Edukira joan

Apo lasterkari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apo lasterkari
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaBufonidae
GeneroaEpidalea (en) Itzuli
Espeziea Epidalea calamita
Laurenti, 1768
Banaketa mapa
Eguneko zikloagaueko

Apo lasterkaria (Epidalea calamita) ipar eta mendebaldeko Europako eskualde hareatsu eta txilardietan bizi den urlehortarra da[1]. Helduek 60 – 70 mm luzera dute eta, apo arruntak ez bezala, bizkarraren erdian marratxo hori bat dute. 15 urte ere bizi den apo hau intsektu, zizare eta narrasti txikiez elikatzen da.

Apo lasterkaria tamaina ertaineko anuroa dugu. Apo arrunta (Bufo bufo) baino txikixeagoa izaki, eta honek bezalako soin trinkoa eta pikorrez jantzitako larru zimurra ageri ditu, bere ezaugarririk bistakoena bizkarrean zehar duen lerro bertikal argia duelarik. Bufonido guztietan gertatzen den legez, apo lasterkariaren kasuan ere epidermis osoa guruin pozoitsuz hornitua ageri da. 1996. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta, 'Kaltebera' kategoriaren baitan.[2]

Apo lasterkariaren zapaburuak 0,35 cm-rekin jaiotzen dira eta 3 cm-ak lortzen dituzte garapenaren azken faseetan zehar. Beltz kolorekoak dira gainaldetik eta grisak azpialdetik, orban zurixkekin garapenaren bukaeran, hesteak ikusten zaizkiela eta. Espirakulu zuzena dute, atzerantz zuzendua eta ezkerreko aldean kokatzen dena. Begien arteko distantzia, sudur-hobien arteko distantziarekiko bikoitza da. Hortz-ezpainen bigarren ilarak erdian diastema zabala du. Isats biribildua dute.

Apo lasterkari helduek 5-6 cm-ko luzera izaten dute, emeak 9,5 cm-ra irits daitezkeen arren. Iberiar Penintsulako apo lasterkariak, hala ere, zertxobait handiagoak dira, erdi Europakoak baino (Doñanakoak izan ezik, askotan ez dituztenak 5 cm ere lortzen).

Itxura sendoa dute, buru triangeluarra luze baino zabalagoa, eta bertan begi handiak nabarmen kanporatuak ditu alde dortsalean. Gainerako bufonidoek bezala, apo lasterkariak ere begi-nini horizontala du, eta honen inguruan iris hori-berdexka, beltzez orbaindua ageri du. Animaliaren garondoan, eta lepo-gainerantz hedatuta, guruin parotideo ia paraleloak ikus daitezke, oso nabariak eta ez dibergenteak, apo arruntaren kasuan gertatzen den legez. Lerro bertebral hori-berdexka dute, espeziearen bereizgarria dena eta metamorfosia burutu berri duten zapaburuetan dagoeneko nabaria dena. Atzeko hankak motzak dira eta nahiko sendoak, lasterka egiteko moldaturik baititu. Kolorazio kriptikoa du, lepape eta sabelaldea zurixka edo zuri-horixka eta orbanik gabea edo arre ilunez arinki pintarratua izaten dituen arren, alde dortsala grisa edo berdexka ageri du, funtzio disruptibo argiko orbain arrez jantzita. Bizkarraldean orban berdeak ditu, ingurua oso definiturik ez dutenak.

Banaketari dagokionez, apo lasterkaria espezie atlantiar eta mediterraniar mendebaldarra dugu eta erdialdeko eta mendebaldeko Europako zonalde hareatsuetan aurki daiteke, Portugaletik Herrialde Baltikoetara, baita Erresuma Batuan eta Eskandinavian ere.

Euskal Herrian ez dago inola ere eskualde guztietan. Eskualde mediterraniarrari dagokionez, apo lasterkaria espezie arrunta dugu ia Araba osoan eta Nafarroako erdialde eta hegoaldean, bertan populazio sendoak ikus daitezkeelarik. Kostaldean zenbait populazio isolatu ikusi izan da Bidaso Beherean (Txingudiko parkean) eta Getxoko Gorrondatxe hondartzan. Horrez gain, Badaiako ganaduarentzako zenbait urmaeletan, Bastidan (ibar-basoan eta Rincón de Gimileoko legar-hobian), Entziako ganaduarentzako urmaeletan, Otoko urmaeletan, Gorobel mendilerroko istiletan eta Donostia-Beterrin ikusi izan da.

Arrautzak erruteko maiz putzu tenporalak erabiltzen ditu, eurite edo desizozteen ostean sortutakoak, hala nola, zohikaztegiak, larre hezeak, ganaduarentzako urmaelak... Kostaldeko paduretan ere aurki daiteke (esaterako Plaiaundiko parkean, eta nahiko ondo jasaten du ur gazia). Putzu hauek maiz egoten dira eguzkipean eta beraz, arrautzek tenperatura epelak ondo jasaten dituzte. Putzu tenporal hauetan arrautza zein zapaburuek harrapari gutxiago dituzte arren, lehortzeko arriskua izaten dute.

Gune irekietako espezie tipikoa da, lehor eta epelak, eta nahiago ditu lur hareatsuak. Apo lasterkaria lehortarra da eta soilik ur-mediora ugaltzeko bueltatzen da. Askotan harrien azpian aurki daiteke. Hala ere, Iberiar Penintsulan espezie nonahikoa da eta oso habitat desberdinetan aurki daiteke: kostaldeko dunak, baso argiak eta estepak... Itsas mailatik 2.540 metrora aurki daiteke (Sierra Nevadan).

Apo lasterkariaren larbak esekiduran dauden materialez elikatzen dira, elikagaietan aberatsak diren ur oligotrofikoetan jaiotzen baitira. Material hauek bereziki algak izaten dira, eta apo lasterkariaren zapaburuek ahoan duten diastemarekin gainazaletako perifitona arraspatzen dute, edo hondoetan metatutako materialaz elikatu. Zapaburu hauek bizi direneko putzuak gehienetan ez direnez iraunkorrak, ingestio-tasa altuak dituzte eta ondorioz, metamorfosi azkarragoak.

Apo lasterkaria haragijalea da eta ornogabe txikiak jaten ditu: molusku, zizare, labezomorro, armiarma, inurri eta gainerako ornogabeak. Ehiztari trebea da, bere soin-adar laburrak direla eta jauzilari txarra dela aipatu dugun arren, animaliatxo hau ibiltari azkarra eta lauzikatzaile trebea dugu; horma zimurretan gora erraztasun harrigarriz mugitzen dena.

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apo lasterkariaren araldian, gure eskualdeko gainerako igel eta apo gehientsuenetan gertatzen den legez, hautespen sexuala kantuaren bitartez bideratzen da.

Sasoia iristen denean arrak dira putzu eta urmaeletara hurbiltzen lehenak, eta iritsi orduko hantxe hasten dira, lepapeko aho-zorroa puztuz, kantu bizian. Inguruko ar guztiak bertan direla, emeak bertaratzen hasten dira. Baina hauek pixkanaka iristen zaizkie, eta orduan sekulako borrokak sortzen dira arren artean, bertaratutako emeen arrautzak nork ernalduko erabakitzeko.

Akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, eta bertan, arrak, bere besoez aurreko hanken atzealdetik eusten dio emeari, estu-estu, inola ere askatu gabe. Jarrera honetan direla, eta besoez estutuz, arrak arrautzak erruten laguntzen dio emeari, eta hauek kanporatu ahala espermioa jariatzen du, kanpo-ernalketa burutuz. Emeak 3.000 arrautza inguru erruten ditu, zenbait metrotako luzera izan dezaketen gelatinazko bi lokarri luzetan.

Garapena oso azkarra izaten da, eta bospasei egunetan 20 mm inguruko luzerako apaburu txiki arre-ilunak jaiotzen dira bertatik. Apaburu hauen garapenak eta metamorfosiak beste 6-8 aste behar izaten ditu, eta epe horretan 10-15 mm-ko ehunka apotxo lehorreratzen dira. Hala ere, bakan batzuk baino ez dira izango lau urteren buruan heldutasun sexuala lortu, eta belaunaldi berriaren bila saiatzeko gai izanen direnak.

Apo lasterkaria ilunabarrekoa eta gautarra da baina sasoi euritsuetan eta araldian zehar egunez ere azaltzen du aktibitatea. Normalean, eguna berak induskatutako galeria txikietan pasatzen du, lur azpian, edo bestela harri, enbor, eta abarren azpian, edota hormetako pitzaduretan. Urte osoan zehar da aktiboa eta soilik tenperaturak muturrekoak direnean mantentzen da bere gordelekuetan. Hanka txiki eta sendoak ditu, lasterka egiteko eta eskalatzeko moldatuak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lucilia bufonivora euliaren larbak apo lasterkariaren endoparasitoak dira eta askotan hauen infekzioez hiltzen dira. Horrez gain, azken urteetan Chytridiomycosi izeneko gaixotasunak kaltetuta aurkitu dira zenbait apo lasterkariren larbak eta metamorfosia egin eta gutxira hiltzen dira gehienak.

Epidalea bufo antzeko espezie du. Apo arruntak ez du bizkarraldeko lerro horirik eta atzeko hankak motzagoak ditu, ez diotelarik lasterka egitea baimentzen.

Kontserbazio egoera Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCN erakundeak Arrisku Baxuko kategorian sailkatzen baduen ere[3], Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Herrian uste baino mehatxatuago dagoela jakinarazi zuen[4][5][6], Gipuzkoako Txingudiko badian Jaizubian, Zubietan, Plaiaundin, Kostorbealden, Osinbiribilen eta Arbesen eta Bizkaiko Gorrondatxeko hondartzan bizi direnak batez ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez zituen neurriak hartu[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]