Annam
Annam[1] (vietnameraz: An Nam, txinera tradizionalez: 安南; pinyinez: Ānnán) Vietnam erdialdeko lurraldea da, ipar-hegoalde zabaltzen den kostaldeko ordoki batek osatua. Annamgo mendikatea du mendebaldean; Hego Txinako itsasoa, ekialdean; Tonkin lurraldea, iparraldean; eta Kotxintxina, hegoaldean. Biztanleria handikoa, ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (arroza, artoa, azukre-kanabera eta kokoa) eta arrantza dira. Hiri nagusiak Hue (hiriburua), Da Nang eta Qui Nhon dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1803. urtea baino lehen, izen horrez ezagutzen zen Indotxina erdialdeko erreinua. Nguyen Anh enperadore annamiarrak Tonkin, Annam eta Kotxintxina batzea lortu zuen, eta Vietnamgo inperioa sortu zuen. Tu Duc (1847-1883) haren ondoko enperadoreak kristauen aurka antolatutako esetsaldiak aitzakia harturik, frantsesak Annamen sartu (1883) eta Frantziako babes-herri bihurtu zuten Union Indochinoise delakoaren barnean. Annamek enperadorea mantendu zuen, 1945. urtean Ho Chi Minhek errepublika aldarrikatu zuen arte. Vietnam zatiturik egon zen urteetan (1954-1976), bitan banatu zuen Annam 17. paraleloak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013-4-7 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-05-18).