Edukira joan

Izotz plataforma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ross izotz hesia, Antartikan.

Izotz plataforma edo izotz hesia itsasoko uraren gainean flotatzen ari den izotzezko plataforma zabala da, kontinenteko izotz geruzak edo glaziar batek kostaldea hartzen duenean sortzen dena. Gaur egun Antartikan, Groenlandian, Kanada iparraldean era Errusiako eremu artikoan soilik aurki daitezke.

Ezagutzen diren izotz plataforma handienak Antartikako Ross izotz hesia[1] eta Filchner–Ronne izotz hesia dira. Azken hamarkadetan izotz plataformen azalera nabarmen gutxitu da.

Izotz plataforma ez da bankisarekin nahastu behar. Bankisa itsasoko ura izozterakoan sortzen da, estazionala izaten da, hau da neguan sortu eta udan desegiten da[2], eta plataforma baino askoz finagoa izaten da, gehienetan 3 metrotako lodiera hartzen du[3].

Izotz plataformak aldiz frontean 30 metrotako altuera izan ohi du, kasuren batean 200 metrotako altuerara ere iristen da, adibidez Larsen izotz plataforma. Artikoa eta Antartika esploratu zuten aurreneko abenturazaleek "izotz hesi" deitu zieten plataforma hauei, horrela ezagutzen da adibidez Ross izotz hesia. Ez da ahaztu behar gainera ur azaletik gora izotz masaren 1/9 baino ez dela ikusten. Kostaldera hurbildu ahala izotz plataformaren lodiera handituz doa, 700-1.000 metrotakoa izaterainokoa.

Ekström izotz plataformaren ertza.

Kontinentean dagoen glaziarraren eta dagoeneko uraren gainean dagoen izotz plataformaren arteko mugari "grounding line" esaten zaio, plataforma oinarritzen den lerroa baita. Flexioak eragindako arrakalak ikusten direlako nabaritzen da non dagoen kostalerroa izotzaren azpian. Flexioa amaitzen den lerroari Hinge lerroa esaten zaio, baina zaila izaten da begi hutsez detektatzea.

Grabitatearen eraginez kostaldetik jeisten den izotzak elikatuta izotz plataformek urtetan zehar aurrerantz egiten du[4] eta aldiro frontea hausten da izozmendiak eratuz. Orduan plataformaren fronteak atzera egiten du.

Izotz plataformako izotza mugitu egiten da azpian duen ozeanoko korronteek eraginda[5].

Izotzaren haustura.

Azken hamarkadetan gero eta ohikoagoak izaten dira izotz plataformaren fronteko hausturak eta izotz urtzeak. Klima aldaketari egozten zaizkio[6].

Kanadan Ellesmere uhartea inguratzen zuen izotz plataforma duela 3.000 urtetik existitu izan da[7], baina XX. mendean azaleraren %90 murriztu zen eta hainbat puskatan zatitu zen. Milne izotz hesiak haustura handi bat izan zuen 2020ko uztailaren amaieran eta azaleraren %40a galdu zuen bapatean[8].

Antartikan ere Larsen izotz hesiaren bi zati ehundaka puxkatan hautsi zen 1995 eta 2002 artean eta 2017an izozmendi erraldoia askatu zitzaion[9].

Izotz plataformaren urtzean itsasoaren maila igoko ez duenaren ustea badago ere frogaturik dago igoera gertatuko litzatekeela, baina egia da bankisa urtzeak baino eragin txikiagoa izango lukeela. Plataforma guztiak urtuko balira itsasoaren maila 4 cm baino ez litzateke igoko[10].

Izotz plataformen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanadako izotz plataforma guztiak Ellesmere uhartearen inguruan kokatzen dira, 82º N latitudetik gora. Gaur egun lau existitzen dira, aurrez beste batzuk ere izan ziren; M'Clintock (1963-66an hautsi zen)[11], Ayles (2005ean)[12] eta Markham (2008an)[13].

  • Alfred Ernest
  • Ward Hunt
  • Milne
  • Smith
Antartikako izotz plataformak (grisez).

Antartikako kostaldean dauden badiatan izotz plataforma ugari mantentzen dira[14]. Guztira 1.550.000 km2-ko azalera osatzen dute[15]. Hamar handienak honako hauek dira:

  • Ross (472,960 km2)
  • Filchner-Ronne (422,420 km2)
  • Amery
  • Larsen
  • Riiser-Larsen
  • Fimbul
  • Shackleton
  • Jurgi VI.a
  • West
  • Wilkins
  • Matusevich (2012an desegin zen)[16]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Reader's Digest natural wonders of the world. Reader's Digest Association 1980 ISBN 0-89577-087-3. PMC 7274806. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  2. (Ingelesez) Zhang, Jinlun; Rothrock, D. A.. (2003-05-01). «Modeling Global Sea Ice with a Thickness and Enthalpy Distribution Model in Generalized Curvilinear Coordinates» Monthly Weather Review 131 (5): 845–861.  doi:10.1175/1520-0493(2003)131<0845:MGSIWA>2.0.CO;2. ISSN 1520-0493. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  3. (Ingelesez) «Sea Ice» National Snow and Ice Data Center (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  4. Greve, Ralf. (2009). Dynamics of ice sheets and glaciers. Springer ISBN 978-3-642-03415-2. PMC 430227952. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  5. «Ocean-Ice Shelf Interaction - AWI» www.awi.de (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  6. (Ingelesez) Rignot, E.; Jacobs, S.; Mouginot, J.; Scheuchl, B.. (2013-07-01). «Ice-shelf melting around Antarctica.» Science (New York, N.Y.) 341 (6143): 266–270.  doi:10.1126/science.1235798. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  7. (Ingelesez) «Giant chunks break off Canadian ice shelf» Reuters 2008-07-29 (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  8. (Ingelesez) «Canada's last fully intact Arctic ice shelf collapses» Reuters 2020-08-06 (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  9. (Ingelesez) «Scientists hope damage to Larsen C ice shelf will reveal ecosystems» the Guardian 2017-10-09 (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  10. (Ingelesez) «Melting of Floating Ice Will Raise Sea Level» phys.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  11. «Taconite Inlet Project: Watershed & northern Ellesmere Island» www.geo.umass.edu (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  12. Arctic ice shelves and ice islands. 2017 ISBN 978-94-024-1101-0. PMC 988847853. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  13. (Ingelesez) «Rapid Retreat: Ice Shelf Loss along Canada’s Ellesmere Coast» earthobservatory.nasa.gov 2008-09-05 (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  14. (Ingelesez) Bindschadler, R.; Choi, H.; Wichlacz, A.; Bingham, R.; Bohlander, J.; Brunt, K.; Corr, H.; Drews, R. et al.. (2011-07-18). «Getting around Antarctica: new high-resolution mappings of the grounded and freely-floating boundaries of the Antarctic ice sheet created for the International Polar Year» The Cryosphere 5 (3): 569–588.  doi:10.5194/tc-5-569-2011. ISSN 1994-0416. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  15. (Ingelesez) Depoorter, M. A.; Bamber, J. L.; Griggs, J. A.; Lenaerts, J. T. M.; Ligtenberg, S. R. M.; van den Broeke, M. R.; Moholdt, G.. (2013-10). «Calving fluxes and basal melt rates of Antarctic ice shelves» Nature 502 (7469): 89–92.  doi:10.1038/nature12567. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).
  16. (Ingelesez) Willis, Michael J.; Melkonian, Andrew K.; Pritchard, Matthew E.. (2015-10). «Outlet glacier response to the 2012 collapse of the Matusevich Ice Shelf, Severnaya Zemlya, Russian Arctic» Journal of Geophysical Research: Earth Surface 120 (10): 2040–2055.  doi:10.1002/2015JF003544. ISSN 2169-9003. (Noiz kontsultatua: 2022-10-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]