Giza zoologiko
Giza zoologikoa "primitibo" edo "basatitzat" hartzen zirenen pertsonen osatutako gizakien erakusketa publikoa zen, Inperialismo Berriaren garaian. Europan batez ere modan egon ziren «giza zoologikoak 1870 eta 1930 urteen artean. Bereziki Frantzian, Belgikan eta Alemanian, haien koloniako eta kolonia ohietako pertsonekin antolatzen ziren. Ideia zen Afrikatik eta beste eskualde «azpigaratuetatik» etorritako hezur-haragizko emakume, haur eta gizonak jendaurrean erakustea. «Indigena basatiak» kaiola dekoratuetan agertzen ziren, askotan tximuen ondoan.[1][2] Maiz baieztatzen zuten europarren nagusitasuna.[3][4]
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza zoologikoen jatorria Antzinaroan eta Erdi Aroan, errege-jauregietan eta zirkuko ikuskizunetan datatu daiteke, baina publikoa eta turismoa erakartzeko ekintza gisa 1870ean hasi zen Carl Hagenbeckekin, Parisko Jardin d'agronomie tropicale lorategian egindako giza erakustaldiekin. Erakusketak 1930eko hamarkadaren hasiera arte jarraitu zuten. Mota honetako azken erakusketa aipagarria, ordea, 1958ko Bruselako Mundu Erakusketakoa izan zen.[5]
Euskal Herrian ere bai
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostian, Igeldo Mendiko Jolas-Parkean, 1926ko uztailean, senegaldar jatorriko hiru tribu kontratatu zituztela jaso zuen Jolas parkeen historia liburuan (Viena-Idazti, 2005) Laurentino Gómez ikertzaileak, jendeari «haien bizimodua, gaitasunak eta usadioak» erakustera etor zitezen: «Talde handia zen, 102 afrikarrek osatua; zazpi arrazatakoak ziren eta haien artean hitz egiteko hizkuntza bera erabiltzen zuten; woloffa, alegia».[1]
Jasotzen denez, «soilik bederatzi egunetan», Arsenio Abiel Fharalle ingeniariak 24 etxolaz osatutako «herrixka» eraiki zuen. La Voz de Guipúzcoa egunkariak jaso zuen berria, kazetariak gonbidatu baitzituzten «espektakulu ezin interesgarriagoa» jasotzera. «Donostiako historiaren efemeride» izango zela jasotzen da bertan: «Lehen aldia izango da beltzen kolonia bat ezarriko dela mendi euzkaro batean». Kronikan jasotzen denez, La Rochelletik (Frantzia) itsasontziz pasatu ostean, Norteko geltokira heldu ziren. Ikuskizunaren datuak izango balira bezala zerrendatzen ditu «los bizarros senegaleses que van a ser nuestros convencinos»: «Zazpi urtetik beherako hemeretzi haur, zortzi 7-15 urtekoak, hogeita zazpi emakume, lau neskatila, eta gainontzekoak, adin guztietako gizonak». Kazetariak honela jarraitzen du: «Mutiko bat ere ikusi genuen, besotzat muinoiak besterik ez zituena, eta horietatik hatz ñimiño batzuk ateratzen zitzaizkion».[1]
Urrira bitarte aurreikusten zen egongo zirela bertan senegaldarrak. Bertan arituko ziren bisitarientzat musika jotzen, «instrumentu primitiboekin», eta hainbat lan eginez: zapatariak, jostunak, ehuleak eta piragua egileak omen zeuden.[1]
Arrazismoan oinarritutako erakusketa honen atzean Fournier jauna egon zen, senegaldarrak Donostira ekarri baitzituen. Era berean, Ghanako beste talde bat eraman zuen Parisera.[6]
Amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948an Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartzearekin batera, mota honetako praktikak desagertzen hasi ziren, baina ez guztiz, noski. 1958an, oraindik, Bruselako lehen mailako Erakusketa Orokorrean familia afrikar osoak banbuzko kaiola txikietan izan zituzten. 41 milioi bisitari hurbildu ziren presoak ikustera, elikatzera eta laztantzera. Horkoa da haur beltz baten argazki ezagun-ezagun bat. 2022an, Belgikako erregeak barkamenak eskatu zizkion Kongoko Errepublika Demokratiko herriari kolonizazio garaian egindako gehiegikeriengatik.[1]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Báez, Chistian & Mason, P. Zoológicos humanos. Fotografías de fueguinos y mapuches en el Jardín de Aclimatación de París, siglo XIX. Pehuén Editores, 2006. ISBN:978-956-16-0412-4.
- Blanchard, Pascal et al. (eds.), Human zoos: the invention of the savage, Actes Sud, Musée du Quai Branly, 2011. ISBN:9782330002619.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Ramírez, Xalba. (2024-02-02). «Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan» Hirutxuloko Hitza (Donostiako Hedabideak): 24-25. (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
- ↑ https://www.berria.eus/iritzia/larrepetit/giza-zooa_1007032_102.html
- ↑ https://sputniknews.lat/20180726/los-zoolgoicos-humanos-una-siniestra-practica-de-las-sociedades-coloniales-1080692027.html
- ↑ https://blogak.argia.eus/olatz-sanchez/2014/02/21/lotsaren-zoologikoez/
- ↑ Abbatista, Guido (2015). «Beyond the human zoos : exoticism, ethnic exhibitions and the power of the gaze». Ricerche storiche: XLV, 1/2, 2015: 207-217. doi:10.1400/231668.[1]
- ↑ «Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Human Zoos. The Invention of the Savage.
- (Ingelesez):Human Zoos webgunea.