Jesus López de Dicastillo
Jesus López de Dicastillo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Barbarin, 1951ko urtarrilaren 28a (73 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | ingeniaria, kazetaria eta abenturazalea |
Jesus López de Dicastillo Gorritxo (Barbarin, Nafarroa Garaia, 1951ko urtarrilaren 28a) ingeniaria, idazlea, kazetaria eta abenturazalea da.[1][2] Euskal Herriko bidaiari handienetakoa da.[2][3] Bizikletaz eta oinez munduan zehar ibilbide handiak egiten lehena izan zen gure artean.[4][5][6] 1981ean dirurik gabe eta bi urtez 30 000 kilometro baino gehiago egin zituen bizikletaz konkistatzaileen bidetik, Mexikotik Brasilera, 16 naziotako lurretatik igaroz.[7] 1983tik 1985era Andeetako mendilerroan barrena, Peru eta Bolivia zeharkatuz, inken bidexkak jarraituz, Amazonia ingurura ere iritsiz eta hainbat indigenekin, nekazariekin eta meatzarieekin biziz, 7 000 kilometro baino gehiago egin zituen oinez.[2][4] Geroago, Amazonasera joan zen fenomeno xamanikoak eta haien erritualak ikastera.[4][8] Horren ondoren, eta hamar urte baino gehiagoz etenik gabe jarraitu zuen Latinoamerikan zehar, 1995ean Peruko Amazoniako Puerto Bermúdez herrian Asháninka indigenekin batera etxebizitza ezarri arte. 1997an herri honetan "Humboldt Aterpe Kulturala" sortu zuen.[2][4][9]
EITB-k ekoitzitako Dr. Livingstone, supongo programaren zuzendaria eta aurkezlea izan zen, garai hartan sareko audientzia gehien zuen programa[2][9]. Bere kazetaritza lana Peruko Impetu egunkariko erredaktore nagusi gisa eta beste egunkari batzuetako kronikari gisa garatu zen, gehienbat Peruko La República eta El Sol eta Diario de Navarra egunkarietan[2][4][9]. Halaber, hainbat irrati saioren ohiko kolaboratzaile izan da, kultura aretoetan, ikastetxeetan eta unibertsitateetan hizlaria izan da eta Peru eta Ekuadorreko bi telesailetako zuzendaria izan da ere, "Esplendor y miseria de los Hijos del Sol" eta "Apocalipsis Amazonia" izenekoak[2][4][9]. "Kultura eta demokrazia", "Herriaren ahotsa" eta "Hitzaren etxea" irrati saio propioak ere sortu zituen Peruko oihanan, kultura, hezkuntza eta naturaren errespetua biztanlerian sustatzeko[4][10][11].
Bere abenturak hiru liburutan jaso zituen[2]: "Hego Amerika, bizikletaz egindako bidaiaren kronika", lan honekin Latinoamerikako kazetari argienetariko bat bezala finkatzen hasi zen; "Andeak. Peruko eta Boliviako Kronika Magikoa” Eusko Jaurlaritzako Manuel Iradier literatur lehiaketako lehen saria eta “Ayahuasca, heriotzaren soka. Amazoniako kontakizunak”, hau gaztelaniaz idatzitako aiahuaskari buruzko lehen kroniketako bat da[12]. Jesusek duen irakurtzeko zaletasunak "Humboldt Irakurle Kluba" sortzera eta literatura lehiaketak sustatzera bultzatu zuen, Amazoniako gazteen eta helduen artean liburuen irakurketa zabaltzeko helburuarekin, oihaneko biztanleek analfabetismo handia jasaten baitute[2][10]. Indigenen eskubideen eta Amazoniako oihanaren defendatzaile bizia da eta urte askoan lan egin du Asháninka Herrien Federazioarekin lankidetzan droga trafikoari eta baso-soiltzeari eredu ekonomiko alternatiboak emateko[2][13].
Bere abentura eta kazetaritza lan ugariek era guztietako egoerak bizitzera eraman dute[2][9][10]: Sendero Luminoso talde terrorista maoistaren kide izatea leporatu zioten; Peruko politikari eta goi karguen arteko oturuntza pribatuan infiltratu zen; Boliviako poliziak bahitu zuen; kokainako mafiekin eta militar ustelekin tratatu du sarritan; Andeetako eta Amazoniako talde indigenekin bizi izan da; "El Dorado" edo "Paititi" herri sekretuaren bila murgildu zen oihanaren barnealdean Aita Polentiniren planak jarraituz; Mario Vargas Llosa idazlea, María Reiche arkeologoa edo Salvador Allende bizirik ikusi zuen azkeneko pertsona elkarrizketatu zituen; Peruko agintarien mehatxu eta zentsurei aurre egin die, besteak beste. Bere lanek, kronikek eta komunikabideetan izan dituen parte-hartzeak bidaiari eta abenturazale belaunaldi berrietan eragina izan dute[2][14][15][16].
Biografia goiztiarra eta lehen bidaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerraostean fraile eta militarren ingurunean hazita, ingeniaritza ikasketak egin zituen eta Vigo-ko Citroën auto konpainian kate saileko buru izateko lana lortu zuen, bertan hainbat urte emanez. Hala ere, ondo ordaindutako lan egonkorra izan arren, lantegian izandako dedikazio sutsuaren ondorioz sortutako depresio larriak izan zituen. 1981eko otsailaren 10ean dena uztea erabaki zuen Ameriketan itzulera datarik gabeko bidaia osatzeko[2][4].
Adiskide batek lagunduta, Mexiko Hirian lurreratu, bizikleta bat erosi eta Mexiko Hiriko Zócalo plazatik hasi zuen ibilbidea, bere iraganari agur esanez eta bere bizimodu berriari hasiera emanez. Bidaia honek bi urte inguru iraun zuen, 1981eko hasieratik 1982ko urriaren 20ra, Mexiko Hiritik Brasiliara, 30.000 kilometro eta 600 egun 16 herrialdetako lurretan barrena[1][2].
Hau munduan egin den mota honetako lehenengo bidaietako bat izan zen. Nabarmentzekoa da ere bidaia honen meritu handia, aurrekontu oso mugatuarekin (egunean 300 pezeta)[7], kanbiorik gabeko Benotto markako bizikleta bat erabilita eta mataeriala garraiatzeko zorrorik gabe egin zelako (tresnak atzeko parrilan lotuta eta aurrekaldean zeraman saski batean gordeta garraiatu zituen), oihanak eta mendikate altuak zeharkatuz eta mota guztietako ezbehar klimatikoak eta gatazka politikoak pairatuz[2][9].
Jesus López de Dicastillo izan zen bidaia osatu zuen bakarra, Brasilia hirian bidaia amaitutzat emanez han bere bizikleta txikitu zenean. Orduz geroztik, bere bizitza Latinoamerikarekin eta bidaiekin lotuta egongo da. Bidai honen bizipenak "Hego Amerika, bizikletaz egindako bidaiaren kronika" bere lehen liburuan bildu dira, bidaian zehar López de Dicastillok idatzitako eguneroko pertsonalekin osatutako bidai kronika, eta 1985ean bere anaia Luisek ezkutuan argitaratua, Jesus bere bigarren bidaian zegoelarik. Liburu honek eragin handia izan du txirrindulari belaunaldi berriengan eta Jesus bere garaiko Amerikako kronikarik garrantzitsuenetakoa izan zedin balio zitzaion[2][4][15].
Bigarren bidaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Brasilian lehen bidaia amaitu ondoren, Jesus Iruñera itzuli zen bere burua berreraikitzera. Lehenengo bidai honetan ez zuen nahi bezala Ande mendietan barrena bidaiatu eta Peru eta Boliviako Andeetan zehar oinez bidaia luzea egitea erabaki zuen. Bidaiak 630 egun iraun zuen, (1983-12-15) eta (1985-9-9) bitartean, 7 000 kilometro baino gehiago oinezean eginez[2][4].
Makila eta motxila lagun zituela, Jesusek antzinako inken arrastoak jarraitu zituen. Egunero esnatzen zen leku desberdin batean eta nekazari eta meatzariekin denbora eman zuen. Kitxua ere ikasi zuen. Bidaia hau Alexander Neirgberg-ekin hasi zuen, Sacha ezizenekoa, belgikar nazionalizatutako errusiarra, Gasteiz hirian auto-stop egiten ezagutu zuena[2][9].
Bidaia horretan, Jesusek eta bere lagunak era guztietako esperientziak bizi zituzten. Garai hartako zirkunstantziak ez ziren errazak Perun, Sendero Luminoso talde terroristak iraultza bortitzak hasi zituen eta hauen presentzia handia izan zen Andeetako eremuetan. Egoera horretan, Jesusek eta Sachak beren arreta Andeetako mendilerro luzean jartzea erabaki zuten[2][9].
Horietako batean, Peruko herri txiki batean zirelarik, bidaiariak Sendero Luminosoko taldekoak zirela leporatu zieten. Jesus eta Sacha salaketa horiek garbitzen saiatu ziren, kosta ahala kosta, Sacha KGB errusiarrarekin erlazionatzea ekiditu behar baitzuten. Zorionez, Jesus eta Alexander bizirik irten ziren baina beste ez-behar bat suertatu zitzaien; Sachak bere neskalaguna Belgikan bortxatua izan zela zioen zorigaiztoko albistea jaso zuen, eta Jesus bakarrik utzi behar zuela bere bidaian. Jesusek ere era guztietako zailtasunak izan zituen bidaian zehar, Boliviako Poliziak La Paz hirian bahitu zutenean, esaterako. Azkenean, 630 eguneko bidaiaren ondoren eta mota guztietako pertsonaiak ezagutu ondoren (hala nola, Alán García, etorkizuneko Peruko presidentea), Jesusek Lima hirian amaitu zuen bidaia 1985eko irailaren 5ean[2][9].
Esperientzia horiek bere bigarren liburuan islatu zituen, “Los Andes. Peruko eta Boliviako Kronika Magikoa”, 1986an argitaratua. Liburuak Eusko Jaurlaritzako Manuel Iradier literatur lehiaketako lehen saria irabazi zuen eta Jesus Hego Amerikako berriemailerik argienetakoa eta indigenen defendatzaile leiala zela berretsi zuen[2].
Hirugarren bidaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko bidaiaren ostean etenaldi labur bat egin ondoren, 1987ko otsailaren 19an, Jesus berriro lurreratu zen Liman, Perun. Perura egiten zuen bere hirugarren espedizioa zen. Oraingoan Amazonas ibaia jaistea zuen helburu, Nevado Ampato iturburutik Belen hirira, 6 800 kilometroko nabigazioa. Horretarako, bere ontzi propioa eraikitzeko asmoa zuen[2][4].
Zoritxarrez, bidaia hasi eta gutxira, alemaniar batek bere diru guztia eta argazki ekipamendua lapurtu zizkion, bere plana zapuztuz. Jesus arazo larrian zegoen, orain bizirik irauteko eta lapurtu zioten dirua berreskuratzeko modua aurkitu behar zuen. Hala ere, bere argitasunari eta Félix Álvarez lagunaren laguntzari esker, biak oturuntza pribatu batean sartu ziren Las Casuarinas auzoko jauregi batean, Limako gunerik esklusiboenetako batean kokatua. Oturuntza honen antolatzailea Dionisio Romero zen, orduko Banco de Crédito de Perú-ko zuzendaria. Bilera horretan, Jesusek, bere elokutasunaz baliatuz, Impetu egunkariko erredaktore buru lana lortu zuen. Gauzak horrela, Jesus Amazoniako Pucallpa hirira joan zen bizitzera, bertan baitzegoen egunkariaren egoitza[4][9].
Erredakzio nagusia zen bitartean, Jesus egunkaria hausnarketa bultzatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko tresnan bilakatzeko ahaleginak egin zituen, bihotzeko prentsari eskainitako atalak ezabatuz eta politikarien gehiegikerien aurkako edukia eta eduki kulturala gehituz. Tamalez, laster hasi ziren Jesusen kontrako mehatxuak eta egunkariaren egoitza erretzeko mehatxuak[9].
Berriro ere bere planak zapuztuta zeudela, Jesusek xamanismo eta sendatze tradizio luzeko Amazoniako hiri batean zegoela aprobetxatu zuen fenomeno horiek zehatz-mehatz aztertzeko. Horrela, Amazonaseko oihanean zehar bidaia eta ikerketak egin zituen, aiahuaskak ezkutatzen dituen misterioen bila, liturgia desberdinetara joanda eta oihanaren barrenean arakatuz[8].
Ikerketa horiek, ikuspegi etnografiko eta antropologikotik bilduak, bere hirugarren liburuan biltzen dira “Ayahuasca, heriotzaren soka. Amazoniako kontakizunak”, 1992an autoargitaratua[8]. Liburu hau gaztelaniaz idatzitako aiahuaskako liturgien inguruko lehen esperientzietako bat da[12].
Aurkezle eta berriemaile gisa emandako etapa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko denboraldi honetan zehar, Jesus bidaia idazle gisa bizi zen La República eta El Sol del Perú egunkarietzako kronikak idazten, eta baita Diario de Navarra egunkariarentzat ere. 1988an Euskal Telebistara gonbidatu zuten Dr. Livingstone, supongo programara, Hego Amerikan izandako abenturei eta bidaiei buruz hitz egitera. Amazonas ibaiaren mugetan etsai diren indigenen artean dabilen abenturazale trebea bezela aurkeztu zuten. Jesus, aurkezpen horrekin suminduta, bere ustez aurreiritzi handiz eginikoa, amorruz lehertu zen eta saioa birbideratu zuen, zuzendariak eta publikoa konkistatuz eta jakinduria eta karisma erakusketa bat eginez. Honek, kapitulua grabatzen amaitu zen bezain laster programa denboraldi osorako zuzendu eta aurkezteko eskaintza jasotzeko balio izan zion. Eskaintza onartu zuen[4][9].
Dr. Livingstone, supongo programaren zuzendari eta aurkezle izan zen bitartean, Jesusek Euskal Herriko programa ikusiena bilakatu zuen. Kapitulu bakoitzean, Jesusek, lotsik gabe, kritika gogorrak eta diskurtso gogoetatsuak jaurti zituen. Emankizunaren biharamunean, programak egunkarietako lerroburuak eta editoreari zuzendutako gutun gehienak bereganatzen zituen[2][9].
Hala ere, kontratua sinatu aurretik, Jesus kritikatu ezinak ziren gauzei buruz ohartarazia izan zen, edo bestela, kaleratu egingo zutela. Eta halaxe izan zen, Jesusek Dr. Livingstone, supongo programaren aurkezle gisa egin zuen ibilbidea distiratsua bezain laburra izan zen, 13 kapitulu aurkeztu eta zuzenduz. Programaren saio batzuk 1988ko udan Perun filmatu ziren, Roge Blasco kazetariarekin eta José Mari Salinas kamerariarekin batera herrialdea zeharkatu zutela etenik gabeko berrogei egunez, Inken aurreko kulturetako tenpluetan zehar eta Limako eta Arequipako gune txiroenak arakatuz. Garai hartako Peruko pertsonaia ospetsuak elkarrizketatu zituzten, hala nola María Reiche matematikari alemaniarra, bere bizitza Nazca lerroen azterketari eskeini ziona, edo Mario Vargas Llosa idazle eta orduan politikari konprometitua. Nekazariak, langileak, politikariak eta sindikalistak ere elkarrizketatu zituzten[2][9][10].
Modu berean, Jesus ohiko hizlaria izan zen kultur aretoetan, eskoletan eta unibertsitateetan, Perun eta Euskal Herrian, eta ohiko kolaboratzaile ere izan zen irratsaio desberdinetan. Perun eta Ekuadorri buruzko "Esplendor y miseria de los Hijos del Sol" eta " Apocalipsis Amazonia" izeneko bi telesailen zuzendaria ere izan zen[2][9].
Peruko Amazonian finkapena eta Humboldt Kultur Etxearen fundazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jesus telebistako aurkezle eta dokumental egile gisa bizitako etapa parentesi bat izan da abenturazale bezela egin duen ibilbide luzean. Euskal Telebistatik irten eta gero, Jesusek Hego Amerikan barrena bidaiak egiten jarraitu du, harik eta 1995ean 44 urte zituela bizileku iraunkor bat ezartzeko garaia zela erabaki zuen arte[4][9].
Horretarako aukeratutako tokia Puerto Bermúdez herria izan zen, Peruko Amazoniako bihotzean kokatua. Jesusek aurretik ezagutzen zuen herri txiki hau, 1984ko otsailean Pachitea ibaia igotzen ari zela, Pajonal Handiko indiarrak kokatzen diren lurretarantz joateko asmoz, Fitzcarralden bidea jarraituz, honekin topo egin zuenean. Garai hartan, Puerto Bermúdezera iristeko hegazkina edo itsasontzia ziren sarbide bakarrak, izan ere, Puerto Bermúdez udalerria lotzen duen errepidea ez zen 1988. urtera arte errealitatea izango[9].
Jesusek, bertako naturaz maiteminduta eta leku horretako Asháninka herritarrek harrituta, herrian lursail bat eskuratu zuen Pichis-Pachitea ibaiaren ondoan, mundu osoko zientzialari eta abenturariak jasotzeko eta kulturaren garrantzia eta naturaren babesa zabaltzeko aterpetxea eraikitzeko asmoz. Aterpea bere kabuz eta inguruko materiala erabiliz eraiki zuen, Raul Rubio bilbotarraren laguntzaz, edozein nafarrentzako egun berezia den egunean,1997ko San Fermin egunean alegia, bere lana amaitu zuen arte: bi solairuko egurrezko palafito etxea, Ashaninka arkitekturaduna eta San Matías eta El Cira mendiei bistaduna. "Humboldt Kultur Ostatua" izena jarri zion, Prusiako naturalista eta geografo ospetsuaren omenez. Etxe ondoan lorategi oparoa landatu zuten, von Humboldtek berak egindako lorategien diseinuetan oinarrituta[9][10].
Ordutik eta duela gutxi arte, Jesusek mundu osoko zientzialari eta bidaiari ugari jaso ditu, eta nola ez, hainbat gorabehera bizi behar izan ditu. Hasieran, eta bertakoen konfiantza lortu arte, era guztietako salaketak jaso zituen; batzuek droga trafikatzailea zela adierazi zuten, beste batzuek diamante bilatzailea zela, eta beste batzuek bera zela pishtaco, Andeetako pertsonaia mitologikoa, pertsonak haien gantzak jateko erailtzen dituena. Geroago, ordura arte ezagutzen zuen paisaiaren suntziketa prozesua ikusi zuen, eta narkotrafikarien mafiak nola finkatu ziren, ustelkeria politikoarekin batera[2][9].
Jesusek, horren aurka, eta agintariak etsai izanik, "Kultura eta demokrazia", "Herriaren ahotsa" edo "Hitzaren etxea" bezalako hainbat irratsaio egin zituen eta tokiko biodibertsitatea eta kultura kontserbatzeko garrantzia zabaldu zuen. Gogor kritikatu zituen agintariak eta haien ustelkeria. Honen ondorioz, programak itxi egin zituzten. Agintariek emisoreak mehatxatu zituzten finantziazioa kentzearekin eta beste askotan zuzenean zentsuratzen zituzten irratsaioak[2][10].
Bestalde, Jesus indigenen eta bertako biztanleen kulturizazioaren sustatzaile handia izan da, "Humboldt Irakurle Kluba" irratsaioa, izen bereko liburuen doako mailegu-plataforma eta irakurketa-tailerren bitartez. Era berean, indigenen eta Amazoniako oihanaren eskubideen defendatzaile bizia da, urte asko daramatza Asháninka Herrien Federazioarekin eta irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuekin lankidetzan droga trafikoari eta animalien trafikoari alternatiba ekonomikoak sortzeko saiakeran[2].
2017az geroztik, aterpetxea itxita dago eta lagunen eta senideen bisitak soilik jasotzen ditu[9].
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sudamérica, crónica de un viaje en bicicleta. [1]
- Los Andes. Crónica mágica de Perú y Bolivia[2].
- Ayahuasca, la soga de la muerte. Relatos de la Amazonia[8].
Programak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Manuel Iradier Bulfly Saria Lo Andes. Crónica mágica de Perú y Bolivia liburuarekin[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «LÓPEZ DE DICASTILLO, Jesús - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af Blasco Granados, Roge. (2004). LEVANDO ANCLAS: 20 AÑOS DE VIAJES Y AVENTURAS. EUSKAL IRRATI TELEBISTA (EITB)., 223-232 or. ISBN 978-8492393015..
- ↑ Rojo, Lorenzo (2013). 16 años viajando en bici por el mundo. Conferencia ofrecida en el edificio de la Bolsa, Bilbao.
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o (Gaztelaniaz) Blasco, Roge. (2015-12-26). Jesús López de Dicastillo Gorricho 18 años en la selva central del Perú. | EITB. (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) «IF KEROUAC HAD TRAVELED BY BICYCLE» SUBURBANO 2015-05-18 (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
- ↑ 101viajes (2013). Viajeros en bicicleta de largo recorrido. Artículo publicado en la web de viajes yoquierosercomotu.com, 21 de julio de 2013.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) País, El. (1982-06-23). «Jesús López de Dicastillo» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
- ↑ a b c d Barandiaran, Alberto. (1992). Naturarekiko azken lotura Amazonia da. Jesus Lopez de Dicastillo-ri elkarrizketa. Nafarkaria, 1992ko maiatzak 29, II. Urtea, 26. Zenbakia. or..
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t (Gaztelaniaz) Aguilar-Gómez, César. (2020). BIÓLOGO EN SALSA VERDE. VIAJE A LOS BOSQUES NUBLADOS DEL PERÚ. Ediciones Emilianenses, 245-271 or. ISBN 978-84-120037-1-0..
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Blasco, Roge. (2013-03-17). Jesús López de Dicastillo. Un navarro en la selva de Perú. | EITB. (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
- ↑ EUSKAL IRRATI TELEBISTA, EITB (2013). Entrevista a Jesús López de Dicastillo. Programa Vascos por el mundo, edición Perú.
- ↑ a b López-Pavillard, Santiago. (2008). Recepción de la ayahuasca en España. Trabajo Fin de Máster. Universidad Complutense de Madrid..
- ↑ Latina Televisión (2014). Arde Puerto Bermudez. Entrevista a Jesús López de Dicastillo en el programa Punto Final, emitido por Latina Televisión el 20 de octubre de 2014.
- ↑ (Gaztelaniaz) Lorenzo Rojo “Txentxo”, 15 años en bicicleta por el mundo. | EITB. 2013-01-01 (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
- ↑ a b Rojo, Lorenzo. (2016). MUNDUAN BARRENA BIZIKLETAZ. Autoedizioa ISBN 9788461770649..
- ↑ Presa González, Fernando. (1993). Ilargia lagun beti hegoalderantz. Txalaparta ISBN 9788486597757..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz): Biografia Albergue Humboldt webgunean.
- (Gaztelaniaz): López de Dicastillo "Levando Anclas" irrati saioan