Edukira joan

Maria Clara Correia Alves

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Clara Correia Alves

Bizitza
JaiotzaMontemor-o-Novo1869ko maiatzaren 3a
Herrialdea Portugal
 Portugalgo Erresuma
Lehen hizkuntzaportugesa
HeriotzaLisboa1948ko otsailaren 2a (78 urte)
Hobiratze lekuaAlto de São João Cemetery (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Maurício da Luz Alves (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, irakaslea, editorea, kazetaria, aktibista, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta sufragista

Find a Grave: 225927869 Edit the value on Wikidata

Maria Clara Correia Alves (Nossa Senhora do Bispo, Montemor-o-Novo, 1869ko maiatzaren 3aSão Jorge de Arroios, Lisboa, 1948ko otsailaren 2a)[1][2] portugaldar idazlea, irakaslea, editorea, kazetaria, masoia, pentsalari librea, aktibista errepublikanoa eta sufragista izan zen. XX. mendearen hasieran Portugalgo erakunde feminista nagusietako kidea izan zen, hala nola Liga Republicana das Mulheres Portuguesas eta Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas, haietan hainbat kargu bete zituelarik, hala nola, Idazkari Nagusia, Atzerrirako Idazkari Nagusia, Lehendakariordea, Kazetaritza Ataleko Lehendakaria edo " Portugalgo Emakumeen Kontseilu Nazionalaren Boletin Ofiziala" (1914-1916) eta " Alma Feminina " aldizkarien (1917-1919 ) zuzendari gisa.[3]

Maria Clara Correia Nossa Senhora do Bispo parrokian jaio zen, Évora barrutiko Montemor-o-Novo herrian, 1869ko maiatzaren 3an. Aita João António Correia dendari eta jabea zuen eta ama, Clara Rita Spínola, etxeko lanen eta zaintzen arduraduna, biak parrokia berekoak.[1][4] Alentejoko familia errepublino baten ondorengoa zen eta bi neba eta ahizpa bat zituen. Gaztetan, Lisboara joan zen bizitzera bere familiarekin. [1]

1886ko urtarrilaren 25ean, 16 urte zituela, Lisboako Santa Catarina elizan ezkondu zen Maurício da Luz Alves aduanako agentearekin, 23 urtekoa, Lisboako Socorroko parrokian jaioa eta Maurício Alvesen eta Libânia Amáliaren semea. Garai hartan, Travessa do Poço dos Negroseko 1. zenbakian bizi zen, Santa Catarina parrokian. Handik gutxira, Rua do Poço dos Negros 53. zenbakira joan zen bizitzera, eta han irakasle lanetan hasi zen neskentzako eskolak ematen.[5][6][7]

1913ko otsailaren 22an bere senarra hil zen, 53 urte zituela, bularreko angina batek jota, senar-emazteak bizi ziren Rua da Cidade de Horta kaleko 2. solairuko etxean, São Jorge de Arroios parrokian, Lisboan.[2]

1948ko otsailaren 2an, 78 urte zituela, Maria Clara Correia Alves hil zen, bronkoneumonia baten ondorioz, bere azken urteetan bizi zen etxean, Almirante Reis etorbideko 139. zenbakiko lehen solairuan, Lisboako São Jorge de Arroios parrokian. Hiri bereko Alto de São João hilerrian dago ehortzita.[8]

Aktibismo feminista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikako Behin-behineko Gobernuaren eta Derrigorrezko Erregistro Zibilaren Legearen omenez "Gremio Lusitano" futbol taldean eginiko batzarrean hizlarietako bat izan zen. Hitzaldian, "Emakumeak familian duen zeregina" gaia jorratu zuen, eta "eskerrak eman zizkion Afonso Costa jaunari bere sexuaren alde egindako lanagatik". Bilkura 1911ko martxoaren 26an egin zen, eta Magallanes Lima Masoneriako Maisu Handiak zuzendu zuen.

Liga Republicana das Mulheres Portuguesas

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko lehen hamarkadan, Maria Clara Correia Alves Liga Republicana das Mulheres Portuguesas erakunde politiko eta feministan sartu zen. Bertan, Portugalgo emakumeen eskubideen aldeko aktibistarik ezagunenetako batzuekin lan egiteko aukera izan zuen; haien artean, Adelaida Cabete, Carolina Beatriz Ângelo, Maria Veleda, Angélica Viana Porto edo Ana de Castro Osório aipa daitezke.[9]

Portugalgo Lehen Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eskuaira eta konpasa, masoien ikur nagusia.

Portugalgo Errepublika ezarri ondoren, Maria Clara Correia Alvesen aktibismoa areagotu egin zen: hezkuntzaren sekularizazioaren lehen defendatzaileetako bat izan zen, botoa eta dibortzio eskubidea aldarrikatzeko hainbat eskaera eta ekintzatan parte hartu zuen, masonerian sarbidetua izan zen Grande Oriente Lusitanoaren Humanidade Logian,[10] eta, 1913an, Pentsamendu Askearen 17. Nazioarteko Kongresuan parte hartu zuen, non La Libre Pensée et L'Emancipacion de la Femme (Pentsamendu askea eta emakumeen askapena) gaiaz hitz egin zuen. Hitzaldian, hezkuntzak bi sexuentzat duen garrantzia azpimarratu zuen, gizarte justu eta berdintasunezkoa lortzeko. Orduan sortu berria zen Portugalgo Pentsamendu Askearen Federazioan sartu zen, non Teófilo Braga, Heliodoro Salgado, Francisco José Teixeira Bastos, Deolinda Lopes Vieira eta Ana Augusta de Castilho-rekin harremanak izateko aukera izan zuen.[11]

Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Feministen Batzarra (Lisboa, 1928)

Urtebete geroago, Portugalgo Emakumeen Kontseilu Nazionaleko bazkide sortzaileetako bat izan zen. Kontseiluko Idazkari Nagusi kargua izan zuen 1914tik 1919ra. Karguan gehienik ere bi urte jarraian egotea proposatu zuen eta urtero hauteskundeak egitea, erakundean ideien eta militanteen berritzea ahalbidetzeko. Garai hartan, Portugal Lehen Mundu Gerran sartutakoan, bere abertzaletasun sutsua adierazten zuten artikuluak idatzi eta hitzaldiak eman zituen. Elzira Dantas Machado errepublikako presidentearen emazteak zuzendutako "Cruzada das Mulheres Portuguesas" (Emakume portugaldarren gurutzada) gerraren aurrean emakumeen ongintza eta esfortzu ekimenarekin bat egin zuen.[12] Era berean, 1916ra arte "Boletim Oficial do Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas" argitalpenaren eta "Alma Feminina" aldizkariaren lehen editore burua izan zen 1920ra arte, eta 1919an Kazetaritza Saileko lehendakari ere izan zen.[13] Hasierako doako banaketaren ondorioz sortutako galera ekonomikoak gorabehera, aldizkaria erakundearen eta haren ideiak zabaltzeko ezinbesteko bitarteko iritzita, bai Maria Clara Correia Alves bai Adelaide Cabetek erakundean sortuko zuen defizita estaltzeko eskaintza egin zuten. Horrela ahalbidetu zen argitalpenarekin jarraitzea 1946ra arte.

Avril de Sainte-Croix.

Maria Clara Correia Alvesek 1920an hartu zuen Kontseiluaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren kargua, eta 1921ean lehendakariordearena. Kargu horietan egindako lanak Portugalgo mugimenduaren ikusgarritasuna mugetatik haratago eraman zuen, Kontseiluaren eta nazioarteko mugimendu feministako figura garrantzitsuenetako batzuen artean loturak ezarriz. Horrela, korrespondentzia bizia izan zuen Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalarekin (Conseil National des Femmes Françaises) eta Nazioarteko Emakumeen Kontseiluko (International Council of Women) Avril de Sainte-Croix eta Alice Salomon idazkari nagusiekin, baita beste sufragista ingeles eta estatubatuar batzuekin ere, hala nola Isabel Hamilton-Gordon —Lady Aberdeen izenez ezaguna eta John Hamilton-Gordonen emaztea— edo Carrie Chapman Catt.[14][15]

1920an, Paulina Luisi uruguaitar mediku eta aktibista feministaren harrera zela eta, sei hitzaldi egin ziren Lisboan. Maria Clara Correia Alvesek harreran parte hartu zuen eta "Luxo" (luxua) izeneko hitzaldia eman zuen Lisboako Merkatarien Elkarte Komertzialean egindako bosgarren bilkuran.

1930eko hamarkadan, Maria Clara Correia Alves Lisboako 2. Barrutiko Udal Liburutegiko zuzendari lanetan aritu zen, hitzaldiak ematen jarraitu zuen eta artikulu eta testu asko argitaratu zituen, hainbat aldizkari eta aldizkarirekin elkarlanean, hala nola Pensamento, A Comarca de Arganil[16] edo A Luz[17]. Batzuetan, Izabel de Malta ezizena erabiltzen zuen,[18] feminismoaz eta bere borrokez feminismoaz eta bere borrokez edo Portugalgo hezkuntza sisteman defendatzen zituen hainbat erreformaz idazten zuenean.[19]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Livro de registo de baptismos da Paróquia de Nossa Senhora do Bispo (1869). Arquivo Distrital de Évora.
  2. a b Livro de registo de óbitos da 2.ª Conservatória do Registo Civil de Lisboa (1913-01-01 a 1913-05-18). Arquivo Nacional da Torre do Tombo.
  3. (Portugesez) Leal, Ernesto Castro;Zúquete. (2013-03-04). Grandes Chefes da História de Portugal. Leya ISBN 978-972-47-4492-6. (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  4. (Portugesez) Gazeta da Relação de Lisboa: revista crítica dos tribunais. Empreza Litteraria de Lisboa 1907 (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  5. (Portugesez) Almanach Commercial de Lisboa. 1886 (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  6. (Portugesez) Portugal. (1926). Colecção oficial de legislação portuguesa. Imprensa nacional (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  7. Livro de registo de casamentos da Paróquia de Santa Catarina (1883 a 1889). Arquivo Nacional da Torre do Tombo.
  8. Livro de registo de óbitos da 2.ª Conservatória do Registo Civil de Lisboa (1947-12-31 a 1948-04-05). Arquivo Nacional da Torre do Tombo, 68 verso, assento 136 or..
  9. (Portugesez) Esteves, João Gomes. (1991). A Liga Republicana das Mulheres Portugueses: uma organização política e feminista (1909-1919). Comissão para a Igualdade e para os Direitos das Mulheres (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  10. (Portugesez) Esteves, João. (1998). As origens do sufragismo português: a primeira organização sufragista portuguesa, a Associação de Propaganda Feminista (1911-1918). Editorial Bizâncio ISBN 978-972-53-0042-8. (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  11. (Portugesez) Ribeiro, Lia. (2011-07-01). A popularização da cultura republicana: 1881-1919. Imprensa da Universidade de Coimbra / Coimbra University Press ISBN 978-989-26-0082-6. (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  12. (Portugesez) Revista portuguesa de história. 2006 (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  13. Amorim, Ana Patrícia Cordeiro de Sousa. «Exposição Rostos da República: no âmbito das comemorações do Centenário da República em Espinho: Volume 2» Universidade do Porto.
  14. Matias Pires Correia, Rosa de Lurdes. «O Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas: A Principal Associação de Mulheres da Primeira Metade do Século XX (1914-1947)» Universidade Nova de Lisboa.
  15. Cova, Anne. (2010). «O Conselho Nacional das Mulheres Portuguesas (1914-1947)» Notícias: Temas e Notícias da Cidadania e da Igualdade de Género: 14-18..
  16. Vaquinhas, Irene. (2005). As mulheres na imprensa regional. O caso de A Comarca de Arganil (1901-1980). Arganil: A Comarca de Arganil.
  17. (Portugesez) A luz. 1919 (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).
  18. «Alves, Maria Clara Correia» Universidade Nova de Lisboa | Arquivo de História Social.
  19. (Portugesez) Pimentel, Irene Flunser. (2001). História das organizações femininas do Estado Novo. Temas e Debates ISBN 978-972-759-449-8. (Noiz kontsultatua: 2022-03-23).