Gubil
Gubila, burila edo gurila ebaki edo markatzeko esku-tresna mota bat da, batez ere irarlanak egiteko erabilia.[1]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gubilak aroa emandako altzairuzko barra batekin egiten dira, mutur batean punta aterata duena eta bestean kirtena edo heldulekua ezarrita.[2] Punta era desberdinetan zorroztu daiteke, egin beharreko lanaren arabera alaka angelu desberdinetan emanez. Jatorrizko barra laukia denez, alakatutako puntak erronbo forma hartu ohi du: horretara, punta bat oso zorrotza da eta beste punta berriz, hila (hau ere zenbait operaziotarako erabiltzen delarik).[3]
Erabilpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gubilak batez ere material hotzean ebaketak, ildoak, markak edo leunketak egiteko erabiltzen dira, mailuz, mailukaz zein eskuz.[3]
Irarlanetan, gubila metalean grabatzeko erabiltzen den tresnetako bat da. Esku hutsez edo mailukaz lagunduta, grabatzaileak oinarrizko metalean marrazkiak egiten ditu, izan paperean inprimatzeko (ildoak tintaz bete ostean), izan ildoak beste metalez betetzeko (ataujia, damaskinatua...) izan bere horretan eginiko artelanak egiteko.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bada gubil mota bat, historiaurrekoa, harri puska edo orrian egina, ukituzko teknika berezi batekin egina (gubil kolpearen teknika deitua). Horrekin, harri puska mota zehatz bat ateratzen da, gubil txirbilak deiturikoak, harri puska negatibo bat utzita (oihal deitua), heldulekuaren zanpatze planoarekiko gutxi gora-behera perpendikularra dena. Gubilak, hezur edo adarrezko tresnak egiteko erabiltzen zirela uste da, hala nola azagaia eta arpoiak; bai eta historiaurreko arte mugikorreko objektuak egiteko ere, edo harkaitzean ebaki handiak egiteko (paleolitoko artearen grabatuak egiteko).
Gubilak Harri Aro osoan zehar agertzen dira, baina bere garairik hoberena Goi Paleolitoa da, hezurrezko objektuen ugaritasunari lotuak.
2019 urtean, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batek gubil edo zulakaitz mota bat (Noailles zulakaitza deiturikoa, Izturitzen oso ugaria) larrua zulatzeko jostorratz bezala erabili izan zela ondorioztatu zuen.[4]
Antzinako idazkunak egiteko ere gubilak erabili izan ziren. XI. mendeko grabatzaileek gaur egun erabiltzen diren gubil mota bera erabiltzen zutela dirudi.[5] XVI. menderako, bitxigileen tresna ezaugarria zen.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «gubil | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-10).
- ↑ Béguin, André, 1927-. (1998). Dictionnaire technique de l'estampe. (Nouv. éd. rev. et augm. argitaraldia) A. Béguin ISBN 2903319022. PMC 184967649. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
- ↑ a b Enciclopedia Moderna: Diccionario Universal de Literatura, Ciencias, Artes, Agricultura, Industria y Comercio /publicada por Francisco de P. Mellado. vol.6. Madrid :[Francisco de Paula Mellado Editor] 1851-1855 (Noiz kontsultatua: 2019-07-10).
- ↑ Lartzanguren, Edu. «Kolpe-kolpeka, josi eta josi» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-07-10).
- ↑ Theophilus Presbyter.. (1970). Schedula diversarum artium.. O. Zeller PMC 223522554. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
- ↑ Vasari, Giorgio, 1511-1574.. (2015). Le vite de' piú eccellenti architetti, pittori, et scultori italiani, da Cimabue insino a' tempi nostri : nell'edizione per i tipi di Lorenzo Torrentino, Firenze 1550. Einaudi ISBN 9788806227265. PMC 1056834929. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).