HBO
HBO | |
---|---|
It's More Than You Imagined. It's HBO | |
Datuak | |
Mota | zinemako produkzio-etxea eta subscription television channel (en) |
Jarduera sektorea | ordainpeko telebista |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Eskumendekoak | |
Erabilitako hizkuntza | ingeles |
Agintea | |
Zuzendari exekutiboa | Richard Plepler (en) |
Egoitza nagusi | |
Jabea | Home Box Office, Inc. (en) |
Zeren jabe | |
Historia | |
Sorrera | 1972ko azaroaren 8a |
Sortzailea | Charles Dolan (en) |
webgune ofiziala |
HBO (Home Box Officen akronimoa) Ameriketako Estatu Batuetako telebista katea da. Time Warner taldekoa da eta New Yorken du egoitza. Filmak eta telesailak igortzen ditu, batez ere, berak egindakoak. Horietako batzuk ospetsuak dira oso: The Sopranos, The Wire, Band of Brothers, Six Feet Under, Sex and the City, True Blood edo Game of Thrones. 2010ean, 28,6 milioi bezero zituen, herrialdeko ordainpeko-katerik nagusiena izanik.
Historia eta ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]HBO 1972an sortu egin zen Time Inc. editorial estatubatuarraren eskutik. Proiektua 1970an hasi zen, Charles Francis Dolan-ek Time Life-en gerentziari satelite bidez zabaldutako "The Green Channel" kanal pribatuaren ideia aurkeztu zionean. Enpresak, proiektuari baietz esan arren, honi izena aldatzea erabaki zuen, eta 1972ko azaroaren 8an HBO-k bere lehen emisioa egin zuen: Sometimes a Great Notion (Paul Newman, 1970) pelikula. Gau horretan bertan ere New York Rangers eta Vancouver Canucks hockey taldeen arteko partidua emititu zen. Erretrasnmisioak hasi ziren unean, HBOk 325 bazkide zituen, bakoitzak 6 $ hilero ordaintzen zuelarik.[1] 1975ean, HBOk bere hasierako helburua lortu zuen satelitez emititzen zuen Ameriketako Estatu Batuetako lehen kanala bihurtuz. Bere lehenengo transmisioa "Thrilla in Manila" izeneko boxeo borroka izan zen, Muhammad Ali eta Joe Frazieren parte hartzearekin.
1978an, kanalak ikusle jaitsiera handia jasan zuen Showtime kanala (denbora hartan Viacom-en parte zena) AEBko kable bidezko telebistako banatzaile handienarekin, Teleprompter-ekin, akordio batera heldu zenean. Konpetentziari erantzuna emateko, Time Inc. enpresak AEBko bigarren kable banatzaile handiena, American Television & Communications Corp., erosi zuen 145 milioi dolarrengatik. [1] 1980an, HBO-k bigarren kate bat sortu zuen, Cinemax, zeinak 24 orduz emititzen zuen asteko zazpi egunetan. Urte bat geroago, HBO-k bere ordutegia berritu zuen, eta egunero 24 orduz emititzen hasi zen. Urte hauetan, HBO Showtime-i gailendu zitzaion, eta pelikula askoren eskubideak erosteko edo film batzuk finantzatzeko ahalmena eskuratu zuen.
1982an, kanalak, Columbia eta CBS enpresekin batera, TriStar Pictures estudioa sortu zuten. 1984an estudioak bere lehen pelikula estreinatu zuen: The Natural (Barry Levinson, 1984). Baina, urte honetan ere, CBS-k bere finantziazioa bertan behera utzi zuen, enpresa 1987an guztiz utziz. 1987an ere HBO-k enpresa utzi zuen, eta estudioa Columbiaren esku geratu zen bere osotasunean. 1983an, HBO-k bere lehenengo bi produkzioak estreinatu zituen: “The Terry Fox History” (Ralph L. Thomas, 1983) izeneko pelikula eta “Phillip Marlowe, private eye” fikziozko tele-saila. Azken honek hiru urte iraun zuen, 1986ra arte, eta 1990 Espainian estreinatu zen TVEren eskutik.
1989an, Time eta Warner Communications enpresek akordio batera iritsi eta indarrak batu zituzten Time Warner enpresa sortzeko. Gaur egun ere, HBO enpresa honen parte da. Fusioa gertatu zenerako, HBO-k jadanik ospe handia bereganatua zeukan. Kanalak, pribatua izanik eta oso publizitate murriztua izanda, oso oztopo gutxi aurkitzen zituen gai polemikoak jorratzeko, hala nola sexua eta drogak. Honen eredu izan zen 1989an ere sortutako “Tales from the Crypt” telesaila. Programa honek, katearen historiako telesail luzeena dena, oso eduki sexual eta gogorra zeukan, eta herrialde askotan, hala nola Espainian, zentsuratua izan zen. Urte honetan ere, fusioa egin eta gutxira, HBO-k eta Time Warner-ek Comedy Channel kanala sortu zuen. Bi urte bakarrik iraun zituen, 1991an, bere lehiakidea zen HA! katearekin (Viacom-en jabetza zena) fusionatu baitzen, Comedy Central katea sortuz (gaur egun ere aktiboan jarraitzen du). Azkenik, urte honetan, Estatu Batuetan bizi ziren latinoamerikarrei zuzendutako kate bat sortu zuten. Geroago,1991an, Omnivisión-ekin akordio batera iritsi ondoren, Latinoamerikako lehen kate pribatu premium-a sortu zuten: HBO Olé (2000. urtean HBO Latinoamerika izatera pasa zena). [1]
Enpresa bere eduki propioak sortzeko inbertsio handiak egiten hasi zen, eta 1997an “Oz” telesaila sortu zuen, HBO-ko ordu bateko lehen telesaila. Urte honetan ere, kateak Emmy sarientzako 90 nominazio lortu zituen, urteko kanal garrantzitsuena bihurtuz.
Hurrengo urteetan, arrakasta handia izango zuten bi telesail estreinatu zituen: “Sex and the City” (1998-2004) eta “The Sopranos” (1999-2007). Bi serie hauek, gaur egun ere, katearen erreferente gisa hartzen dira. Bi arrakasta hauek ikusita, kateak, bere produkzioen ekoizpena handituz joan zen, eta 2001ean telebistako mini-telesail garestiena estreinatu zuen:“Band of Brothers". Hamar kapituluko telesail honek 120 milio dolarreko aurrekontua izan zuen. 2002an, HBO-k, “The Wire” (2002-2008) telesaila estreinatu zuen, eta, hiru urte geroago, “Rome” (2007) telesaila estreinatu zuen. Bi serie hauek, lehen aipatutako “Sex and the City” eta “The Sopranos”-ekin batera, HBO-ren historian gehien ikusitako bost telesailen artean daude (azkena True Detective da, 2014an estreinatuta). 2011an, HBO-k “Game of Thrones” telesaila estreinatu zuen, telebistako inbertsio handiena eginda (guztira hamar kapitulu eta 60 milio dolarreko aurrekontua).[2] Telesailak arrakasta handia izan du eta denboraldi bakoitzean saioaren aurrekontua handituz joan da; 2019an estreinatuko den azken denboraldian, kapitulu bakoitzak (guztira zazpi)15 milioi dolar inguruko aurrekontua izango du. [3]
2010ean, HBO-k zerbitzu berri bat sortu zuen bere harpidetuentzat: HBO Go. Ordenagailu eta tablet-erako zuzendutako aplikazio honek HBO-k eskaintzen zituen telesail edo film guztiak edozein momentutan ikusteko aukera ematen zuen. Baina, gaur egun ezagutzen dugun plataforma ez bezala, zerbitzu hau erabiltzeko, ezinbestekoa zen HBO-ren kable bidezko telebista kateari harpidetuta egotea. Gaur egun funtzionamenduan dagoen plataforma, HBO Now, 2015ean sortu zen. Honek, harpidetza sistema bidez funtzionatzen duen arren, HBO-ko telebista kateari harpidetuta ez dagoen norbaiti plataforma erabiltzen uzten dio, zerbitzu paralelo bat sortuz. Zerbitzuak 7,99 € balio du eta jadanik 2,4 milioi erabiltze baino gehiago ditu. 2016an, AT&T izeneko telekomunikazioko enpresa estatubatuarrak eta Time Warner enpresak azken honen salmenta adostu zuten 85 mila milioi dolarrengatik. Hala ere, AEB-eko justizia sailak transakzioa blokeatu du argudiatuz bestelako konpetentzia hausten dutela botere izugarria kontzentratuz. [4]
Akziodunen egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Home Box Office Inc. Time Warner Inc. enpresa-konglomeratuaren barruan dagoen filial bat denez, akziodunek Time Warner Inc. enpresan inbertitzen dute. Time Warner Inc. enpresaren kapital soziala 23.610.000.000$-ekoa da (2015), 779.000.000 akziotan banatzen dena. Horrela, akziodunak bi multzo desberdinetan banatuta daude: inbertitzaile instituzionalak (bankuak, enpresak, inbertsio-funtsak...) eta inbertitzaile ez- instituzionalak (inbertitzaile indibidualak, elkarrekiko-funtsak...). Lehenengo taldeko inbertsoreek inbertsio guztien %81,44 ditu, eta bigarrenak, beraz, %18,66. [5]
Time Warner enpresan, guztira 1.135 inbertitzaile instituzional daude, 619.197.558 akzio banatzen dituztenak. Inbertsore nagusienak Vanguard Group Inc. (%8,2), Blackrock Inc. (%7,26), State Street Corp. (%5), Dodge & Cox (3,83%) eta Massachusetts Financial Services Co. (3,17%) dira eta inbertsore instituzional guztien akzioen %27,45 dute. [5]
Diru-sarrerei dagokionez, HBOk 5.890.000.000$-eko diru-sarrerak lortu zituen 2016an, enpresa osoaren diru-sarreren (29.318.000.000$) %20,09a, hau da, 2015ean baino %5 gehiago eta 2014 baino %9,11 gehiago, berankortasun-tasaren igoeraren ondorioz.[6]
HBOk diru-sarreren gehiengoa harpidetzatik lortzen duela, 5.003.000.000$ hain zuzen ere, hau da diru-sarreren %84,94a. Izan ere, 2016an 134.000.000 harpide izan zituen guztira, aurreko urtean baino 3 milioi gehiago. Horietatik, 49 milioi Ameriketako Estatu Batuetakoak ziren eta beste 85 milioi harpideak beste herrialde batzuetakoak. [7]
Hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Home Box Office (HBO) Espainiara iritsi zen 2016ko abenduan, Latinoamerika, Ekialdeko Europa eta Asia-n zabalpen handia lortu ondoren.
1980ko hamarkadan bi telebista kateen agerpena eman zen. Alde batetik FOX, pixkanaka NBC, ABC eta CBSek zuten oligopolioa apurtzen joan zena. Eta bestetik The CW, (WB eta UPN-ren elkarkuntzatik sortua). HBO honen kontsumitzaileen ordainketatik bizi den plataforma da. Eskaintzen duen kalitatearengatik, telesail zale askoren plataforma gogokoena bilakatu da.
1989an ere aitzindariak izan ziren proiektu berri batean. Ameriketako espainiarrei zuzendutako kate bat sortu zuten, programazio guztia gaztelaniaz zuena “Selecciones en español de HBO y Cinemax” deitua. Ondoren 1991.urtean, elkartze akordio bat adostuzuten Venezuelako Omnivisión katearekin, eta modu honetan kontsumitzaile abonatuak (premium) izango zituen Latinoamerikako lehenengo katea sortu zuten, HBO Olé izenarekin (Home Box Office / Omnivisión Latinoamerica Entertainment). Ondoren izena aldatzea adostu zuten eta gaur egun duen izena HBO Latinoamérica da. 2003an, filialak produkzio estatubatuarrak alde batera uztea eta bere produkzioak sortzen hastea erabaki zuen, baina zentzu askotan AEBtako telesailak zuten ezaugarriekin (hala nola biolentzia eta sexu eduki asko). Haien lehenengo produkzioa “Epitafios” telesail argentinarra izan zen, 2004an estreinatua. Urte bat geroago, baina orain Brasilen, HBO Olé-k arrakasta handia izango zuen “Mandrake” telesaila estreinatu zuen. Mota honetako produkzioetara 7 batu zen hirugarren herrialdea Mexiko izan zen, 2008an “Capadocia” (lehen aipatutako “Oz” telesailaren bertsio femeninoa) produkzioa estreinatuz.
Mundu osotik zabalkuntzak jarraitu zuen eta 1993. urtean HBO Asia filiala sortu zuten,eta 20 urteetan Ameriketako Estatu Batuetan emititzen zuten berbera emititzen zuten. Baina zentsura izan zen hauen oztopo nagusia, izan ere eszena erotikoak ezabatu behar izan zituzten, honela programazioa editatzeak laburragoak egin zituen edukiak. 2013. urtetik aurrera hasi ziren Asian beraien eduki propioa egiten eta emititzen. HBOren sarrera merkatu asiatikoan oso arrakastatsua izan zen, batez ere sare sozialetan eta gai teknologikoetan oso aktiboak diren herrialdeko gazteriak, yankia den guztiari dioten mirespenarengatik. “Serangoon Road” telesaila izan zen HBO-k Asian (Australiarekin batera) ekoiztu zuen lehen saioa.
Mundu mailako espantsionismoaren hurrengo helburua Ekialdeko Europa izan zen. Hungariatik hasita 1991. urtean lehenengo filiala sortu zuten eta inguruko herrialdeetatik ere igaro ziren. Ondoren Europa mendebaldean sartu ziren 2012. urtean bi filial sortuz, HBO Nordic eta HBO Netherlands. Hauetan ere AEB -etako programazioak emititzen dira baina fikziozko telesail originalak martxan daude. HBO-k Europan ekoiztu egin zuen lehen telesaila "Burning Bush" serie labur txekiarra izan zen, 2013an estreinatua.
2008an, HBO Canada filiala sortu egin zen. Honek AEBetan estreinatzen diren filmak eta serieak emititzen ditu gehienbat. Baina, Kanadako telebista legeak emisioen portzentaje bat produkzio lokalak izatea behartzen dionez, HBOk beste kateen produkzioak erosten ditu bere katean emititzeko. HBO Canada bere produkzioak ekoizten hasi zen bigarren filiala izan zen arren, bere ekoizpenak ez dute arrakasta handirik izan panorama internazionalean. Salbuespen bakarra “Call me Fitz” telesaila izan daiteke, 2010an estreinatuta.
2016an, HBO España filiala sortu egin zen, urtearen amaieran, abenduan. Honek, beste filialetan bezala, HBOk ekoizten ez dituen produkzioak eskaintzeaz gain, HBOk produzitutako edukiak ere eskaintzen ditu. Gainera, 2017ko irailean, HBO Españak iragarri zuen berak produzitutako lehenengo telesaila, “Patria”, Fernando Aramburu idazlearen nobela homonimoan oinarritzen dena, eta euskal gatazkari buruz arituko dena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) «It’s Not TV: Watch HBO’s Award-Hoarding History In 4 Minutes» Fast Company 2015-04-08 (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «HBO: La expansión del gigante del cable estadounidense» Serielizados 2015-10-18 (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «HBO invertirá 90 millones de dólares en la octava temporada de 'Juego de Tronos'» laSexta.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pozzi, Sandro. (2017-11-21). «El Departamento de Justicia bloquea la fusión de AT&T y Time Warner» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ a b (Ingelesez) «Time Warner Inc. (TWX) Ownership Summary» NASDAQ.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ (Ingelesez) Time Warner Inc.. (2017). 2016 Annual Report. , 36 or..
- ↑ (Ingelesez) Time Warner Inc.. (2017). 2016 Annual Report. , 9 or..