Edukira joan

Gerra kimiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gerra kimikoa gerra garaian gai kimikoak soldaduak edo zibilak elbarritzeko, zauritzeko edo hiltzeko nahita erabiltzeari esaten zaio gerra kimikoa. Gai kutsatzaile horiek helbururatzeko erabiltzen diren bitartekoak, berriz, arma kimikoak dira.

Lehen, ke eta su bonbak, su jaurtigailuak, napalma eta beste zenbait gai ere erabiltzen ziren arma kimikotzat. Gaur egun, baina, gudu zelaian erabiltzen diren gai toxikoak aipatzeko erabiltzen da gerra kimikoa terminoa. Arma nuklearrek bezala, arma kimikoek ere biktima zibilak eta bestelako ondorio batzuk eragin dituzte gai toxikoak zelai guduan barreiatzen direnean. Hori dela eta, nazioarteko erakundeek arma horiek kontrolatzeko eta arautzeko neurriak hartu nahi dituzte.

Arma kimiko motak eta euren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gai pozoidunek (jaurtigailu, misil, bonba eta sprayen bidez edo bestela barreiatuta) odola kutsatzen dute eta nerbioak, azala eta gibela hondatzen. Klorina eta fosgeno gasak benetako gasak dira, baina gai kimiko gehienak aerosolak dira, hau da gasen batean esekita dauden partikula gotor txiki-txiki edo isurkari tantatxoak.

Gasei aurre egiteko modu bat maskara eta jantzi babesgarriak erabiltzea da. Azaletik barrena sartuta nerbio-sistema zentrala hondatzen duten toxinak guztiz hilgarriak izaten dira, eremuren batean, zenbait egunetan, indarrean irauten duten eta lurra eta ura kutsatzen duten gaiak bezala.

Manifestazioen aurka-eta erabiltzen diren gas negarrarazleak ez dira hilgarriak; denbora bitarte batez kaltetzen dute pertsona. Landaredia kontrolatzeko erabiltzen diren belar-hiltzaileak, helburu militarretarako ere erabili izan dira, bestalde.

Kanadako soldadua mostaza gasaren erredurekin, 1917–1918.

1915eko apirilaren 22an, Lehen Mundu Gerran, Alemaniako gudarosteak egin zuen lehen aldiz gerra kimikoa, britainiar eta frantses soldaduen aurka klorina gasa erabili zuenean. Lehen eraso hark milaka biktima eragin zituen eta harrezkero bi aldeek erabili zuten gasa gerrak iraun zuen denboran.

1917an gas are eraginkorrago bat erabili zuten alemaniarrek: mustarda edo mostaza gasa. Bigarren Mundu Gerra bitartean, bai Alemania naziak bai munduko beste herrialde batzuek ere zenbait arma kimiko asmatu zituzten, baina ez zituzten erabili, gainerako herrialdeen neurrien beldur.

Alemaniarrek, baina, gai kimiko pozoidunak erabili zituzten kontzentrazio esparruetan milioika gizon, emakume eta haur hiltzeko. 1950 eta 1960ko urteetan polizia eta gudarostea gai ez hilgarriak erabiltzen hasi ziren iskanbilak eta kontrolatzeko.

Vietnamgo gerran Estatu Batuetako gudarosteak belar-hiltzaileak erabili zituen gerrilla vietnamdarrak bere baseen kokagune zuen oihana suntsitzeko eta zuhaitzak hostogabetuz segadak errazteko, besteak beste.

Nazioarteko kontrola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1899ko Hagako Hitzarmena eta 1925eko Genevako Protokoloa izan ziren gerra denboran arma kimikoen erabilera murrizteko lehen saioak. Protokoloak gas itogarri eta pozoidun guztiak debekatu zituen, eta baita antzeko isurkari, material edo lehergailu oro ere. Dena dela, hitzarmenak ez zuen gisa horretako armak egitea edo gordetzea debekatu.

1969an Estatu Batuetako gobernuak arma kimikoen produkzioa eten zuen eta 1975ean Genevako Protokoloa izenpetu zuen. Nazio Batuen babespean, Armagabetzeko Batzordea Genevan elkartzen da aldian behin 1960ko hamarraldiaz geroztik, armagabetze mota guztiak eztabaidatzeko.

1980 ondoko urteetatik aurrera batzordearen helburu nagusia arma kimikoei buruzko nazioarteko debekua lortzea izan zen. 1987an, baina, Sobietar Batasunak arma kimikoen produkzioa eten zuela iragarri zuenean, Estatu Batuek berriro ekin zioten arma kimikoak fabrikatzeari.

1988an Nazio Batuen txosten batek jakinarazi zuen Irakek arma kimikoak erabili zituela Iranen aurkako gerran. Hura izan zen Lehen Mundu Gerraz geroztik gerran arma kimikoak erabiltzen ziren lehen aldia. Harrezkero arma kimikoen erabilera, garapena eta produkzioa eragozteko nazioarteko ituna lortzeko saioak egin ziren. Hilabete askotako negoziazioen ondoren, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak itun bat egin zuten 1990eko ekainaren 1ean, arma kimikoen produkzioa berehala etengo zutela eta gordeta zeukatena suntsitzen hasiko zirela adierazteko. Beste herrialde batzuek, baina, arma horiek erabiltzen jarraitzen dute.

1990eko abuztuan Irakek, Israelgo biztanle gorakada handiak eta eskuineko gobernu baten sorrerak kezkaturik, Israeli arma kimikoez erasotzeko mehatxua egin zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]