Estatu bien konponbidea
Estatu bien konponbidea deritzo Israelek eta Palestinak elkarren arteko bakea lortzeko bakoitzak bere estatu propioa izateko eskubideari. Ideia honen arabera, Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren artean bi estatu eraiki behar dira: Israel eta Palestina.
1947an Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabakia estatu judua eta estatu arabiarra eraikitzea izan zen, Jerusalen lurralde neutro batean sartuz. Plan horretatik estatu judua sortu zen, baina arabiarrek uko egin zioten zatiketari (lurralde osoa beraiena zela zioten) eta estatu arabiarrik ez zen sortu.
1967ko Sei Eguneko Gerraren ostean Israelek okupatutako Zisjordania eta Gazaren okupazioari amaiera emateko bidea dela uste dute nazioarteko agintari gehienek. Era berean, errefuxiatu palestinarren arazoa konponduko litzateke eta Israelek bere auzokideekiko dituen harreman gatazkatsuak konpontzen lagunduko luke. 2002an egindako inkesta baten arabera, herritar palestinar eta israeldarren %72ak 1967ko gerraren aurreko mugetan oinarritutako bi estatuetako konponbidea babesten du. Hala ere, Iranek eta Hamas eta Hezbollah bezalako taldeek lurralde osoa palestinar arabiarrena dela defendatzen dute eta Erakunde Sionista deuseztatzea nahi dute.
2007ko Annapoliseko Goi Bileran hiru parteek (Palestinako Aginte Nazionalak, al-Fatah-ren gidaritzapean, Israelgo gobernuak eta Ameriketako Estatu Batuek) bultzada berria eman zioten estatu palestinarraren sorrerari. Hala ere, akordioa oztopatzen duten hiru puntu garrantzitsu daude: Jerusalen hiriburuak izan beharreko estatusa, estatu bien arteko mugak eta Israelek Zisjordanian dituen kolonoen etorkizuna, eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea.