Edukira joan

Brema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Brema
Abramis brama
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaCypriniformes
FamiliaCyprinidae
GeneroaAbramis
Espeziea Abramis brama
Linnaeus, 1758

Brema (Abramis brama) Cyprinidae familiako ur gezako arraina da[2].

Bremak 30-55 cm luze (batzuk 75 zentimetroraino iritsi daitezke) eta 0,5-2(4) kiloko pisukoak izaten dira. Gorputza alboetatik zapaldua eta bizkar makotua (zaharrenek, batez ere). Zilar kolorekoak dira, baina zaharrenak brontze kolorekoak izan daitezke. Gorputza neurri handiko ezkatez eta mukiz estalia izaten du. Hegalak gris ilunak. Uzki-hegala oso luzea eta 23-30 erradio bigunekin. Bizkar-hegala laburra eta sabel-hegalak baino atzerago kokatua. Ahoa oso txikia eta goi-baraila behekoa baino luzeagoa[3].

Europako arro hidrografiko gehienetan bizi da, Aturritik Petxoraraino (Errusia), eta Egeo itsasoaren arroko Bolbe aintziran eta Struma eta Maritsa ibaietan. Iberiar penintsula, Adriatikoaren arroa, Italiar penintsula, Eskozia eta Eskandinaviako iparraldea berezko banaketa eremutik kanpo daude. Irlanda, Espainia eta Italiako ipar-ekialdeko zenbait ibaietan sartua izan da. Asian Marmarako itsasoaren arrotik (Turkia) ekialdera, Aral itsasoaren arroraino banaturik dago. Baikal aintziran eta Jenisei eta Ob ibaien goi aldeetan sartua izan da[1].

Aintzira eta ibai ertain eta handietan bizi da. Ugariagoa da ur geldietan, ur bareko ibaietan, estuarioetan eta ur gatzduneko eta sakontasun gutxiko urmael epeletan. Ugaltzeko landaredi trinkoko ur geldiak, uholde-lautadak eta aintzira bazterrak aukeratzen ditu[1].

Sedimentu finetatik ateratzen dituen ornogabe bentonikoak jaten ditu, eta baita gasteropodoak ere. Aho protraktilaren bitartez, hondoko harrapakinak bilatu eta iragazten ahal ditu. Umeak zooplanktonez elikatzen dira[1][3].

Ugaltzeko ibaian gora migratzen dute (100 km Dnieperren). Ugalketa apirila eta ekaina bitartean hasten da, uraren tenperatura 15 °Ctik gorakoa denean[1]. Emeak, ur-landareetan itsasten diren ehunka mila (300.000 emearen pisuaren kiloko) arraba likatsu erruten ditu. 8-12 egunen buruan (180 °C x egun) umeak arrabetatik irteten dira. Bitelo-zakua galdu ondoren planktona jaten hasten dira[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e (Ingelesez) Freyhof, J. & Kottelat, M. (2008). «{{{title}}}». In: IUCN 2008. IUCN Red List of Threatened Species. Deskargatze data: 2012/03/01.
  2. Elosegi, Arturo. (1994/12/01). Ibaiak, bizitza urlasterretan. www.zientzia.net.
  3. a b c Brème commune Maisondelapeche.be

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Abramis_brama