Edukira joan

Arantzazu (Oñati)

Koordenatuak: 43°00′N 2°24′W / 43°N 2.4°W / 43; -2.4
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arantzazu
 Euskal Herria
  
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriaOñati
Geografia
Koordenatuak43°00′N 2°24′W / 43°N 2.4°W / 43; -2.4
Garaiera700 m
Demografia
Biztanleria74 (2022)

Arantzazu Oñatiko (Gipuzkoa) hegoaldean dagoen mugako auzoa da. Oso menditsua da eta udalerri horretako auzorik garaiena 700 metro ingururekin. Mendebaldean Oñatiko Araotz auzoa dauka mugakide; iparraldean, Uribarri (Oñati); eta hegoaldean, Narbaxa (Donemiliaga) eta Arriola (Asparrena) herri arabarrak. Arabarako mendi-pasabide tradizional nagusia Artiako lepoa izan da.

Megalitoen presentziak iradokitzen du tokia bidegurutzea izan dela Historiaurretik.

Inguru naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halaber, auzoa ohiko abiapuntua da Urbia aldera eta Aizkorrira igotzeko, bai eta Aloñako mendilerrora iristeko ere Duruko kortetatik. Bestelako txangoak egiteko ere aukera ematen du.

Santutegiaren inguruan ditugu hegoaldean Aitzabal (752 m), Bellostegi (792 m), Erbizaskun (884 m), Gazteluaitz (917 m) eta Arriona (934 m), mendebaldetik ekialdera. Hegoalderago, Elgeako mendilerroa zabaltzen da bere haizerrota modernoekin. Santutegi aldetik gertuen dauden tontorrak, mendebaldetik ekialdera ere bai: Gaboño edo Artia (1.176 m), Keixtui-Gaña (1.132 m), Gainlabur (1.086 m) eta Larrangoiti (1.126 m).

Arantzazu (ibaia) edo Oñati ibaia harkaitz hauetan sortzen da.

Arantzazuk barne hartzen ditu beste auzune txikiago batzuk: Kortakogain (bertan dago auzoko elkarte gastronomikoa edo topagunea), Duru-Mallako saroiak eta Arriona eta Bellotzakoak.

Arantzazuko biztanleria

Frantziskotarrak eta santutegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantzazuko santutegia auzoko ikur nagusia da, Euskal Herri osoko mailan erreferentziazko lekua izan dena eta dena. Euskal kulturaren motorrretako bat izan zen Arantzazu XX. mendeko bigarren erdian eta hori arrazoi soziologikoengatik gertatu zen. 1960an eta 1970ean, oso euskaldun gutxi zeuden Hegoaldeko hiriburuetan eta zeuden gutxi haiek herri txikietatik joanak ziren, hizkuntza galtzen ari ziren, lotsatu egiten ziren euren hizkuntzaz... Eta horien ondorengo batzuk izan ziren euskal kultura modernizatzen zutenetako asko. Txillardegi Donostian, adibidez, Aresti Bilbon, Emilio Lopez Adan Gasteizen, edo Parisen Txomin Peillen eta Jon Mirande daude. Baina gutxi ziren, eta zegoen indar soziologiko apurra herri txikietan zegoen: jende pobrea izaten zen, eta seminarioetara joaten ziren ikastera, hori izaten zelako ikasteko egoten zen aukera bakarra, eta belaunaldi hori izan zen euskararen modernizazioaren pisu nagusia eraman zuena, Pruden Gartziak Arantzazuko belaunaldia izena eman zion.[1]

Besteak beste, euskara batua sortu zuten bertan 1960ko hamarkadan, eta eraikinari dagokionez Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea eta beste artista batzuen lana ere oso azpimarratzekoa da.

Fraide frantziskotarrek sortua, Gomiztegi artzain-eskola eta gaztandegia ere dago auzoan. Kongregazioa

"Arantzazuko giro kulturala, 1956-1968". Euskara Batuaren helduaroa Jardunaldiaren barruan (Jose Ramon Etxebarria, Gasteiz, 2018-06-21)[2][3][4][5].

Gandiaga Topagunea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an "Gandiaga Topagunea" izeneko zentroa zabaldu zuten, Bitoriano Gandiaga fraide eta idazlearen omenez, bertan batzarrak eta bestelako jardunaldiak antolatzeko xedearekin. "Baketik" elkarteak ere bere egoitza bertan eduki zuen, taldea desagertu zen arte.

2011an, bestela, Arantzazuko parketxea edo Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroa zabaldu zuten Gandiaga II eraikinean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Astiz, Iñigo. «Pruden Gartzia, idazlea. «Zer motibo dute euskaldun sentitzeko egungo etorkinek?»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  2. Etxebarria Bilbao, Jose Ramon. (2018-06-21). [https://www.flickr.com/photos/38892589@N02/48098802458/ Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Gardenkiak). ] UEU (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  3. «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  4. «Euskara Batuaren helduaroa.» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea. Udako Ikastaroak) (Noiz kontsultatua: 2018-07-01).
  5. Berria.eus. «UEUren 46. ikastaroen hasieran omendu dute Jose Ramon Etxebarria zientzialaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa