Edukira joan

Jose Ormaetxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Ormaetxea

Bizitza
JaiotzaErmua1919ko uztailaren 23a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZaldibar2008ko martxoaren 11 (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakenpresaburua eta irakaslea

Jose Ormaetxea Arregi (Ermua, Bizkaia, 1919ko uztailaren 23aZaldibar, Bizkaia, 2008ko martxoaren 11), Jose Ureta bezala ere ezagutua, enpresaburua izan zen, Eibarko Armeria Eskolako irakasle eta bertako zuzendari, bere gidaritzapean ikastetxearen arorik distiratsuena emanez.[1]

Ermuko Ureta baserrian jaio zen. Bertako semea zen aita, Eusebio Ormaetxea, baserritarra ofizioz eta idi-probalaria afizioz; mallabitarra zen ama, Dioni Arregi, Aldasolo baserriko alaba. Lehen eskolak Eitzagako auzo-eskolak jaso zituen eta seme-alabetatik nagusiena izanda baserrirako izan behar zen, baina ikasteko nahia erakutsita, Armeria Eskolan jarraitu zuen formatzen. 13 urte egin berritan sartu zen bertan eta ikasketok amaituta, Mekanikako irakasle izendatu zuten. Gerra ostean eskola partikularrak ematen zituen arratsaldeetan, Ermuko Ostatukuan atonduta zuen gelatxo baten. Maisu zuzen eta zorrotza bezala gogoratzen dute bere ikasle izan ziren batzuk, ordenatua eta diziplinatua.[1]

1946an Isabel Agirrerekin ezkondu zen, Zaldibarko Sallabenteko Ermintxa baserriko alaba eta honen familiaren lurretan egindako Ibai-ondo etxean jarri ziren bizi izaten. Etxebean jarriko zuen lehen tailerra.[1]

Ureta Engranajeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948an, Pablo Guridi koinatuarekin batera etxe azpian Ureta Engranajeak sortu zuen, lantegi familiarra sasoiko ia guztiak bezala, senide zuten behargin bakarrarekin. Lekua urrituz joan zitzaien eta hogeitamar bat urtetara tailer berria eraiki zuten, ez oso urrun, baina Ermuko lurretan oraingoan, Gipuzkoa Etorbidean.[1][2][3]

Doitasuna, prezisioa izan da euren mikro-engranajeen ezaugarri aipagarriena, industriagintzako arlo guztietara zabalduta: automozioa, elektrogailuak, aeronautika, elektromedikuntza, makina erreminta, automatismo eta robotika, vending makinak, igogailuak... …[2][3]

Nazioarteko merkatuetara hedatuta eta sektoreko erreferente bihurtuta, 2023ko urrian enpresa sortu zuteneko 75 urteurrena ospatu zuten.[2]

Armeria Eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eibarko Armeria Eskolak, armagintzan trebatzeaz gain, ikasketa orokorrak eskaintzen zituen: geometria, aritmetika, mekanika… Isasi gaineko Eskola Profesional honetan irakasle zela, tailer-buru izendatu zuten, zuzendari-orde gero eta azkenik zuzendari.[1]

Ia 40 urtez egon zen Eskolari lotuta eta atsedenik gabe egin zuen lana, berau aurrera ateratzeko konpromisoa lagun. Armeriak ezagutu duen berrikuntza eta modernizazio arorik esanguratsuena bere gidaritzapean eman zen. Bide horretan berebizikoa izan zen ondoko lur-soroa erosi ostean, handiagotzeko helburuarekin altxatutako eraikina.[1][4]

Etorkizunera begiratzen jakin zuen Ormaetxeak: berrikuntzak eta teknologia bultzatuz, Eskolaren alde teknikoa eguneratuz, espezialitate berriak sortuz… Esaterako 1960tik aurrera Elektrizitatea ikasteko aukera eskaini zen, 1962tik Elektronika, 1967tik Delineazioa eta 1968tik Mikromekanika, beti ere irakasle konpetitiboenak bilatuz eta teknologia puntarengoarekin hornituz.[1][4]

Inbertitu, berriztatu eta modernizatu lemapean bizi eta lan egindako gizon ameslari honen ekarpena industriaren hobe beharrez egindako lanagatik nabarmentzen da, ez bakarrik Armeria Eskolarako baizik eta inguru guztiaren mesederako izan zelako.[1][4]

Sustatu zituen ere, besteak beste, Eibarko Armagintzaren Museoaren bilduma, Eibarko Unibertsitate Laboralaren sorrera eta, enpresa ugariri laguntzeaz gain, beste eskola profesional batzuk bultzatu zituen, tartean Ermuko Iniziazio Profesionaleko Eskola.[5]

Alemania edota Suitzarekin lan asko egin zuen arren, buruan bere  jatorrizko bailarari zelan lagundu besterik ez zuen, bere kokapen eta estutasun orografikoagatik enpresa txikiak bultzatzera behartuta zegoen Debabarrena industriosoari.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i Elkartea, Euskal Birusa. (2022-12-22). «Drogetenitturri, 317 zenbakia (2022ko abendua) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  2. a b c «Ureta Precision Gears – Especialistas en engranajes» www.eng-ureta.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  3. a b Elkartea, Euskal Birusa. (2023-09-28). «Drogetenitturri, 325 zenbakia (2023ko iraila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-10-06).
  4. a b c (Gaztelaniaz) «La muerte de José Ormaetxea deja a la comarca sin el impulsor de sus estudios técnicos» El Diario Vasco 2023-10-05 (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  5. «Historia» Armia museoa (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]