 2005eko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zuten komunistek berriro ere (2008an alderdi bereko Zinaida Greceanli izendatu zuten lehen ministro).
2014ko azaroaren 30ean, 3.000.000 moldaviar hauteskundeetara deituta zeuden, EB eta Errusiaren arteko tentsioa handia zen unean[6]. Europako Batasunaren alde zeuden indarrek irabazi zituzten hauteskundeak eta koalizio gobernua prestatzen hasi ziren. Errusiazaleak aurretik zihoazen, botoen erdiak zenbatu arte[7].
Abenduaren 4an, gobernu akordioa berritu zuten gobernuan zeuden hiru alderdi europazaleek[8]. Abenduaren 8an, Moldaviako sozialistek hauteskundeak inpugnatu zituzten[9].
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legebiltzarra da legegintzaren ardura duen erakundea, 104 diputatuz osaturiko ganbera bakarrarekin. Diputatuak eta lehendakari eta estatuburua bost urtez behin aukeratzen dira. 1994an onartu zen konstituzioa eta herrialdea osatzen duten herrien arteko elkar ulertzea bultzatzeko xedea du.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moldavia 32 barruti, hiru udaltasun (Balti, Chisinau, Bender) eta bi eskualde autonomotan (Gagauzia eta Transnistria) banatuta dago. Azken horren estatusa eztabaidan dago oraindik gaur egun.
Moldavia eta Europar Batasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europar Batasunaren eta Moldaviaren arteko harremanak Europako Auzotasun Politikaren bidez ezarri dira; Europar Batasunaren kanpo-politikarako tresna da, eta estatu kideekin muga egiten duten herrialdeez arduratzen da.
Moldaviak lotura estua du Errumaniarekin, EBko kide den herrialdearekin. Gerrarteko aldian, bi herrialdeak elkartuta egon ziren. Hizkuntza, tradizioak eta kultura partekatzen dituzte. Moldaviako bandera errumaniarraren bertsio aldatua da, erdian Moldaviako armak gainjarrita dituena. Joera nazionalista moldaviarrak eta gutxiengo errusiar handi bat egon arren, errumaniarrek, berez Moldaviako lurraldea eskatzen ez duten arren, moldaviarrak kulturalki eta etnikoki errumaniarrak direla uste dute. Aurreko batasun-aldiari esker, errumaniar pasaporteak eta EBko herritarrak eman dakizkieke sistematikoki moldaviarrei, beren jatorriagatik. Moldaviarren zati bat errumaniar gisa identifikatzen da gaur egun.
Moldaviako pobrezia-maila (EBko kide posibleen artean txiroena da herrialdea) atxikimendurako oztopo bat da. Transnistriako gatazka ere, Errusiak babestutako nazioarteko onarpenik gabeko errepublika bat, oztopo bat da.
Hala ere, EB gero eta harreman estuagoa garatzen ari da Moldaviarekin, lankidetzatik haratago doana, integrazio ekonomiko mailakaturantz eta lankidetza politikoan sakontzerantz. Europar Batasunak bulego bat ireki du Chisinaun (Moldaviako hiriburua), eta 2005eko martxoaren 23an Adriaan Jacobovits de Szeged izendatu zuen ordezkari berezi Moldavian, Transnistriako krisiaren konponbidean zentratuta. 2021eko ekainean, Europako Batzordeak iragarri zuen Moldaviak 600 milioi euro lortuko zituela 2021etik 2024ra bitartean, COVID-19aren pandemiatik suspertzen eta herrialde gisa garatzen laguntzeko.
2022ko martxoaren 3an Moldaviak ofizialki eskatu zuen Europar Batasunean sartzea, Errusiak Ukraina inbaditu ostean[10].
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijioa: ekialdeko kristau ortodoxoak, % 93,3; protestanteak, % 2.
Gizatalde nagusiak: moldaviarrak, % 75,8; ukrainarrak, % 8,3; errusiarrak, % 5,9.
Moldaviak du Sobietar Batasun ohiko errepubliken eta inguruko herrialdeen artean biztanle dentsitaterik handiena (121 biztanle/km2), bertako lurren aberastasunaren eta bilakaera ekonomiko azkarraren eraginez. Era berean, Moldavia da Europako urbanizazio maila apalenetakoa duen herrialdea: biztanleen % 41 inguru bizi da hirietan. Dena dela, herriak handi samarrak dira eta gehienetan argindarra dute. Bizi itxaropena 65 urtekoa da, batez beste. Biztanle kopuruaren hazkundea oso txikia da: 2005eko zenbatespenen arabera, % 0,22 da.
Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moldaviera, —errumanieraren aldaera— hizkuntza ofiziala da, baina kontzeptuari eta nortasunari dagokienez, ika-mikak sortzen ditu: hizkuntza arloan, bi mintzairak gauza bera dira, baina alde nagusia da moldavierak alfabeto zirilikoa erabiltzen duela batzuetan —Transnistrian, adibidez—. Moldaviako gainontzeko lurraldean, hala ere, moldaviera izeneko errumanieraren aldaera latindar alfabetoz idazten da.
Bigarren hizkuntza nagusia errusiera: gizartearen zati handi bat harekin elebiduna da. Ukrainera ere oso hedatua da; bestalde, biztanleen herenak frantsesez daki, herrialdea Frankofoniako kidea da.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moldaviak klima egokia eta lur oparoak ditu, baina ez du mea baliabide aberatsik. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da eta haren mende dago (ekonomia jardueraren % 34 inguru hartzen du); gehien lantzen diren gaiak fruituak, barazkiak, mahatsa, larrosak eta tabakoa dira. Abeltzaintzak ere garrantzi handia du, esnetarako eta haragitarako abere aziendek batez ere.
Moldaviak, bestalde, oinarrizko lehengaiak inportatu behar ditu (petrolioa, ikatza, gas naturala...) eta gai horien hornitzaile nagusia Errusia duenez gero, 1991. urtean Sobietar Batasuna erori zenetik, industria ekoizpenean murrizketa handiak izan dira.
Industria aipagarrienak nekazaritzatik ateratzen diren gaien lanketarekin (azukre findegiak, ardogintza) lotuta daude.
1992an gainbehera larria gertatu zen industria ekoizpenean eta, oro har, ekonomia guztian; beheraldi horretan eragin handia izan zuen Dniester ibaiaren ekialdeko lurraldean pizturiko gerra zibilak ere. Moldaviako gobernuak ekonomian aurrerapen handiak egiteko neurriak hartu zituen eta berrikuntza asko egin ziren (prezioak liberalizatu, pribatizazioa bultzatu, interes tasei mugak kendu, esportazioen gaineko kontrola murriztu...), baina azken urteetan neurri horietako batzuetan atzera egin du. 1998an barne produktu gordinaren hazkundea eten eta atzeraldia izan zen (1995ean iritsi zuen mailarik apalena, -% 8,6 eta 1997an, -% 2,5 izan zen), Errusiarekin tirabirak izan zituelako eta herrialde harekin dituelako merkataritza harreman guztien erdia baino gehiago.
1999an Nazioarteko Diru Funtsa berriro hasi da Moldaviari kredituak ematen (1997an bertan behera utzi zuen ekimen hori), eta 1999rako 135 milioi dolar izendatu zizkion NDF erakundeak.
Nolanahi ere, 2005eko datuen arabera, biztanleko BPGa munduko batez bestekoaren 4,5 aldiz txikiagoa zen (nahiz eta 2007an igo egin zen) eta biztanleen % 20 inguru bizi ziren pobrezian.
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aireportuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ «The World Factbook — Central Intelligence Agency» Cia.gov.
- ↑ «Moldova» CIA World Factbook.
- ↑ "Wine Road" in Republic of Moldova. .
- ↑ GDP per capita by country
- ↑ «3.000.000», Berria, 2014-11-30
- ↑ «Europazaleentzako lasaitua», Berria, 2014-12-02
- ↑ «Moldavian gobernu akordioa berritu dute agintean ziren hiru alderdi europazaleek», Berria, 2014-12-05
- ↑ «Moldaviako sozialistek bozak inpugnatu dituzte», Berria, 2014-12-09
- ↑ Txantiloi:Ro-RO Romania24, Stiri. «Maia Sandu va depune solicitare oficială pentru aderarea Republicii Moldova la Uniunea Europeană - Romania24.ro» https://romania24.ro/ (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Errumanieraz)(Errusieraz)(Ingelesez) Moldaviako webgune ofiziala