Edukira joan

Echoes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Echoes
Pink Floyden musika-lana
Egilea(k)Pink Floyd
Argitaratze-data1971
IzenburuaEchoes
Ezaugarriak
Genero artistikoaRock progresiboa
Hizkuntzaingelesa
DiskoetxeaHarvest (en) Itzuli eta EMI Records
Deskribapena
Honen parte daMeddle
Echoes: The Best of Pink Floyd
Ekoizpena
EkoizleaPink Floyd
HitzakRoger Waters
Bestelako lanak
MusikagileaRoger Waters

Allmusic: mt0000685990 Edit the value on Wikidata
HitzakMetroLyrics
BideoaYouTube

Echoes 1971ean Pink Floyd britainiar musika taldeak Meddle diskoaren barnean sortutako pieza musikala da, disko horren bizkarrezurra eta gai nagusia (23:29 minutuko iraupena, diskoaren B alde osoa hartzen duena). Atom Heart Mother (23:44) eta Shine On You Crazy Diamond (26:11) gaiekin Pink Floyden historian hirugarren gai luzeena da; azken bi hauen aldean, baina, Echoes ez dago zati ezberdinetan banatuta, osorik entzuten baita hasieratik bukaeraraino.

Kritiko gehienen ustez ordura arte (1971) Pink Floydek sortu zuen lanik biribilena eta osatuena da Echoes, bandaren hurrengo lanetarako abiapuntua eta ezinbesteko erreferentzia bihurtu zena. Atom Heart Mother albumean somatzen dira Echoes-en dauden zantzu musikal batzuk, gero sofistikatuko direnak. Musika-estudioko lan mardula dago gai honen atzean, David Gilmourrek behin aitortu zuenez [1]

Suite musikalaren antzera landutako pieza luzea da, eta taldeko lau kidek konposatu zuten. Hitzak, aldiz, Roger Watersek idatzi zituen.

Pink Floyd Live at Pompeii pelikulan (1972an) protagonismo berezia hartu zuen Echoes-ek. Era berean, izena eman zion 2001eko Pink Floyden bilduma bati: Echoes: The Best of Pink Floyd (album horren 5. gaia izanik)

Egitura musikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rock progresibo eta rock espazialaren (space rock) gako musikalak nagusi dira aditu askok suite sideral deitu duten pieza honetan.

Gaia pianoren efektu berezi batekin hasten da, "cling" altu batekin, tanta metalikoen zarata, batzuen ustez, edo sonar baten soinua, besteen iritziz, imitatzen duena. Atzeko soinu horren gainetik pianoa sartzen da poliki, eta gero Gilmourren gitarra elektrikoa -suabe eta goxoa- esnatu egiten da. Waters-en baxuak, eta gero perkusioak, sarrera neurtua egiten dute, gaiaren egitura musikala osatuz.

Gilmourrek eta Wrightek lehenengo ahapaldi laburra abesten dute eta, horren ostean, baxuak eta perkusioak hartzen dute protagonismoa. Bigarren bertsoen ondoren baxuak, lehen, eta gitarra elektrikoak -gero- gaia zuzentzen dute; azken honek solo bat burutzen du Gilmourren berezko ikutuak garatuz, gitarra gainjarri batzuen erabilera barne.

Lehenengo zati horren bukaerak txanda ematen dio gaiaren bigarren zatiari (7. minututik aurrera). Bertan, baxuak eta perkusioak funkaren antzeko erritmoa sortzen dute, eta horren gainetik Gilmourren gitarra elektrikoa sartzen da gero, erritmo handiko uneak eta oihartzun elektronikoak sortuz, Wright-en organoak hobetzen dituenak.

11. minutuan gaiaren hirugarren zatia hasten da. Estudioko efektu bereziek, kaioen oihuek eta haizearen soinuak giro oniriko eta espaziala eragiten dute, bidaia sideralak gogora ekartzen dituena. Gaiaren zati esperimentalena da hau, eta 4 minutu inguru irauten du.

15. minutuan laugarren eta azken zatia dator. Hasierako "cling" hura agertzen da berriz, tanta metalikoen antzekoa, organoaren soinuarekin lagunduta. Zati honetan piezaren erritmoak progresio neurtua egiten du, klimaxera heldu arte. Organoaren lana azpimarratzekoa da, musikaren norabidea berak ezartzen baitu. Gilmourrek eta Wrightek berriz abesten dutenean gaia leuntzen da, baina gero lau musikariek indarra ematen diote berriro. Bukaerak soinu etereo eta garbia du, pianoa eta gitarra elektrikoaren harremanaren artekoak sortua.

Echoes gai ia guztiz instrumentala da. David Gilmour eta Richard Wrighten abestia oso laburra da, eta bi zatitan banatzen da: konposizioaren hasieran, eta bukaera aldean. Bien artean, 3 minutu eskas.

Hitzek esanahi iluna dute, kriptikoa. Beste errealitate ezkutu batez hitz egiten digute, gugandik gertu eta -aldi berean- urrun dagoena. Esperientzia psikodelikoen oroitzapena saihestezina da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Blake, Mark (2008). "The Dream is Over..." (PDF). Mojo. Retrieved 28 November 2013

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]