Kontxita Beitia
Kontxita Beitia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Pasaia, 1940 (83/84 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Irakaslea(k) | Elbira Zipitria |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Lantokia(k) | Donostia Pasaia eta Errenteria |
Enplegatzailea(k) | Zurriola Ikastola Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila |
Kontxita Beitia Oiarbide (Pasai Antxo, 1940) andereñoa aitzindarietako bat izan zen Donostiako ikastolak sortu zituen mugimenduan. Kontxita Beitia, Mari Tere Elola eta Maite Garagorri andereñoek egindako lanari esker sortu zen Gros auzoko Zurriola Ikastola.[1][2][3]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdia Pasai Antxo eta erdia Donostia den kale batean jaio zen, Eskalandegi kalean. Goierrikoak zituen gurasoak, ama Idiazabalgoa eta aita ordiziarra. Gerran ihesi ibili zirenez, aitari lana ukatu zioten itzultzean. Pasai Antxoko Luzuriaga lantegian hasi zen, laborategian kimikari bezala. Bi senide ziren Kontxita-eta; aurretik jaiotako beste bi umetan hil ziren, bata gerra garaian, metrailak jota; gero beste anai bat izan zuen. Mojetan ikasi zuen Kontxitak, lehenengo herrian bertan eta gero Donostian, teresatarrekin. Gero Magisteritza egin zuen Ategorrietan. Giro erdaldunak bultzatuta, pixkanaka euskara baztertzen joan zen. Euskara berreskuratzeko Elbira Zipitriarengana jo zuen.[4] Isilpeko ikastoletako andereño izateko prestatu zuen hark. 20 urterekin, ikastola jarri zuen Pasai Antxon, bere etxean, bost ikaslerekin.[5] Donostiako Gros auzora ezkondu zen, eta han ere ikastola jarri zuen etxean, Zurriola izango zenaren hazia. Txalaparta jotzen, abesten eta dantzan ere ibili da. Psikologia ikasketak egin zituen gerora. Lau seme-alaba ditu.[6]
Maistra ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikasketak: ofizialak eta Elbira Zipitriaren metodoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Magisteritza ikasketak egin zituen baina orduko eskolako metodologia ez zitzaion gustatzen. Pasai Antxon hasi zen lanean 1960an. Bertan harremanetan jarri zen Elbira Zipitriarekin, eta berarekin sendotu zuen bere euskara (ordurako txikitako euskara zeharo galdua zuen eta) baita pedagogia berritzailea ikasi ere. Beraz, egin behar izan zuen lehenengo gauza hizkuntza berreskuratzea izan zen.[7]
Karmele Esnal eta Kontxita Beitia andereñoek, besteak beste, geroago irizpide zabalagoekin jokatuz aplikatu zuten Zipitriaren eskola-eredua, herrietako ikastoletarako formatu behar ziren neskekin praktikak egiterakoan, materialak erraztu eta laguntza handia eman zieten. Eskola-eredua, pedagogikoki, Zipitriarena zen.[8] Zipitriak ospe handia zuen irakasle gazte guzti horien artean, baita berarengandik ikasteko gogoa eta jarrera ona ere. Berarekin ikasitako andereño batzuek bere irakaslegaiei ere haren metodoa erakusteaz arduratu ziren. Era honetara, metodoa ikasten zuenak zetorren berriarekin praktikak egiten zituen katearen beste maila bat gauzatuz, eta, amaraun gisara, andereño enpirikoen formazioa poliki poliki zabaldutako fenomenoa bihurtu zen.[9] 2018an Elbira Zipitriari buruzko "Muga deitzen da pausoa" filma egin zen Maider Oleagaren zuzendaritzapean.[10][11]
« | Elbira Zipitria ez zen edozein, eta 500 urtean ez da horrelako pertsona bat agertuko. Bere izaera eta abertzaletasuna berezia zen. Garai hartan emakume izanik, indar ikaragarria zuen edozein gizonen aurrean berea babesteko. Ikastolaren ideiaren sorrera berea zen. Bera gabe beste modu batera sortuko ziren ikastolak. Egia esan, gozamena izan zen berarekin ikastea eta bizitza osoan eskertuko diot. | » |
—Kontxita Beitia |
Pasai Antxoko etxean ikastola (1960-1965)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karratu txiki bat antolatu zuen Antxoko bere etxe barruan, oheak paretaren kontra eramanda. Bost ikasle zituen lehen urtean. Bigarrenean hamabi. Hirugarrenean hogei. Laugarrenean hogei baino gehiago. Bi talde egin behar izan zituen, goiz eta arratsalde. Goizean bi talde, eta arratsaldean bat. Eskola Nazionaletik ateratzen ziren batzuk ere etortzen ziren euskara ikastera. Handiagoak ere, gurasoak eta euskara ikasi nahi zutenak zortzietan. Hamarrak arte. Oso emankorrak izan ziren bost urte horiek.[10]
Donostiako etxean ikastola (1965-1968)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geroago 1965an Donostiara joan zen bizitzera eta etxeko gela batean hasi zen eskolak ematen. Handik bi urtera, ikusita hiriko beste auzoetan (ikastolak sortzen hasiak zirela, jendearekin hitz egin eta lokal baten bila hasi ziren Zurriola Ikastola eratzeko, nahiz eta orduan Grosen bazegoen ikastola bat.
Zurriola ikastola (1968-1975)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Groseko ikastola ofizialki 1968ko urriaren 8an hasi zen Ramon Maria Liliko kalean lokal handi batean, ordurako lau urte zeramatzan Antiguako ikastolak, eta bi urte Amarako Ikasbidek. Lokal hartan ez zegoen leihorik, etxebizitzen azpiko lokal bat zen eta. Hasieran 60 haurrekin abiatu zen ikastola. Geroago Ategorrietara mugitu ziren Sakramentu izeneko etxera. Han pixkanaka hainbat zerbitzu muntatu zituzten: jangela, autobusa haurrak jasotzeko eta danborradan ateratzeko konpainia bat. 1971n, semea jaio zenean, urtebeteko atsedena hartu zuen eta gero beste bi ikasturte egin zituen Zurriola ikastolan, guztira sei urte.[10] Gaur egun, baina, Zurriola Ikastolak 1.300 ikasle, mila familia inguru eta ehundik gora langile biltzen ditu.
-
Kontxita Beitia andereñoa, Donostiako Zurriola ikastola Ramon Mª Lili kalean zegoenean, Belen, Miren eta Ibon ikasleekin (1969).
-
Beitia, Elola eta Garagorri: Zurriola Ikastolako lehen andereñoak
-
Ikasleekin Zurriola Ikastolako 25. urteurrenean. Bere ezkerrean biloba eta alaba (1993).
-
Mari Tere Elolarekin ikastolako 25. urteurrenean
-
Kilometroak jaian, hasierako andereñoekin (2009)
10 urtez ama seme-alabekin (1975-1985)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1975ean, seme-alabak jaiotzen hasi zirenean, ikastola utzi zuen hamar urtez, baina etxean gurasoentzako euskarazko klaseak ematen jarraitu zuen eta psikologia ikasketak egin zituen berrogei urterekin gaueko txandan, Zorroagan. Segituan haurdun gelditu zen berriz, laugarrenarekin.
Beraun, Ategorrieta eta Zuhaiztiko eskoletan (1985-2000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikastolen mugimenduak indarra hartu zuenean, eskola publikora joan zen. Jende euskalduna falta zen. Leku gehienetan D ereduraino iritsi nahi zuten. Beraungo eskola publikora bidali ninduten, egokitu ahal zitzaidan ere mrik erdaldunena. Erronka polita izan zen ikasketa burua izatea, eta D ereduraino eraman genuen. Hamaika urte pasa zituen han. Ondoren, Ategorrietako eskola publikora joan zen, eta Zuhaiztirekin bat egin zuenean, azken urtea han egin nuen. 60 urterekin hartu nuen erretreta.[10]
« | Argi eta garbi ikusten nuen ordurarte genituen etxebizitzako ikastolen garaia bukatuta zegoela. Beraz nire burutazioak ekintza bihurtu behar. Nere ikastolara etortzen ziren haurren gurasoei ikastola handi bat jartzeko garaia etorri zitzaigula adierazi nien, hau da, eskola eta kolejioetako ordutegia jarraituz, haurrak mailaka taldekatuz, andereño batzuekin eta abar. Guztiei ongi iruditu zitzaien, baina nondik hasi? | » |
—Kontxita Beitia, (1993) 1968-2018 Kultura ereiten |
Pentsio duinak lortzeko eskaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erretiroko baldintza ekonomikoak kalkulatzerakoan hasierako ikastoletan lan egindako urteak kontuan hartuak izan zitezen, hamar urteko lege-prozesu bat ireki zuten Kontxita Beitiak eta beste hiru andereñok (Karmele Esnal, Itziar Arzelus eta Nekane Auzmendi). Azken epaia aldekoa izan zen eta beraiei bakarrik ez, garai haietako beste hainbat irakasleri ere aplikatu zitzaien aldeko epai hura. Emakume haien urtetako lan isilak ordaina lortu zuen, urte haiek funtzionario moduan lan egin izan balute bezala kontuan hartu zitzaizkien.[1][10]
Errekonozimenduak eta sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erretiroa hartu eta hainbat urteren buruan egindako lanaren ordaina hainbat sarirekin jaso zuen:
- 2003: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste zenbait irakaslerekin 2003an Eusko Jaurlaritzaren ezagutza eta esker ona jaso zituen.
- 2009: Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia, beste andereño aitzindariekin batera.
- 2009: Durangoko azokako Argizaiola saria Euskal Herriko andereñoentzat izan zen.
- 2021: Kutxa Bira ekimenaren bukaerako ekitaldietako batean, Donostian, Kontxita Beitiak kutxa eusteko ohorea izan zuen. Amaiera ekitaldiak, Seguran eta Urruñan izan ziren biharamunean. Aurreko asteetan ekimenari jarraipena egin zioten Naiz Irratian Kontxita Beitia eta Marimi Ugaldek. Kutxa Bira Carmen de Patagonesetik (Argentina) abiatu zen, martxoaren 20an, eta Hego Amerikako euskal etxeetatik igaro zen Euskal Herrira iritsi zen arte. Baiona izen zen Europako lehen geltokia, apirilaren 8an, eta handik Euskal Herriko herrietatik itzulia egin zuen. Bartzelonan ere izan zen; guztira, 80 herriko bira egin zuen egurrezko kutxak.[12]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kontxita Beitia |
- ↑ a b (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2002-02-25). «Entrevista | 'Ezkutuan egindako lanaren ordain duina espero dugu'» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2017-03-25).
- ↑ Orain arteko historia laburra | Zurriola Ikastola. (Noiz kontsultatua: 2017-03-25).
- ↑ Mendizabal Sarriegi, Ane. (2024-06-21). ««Mantendu egin behar dugu ikastolak zuen izpiritu hura; beharra dago»» gipuzkoa.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-30).
- ↑ Beitia, Kontxita. (2009). «Elbira Zipitriarekin euskara ikasten eta praktiketan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Idoia Etxeberria) (Noiz kontsultatua: 2018-08-17).
- ↑ a b Betia, Kontxita. (2009). «Bost ikaslerekin ikastola martxan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Idoia Etxeberria) (Noiz kontsultatua: 2018-08-17).
- ↑ Beitia Oiarbide, Kontxita - Ahotsak.eus. (Noiz kontsultatua: 2017-03-26).
- ↑ «Kontxita Beitia andereñoa, Hurbilean saioan!» Hamaika TB (Noiz kontsultatua: 2017-03-25).
- ↑ Beitia, Kontxita. (2009). «Zipitriaren metodologia berria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Idoia Etxeberria) (Noiz kontsultatua: 2018-08-17).
- ↑ Fernandez, Idoia Fernandez. (1994-04-15). Oroimenaren hitza: Ikastolen historia 1960-1975. (Noiz kontsultatua: 2017-08-18). UEU
- ↑ a b c d e Esnaola Aranzadi, Inazio. (). «Kontxita Beitia: Gure esku dago euskara aurrera eramatea» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2018-12-22).
- ↑ «Elbira Zipitriari buruzko filma: "Muga deitzen da pausoa" - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-22).
- ↑ BigarrenKafea. (2021-06-04). «Kutxa Bira; Kontxita Beitia eta Marimi Ugalderen analisia» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Donostiako ikastolen historia
- Andereño (ikastolak)
- Elbira Zipitria
- Miren Egaña Goya
- Miren Koruko Gonzalez Galarraga
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kontxita Beitiaren pasarteak, Ahotsak.eus.