Gipuzkoako errepideak
Garraiobide mota | Errepideak |
---|---|
Eremua | Gipuzkoa |
Kilometroak | 1.131 km |
Jabea | Gipuzkoako Foru Aldundia |
Webgune ofiziala |
Gipuzkoako errepideak Gipuzkoako foru lurraldea osatzen duten errepide-sarea da. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du Gipuzkoa Errepideak izeneko foru zerbitzuaren bitartez.
Jabetza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoako errepide eta bideen jabetza honako erakunde hauei dagokie[1]:
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarearen Katalogoan sartutako errepide guztien jabe Foru Aldundia da.
- 1/2006 Foru Dekretuaren menpeko gainerako errepide eta bide guztien jabe udalak dira.
- Jendeak erabiltzeko irekita dauden lehorreko komunikabide guztiak herri jabetzakotzat hartuko dira.
Eskumena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoako errepideen eta bideen plangintza, eraiketa, aldaketa, artapena, ustiaketa eta defentsa, haien jabe diren administrazioei dagozkie. Nolanahi ere, Batzar Nagusiek haien gainetik ahalmena dute denek bete beharreko arauak emateko, eta 1/2006 Foru Dekretuak berak ere eskumen jakin batzuk Batzar Nagusien esku uzten ditu[1].
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoako errepideak eta bideak hiru kontzepturi begira sailkatzen dira: Jabetzari begira, funtzionaltasunari begira eta tipologiari eta ezaugarri teknikoei begira [1].
Jabetzari begiratuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jabetzari begiratuta, bitan banatzen dira Gipuzkoako errepideak eta bideak:
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideak: Foru Aldundia jabe duten errepideak dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarea deritzana osatzen dute.
- Udalen errepideak eta bideak: Gipuzkoako udalen bat jabe duten errepideak eta bideak dira eta, denen artean, Gipuzkoako Udalen Errepide eta Bide Sarea osatzen dute.
Funtzionaltasunari begiratuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoako errepideak, funtzionaltasuna zein duten, honako sare hauetan banatzen dira (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarearen Katalogoa):
- Lehentasunezko Sarea (Sare Gorria): Lehentasunezko Sarean (Sare Gorria), errepide hauek sartzen dira: Nazioarteko ibilbide direnak, Estatuko mugetara eta interes orokorreko portu eta aireportuetara doazenak, autonomi elkarte arteko bide luzeko trafiko handia hartzen dutenak, eta ibilgailu astun ugari edo barneko nahiz kanpoko garraiogai arriskutsuen kantitate nabarmena jasaten dutenak.
- Oinarrizko Sarea (Sare Laranja): Oinarrizko Sarean (Sare Laranja), errepide hauek sartzen dira: Lehentasunezko Sarekoak izan gabe, ibilbide osoak osatuz Herrialde Historikoa egituratzen dutenak eta, zirkulazio handia izanik, beste herrialde historiko edo autonomi erkidego batzuekin komunikatzen direnak.
- Eskualde Sarea (Sare Berdea): Eskualde Sarean (Sare Berdea) errepide hauek sartzen dira: Eskualdeak ondoko eskualdeekin lotzen dituztenak, zirkulazio handiegirik izan gabe.
- Sare Lokala (Sare Horia eta Sare Grisa): Sare Lokalean, Gipuzkoako gainerako errepide guztiak sartzen dira, honela banatuta:
- Sare Horian: Eskualde sarekoak izan gabe, udalerri desberdinetako biztanle guneak lotzen dituztenak edo udalerri barruan hirigunera eramaten dutenak.
- Sare Grisean: Aurreko sareetan sartzen ez diren guztiak.
Udal jabetzako errepideak, funtzionaltasunari begira, Sare Lokalekoak dira, hau da, Sare Horikoak edo Sare Grisekoak.
Tipologiari eta ezaugarri teknikoei begiratuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tipologiari eta ezaugarri teknikoei begira, Gipuzkoako errepideak honela sailkatzen dira:
Autobideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Autobideak -proiektatuta, eginda eta seinaleztatuta dauden eragatik- honako ezaugarriak dituzten errepideak dira:
a)Ibilgailu automobilak bakarrik ibil daitezke bertan.
b)Bi galtzada dituzte, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bana, biak elkarrengandik ongi bereiziak. Bereizketa, zirkulaziorako ez den lur zerrenda batez edo inoiz beste nolabait egina dute, puntu singular batzuetan edo aldi bateko egoeratan izan ezik.
c)Ez dute inolako errepide, bide, trenbide nahiz pasabiderekin maila bereko gurutzadurarik.
d)Aldameneko lurretara edo lurretatik autobidera sartzerik ez dago.
Autobiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Autobiak, autobideen betebehar guztiak izan gabe, honako ezaugarriak dituzten errepideak dira:
a)Bi galtzada dituzte, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako bana, biak elkarrengandik ongi bereiziak, puntu singular batzuetan edo aldi bateko egoeratan izan ezik.
b)Ez dute inolako errepide, bide, trenbide nahiz pasabiderekin maila bereko gurutzadurarik.
c)Aldameneko lurretara edo lurretatik autobiara sartzerik ez dago. Sarrera-irteera jakin batzuk dituzte, tokiaren eta distantziaren aldetik mugatuak.
Errepide arruntak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko sailetan aipatutako ezaugarriak betetzen ez dituzten errepideak dira.
Errepide arruntok erregelamendu bidez sailkatu ahal izango dira, eraikuntzaren eta diseinuaren aldetik zein ezaugarri dituzten begiratuta.