Ahozko usadio
Ahozko usadioa belaunaldiz-belaunaldi ahoz igarotzen diren kultura adierazpenak dira, arbasoen jakintza eta bizipenak belaunaldi berriei pasatzen helburuz. Herri edo komunitate baten ondare materiagabea da, eta ahozko adierazpen mota ezberdinen bidez pasarazi daiteke: abesti herrikoi, bertso, ipuin, kondaira, olerki eta abar. Kontakizun horien testuinguruaren arabera antropomorfikoak, eskatologikoak, teogonikoak... izan daitezke.
Ahozko usadioak bi elementu nagusi ditu:
- Nortasun kulturala, komunitate batek gainontzeko komunitateetatik bere burua nola ezberdindu eta ikusten duen.
- Oroimen kolektiboa, edo komunitate baten historia osatu eta gainontzeko komunitateetatik ezberdintzen duten gertakariak; bere nortasuna berretsitzeko ezagutzera emateko helburua dute.
Mezuak edo testigantzak ahozko hizkuntzaz hitzeginez edo abestuz jakinarazten dira, eta adibidez, ipuin herrikoi, esaera zahar, erromantze, abesti edo bertso itxura har dezakete. Modu honetan, gizarteak ahozko historia, ahozko literatura, ahozko legeak eta beste hainbat ezagutza idazkera sistemarik gabe helaraztea ahalbideratzen du.
Ahozko narrazio eta adierazpen mota hauek belaunaldiz-belaunaldi helarazten direnez, denboraren poderioz aldaketak eta desitxuraketak jasatea maiz gertatzen da.