Frantziako Alderdi Komunista
Parti communiste français PCF | |
---|---|
Buruzagia | Pierre Laurent |
Sorrera | 1920 (SFIC) 1921 (PCF) |
Egoitza nagusia | 2, place du Colonel Fabien 75019 Paris |
Ideologia politikoa | Komunismoa, Marxismo iraultzailea |
Nazioarteko kidetza | Alderdi komunista eta langileen nazioarteko konferentzia Europako Ezkerreko Alderdia |
www.pcf.fr |
Frantziako Alderdi Komunista[1] (frantsesez: Parti communiste français edo PCF) Frantziako alderdi ezkertiar komunista da. Europako Ezkerraren Alderdiko kidea da. Marie-George Buffet da gaur egun alderdiburua.
1920an sortu zuten III. Internazionalaren aldekoek, hau da, Errusiar Iraultzaren alde zeudenek, II. Internazionalaren aldekoetatik aldenduz. Gaur egun PCF Frantziako oposizioko alderdia da. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan aspalditik ez du bozen %10 erdietsi. Seine-Saint-Denis eta Val-de-Marne departamentu frantsesetan gobernatzen dute, beste ezkerreko alderdien laguntzarekin, gehiengo absoluturik ez baitute.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tourseko biltzarrean sortu zen (1920), gehiengoa Cachin eta Frossard-en alde jarri zirenean; III. Internazionalean sartu zen taldea, eta PCF alderdia sortu zuen. Gutxiengoa, Blumi jarraituz, alderdi sozialistan geratu zen. PCF, italiar komunistak ez bezala, Moskuko politikaren aldeko izan zen hasieratik.
1930ean idazkari orokor izendatu zutena, M. Thorez, Komitern-en ideologiaren jarraitzaile leiala izan zen. Moskura egin zuen bidaia baten ondoren ordea (1934) Herri Frontea antolatu zuen, eta sozialistekin elkartu zen; hala, ezkerrak lortu zuen aginpidea 1936an, Blum sozialista zela lehendakari; gobernu haren aldeko izan zen PCF, baina gobernuan parte hartu gabe. 1939ko germaniarren eta errusiarren arteko elkarri ez erasotzeko akordioa zela eta, komunisten kontrako jarrera zabaldu zen, eta alderdiak indar asko galdu zuen. Armistizioaren (1940) ondoren ordea, eta naziek Errusia inbaditu zutenean (1941), lan handia egin zuten komunistek erresistentzian.
Liberazioaren ondoren Charles de Gaulle jeneralaren lehen gobernuetan parte hartu zuen alderdiak; Frantziako alderdi nagusietako bat bihurtu zen, eta arrakasta handia izan zuen 1945eko hauteskundeetan. Gerra hotzaren garaian ordea, eta komunistak NATO eta Marshall planaren kontra zeudela, Ramadier-ek ministro komunistak egotzi zituen gobernutik (1947). Oposizioan izanik ere, nahiko boto kopuru egonkorra izan zuen alderdi komunistak (gerra ondoren, botoen % 20 gutxi gorabehera). Baina, alde batetik, komunisten kontrako propaganda handia izan zen, eta bestetik alderdia Sobietar Batasunaren alde agertu zen Hungariako eta Txekoslovakiako inbasioetan (1956, 1968); horrez gainera, 68ko maiatzeko gertaeren ondorioz, ezkerreko talde batzuek alderdia utzi zuten. Hala gertakizun horiengatik kide asko galdu zituen. W. Rochet-ek hartu zuen Thorez-en lekua 1964an, eta harena, eritasun bat zela eta, G. Marchais-ek 1972an. Urte hartan sozialistekin elkartu ziren eta François Mitterranden lehendakaritzara bultzatu zuten; batasun hori ordea 1978an hautsi zen.
1980tik aurrera beherakada handia izan du bozketetan (1986an, % 9,78; 1988an % 6,76); hala ere P. Mauroy-ren gobernuan lau ministro komunistek parte hartu zuten (1981-1984). Marchais alderdiaren idazkari orokorra izan da 1994 arte; haren lekua R. Hue-k hartu zuen 28. biltzarrean. Marie-George Buffet da gaur egun alderdiburua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo Loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]