Hego Euskal Herriko narratiba XIX. mendean
Hego Euskal Herriko narratiba XIX. mendean aztertzeko, arreta autore desberdinetan jarri behar da.
XVIII. mendean aita Manuel Larramendiren eraginez Hegoaldeko euskal liburugintza esnatu bazen ere, ez zen 1800 aldera arte suspertu, Frantziako Iraultzak, Konbentzio Gerrak batez ere garrantzia handia izan zuelarik honetan. Kanpotik zetozen pentsaera berriak zirela-eta, elizgizonek kolokan jartzen zuten beren etorkizuna, momentu haiek liburu berriak kaleratzeko aproposenak izango ez zirelarik. Hala ere, apaizek eta fraideek, ordura arte ez bezala, idaztearen lanari ekin zioten, bai Bizkaian eta baita Gipuzkoan ere.
Bizkaian, idazle ugari hasiko zaigu mende hasieran eliza liburuak argitaratzen: Juan Antonio Mogel, Konfesio ona (1803); Pedro Antonio Añibarro, Esku liburua (1802); Pedro Astarloa, Urteko aste gustijetarako berbaldi ikasbidekuak (1818) eta beste hainbeste.
Dotrinaren azalpenak, sermoiak eta antzeko gaiak lantzen dituze. Idazle hauei eta ondorengoei esker, bizkaierak bultzada handia jasoko du euskalki literario gisa indarra hartuko duelarik.
Hala ere, batzuetan eleizgizonek sortutakoak baziren ere, zuzenean erlijioarekin harremanik ez zuten lanak ere sortu ziren mendean zehar, fikziozko idazlan ugari idazten zirelarik narrazioak eta ipuinak, adibidez.
Eleberriari dagokionez, idazlanik aipagarrienetakoa Markina-Xemeingo erretore izan zen Joan Antonio Mogelen Peru Abarka dugu. Bizkaieraz idatzia, dialogoen bidez egituratua dagoen liburu hau euskaraz idatziriko lehen nobela saiakera dugu. Bertan, Peru Baserritar eruditoa eta Maisu Juan barberio kaletarraren arteko dialogoak azalten zaizkigu. Euskal literaturako lanik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, interes zientifiko handikoa da, bertan, garaiko hizkuntzaren, ohituren eta laneko tekniken inguruko informazio aberatsa aukitzen dugularik.
Txomin Agirre izan da askorentzat euskal eleberriak izan duen idazlerik handienetakoa. Berak idatzi zituen, bizkaieraz zein gipuzkeraz garatuak, ondorengo belaunaldietako idazleen erreferentzia izan diren eleberrien izenak, hala mola, 1898.ean idatziriko Auñemendiko lorea nobela historikoa, bizkaieraz idatzita kostaldeko bizimodua azaltzen digun Kresala, edota Garoa, gipuzkeraz idatziriko euskal baserriaren nobela.