Panama
Panama[1] (gaztelaniaz: Panamá , panaˈma ahoskatua), ofizialki Panamako Errepublika (gaztelaniaz: República de Panamá, reˈpuβlika ðe panaˈma ahoskatua), Erdialdeko Amerikako estatu burujabea da, Ozeano Barearen eta Karibe itsasoaren arteko istmoan dagoena. Mugakide ditu Costa Rica, mendebaldean, eta Kolonbia, hego-ekialdean. 75.417 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 4,03 milioi biztanle zituen.[2] Bertan dago Panamako kanala, bi ozeanoak lotzen dituen ubide artifiziala. San Miguelito, Arraiján, Colón, Chorrera eta David dira beste hiri nagusiak.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Panama Erdialdeko Amerikan dago, ipar latitudeko 7° eta 10° artean, eta mendebaldeko longitudeko 77° eta 83° artean. Karibe itsasoaren eta Ozeano Barearen arteko lur-zerrenda meharra da, 770 kilometro luze eta, alderdirik estuenean, 50 kilometro zabal. Mendebaldean 330 kilometroko muga du Costa Ricarekin, eta ekialdean 55 kilometrokoa Kolonbiarekin; kostaldea 2.490 kilometro luze da. Panamako kanalaren bitartez lotzen dira Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea.
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lautadek eta garaiera txikiko muinoek osatzen dute Panamako lurralde gehiena. Mendi garaiak ere badira. Tabasara mendilerroa Costa Ricako mugatik barrena sartzen da Panaman, eta lurraldearen erdialderaino iristen da; mendilerro horretan dago Panamako mendi garaiena: Barú sumendi itzalia (3.475 m). Panamako ekialdean, Karibe itsasoaren aurrez aurre, Darién eta San Blas mendiak daude, eta handik hegoaldera, Maje, Jungurudo eta Sapo mendilerro txikiak. Mendirik garaienak hauek dira: Barú sumendia, Cerro Fábrega (3.375 m), Itamut (3.280 m) eta Echandi (3.163 m).
Iparraldeko itsasertza laua eta zingiratsua da, eta hegoaldekoa, berriz, iparraldekoa baino luzeagoa eta hautsiagoa. Mendebaldetik ekialdera, iparraldeko kostan, Chiriquí aintzira eta Mosquitos golkoa daude, eta hegoaldekoan, Chiriquíko golkoa, Santuen penintsula eta Panamako golkoa. Uharte txiki asko dago: Coiba (493 km²), Isla del Rey (234 km²) eta Cebaco (80 km²) handienak dira.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurraldearen egitura estua dela-eta, Panamako ibaiak laburrak eta malda handikoak dira. Kostaldeko lautadetan deltak eta zingirak eratzen dituzte. Luzeagoak dira ura Ozeano Barera isurtzen diren ibaiak Karibe itsasora isurtzen direnak baino. Ibai nagusiak hauek dira: Chucunaque (231 km), Tuira (230 km), Bayano (206 km), Santa María (173 km) eta, garrantzitsuena ekonomiaren aldetik, Chagres (125 km), Panamako kanala urez hornitzen baitu. Aintzira handienak Gatún (423,15 km²), Bayano (185,43 km²) eta Alajuela (57 km²) dira.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Panamako klima tropikala da, beroa eta hezea. Ipar-ekialdeko haizeek euria ekarri ohi dute. Ozeano Bareko itsasaldeko mendebaldean, bi sasoi bereizten dira urtean zehar: euritsua, maiatzetik abendura, eta lehorra, urtarriletik apirilera; alderdi horretan urtean 1.200 mm euri izaten da gutxienez. Gainerako tokietan, berriz, urte guztian zehar izaten da euria, maiatzetik abenduraino gehienbat: 3.000 mm euri inguru Karibe aldean eta 1.600 mm hegoaldeko kostan, baina toki askotan 3.500 mm euri izateraino iristen da. Euri gehiena maiatzean izaten da.
Garaieraren arabera, Panaman hiru klima-eremu bereiz daitezke: 700 metrotik behera lurralde beroa dago, lurralde osoaren % 87, urte guztian zehar 18 °C baino gehiago izaten dituena; 700-1.500 metro bitartean lurralde epela, lurralde osoaren % 10, batez beste 15-18 °C izaten dituena; 1.500 metrotik gora lurralde hotza, lurralde osoaren % 3, urte guztian 15 °C baino gutxiago izaten dituena. Bi kostaldeetan urteko batez besteko tenperatura 27 °C da.
Landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oihanek eta basoek hartzen dute lurraldearen erdia baino gehiago. Oihana bereziki ugaria da Karibe aldeko ekialdean eta Dariengo mendietan. Panamako basoetan, besteak beste, zedroa eta jakaranda hazten dira. Ozeano Bare aldeko muinoetan eta lautadetan, berriz, sabana eta, alderdi idorragoetan, sastraka eta oihana tartekatzen dira. Kostaldeetan, Karibe aldean batez ere, palmondoak eta mangladiak daude.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonaurreko garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europarrak iritsi baino lehen, erdialdeko Panaman zeramika landu zuen Monagrillo kultura garatu zen (K. a. 2500-1700), Amerika osoan teknika hori garatu zuen lehenetako bat. Coclé estiloko ontziteria polikromatua egin zuten. Conté aztarnategiko ehorzketa ikusgarriak Panamako ondare arkeologiko handienen artean daude.
Espainiar agintea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiarrak 1501ean Panamara iritsi zirenean indiar leinu batzuk bizi ziren lurraldean, 750.000 bat indiar guztira, baina urte gutxiren buruan, eritasunak eta hilketak zirela medio, asko urritu ziren. Hurrengo urteetan espainiar itsasketariek Panamako lurraldea esploratu eta hiriak sortu zituzten. 1513an, Vasco Núñez de Balboak istmoa alderik alde igaro eta Ozeano Bareraino iritsi zen. Pedrarias Dávilak Panama Hiria sortu zuen 1519an. Panama Hiria oso bizkor hazi zen Karibeko itsasaldeko Nombre de Dios herriarekin lotzen zuen bideari esker, merkataritzagune nagusietakoa bihurtu baitzen. Filipinetako eta Peruko itsasontziak iristen ziren Panamara eta, ondoren, zama abereek Nombre de Dios eta Portobelo portuetaraino garraiatzen zituzten. Espainiatik iristen ziren gaiak alderantzizko bidea egiten zuten. Merkataritza eta ondasunen joan-etorriak erakarrita piratek Nombre de Dios (1572 eta 1591) eta Panama (1671) hiriak sakailatu eta suntsitu zituzten.
Kolonbia Handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1821ean, José de Fábrega koronelaren agindupean, Panama Espainiaren administraziopetik banandu eta, Venezuela, Kolonbia eta Ekuadorrekin batera, Simón Bolívarren Kolonbia Handiaren barruan geratzea onartu zuen. 1846an, Kolonbiako eta Estatu Batuetako gobernuen arteko hitzarmen batez bi ozeanoak lotzen zituen burdinbidea eraiki zen zazpi urteren buruan. 1848an, Kalifornian urrea aurkitu zenean istmoa are garrantzitsuago bihurtu zen Estatu Batuentzat, funtsezko iraganbidea baitzen mendebaldeko eta ekialdeko kostaldeen artean. Burdinbidea Kolonbiaren diru iturri nagusietako bat zen, eta gobernua ubidea egiteko negoziazioetan sartu zen. 1880an, Ferdinand de Lesseps frantsesak hartu zuen ubidea egiteko ardura baina, zailtasunak izan zituzten eta Frantziako konpainiak bertan behera utzi zituen lanak 1889an. Frantsesen porrotak bidea zabalik utzi zien Estatu Batuei, baina Kolonbiako gobernuarekin hitzarmen batera iritsi ondoren, Kolonbiako senatuak ez zuen hura berretsi. Erabaki horren kariaz Panama Kolonbiatik banatu zen 1903ko azaroan.
Panama burujabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu Batuek berehala onartu zuten Panamaren burujabetasuna, eta gudarostea bidali zuten Kolonbiatik Panamako matxinada zapuztera zihoazen osteei aurre egiteko. Handik egun gutxitara Estatu Batuek eta Panamako behin-behineko gobernuak Hau-Bunau Varilla-ko Hitzarmena izenpetu zuten; hitzarmen horren arabera, Estatu Batuek beren gain hartzen zuten, betiko, ubidearen erabilera eta ardura. 1904an hasi ziren berriro ubidea egiteko lanak, eta 1914ko abuztuaren 15ean zabaldu zen.
Panamako 1904ko konstituzioak Estatu Batuetako gudarostearen esku hartzea onartzen zuen. Hala, Estatu Batuek, politika egoera nahasiaren aitzakian, beharrezkotzat jo dutenetan sartu dira Panaman. XX. mendean zehar Panamako gobernuak ubideari buruzko hitzarmena aldatzen saiatu ziren. 1968an, Panamako goardia nazionaleko Omar Torrijos komandanteak indarrez hartu zuen aginpidea. 1977an Torrijosek eta Jimmy Carter Estatu Batuetako lehendakariak Estatu Batuen ubidearen gaineko aginpidea 1999an amaitzea hitzartu zuten. Torrijos hegazkin istripu batean hil zen 1984an. Torrijosek estatu kolpea jo zuenez gero, Panamako aginpidea goardia nazionaleko buruzagien eraginpean izan da.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1988an Estatu Batuek Manuel Antonio Noriega jenerala droga trafikatzaile zela salatu zuten. Noriegak Eric Arturo Delvalle Panamako lehendakaria kargutik kenarazi zuen. Urte horretan bertan, Estatu Batuek Panamako Gobernuak haien banketxeetan zituen kontuak itxi zituzten eta uko egin zioten ubidea erabiltzeagatik ordaintzea zegokion errenta ordaintzeari. 1989ko hauteskundeetan, Guillermo Endara atera zen garaile baina Noriegak hartu zuen agintea. Handik hilabete batzuetara, 1989ko abenduaren 20an[3], Estatu Batuetako gudarostea Panaman sartu eta Noriega atxilotu zuen Floridako base militar batean. Inbasioak krisi ekonomiko larria eragin zuen. 1990. urtean Guillermo Endarak hartu zuen lehendakaritza, eta geroago, 1992an Endara lehendakariaren gobernuak, erreferendum bidez, konstituzio politikoa berritzea onartu zuen. Konstituzio berriaren bitartez, gudarostea desegin eta 1994an hauteskunde garbiak egiteko prozesua abian jarri zen. Oposizioko kide Ernesto Pérez Balladaresek irabazi zituen hauteskunde haiek.
1999an, berriz, Arnulfo Arias lehendakari ohiaren alargunak irabazi zituen hauteskundeak; bera izan zen Panamako Gobernua zuzendu zuen lehenengo emakumea. Urte horretan bertan, Torrijos-Carter hitzarmenek ziotenari jarraituz, Panamako Errepublikak hartu zuen bere gain Panamako kanalaren erabateko kontrola. 2004an, Martín Torrijosek irabazi zituen hauteskundeak.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1972ko konstituzioaren arabera, Panama errepublika demokratikoa da. Botere betearazlea presidenteari dagokio. Presidentea bost urtez behin hautatzen da, eta berak izendatzen ditu ministro-batzordeko kideak eta gainerako goi-karguak. 71 kidez osatutako Nazio Biltzarrak (gaztelaniaz: Asamblea Nacional de Panamá) du botere legegilea; legebiltzarkideak ororen bozkatzez aukeratzen dira bost urtetik behin.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Panamak 10 probintzia eta 3 eskualde indigena ditu.
Probintziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Probintzia | Hiriburua | Eremua (km²)[4] | Biztanleria (2016)[4] |
---|---|---|---|
Bocas del Toro | Bocas del Toro | 4.643,9 | 161.845 |
Chiriqui | David | 6.548 | 456.482 |
Cocle | Penonomé | 4.927 | 260.292 |
Colón | Colón | 4.868,4 | 282.579 |
Darién | La Palma | 11.896,5 | 55.346 |
Herrera | Chitré | 2.340,7 | 118.959 |
Los Santos | Las Tablas | 3.809,4 | 95.794 |
Panama | Panama Hiria | 8.763 | 1.552.343 |
Mendebaldeko Panama | La Chorrera | 3.123,8 | 567.886 |
Veraguas | Santiago de Veraguas | 10.629,6 | 246.280 |
Eskualde indigenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdea | Hiriburua | Eremua (km²)[4] | Biztanleria (2016)[4] |
---|---|---|---|
Emberá-Wounaan | Unión Chocó | 4.383,5 | 11.429 |
Guna Yala | El Porvenir | 2.340,7 | 43.503 |
Ngäbe-Buglé | Llano Tugrí | 6.968 | 204.258 |
Beste bi eskualde indigena daude, Madungandí eta Wargandí, korregimentu maila dutenak; lehenbizikoa Panama probintziaren barnean dago, eta bigarrena Darién probintziaren barnean.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an, 4.034.119 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 26,4 dira, 15-24 urte bitartekoak % 17, 25-54 urte bitartekoak % 40,4, 55-64 urte bitartekoak % 7,9 eta 65 urtetik gorakoak % 8,3.[5] Jaiotza-tasa Erdialdeko Amerikako apalenetakoa izan arren, etorkinei esker biztanleria oso bizkor ugaldu zen XX. mendean zehar, Bigarren Mundu Gerra bitartean batez ere. 1900. urtean 300.000 biztanle zituen, eta bi milioi baino gehiago 1980an. Heriotza-tasa ere apala da. Bizi itxaropena 78,8 urtekoa da, 76 urtekoa gizonezkoena eta 81,7 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[5] Biztanleen herena Panama Hirian eta aldirietan bizi da.
Gizarte-laguntzaren babesa zabala da. Osasun-egoera ona da, auzo batzuetan izan ezik. Hezkuntza derrigorrezkoa eta dohainekoa da 4-15 urte bitartekoentzat, eta dohainekoa 17 urte artekoentzat.[6] Hiriburuan, Panamako Unibertsitatea (1935ean sortua) eta Santa Maria Antiguako Unibertsitatea (1965ean sortua) daude.
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanle gehienak (% 65) mestizoak dira; beltzak eta mulatoak, % 15; zuriak, %10; amerindiarrak, % 8,3; eta asiarrak (txinatarrak gehienak), % 2.[7]
Panamako gaur egungo biztanle gehienak hango amerindiarren, espainiarren eta afrikarren mendeetako nahasteen ondorengoak dira. Espainiarrak XVI. mendean istmora iritsi zirenean, kuna, guaymi, choco eta beste amerindiar batzuk bizi ziren lurraldean. Gaur egun, amerindiarrak biztanle guztien % 8,3 baino ez dira eta, talde txikietan banatuak bizi dira Dariéngo oihanean eta mendebaldeko mendietan barreiatuak. Geroago, esklaboak eraman ziren Afrikatik. XIX. eta XX. mendeetan, langile asko joan zen Panamara Estatu Batuetatik, Frantziatik, Txinatik, Antilletatik eta beste herrialde askotatik burdinbidea eta ubidea egitera.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelania da hizkuntza ofiziala eta biztanleriaren % 75,8ren lehen hizkuntza. Beltzak ingeles kreoleraz mintzatzen dira. Hizkuntza indigenei dagokienez, guaymiera (175.000 hiztun), kunera (66.100), emberera (14.000), teribera (3.800) eta woun meu (3.000) dira mintzatuenak.[7]
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010eko datuen arabera, katolikoak % 75,3 dira, protestanteak, % 18,2; musulmanak, %0,7; erlijio tradizionalen jarraitzaileak, % 0,4; juduak, % 0,4; budistak, % 0,2; eta erlijio gabeak, % 4,8.[8]
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Panama: biztanle gehien duten hiriak 2010eko errolda[9] | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Probintzia | Biztanleak | ||||||
Panama Hiria |
1 | Panama Hiria | Panama | 430.299 | Las Cumbres La Chorrera | ||||
2 | San Miguelito | Panama | 315.019 | ||||||
3 | Las Cumbres | Panama | 127.440 | ||||||
4 | La Chorrera | Panama | 118.521 | ||||||
5 | Tocumen | Panama | 113.174 | ||||||
6 | Pacora | Panama | 103.960 | ||||||
7 | Arraiján | Panama | 96.676 | ||||||
8 | David | Chiriqui | 81.957 | ||||||
9 | Vista Alegre | Panama | 55.114 | ||||||
10 | Santiago de Veraguas | Veraguas | 51.236 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Panamako ekonomia garapen bidean dago, baina, halako egoeran dauden beste herrialdeetan ohi ez bezala, zerbitzuetan oinarritzen da (garraioak, finantzak, zerbitzuak, turismoa). Panamako kanala guztiz funtsezkoa da mundu osoko merkataritza-harremanetan. Merkataritza-harreman gehienak Estatu Batuekin ditu: bananak, izkirak, kafea, jantziak eta larrua esportatzen ditu, eta produktu kimikoak, makinak, tresneria, petrolio gordina eta ibilgailuak inportatzen.
Lehen sektoreak Nazio Produktu Gordinaren (NPG) % 2,5 eta langileen % 17 hartzen ditu.[5] Nekazaritzari dagokionez, garapen bidean dauden herrialde gehienetan bezala, bizibidea ateratzeko lursail txikiak eta esportaziora bideraturik dauden handiak bereizi behar dira. Lursail txikietan, arroza, artoa, mandioka, patatak eta tomateak lantzen dira batez ere, eta handietan, txikietan baino baliabide eta ekoizpen askoz handiagoekin, kakaoa, azukre-kanabera, tabakoa, laranjak, kokondoa eta kafea. Zur bikaineko zuhaitzak izan arren, basoa ez da ia ustiatzen. Behi eta zerri hazkuntzak garrantzi handia du Chiriqui, Veraguas eta Los Santos probintzietan. Arrantzak aurreramendu handia izan du XX. mendearen bukaeran: izkirak, abakandoak, ganbak eta arrain-irina esportatzen dira. Panamako golkoan perlak hartzen dira.
Mea-baliabideei dagokienez, oraindik ustiatu gabe badago ere, aipagarria da Cerro Coloradoko kobre-hobia, munduko handienetakoa baita. Itsasoan, Kariben eta Ozeano Barean, petrolioa aurkitu da. Panamak behar duen argindarraren erdia baino gehiago ibaietan eraiki diren zentral hidroelektrikoetan lortzen da. Industria hazten ari da, baina oraindik ez dago guztiz aurreratua: plastikogintza, ehungintza, tabakogintza, larrugintza eta, batez ere, janari-industria (haragi eta arrain kontserba, azukrea, esnea eta esnekiak). Industriak NPGaren % 15,5 eta langileen % 18,6 hartzen ditu.[5]
Ubidea erabiltzeagatik Estatu Batuek ordaintzen dioten errenta da herrialdearen diru-iturri nagusietako bat. Colón hiriko portua, Hong Kong-en ondoren, merkataritza-harreman askeetarako munduko gune nagusia da (Zona franca de Colón). Garrantzitsua da, halaber, zergei itzuri egiteko Panamako banderapean dagoen itsas ontzidia, beste herrialde batzuetako ontziz osatua, eta ontzi-kopuruan munduko hirugarrena dena. Horregatik guztiagatik, Panama nazioarteko finantzagune handienetakoa bihurtu da, eta Ameriketako eta Europako banketxe nagusiek dihardute han. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du. Zerbitzuek, beraz, langileen erdiak baino gehiago eta NPGaren hiru laurdenak hartzen dituzte.
Ipar Amerika eta Hego Amerika alderik alde igaroko dituen errepidearen Panamako zati batzuk amaitu gabe daude. Bi kostaldeak errepidez, burdinbidez eta ubidez daude lotuak. Herrialdeko portu nagusiak, kanalaren alde banatara, Cristobal eta Balboa dira. Aire bidezko garraioaren azpiegitura ona da; aireportu nagusia hiriburutik hurbil dagoen General Torrijos nazioarteko aireportua da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
- ↑ Velte, Samara. (2014-12-20). «Atzeko patioko esperimentuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
- ↑ a b c d Superficie, población y densidad de población en la República según provincia, comarca, distrito y corregimiento. Censos de 1990 a 2010, Instituto Nacional de Estadística y Censo (INEC), contraloria.gob.pa (Noiz kontsultatua: 2017-12-20).
- ↑ a b c d The World Factbook: Panama. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-12-22).
- ↑ Datos Mundiales de Educación (2010/2011): Panama. ibe.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-12-22).
- ↑ a b Panama. axl.cefan.ulaval.ca (Noiz kontsultatua: 2017-12-22).
- ↑ Religious Composition by Country, in Percentages. Pew Research Center, pewforum.org (Noiz kontsultatua: 2017-12-23).
- ↑ Republic of Panama: Provinces and major cities (Census Population). citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2017-12-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Amerikako herrialde eta lurraldeak | |||
Ipar Amerika eta Karibea |
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu Batuak • Antigua eta Barbuda • Bahamak • Barbados • Belize • Costa Rica • Kuba • Dominika • Dominikar Errepublika • El Salvador • Grenada • Guatemala • Haiti • Honduras • Jamaika • Kanada • Mexiko • Nikaragua • Panama • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Trinidad eta Tobago
|
Hego Amerika |
Estatu burujabeak: Argentina • Bolivia • Brasil • Txile • Kolonbia • Ekuador • Guyana • Paraguai • Peru • Surinam • Uruguai • Venezuela
|