David Bowie
David Bowie, jaiotze izenez David Robert Jones (Londres, 1947ko urtarrilaren 8a – New York, 2016ko urtarrilaren 10a) ingeles abeslari, abestigile, multiinstrumentalista, aktore, disko ekoizle, margolari eta moldatzailea izan zen, bost hamarkadaz, pop musikako izar garrantzitsuenetarikoa. Bowie musikari berritzailetzat jo izan da, bereziki 1970eko hamarkadan, bai bere ahots bereziagatik, bai bere musika lanen sakontasun intelektualagatik. BBC telebista kateak 100 britainiar garrantzitsuenen artean, 29. postuan kokatu zuen 2002an eta 136 milioi disko saldu zituen bere bizitzan. Erresuma Batuan, platinozko 9 disko jaso zituen, 11 urrezko eta 8 zilarrezko; AEBetan, berriz, platinozko 5 eta urrezko 7. 2004an, Rolling Stone aldizkariak 39. postuan kokatu zuen garai guztietako 100 rock artista garrantzitsuen artean[1] eta 23.ean garai guztietako abeslari onenen artean[2].
Ospe handia izan zuen lehenengo taldearekin, David Jones and The Lower Third 60ko hamarkadan. Hala ere, bere hamarkada 70koa izan zen; izan ere, rock-aren munduan izugarrizko aldaketak eragin zituen David Bowie ezizenarekin Space Oddity, The Man Who Sold the World, Hunky Dory eta Ziggy Stardust diskoak kaleratu zituenean. Abeslari dekadentearen pertsonaia gisa agertu zen, eta disko bakoitzean rol berri eta anbiguo bat asmatzen zuen.
The Transformer lanaren bidez (1972) Lou Reeden karrerari indar eman zion berriz ere, eta 1977an gauza bera egin zuen Iggy Popekin. Urte horretan bertan Brian Enorekin batera lan egin zuen trilogia sofistikatu bat sortzeko, Low, Heroes, Lodger. Hala ere, abesti konbentzional batekin lortu zuen arrakasta handiena, 1983an: Let's Dance.
2016eko urtarrilaren 10an hil zen, minbiziak jota, Blackstar izeneko lana kaleratu eta bi egunera[3].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]David Robert Jones Brixtonen jaio zen, Londresen, 1947ko urtarrilaren 8an. Aita Haywood Stenton «John» Jones izan zuen, publizitate zuzendaria Barnardo's Gobernuz kanpoko erakundean. Ama, berriz, Margaret Mary «Peggy» (ezkondu arreko abizena, Burns), irlandar jatorrikoa, zineko aretozaina. Londres hegoaldeko Brixton eta Stockwell auzoetatik gertu zegoen Stansfield Roadeko 40.ean bizi ziren eta David Stockwell Infants Schoolera joan zen 6 urte izan zituen arte. Bertan gaitasun handikoaren fama hartu zuen, baita bihurri eta liskargilearena ere.
1953an, familia ondoko auzo batera aldatu zen, Bromleyra, eta 2 urte geroago, Bowie Burnt Ash Junior Schoolen hasi zen ikasten. Eskolako kororako ahots egokia zuela eta xirula jotzen trebea zela ohartu ziren han eta, 9 urte bete zituela, dantza egiteko era berezia zuela ere konturatu ziren. Adin hartako ume batengan ez zen ohikoa halakorik ikustea.
Urte hartan, aitak binilozko disko bilduma bat ekarri zuen etxera, Frankie Lymon and the Teenagers, The Platters, Fats Domino, Elvis Presley eta Little Richard. Hori dela bide, mutikoaren musika-zaletasuna erabat piztu zen. Hurrengo urterako gai zen ukelelea eta tea-chest baxua, tea garraiatzeko erabiltzen zen soka bakarrarekin egina, jotzeko. Skiffle saioetan parte hartzen hasi zen, gabere lagunekin batera, pianoa ere jotzen zuelarik. Bitartean, Presley edo Chuck Berryren imitazioak ere egin ohi zituen, lagunen gozamenerako.
Halarik ere, Burnt Ash Junior eskolako azterketa finala ez zuen gainditu eta Ravens Wood Schoolera aldatu behar izan zuen.
Bowiek arte, musika edo diseinua ikasi zuen eta baita trazaera edo konposizio tipografikoa ere. Anaiaordea zuen Terry Burnsek jazz modernoaren munduan sartu zuen eta Charles Mingus eta John Coltranek liluratu egin zuten mutila. Hori ikusita, 1961ean, amak plastikozko saxofoi altu bat oparitu zion eta, handik gutxira, inguruan bizi zen musikari batek klaseak eman zizkion.
1962an, eskolako kidea zuen George Underwoodekin gorabehera bat izan zuen, neska kontuak zirela medio. Hark ukabilkada bat eman zion ezkerreko begian, eta bete-betean jo zuen atzamar bateko eraztunarekin. Medikuen iritzian, begi hartako bista galtzeko arrisku larria zegoen eta eskolara joan gabe egon behar izan zuen bolada batean, hainbat ebakuntza egiteko. Hortaz,4 hilabetez ospitalean egon zen. Ez zuten kaltea guztiz konpontzerik lortu eta handik aurrera sakontasuna ez zuen ondo pertzibitzen, eta begi-ninia beti dilatatuta agertzen zitzaion. Gainera, kolore berekoak izan arren, Bowieren begiek desberdinak ziruditen gerora. Hala ere, Underwoodek eta Bowiek lagunak izaten jarraitu zuten eta Underwoodek Bowieren lehen diskoetako portadak diseinatu zituen geroago.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1962-1968: The Kon-rads - The Riot Squad
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1962an, Bowiek atzera utzi zuen plastikozko saxoa eta, 15 urte besterik ez zuenean, lehenengo banda osatu zuen: The Kon-rads. 4 eta 8 kide artean biltzen ziren eta bat Underwood zen; jotzen zuten rock and rolla gitarran zuen oinarria eta gazteak eta ezkontzak zituen entzule. Mutilak eskola utzi eta pop izar bilakatzeko asmoen berri eman zien gurasoei. Amak, ordea, argiketari baten laguntzaile bezala bidali zuen semea.
Bandaren aspirazio gutxiegiak frustratu egiten zuten eta, The Kon-rads utzi eta banda berri bat osatu zuen: King Bees. John Bloom enpresariari gutuna idatzi zion, Brian Epsteinek The Beatles bandarekin egin zuena egiteko eskatuz. Bloomek ez zion erantzun, baina Dick Jamesen sozioa zen Leslie Connen eskuetan utzi zuen dena eta, horrela, Bowieren lehen managerra izan zen bera.
Berehala hasi zuen Connek Bowieren promozioa, baina Davie Jones and the King Bees-ek atera zuen Liza Jane lanak ez zuen oihartzun handirik lortu eta Bowiek hilabete baino lehen banda utzi eta The Manish Boys blues bandarekin hasi zen, soul eta folk egiten zutelarik.
Honek ere aurrekoaren arrakasta lortu zuen eta, geratu ezinik, Bowie Lower Thirdera batu zen, baina You've Got a Habit of Leaving aurreko lanen bide beretik zihoan eta Connekiko harremana hortxe geratu zen. Ralph Horton manager berriak beste banda aldaketa bat ikusi zuen Bowierekin. The Buzz bandarekin hasi zen eta Do Anything You Say singlea atera zuten. Banda honekin aritu zen bitartean, The Riot Squad bandan ere aritu zen, baina hauen grabazioak ez ziren sekula argitara atera. Ken Pitt izan zen handik aurrera bere karrera zuzenduko zuen managerra.
Garai hartan, Davy (eta Davie) Jones izen artistikoa erabili ohi zuen eta, 1960ko hamarkada erdialdean, The Monkees bandako Davy Jonesekin nahasteko bide izaten zen. Bowie izena aukeratu zuen, Jim Bowieren labanaren omenez. David Bowie izango zen handik aurrera.
Bakarkako singlea 1967ko apirilean atera zen: The Laughing Gnome. Ez zen zerrendatan atera. 6 hilabete geroago, David Bowie albuma atera zuen, pop, rock psicodeliko eta music hall nahasten zituelarik. Aurrekoen paraderoa izan zuen honek ere.
1966 amaieran, Pittek New Yorkera bidaiatu zuen eta Andy Warhol ezagutu. Londresera itzuli zenean, oraindik atera gabe zegoen The Velvet Underground & Nico albuma eskaini zion bere ordezkatuari. David liluratuta geratu zen lan harekin eta gau osoa eman zuen Lou Reeden lehen abestiak behin eta berriro entzuten.
1969-1974: Folk Psikodelikotik Glam Rockera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Space Oddity - Hunky Dory
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrakastarik ez eta, Bowiek bizitzeko beste bide batzuk arakatzen hasi behar izan zuen. Abeslaria promozionatu nahian, 30 minutu irautzen zuen filma ere egin zen, Love You till Tuesday. Ez zen 1984ra arte saltzera atera, baina grabazioak 1969ko urtarrilean egin zituzten. Aldaketa nabarmena zetorren, jada.
Urtebete geroago, Space Oddity etorri zen, gizakia ilargira iritsi zenean. Lana uztailaren 11n atera zen, Apolo 11 jaurti eta 5 egunera eta berehala iritsi zen Erresuma Batuko Top 5era.
Bigarren diskoa azaroan atera zen; hasieran Erresuma Batuan eta David Bowie izena eman zioten, baina nahasketa sortzen zen aurrekoarekin eta, AEBetan jaurti zutenean, Man of Words/Man of Music izena eman zioten. Letra post-hippie-ko albuma zen, bakea, amodioa eta moralitatea eta folk rock musika rock gogorrago baten ondoan. Jaurti zuten unean, ez zuen arrakastarik lortu.
1969ko apirilean, Bowiek Angela Barnett ezagutu zuen eta, hurrengo urtean, ezkondu egin ziren. Eragin handia izan zuen Bowierengan eta Pitt atzera geratu zen handik aurrera. Bowiek managerra despeditu eta Tony Defriesek hartu zuen haren lekua, epaiketetan bukatu zutelarik. Azkenean, Bowiek indemnizazio bat eman behar izan zion Pitti.
Hirugarren estudio albuma etorri zen 1970ean: The Man Who Sold the World. Ez zuen inongo antzik Space Oddityrekin. Rock akustiko eta folk-tik, hard rock soinura. AEBetan diskoa promozionatzeko, Mercury Recordsek elkarrizketa bira antolatu eta ordaindu zion, kostatik kostara eta 1971ko urtarrila eta otsaila artean, Bowiek elkarrizketa asko egin zituen irrati emisoreetan. Itxura androginoa aprobetxatuz, britainiar bertsioan, soineko batekin jantzita ateratzen zen Bowie portadan. Horrela joan zen elkarrizketak egitera eta kritikoek ondo baloratu zuten keinu hori.
Garai hartan, Bowiek Brooklyneko gazte bat zen Tony Visconti ezagutu zuen. Xavier Cugat eta Liza Minnelliren orkestretan baxu lanak egina zen eta, Londresera etorri zenean, geratzeko asmoak egin zituen. Viscontik Marc Bolan deskubritu zuen eta lideratzen duen Tyrannosaurus Rex duoaren albuma ekoiztu zuen, rock gomoso eta sexyrantzeko bidean lagunduz[4].
Ziggy Stardust
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Viscontik Bolan eta Bowie ezagutu zituenean, biak ziren ezezagunak eta managerraren apartamentura gonbidatu zituen, bere esku ezin zitezkeen instrumentuak jotzeko aukera izateko. Biak ezin eraman-eta, Bowieren The Man Who Sold the World (1970) ekoiztu eta gero, Viscontik Bolan hautatu zuen, etorkizun hobea ikusten ziolako eta horrela zirudien T.Rex bandak Electric Warrior (1971) atera zuenean, baina Bowiek aurrea hartuko dio Ziggy Stardust (1972) munduko ikono bilakatu zenean. Ekoizleak esan zuenez, Bolanen aurrean ezin zen Bowieren izena aitatu. Young Americans (1975) arte, ekoizleak ez zuen Bowierekin lan egingo[4].
1972ko otsailaren 10ean, traje distiratsua soinean, ile gorria, Bowiek Ziggy Stardust jarri zuen martxan The Spiders from Mars (Ronson, Bolder eta Woodmansey) taldearekin batera. Tolwortheko Toby Jug izeneko pub hartan egin zen ikuskizun hura oso arrakastatsua izan zen eta izar bilakatu zuen Erresuma Batuan egin zuen biran. Ekainean atera zuten The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars eta The Man Who Sold the World laneko hard rocka Hunky Doryn ikusi zen rock/pop esperimentalarekin konbinatu zituen. Apirilean atera zuen Starman singleak iragarri zuen arrakasta eta berehala sartu zen Erresuma Batuko salmenta-zerrendatan (Top of the Pops). Bi urtez mantendu zen han eta 6 hilabete lehenago editatutako Hunky Dory gainditu zuen. Une berean, LP-etan ez zeuden John, I’m Only Dancing eta All the Young Dudes singleak ere atera zituen eta horiek ere arrakasta handikoak izan ziren. Ziggy Stardust Tour bira AEBetara joan zen segidan.
Bira hartan, Bowie bi estatubatuar artisten lanekin liluratu zen eta handik etorriko zen gero Ziggy Stardust pertsonaia: Iggy Pop eta Lou Reeden arteko nahasketa, pop idolo gorenean bilakatu zelarik.
1972an, Bowiek ahotsak jarri zituen Lou Reeden Transformer diskoan eta, Ronsonekin batera ekoiztu zion. RCAk antolatutako afari batean ezagutu zuten elkar eta, Bowiek Iggy aitatu zionean, Reedek yonkietatik aldentzeko aholkatu zion. Hala ere, David eta Pop ere ezagutzeko bideak egin ziren eta Max’s Kansasen izan zen hori. Handik aste gutxira, Stooges banda Londresera etorri zen eta Bowiek hirugarren albuma izango zuten Raw Power (1973) egiten lagundu zuen. Hala ere, bi handi hauen elkarlana Berlinen etorriko zen, heroinari alde egin nahi eta karrera birzuzentzeko xedean han ixten direnean. Hortik aterako dira The Idiot eta Lust for Life (1977) maixu lanak; Bowie berformulatutako Iggy Pop hark ez du biran laguntzeko zalantzarik izango, teklatu anonimo gisa bada ere[4].
1973an, bere diskoa atera zuen, Aladdin Sane eta britainiar zerrendetan lehen postuak lortu zituen. Bowiek berak Ziggy Ameriketara doa deitzen zion disko honi, AEBetan Ziggyren bira egin zueneko bidaian konposatutako abestiak zituelako. Aladdin Sane lanetik, arrakasta handiko bi single atera ziren: The Jean Genie eta Drive-In Saturday
Bowie pertsonaian sartzen zen erabat eta Ziggyz jantzita jarraitzen zuen eszenategitik kanpo ere. Denbora luzez egin zuen hori eta, emanaldietan, eskandalu handia sortzen zuten antzerdiak egin ohi zituen (sumo borrokalariaren gerripeko hutsarekin geratu arte bilustu ohi zen, edo lizunkeriatan ibiltzen zen Ronsonen gitarrarekin...). Azkenean, 1973ko uztailaren 3an, Londresko Hammersmith Odeonen, bertan behera utzi zuen hura dena. 1983an atera zen Ziggy Stardust and the Spiders from Mars filman, kontzertu haren irudiak agertzen dira.
Spiders from Mars banandu ondoren, Bowie Ziggyren pertsonaiatik aldentzen saiatu zen. 1972 berriro atera zuten The Man Who Sold the World eta Space Oddity ere bai. 1973ko ekainean, gauza bera egin zuten Hunky Doryren Life on Mars? lanarekin eta singleen 3. postua hartu zuen britainiar zerrendetan eta, irailean, The Laughing Gnome ere 4. posturaino iritsi zen. Urrian, Pin Ups bertsio bilduma atera zuen, 60. hamarkadako abesti gogokoenak bilduz eta albumen 1. postuan kokatu zen britainiar zerrendatan. Disko honetatik atera zen Sorrow singlea eta David Bowie 1973an salmenta handienak lortu zituen artista izan zen Erresuma Batuan, zerrendatan 6 disko batera kokatuta izatera iritsi zelarik.
1974an, Diamond Dogs albumeko Rebel Rebel singlea interpretatu zuen Top Pop herbeherean programan.
Warhol eta Lou
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1971ko abuztuaren 1ean iritsi zen David Bowie New Yorkera, bizitzako kontratu garrantzitsuena izango zuena sinatzeko xedean. Tony De Fries managerraren eskutik egin zuen akordioa RCA Recordsekin eta 37.500 dolar ordainduko zizkioten 3 album grabatzeagatik. Horiek ziren: Hunky Dory, Ziggy Stardust eta Aladin Sane. Baina Ameriketarako bidaiaren arrazoia ez da kontratu hori bakarrik. The Big Apple bisitatu nahi du eta bere idoloa ezagutu: Andy Warhol. Garai hartan, Bowie, bere ile luze-luze harekin, Greta Garbo aroan murgilduta zegoen erabat.
Inork ez daki 1971ko abuztuaren 2an, St. Mark Placen, Andy Warholen Factoryn, Bowiek ordua hartuta ote zuen, baina denek jarri zuten arreta Londresetik zetorren pertsonaia hartan. Sonbrero zabala buruan, alde baterantz erorita, galtza zabal-zabalak eta galtzerdi bat gorria eta bestea, berriz, urdina, plataformadun zapatak... Itxura androginoa eredu, lihozko trajea soinean zuen Angie emazteak ere maskulinitate gehiago erakusten zuen senarrak berak baino.
Bowiek, urte hasieran Londresko antzerki batean Pork ikusi zuenetik, Andy Warholen jarraitzaile sutsua zela esplikatu zuen eta hesteak eta bihotza ahotik aterako balu bezala egin zuen, Andyri entregatzeko. gitarra hartu eta Hunky Dory albumerako grabatu berri zuen Andy Warhol abestia jo zuen[5].
Warholek zer pentsatu ote zuen ez dakigu, baina Tony Zanettari eman zion Bowieren ardura. Honek deitu zion Lou Reedi eta, ordu batzuk geroago, ezagutu zuten elkar. Louri gehiegizko sofistikazioa iruditu zitzaion londrestarrak erakusten zuena, baina lagun-minak bilakatu ziren biak. Aurreko udan utzi zuen Louk Velvet Underground aitarekin lan egiteko eta David Bowiek De Fries konbentzitu zuen Lou Reedekin kontratu diskografiko berria sinatzeko. 1971ko abenduan, Lou Reed Londresen zen.
Lou Reedek egin zuen albumak ez zuen arrakastarik izan eta, berriro joan zen bere lagun Bowierengana. Ziggy Stardust sortzeko prozesuan murgilduta bazegoen ere, maiatz hartan, Bowiek 7 tama grabatzen lagundu zion Louri. Bien artean grabatu zuten, besteak beste, Velvet Undergournden Sweet Jane. Uztailean, Lou Reed lehen aldiz atera zenean Erresuma Batuan, Royal Festival Hallen, Velvet Undergrounden ahaztu ezin diren hiru tema abestu zituzten: White light, white heat, Sweet Janes eta Waiting for my man. Hirurak zuten heroinarekin zerikusia, Bowiek behin eta berriro aitatzen zuena eta, garai honetarako Louk gorroto ziona.
Egun batzuk geroago, Londresko Dorchester Hoteleko eskandalu famatua izan zen; Ziggy Stardusten promozioan bete-betean, Lou Reedek Bowieri musu eman zion ahoan. Argazkiak munduari bira eman zion eta David Bowieren homosexualiatea frogatuta geratu zela zirudien[5]. David Bowie, que dio 22 entrevistas aquel día, siempre tuvo a su lado a Iggy Pop (que se había teñido el pelo de color plata y llevaba una camiseta de T. Rex) y a Lou Reed, más o menos borracho. El 2 de agosto, David Bowie cumplió con lo prometido a Lou Reed. Mientras ensaya con los Spiders From Mars toda la infraestructura de la nueva gira de ‘Ziggy Stardust’, dio masa a los nuevos temas de Lou Reed para su próximo álbum. El 3 de agosto empezaron las sesiones en los estudios Trident, con Ken Scott de ingeniero y el excepcional guitarrista de David, Mick Ronson, de productor, aunque en los créditos apareciera también Bowie.
9 egunetan, 1972ko abuztuan, Transformer maixu-lana grabatu zuten. Mick Ronsonek dioenez, Louk letra gehienak eginak zituen, jada, baina melodiek ez zuten estrukturarik, akordeak oker eta arreglorik gabe zegoen hura dena. Ronsonen esanetan, gitarra afinatuta zuen ere nekez zekien Louk eta dena zen desastre hutsa. Baina Ronsonek sekulako lana egin zuen Transformerekin, Hunky Dory eta Ziggy Stardustekin egin zuen bezala[5]. Harrigarriena, hala ere, hura irratiz entzutea izan zen: ahozko sexua, trabestiak eta gainontzeko perbertsioak.
1972ko uda hartan, David Bowie lanpetuta ibili zen erabat -Ziggy Stardust, Angie, Amanda Lear, Mick Jagger...-, baina berak gainbegiratu zuen albuma eta aztarna ezinhobeak utzi zizkion betirako[5].
1974-1976: soul, funk eta The Thin White Duke
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974an, Bowie AEBetara aldatu zen eta, hasieran New Yorken geratu bazen ere, gero Los Angelesera joan zen bizitzera.
Urte hartan atera zuen Diamond Dogs, soul eta funk nahasketan oinarrituta: George Orwellen 1984 lanari musika jarriz, etorkizun basatia hiri postapokaliptiko batean. Diskoa lehen postura iritsi zen Erresuma Batuan eta bosgarrenera AEBetan. Bi single atera ziren handik: Rebel Rebel eta Diamond Dogs. Promoziorako Diamond Dogs Tour bira hasi zuen AEBetan 1974ko ekaina eta abendua bitartean. Aurrekontu handiko dokumentala ere grabatu zuten eta Bowie eskualido eta zurbila ikus dezakegu Cracked Actor-en. Kokaina kontsumitzen ari zen eta adikto bilakatu zenez, ahul, paranoiko eta ezegonkor zegoen beti, baina superrizar izaten jarraitu zuen -bigarren postuan Erresuma Batuan, zortzigarrenean AEBetan-.
Filadelfian atseden hartu ondoren, Bowiek material berria grabatu zuen eta souleratz egin zuen, Young Americans (1975), estiloz erabat aldatu zuelarik. Erresuma Batuko jarraitzaileek harritu bazituen ere, Young Americans lehen postuetara iritsi zen AEBetan, John Lennonekin batera idatzi zuen Fame abestiarekin. Arraza beltzekoak ez ziren artistak ez ziren askotan agertzen Soul Train programan, baina hantxe izan zen Bowie, Fame eta Golden Years abestuz.
Bai AEBetan eta baita Erresuma Batuan ere, Young Americans arrakastatsua izan zen erabat eta, 1969ko Space Oddity singlea berreditatu zutenean, hura ere gora joan zen zerrendetan.
1975ean, Bowiek managerra despeditu zuen. Hilabetek eman zituen epaitegietan eta etorkizunean irabaziko zituen milioi dolarrak eman behar izan zizkion Defriesi. Negoziketetan izan zuen abokatua izan zen ordezkari berria eta honek ere ez zuen konpentsazio makala eraman Bowiek hurrengo urtean bota zuenean.
1976an, Station to Station egin zuen eta The Thin White Duke jaio zen. Pertsonaia, urte horretan Izarretatik etorritako gizona lanean interpretatu zuen Thomas Jerome Newtonen extralurtarraren jarraipena zen. Young Americans lanean erabilitako funka eta soula garatu eta ondorenean erabiliko dituen krautrocka eta sintetizadoreen musika aurreratzen du.
Abeslariak zuen drogomenpekotasuna argitara eman zen London Weekend Televisionek eginiko elkarrizketa batean. Orduantxe zabaldu zuten Francoren heriotzaren berria eta Bowieri albiste haiek zabaltzeko denbora bat emateko eskatu zioten. Artistaren ezezkoaren aurrean, elkarrizketak hasi egin behar izan zuen eta Espainiatik zetozen albisteak itxaron beharrean izan ziren. Elkarrizketa luzea izan zen eta ez zitzaion ia ezer ulertzen. Kokainaren eragina nabarmena zen eta sobredosia bat baino gehiago izan zuen urte horretan, itxura fisikoa larritzen ari zitzaiolarik.
Station to Station jaurti eta gero, 3 hilabete eta erdiko bira etorri zen, Europa eta AEBetan zehar egingo zena. Arrakastatsua izan zen, baina ukitu arraroak ere izan ziren, Bowiek Stockholmen Erresuma Batuarentzat lider faxista bat onuragarria izango zuela esan zuenean bezala edo parafernalia naziaren jabe Errusia eta Polonia artean atxilo hartu zutenean. Gaiak aurrera egin zuen maiatzean Londresera iritsi zenean eta Victoria Stationeko gertakizuna izan zenean. Mercedes kabriolet batean iritsi zen eta haren agurra, agur naziaren antzekoa izan zen, NME aldizkarian argazkia publikatu zutelarik. Drogek bere lana sakontzen ari ziren.
1976-1979: Berlin eta Iggy
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banpiroa zirudien, azala gardena ia, iarra erabat. Kokaina maiz, Los Angeles utzi beharrean izan zen, bertan ez bazuen hil nahi eta, 1976an, Bowie Berlinera joan zen, bere lagun Iggy Pop eta Coco Schwabekin batera. Bowie eta Iggy ohiturak saneatzen saiatu ziren eta Berlingo museo, gaueko klub eta abarretan murgildu ziren.
Hasieran, 1976an, Bowie Suitzara lekualdatu zen eta txaleta erosi zuen mendian, Léman aintziraren iparraldean, baina kokaina kontsumoa igo egin zuen.
Musikaz gain, margotzen ere hasi zen eta pieza posmoderno batzuk egin zituen. Bozetoak egiten zituen biran zihoanean eta argazkiak ateratzen zizkion margotzeko erreferentzia izan zitekeen orori. Genoan arte-galeriak bisitatzen zituen eta Berlingo Brücke museora ere joan ohi zen maiz. Musika klasikoa eta literatura ere landu zituen eta bere autobiografian hasi zen lanean.
1976a bukatu baino lehen, Alemaniak erakarri zuen erabat eta, drogomenpekotasunari aurre egin nahian ere, Mendebaldeko Berlinera joatea erabaki zuen, desintoxikatu eta bere karrerari bizia emateko xedean. Iggy Popekin batera bizi zen pisuan eta Brian Enorekin hasi zen lanean, Tony Viscontirekin batera ekoiztuko zituen 3 albumak etorriko zirelarik, Berlin Trilogy.
Garai honetan egin zuen Iggy Popek The Idiot eta Bowie musiko eta idazle izan zuen hartan. Gero, Lust for Life etorri zen eta Erresuma Batua, Europa eta AEBetako bira etorri zen 1977ko martxoa eta apirilaren artean.
Low (1977) lanean, Kraftwerk banda bezalako eraginekin, Bowiek konposizioak egitekoan izan zuen aldaketa ikusten da nabarmen, eta metodo narratibotik forma abstraktogo batera joan zen. Kritikak ez ziren onak izan eta RCAri ez zitzaion asko gustatu hori, baina, aurreikuspenak txarrak izan baziren ere, Low lanetik ateratako Sound and Vision singlea 3. postuan kokatu zen Erresuma Batuan, aurreko Station to Station lanari aurrea eta guzti hartuz. 1992an, Philip Glass konpositoreak Low jeinu baten obra zela esan zuen eta bere Symphony No. 1 "Low" lanean erabili zuen oinarri. Geroago, 1996an, hurrengo diskoa ere erabili zuen Symphony No. 4 "Heroes" lanean. Glassek Bowie goraipatu zuen eta, pieza sumeak bailiran, konplexu samarrak ziren musika piezak sortzeko erraztasuna zuela esan zuen.
Trilogiako bigarren diskoa Heroes izan zen, musika minimalista eta instrumentalaren kontzeptuan, baina, Robert Frippen gitarraren elkarlanaren ondorioz, popa eta rocka ere txertatuz. Aurreko lanean bezalaxe, hemen ere Berlin zatituaren Gerra Hotzaren zeitgeist edo giro intelektual eta kulturala nabarmentzen zen. Zarata zuri, sintetizatzaileak eta koto bat txertatu zizkion eta berriro etorri zen arrakasta, Erresuma Batuan hirugarren postuan kokatu zelarik. Heroes abestia bera ez zen 24. postutik pasa singleen zerrendan, baina betirako egin zen ezaguna eta bertsioak atera zizkion alemanieraz eta frantsesez. Urte amaieran, Marc Bolan Marc telebista programan abestu zuen kanta eta, 2 egun geroago, berriz, Bing Crosbyren eguberritako programan. Honek Peace on Earth/Little Drummer Boy abestia kantatzen ere lagundu zion eta, 5 urte geroago, arrakasta izango zen hura ere, 1982ko eguberritan Erresuma Batuko 3. postuan kokatu zelarik.
Bira eta bira aritu zen 1978an eta drogen arazoa alboratuta zuen, jada. Orduan grabatutakoarekin Stage zuzeneko albuma atera zuen urte horretan bertan.
Trilogiaren azken alea Lodger (1979) izan zen eta aurrekoen minimalismotik atera zen, Berlinen aurreko garaiko gitarra eta bateriaren rockera hurbildu zelarik. New Wave eta World Music nahasketa aberats bat atera zitzaion. Hainbat pistetan, Eno eta Peter Schmidtek Oblique Strategies karta-sorta erabili zuen, jarraitu beharreko esaldiekin: Boys Keep Swinging abestian, bandakideek instrumentuak trukatu behar izan zituzten elkarren artean, Move On abestian Bowieren All the Young Dudes abestiaren akordeak alderantziz jotzen ziren, Red Moneyk Iggy Pop konposatutako Sister Midnight abestiaren zatiak erabiltzen zituen... Suitzan grabatu zuten diskoa eta Bowie eta Enoren lankidetzaren eredu izan zen. Suitza eta New York artean, Talking Heads bandaren afrofunkera gehiago hurbildu zen Kraftwerk bandaren musika elektronikora baino. Berlingo periploa bukatuta bazegoen ere, artista belaunaldi berri bat —Joy Division, John Foxx, Siouxsie & The Banshees, Human League eta hainbat eta hainbat gehiago— Bowiek rockari eskaini zion futurismoak harrapatuta geratu zen eta Europa zaharra fetitxe artistiko preziatua bilakatuta zegoen[6].
Lodger 4. postuan kokatu zen Erresuma Batuan eta 20.ean AEBetan, Boys Keep Swinging eta DJ single arrakastatsu izan zirelarik.
Urte amaieran, Bowie eta Angie dibortziatu egin ziren eta hilabeteak epaile artean eman ondoren, ezkontza bertan behera geratu zen 1980an.
Superizarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Scary Monsters (and Super Creeps) (1980) lanatik Ashes to Ashes singlea atera zen eta new romantic underground mugimendua ezagutarazi zuen nazioartean. Bowie Londresko Blitz kluba bisitatzera joan zen bideoklip berrirako ohiko kideak kontratatzeko xedean. Lan honetan Berlingo hasierako printzipioak txertatu zituen, baina, Robert Fripp, Pete Townshend, Chuck Hammer eta Tom Verlainen gitarren laguntzekin, hard rocka nabarmenagoa zen hemen. Ashes to Ashes lanarekin batera, lehenengo postura iritsi zen Erresuma Batuan eta Bowie The Elephant Man en Broadway obran hasi zen 3 hilabetez.
1981ean, Queenekin egin zuen lan, Under Pressure singlean. Duoa arrakastatsua izan zen eta Bowie berriro izan zen lehen postuan Erresuma Batuan.
Urte horretan, Christiane F. alemaniar filman hartu zuen parte, 70eko hamarkadako nerabe baten drogomenpekotasuna kontatzen duen egiazko historia. BBCkBertolt Brecht Baal lanaren telebistako adaptazioan ere hartu zuen parte. Emititzen ari ziren bitartean, lanaren 5 abesti zituen EPa jaurti zuten eta David Bowie in Bertolt Brecht's Baal izena eman zioten.
1982ko martxoan, Paul Schraderren Cat People filma estreinatu baino lehen, Bowieren Cat People (Putting Out Fire) abestiaren singlea atera zuten, AEBetan hain arrakastatsua ez zena izan eta britainiar Top 30ean sartu zena.
1983an, Let's Dance etorri zen, beste arrakasta itzela, platino diskoa Erresuma Batuan eta AEBetan eta bere 3 singleak Top 20etan sartu ziren bi herrialdeetan. Modern Love eta China Girl 2. postuan kokatu ziren Erresuma Batuan eta haien bideoklipak ere bai.
1984an, Tonight atera zuen, hau ere dantzari zuzendua, eta Tina Turner eta Iggy Popekin batera egin zuen lan. Bertsio bat baino gehiago zuen, The Beach Boysen 1966ko God Only Knows tartean.
1985ean, Bowiek Wembley estadioan egin zuen emanaldia, Live Aiden kide, Etiopiako goseteari aurre egin nahiz toki ezberdinetan eginiko kontzertu multzoan. Bide batez, Mick Jaggerrekin duoa egin zuen, Dancing in the Street eta lehen astean iritsi zen zerrendetakoa lehen postuetara.
Urte honetan, Bowie Pat Metheny Groupekin elkartu zen This Is Not America grabatzeko, The Falcon and the Snowman lanaren soinu-banda. Single bezala jaurtita, abestia AEB eta Erresuma Batuko Top 40ra iritsi zen.
1986an, Absolute Beginners filmarako papera eman zioten Bowieri. Kritikari ez zitzaion batere gustatu, baina harentzako konposatu zuen abestia Erresuma Batuko singleen bigarren postura iritsi zen. Urte berean, Jareth ere izan zen, Goblinsen erregea, Jim Hensonen Labyrinth filmean eta soinu bandarentzako 5 abesti konposatu zituen.
Hamarraldi hartako azken estudio albuma 1987ko Never Let Me Down izan zen eta rock gogorrago batean murgildu zen, industrial/techno puntu batekin. Seigarren izan zen britainiar zerrendetan eta Day-In, Day-Out (ateratzen zuen 60. singlea), Time Will Crawl eta Never Let Me Down singleak atera zizkioten. Bowieren gustuko diskoa ez bazen izan ere, 86 kontzertuz osatutako bira egin zuen hemen, Peter Frampton gitarrak jotzen aritu zuelarik.
1989-1991: Tin Machine
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989an, Bowiek bakarlari lana utzi eta banda baten buru hasi zen. Tin Machine hard rock taldea jaio zen Reeves Gabrels gitarra, Tony Sales bateria eta Hunt Sales baxuarekin batera. 70eko hamarkadan ezagutu zituen haiek, 1977an, Iggy Popen Lust For Life egin zutenean, alegia.
Talde-lana kostatu egin zitzaion Bowieri eta berak nahi zuen agindu, bai abestien konposizioan, baita erabakiak hartzeko orduan ere. Ondo erori zen Tin Machine (1989) hasierako albuma, letrak politizatuegiak zirela-eta denen onarpena jaso ez bazuten ere. Hala ere, hirugarren postua egin zuen Erresuma Batuan. Birak arrakasta komertziala lortu zuen, baina zaila zen Bowie kide bat besterik ez zela ikustea. Tin Machine bigarren album baterako lanean hasi zen, baina Bowiek bakarlari lanetara itzultzea erabaki zuen. Berriro lortu zuen betiko onarpen eta miresmena aurreko tema zaharrak joz.
1990eko urrian, 10 urte ziren Angiekin bukatu zuela eta lagun batek presentatu zion Iman somaliar supermodeloa. 1992an ezkondu ziren biak.
1992-1999: Musika elektronikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1992an, Bowiek urtebete lehenago hil zen Freddie Mercuryren omenez egin zen kontzertuan hartu zuen parte. Heroes eta All the Young Dudes abestu zituen eta Under Pressure ere abestu zuen Mercuryren ahotsak egin zituen Annie Lennoxekin
Handik 4 egunetara, Bowie eta Iman Suitzan ezkondu ziren. Los Angelesera joan ziren etxe egoki bat bilatu nahi zutelako, baina hotelean egon beharrea izan ziren Los Angeleseko istiluak hasi zirelako eta New Yorken ezarri zuten egoitza horren ondorioz.
1993an atera zuen lehen albuma Tin Machine utzi eta gero, Black Tie White Noise, soul, jazz eta hip hop eraginak nabarmentzen zaizkiolarik eta berriro lortu zuen arrakasta.
Norabide berriak bilatu zituen The Buddha of Suburbia (1993) lanarekin, Hanif Kureishiren eleberrian oinarritutako telebista seriearen soinu bandan. Ez zuen posizio nabarmenik lortu, baina bai kritika onak.
Bowie eta Brian Eno berriro batera, Outside (1995) industrialak artea eta hilketak nahasten zituen. Pertsonaiak Bowiek idatzitako istorio labur batekoak ziren eta albumak arrakasta izan zuen Erresuma Batuan eta AEBetan, handik ateratako 3 singleak bezalaxe. Bowiek Outside Tour bira Nine Inch Nails batera egitea erabaki zuen eta Europa eta Iparrameriketan ibili ziren 1995eko iraila eta hurrengo urteko otsaila bitarte.
1996ko urtarrilaren 17an, Rockaren Ospearen Aretoan sartu zen.
1997an, Earthling egin zuen, berriro lehen postuak lortuz.
Garai hori izan zen Donostiara etorri zenekoa. 1997ko uztailaren 17an. Zaragozatik iritsi berri, soinu-froga egin eta ordubete bateko atsedena hartu omen zuen kontzertu aurretik. Dotore atera zen eszenategira eta kontzertua ere dotorea izan zen. Ostegun hartan, The Man Who Sold the World, The Jean Genie, Fame edo Fashion abestu zituen Anoetako belodromoan 5.000 bat ikusleren aurrean. Arrakasta itzela zahar samar ote zetorren ustean hurbildu zirenentzat ere. Eta Donostiako jornada ez zen kontzertuan bukatu, Schnabel margolariak Igeldon zuen etxera joan nahi izan baitzuen, haren azken lanak ikusteko. Horrela kontatzen du Isabel Azkarate argazkilariak:
« | David Julian Schnabelen laguna zen eta, kontzertua bukatu ondoren, haren lanak ikustera joan nahi izan zuen haren etxera, Igeldora. Lagun talde bat joan ginen, Juan Cruz Unzurrunzaga tartean eta argazkiak egin eta zerbait hartu genuen... Txakolina, agian. [7] | » |
Bowie ez zen luze egon eta, biharamonean, Hondarribitik Madrila joan zen, gero Londresera joateko.
1998an, Viscontirekin bildu zen (Safe in This) Sky Life grabatzeko The Rugrats Movierentzat. Gero, Safe izango zen eta 2002an aterako zen Everyone Says 'Hi' singlean joango zen. Beste elkarlan batzuetako bide ere izan zen, Placeboren Without You I'm Nothing abestia bezala, Viscontirekin batera ekoiztu zuena.
1998an, Bowiek A Foggy Day (In London Town) grabatu zuen Angelo Badalamentirekin. (Red Hot Organization Red Hot + Rhapsody) George Gershwinen omenez egin zen eta hainbat erakunderentzako laguntza izan zen, HIESari aurre egiteko xedean.
1999-2013: Neoklasizismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999an, Bowiek Omikron bideo-jokoaren soinu banda egin zuen eta Bai bera eta baita Iman ere pertsonaia izan ziren han. Bildu zuen albumak agurra eman zion musika elektronikoari.
2001eko urrian, Bowiek irailaren 11ko atentatuen biktimei laguntzeko New Yorkeko hirian egin zen kontzertua ireki zuen eta Simon & Garfunkelen America interpretatu zuen era minimalistan, ondoren, Heroes abestu zuelarik banda osoaren laguntzaz.
2002an, Heathen atera zuen eta Europa eta Iparramerikan zehar egingo zuen bira hasi zuen. Phillip Glass, Television eta The Polyphonic Spree bandan aukeratu zituen hasierako ikuskizunerako eta Lowren garaiko kantak ere interpretatu zituzten.
Gero, Reality atera zuen eta birak Europa, AEB, Zeelanda Berria, Australia eta Japonia hartu zituen. Oslon izan zenean, fanatiko batek jaurtitako piruleta batek begian eman zion eta, astebete geroago, bularreko oinaze sakon nabaritu zuen Scheeßeleko (Alemania) Hurricane festibalean jotzen ari zen bitartean. Angioplastia bat egin beharrean izan zen Hanburgen eta geratzen ziren ondorengo 14 datak atzeratu beharrean izan ziren.
2006ko otsailaren 8an, Grammy saria eman zioten
2007ko High Line festibaleko zuzendaritzan parte hartu zuen eta Manhattanerako artistak hautatu zituen. Scarlett Johanssonekin batera ere grabatu zuen Tom Waits bertsioak ziren Anywhere I Lay My Head.
2013-2016: The Next Day, Blackstar eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013ko urtarrilaren 8an, 66. urtemuga zuenean, martxoan The Next Day izeneko diskoa aterako zuela iragarri zuten. Martxoaren 8an Australian, 12an AEBetan eta 11n gainontzeko lekutan, eta 14 abesti eta 3 pista gehiagarri zituen. Bowiek New Yorken grabatu eta Tony Viscontik ekoiztutako Where Are We Now? singlea ere atera zuten eta Tony Ourslerrek zuzenduriko bideoklipa jaurti zuten Vimeon. Ordu gutxi behar izan zituen singleak iTunesen goian kokatzeko. Otsailaren 25ean, bigarren bideoklipa atera zuten argitara, The Stars (Are Out Tonight), Floria Sigismondik zuzendua eta Bowie eta Tilda Swinton senar-emazteen papera eginez. Martxoaren 1ean atera zen album osos iTunesen. The Next Day lehenengo postuetara iritsi zen album salmenten britainiar zerrendan.
2015eko urrian, The Last Panthers serierako abesti bat grabatu zuela iragarri zuten, baina ez zen haren aktuaziorik espero. Hala ere, hilabete bukaeran, David berak Blackstar estudio-album berria iragarri zuen, bere urtemugan aterako zena, 2016ko urtarrilaren 8an.
2016ko urtarrilaren 10ean, 69 urte bete eta Blackstar albuma atera eta 2 egunetara, gibeleko minbiziak hil zuen Bowie bere New Yorkeko etxean [8]. 18 hilabete lehenago izan zuen gaixotasunaren berri, baina ez zuen jakinarazi[9].
Zinea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aktore-lanak musikan lortutako arrakasta baino lehen hasi zituen Bowiek. Lindsay Kempen zuzendaritzapean ikasi zituen abangoardiako antzerkia eta artea eta, 1967an, Kempen Pierrot in Turquoise lanean, Clouden papera egin zuen.
Txuribeltzean eginiko The Image laburmetraian, koadro batetik ateratzen den haur-mamua izan zen eta 1966ko The Virgin Soldiers eleberrian oinarritutako filman ere atera zen.
1976an, Thomas Jerome Newton izan zen Nic Roegek zuzenduriko Izarretatik etorritako gizona lanean, desagertzeko bidean zegoen planetara etorritako extralurtar bat.
David Hemmingek zuzenduriko Just a Gigolo lanean, berriz, Paul von Pryzgodski prusiar ofiziala izan zen, I. Mundu Gerratik etortzean, baronesa batek (Marlene Dietrich) deskubritu eta haren gigolo batean bilakatzen zen.
Bowie Broadwayko The Elephant Man antzerkiaren ekoizpenean ere aritu zen eta kritika onak jaso zituen. 1980 eta 1981 artean, 157 aldiz errepikatu zuen bere interpretazioa.
1981n, nerabe baten drogomenpekotasuna kontatzen duen Christiane F. – Wir Kinder vom Bahnhof Zoo filman, Mendebaldeko Berlinen, bere burua antzezten du, Alemanian kontzertu bat ematen ari delarik. Christiane F. (1981) soinu-bandan, Berlingo trilogiaren material asko dago.
The Hunger (1983) banpiro filman ere atera zen, Catherine Deneuve eta Susan Sarandonnekin.
Nagisha Oshimaren Senjo no Merry Christmas (Merry Christmas Mr. Lawrence) lanean ere atera zen. Laurens van der Posten The Seed and the Sower eleberrian oinarrituta, Jack Celliers izan zen Bowie, gerra-preso bat japoniar kontzentrazio-esparru batean.
Yellowbeard pirata komedian ere atera zen, 1983an Monty Pythonek sortua eta, 1985ean, Colin izan zen Into the Night filman. Ezezkoa eman zion, ordea, 1985eko James Bonden A View to a Kill filman, Max Zorin izateari.
1986an, Colin MacInnen 1959ko eleberrian oinarritzen zen Absoulte Beginners rock-musikalak Londresko bizimodua kontatzen zuen eta Bowieren musika zuen nagusi eta bere interpretazioa ere bai. Labyrinth lanean ere aritu zen, goblinsen errege zen Jarethen papera eginez,
Bi urte geroago, Martin Scorsesen Kristoren azken tentazioa filman, Poncio Pilatos izan zen eta, 1991n, berriz, The Linguini Incident filman Rosanna Arquetten ondoan aritu zen.
1992an, David Lynchen Twin Peaks: Fire Walk with Me filman ikus dezakegu, FBIko Phillip Jeffries polizia misteriotsuaren papera eginez.
1996an, Andy Warhol izan zen Julian Schnablek zuzenduriko Basquiat filman eta pistolero beldurgarria Il Mio West spaghetti westernen.
1999an, Bernie gansterra izan zen Everybody Loves Sunshine lanean eta The Hunger beldurrezko telebista seriean ere atera zen.
Nikola Teslaren papera ere egin zuen, Christian Bale eta Hugh Jackmanen ondoan, Christopher Nolanen The Prestige lanean (2006).
Filmografia hautatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Man Who Fell to Earth (1976): Thomas Jerome Newton
- Just a Gigolo (1978): Paul Ambrosius von Przygodski
- Christiane F. (1981): kameoa bere burua antzeztuz
- The Snowman (1982): narratzailea
- Baal (1982): Baal
- Yellowbeard (1983): marinela
- Merry Christmas, Mr. Lawrence (1983): Jack 'Strafer' Celliers maiorra
- The Hunger (1983): John Blaylock
- Jazzin' for Blue Jean (1984): Vic eta Lord Byron
- Into the Night (1985): Colin Morris
- Labyrinth (1986): Jareth, errege iratxoa
- Absolute Beginners (1986): Vendice Partners
- The Last Temptation of Chris (1988): Pontzio Pilatos
- The Linguini Incident (1991): Fraidea
- Twin Peaks: Fire Walk with Me (1992): Phillip Jeffries
- Dream On (telesaila) (1991): Sir Roland Moorecock
- Basquiat (1996): Andy Warhol
- Gunslinger's Revenge (1998): Jack Sikora
- Everybody Loves Sunshine (1999): Bernie
- Mr. Rice's Secret (2000): William Rice
- Zoolander (2001): kameoa bere burua antzeztuz
- Arthur and the Invisibles (2006): Malthazar (ahotsa)
- The Prestige (2006): Nikola Tesla
- Bandslam (2009) – kameoa
Eraginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikan, The Man Who Sold the World (1970), adibidez, Siouxsie and the Banshees, The Cure, Gary Numan, John Foxx, Nine Inch Nails edo Nirvanaren rock gotiko, dark wave eta zientzia-fikzioaren eragin handienetakoa kontsideratua izan da.
Diamond Dogs (1974) lanean hiriko kaosa, haur eskaleak eta nihilismoa erakutsi zuen geroago The Germs edo Sex Pistolsek egingo zuten iraultza punkaren iragarpen gisa.
1976ko Station to Station, berriz, garrantzitsua izan zen Magazine banda bezalako post punk garairako eta Heroes (1977) lanak eragina izan zuen John Lennon eta Yoko Onoren Double Fantasy (1980) lanean.
Ashes to Ashes eta 1980ko hamarkadako lanek new romantic mugimendua ekarri zuten, Blitz Kids, Keanan Duffty edo Steve Strange bezalako artistengan eragina izan zuelarik.
Marilyn Manson, Boy George, Groove Armada, Spacehog, Neïmo, Arckid, Stacey Q, Buck-Tick, Lady Gaga eta beste askok ere haren ukitua erakusten dute gaur ere. Madonnak Daviden heriotzaren omenean esan zuen bezala,
« | Ez baduzu David Bowie ezertaz ezagutzen, hasi miatzen, motherfuckers[10] | » |
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- David Bowie (1967)
- Space Oddity (1969)
- The Man Who Sold the World (1970)
- Hunky Dory (1971)
- The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars (1972)
- Aladdin Sane (1973)
- Pin Ups (1973)
- Diamond Dogs (1974)
- Young Americans (1975)
- Station to Station (1976)
- Low (1977)
- "Heroes" (1977)
- Lodger (1979)
- Scary Monsters (and Super Creeps) (1980)
- Let's Dance (1983)
- Tonight (1984)
- Never Let Me Down (1987)
- Black Tie White Noise (1993)
- The Buddha of Suburbia (1993)
- Outside (1995)
- Earthling (1997)
- "hours..." (1999)
- Heathen (2002)
- Reality (2003)
- The Next Day (2013)
- Blackstar (2016)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-01-11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20130112090704/http://www.rollingstone.com/music/lists/100-greatest-artists-of-all-time-19691231/david-bowie-19691231
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20120719004809/http://www.rollingstone.com/music/lists/100-greatest-singers-of-all-time-19691231/david-bowie-19691231
- ↑ David Bowie musikari britainiarra hil da. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2016-01-11).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz)http://cultura.elpais.com/cultura/2016/01/12/actualidad/1452625853_044941.html#?ref=rss&format=simple&link=guid
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz)http://www.plasticosydecibelios.com/historia-curiosa-david-bowie/
- ↑ (Gaztelaniaz)http://cultura.elpais.com/cultura/2016/01/12/actualidad/1452625881_895189.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://blogs.diariovasco.com/ke-paren-la-rotativa/2013/01/14/la-fiesta-secreta-de-david-bowie-en-igeldo/
- ↑ https://web.archive.org/web/20181006222220/https://www.berria.eus/albisteak/118458/david_bowie_hil_da.htm
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.diariovasco.com/culturas/musica/201601/11/fallece-david-bowie-tras-20160111081314-rc.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://elpais.com/elpais/2016/01/13/icon/1452699943_341482.html#?ref=rss&format=simple&link=guid
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David Bowie |
- David Bowie musikariaren webgunea (Ingelesez)
- David Bowieren zaletuen webgunea (Ingelesez)
- David Bowie, Space Oddity
- David Bowie eta Lour Reed, Transformer
- David Bowie eta Iggy Pop 1977ko elkarrizketa batean
- David Bowie, Heroes
- David Bowie eta Mick Jagger, Dancing In The Street
- David Bowie eta Lou Reed, Waiting for the Man
- Heroes, Parálisis Permanenteren bertsioan
- David Bowie, Blackstar
- David Bowie, Lazarus
- Rebel rebel, Madonnaren bertsioan