Lankide:Gotzon/Proba orria
Indus[1] (urduz: سندھ; sindhiz: سنڌو; punjabera, shahmukhiz: دریائے سندھ, gurmukhiz: ਸਿੰਧੂ; hindiz eta sanskritoz: सिन्धु; persieraz: حندو ; paxtueraz: سیند; tibeteraz: སེང་གེ།་གཙང་པོ Sengge Chu; txineraz: 印度; grezieraz: Ινδός; ingelesez: Indus River) Pakistango ibairik handiena eta luzeena da. Europan, antzinako Grezian Hindos eta antzinako Erroman Indus izenaz ezaguna zen.
Pakistango ibai nagusia da, nahiz eta Tibeten jaio eta Indiako zati bat zeharkatu. Indiako azpikontinentea 1947an zatitu baino lehenago, India eta Pakistango estatu modernoetan, Indus ibaia eskualdeko bigarren ibai garrantzitsuena zen, Ganges ibaiaren ondoren, bai kultura aldetik, bai merkataritza aldetik. Gainera, «India» izena ibairen izenarekin dago lotua. Bere arroan planetako zibilizazio urbano zaharrenetariko batzuk agertu ziren.
Tibeten jaiotzen da Indus ibaia, itsas mailatik 5.500 metrora, ipar-mendebalderantz jarraitzen du Himalaiako haranetatik, Kaxmirreko zeharbidetik eta hegoalderantz doa, Pakistan alderik alde zeharkatuz. Hyderabad hiritik igaro ondoren, Karatxiren hego-ekialdean, Sindh probintzian, delta batean isurtzen da Arabiako itsasora.
Pakistango ibairik luzeena da, eta, urteko ur emariari dagokionez, munduko hogeita batgarren ibairik handiena da. Pakistango biziaren lerrotzat hartzen du maiz herrialde hartako jendeak. Europarrek «India» izena erabiltzen zuten indiar azpikontinente osorako, ibai honen Ινδός (Indos) greziar izenean oinarrituta. Guztira, 3.180 kilometroko luzera du. Guztira, 1.165.000 km² baino gehiagoko eremua drainatzen du. Urtean ur emaria 207 km³ inguru dauka. Munduko lekurik garaienetan sortzen da, glaziar artean, eta baso epelen, lautaden eta landa idorren ekosistema elikatzen du. Chenab, Ravi, Sutlej, Jhelum, Beas eta desagertutako Sarasvati ibaiekin batera, Indus ibaia Pakistango Sapta Sindhu edo zazpi ibai sakratuen parte da.
Indusek Pakistango ekonomiarako funtsezko ura ematen du, batez ere Punjab eta Sindh probintzietan. Punjab hitza persierazko bi hitzen batura da: panj (پنج, bost) eta āb (آب, ura), hau da, hitzez hitz hartua «bost ibaien lurra». Bost ibai horiek dira Jhelum, Chenab, Ravi, Beas eta Sutlej. Ibaiak ere industria astun askori laguntzen di, eta Pakistango ur edangarriaren hornidura nagusia da.
Indo ibaiaren lehen iturria Tibeten dago; Sengge eta Gar ibaien elkargunean hasten da, Nganglong Kangri eta Gangdise Shan mendikateen artean. berehala, ipar-mendebalderantz doa, Ladakhetik eta Baltistandik Gilgitera, Karakoram mendikatearen hegoalderantz. Shyok, Shigar eta Gilgit ibaiadarrek ur glaziarrak ematen dizkiote ibai nagusiari. Pixkanaka, hegoaldera jotzen du, mendi artetik aterata Peshawar eta Rawalpindi artean. Indus 4.500-5.200 metroko arroila erraldoietatik igarotzen da Nanga Parbat mendigunetik gertu. Hazarajatetik arin igarotzen da, Tarbelako presaraino. Kabul ibaiak bat egiten zaio Attock hiritik gertu. Itsasora bidean egiten duen gainerako ibilbidea Punjabeko eta Sindheko lautadetan egiten du. Panjnad ibaia elkartzen zaio Mithankot hirian. Elkargune horretatik behera, antzina ibaia Satnad izendatzen zuten (sat, zazpi; nadi, ibaiak); izan ere, puntu horretatik behera, ibaiak Kabul ibaiaren, Indus ibaiaren eta Punjabeko bost ibaien urak zeramatzan. Jamshorotik igarota, delta handi batean itsasoratzen da, Karatxiren hego-ekialdean, Arabiako itsasoan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzina, persiarrek eta irandar hizkuntzetako beste herri batzuek Sindhu esaten zioten Indus ibaiari, izen hori hedaraziz Indiako azpikontinente osoko biztanleei, Sindhustan izenarekin (Sindhu[ren] herrialdea).[2]
Ibai honen haranean, K.a. 2300 eta 1750 bitartean, Indus haraneko zibilizazioa garatu zen, itxuraz ariarren kultura ezagutu ez zuena; bi hiriren hondakinak aurkitu dira: Mohenjo-daro eta Harappa.[3]
Ibai hau ezagutu zuten lehen europarrak Alexandro Handiaren greko-mazedoniarrak izan ziren, Indusen ia inperioaren ekialdeko muga aurkitu baitzuten. Greziar autoreak India hitza aipatzen hasi ziren Indiako azpikontinente osoa aipatuz, ondoren autore latinoek «India Cisgangetica» eta «India Transgangetica» aipatuko zituzten.[4]
Alexandrok zubi bat eraikiarazi zuen Indus ibaiaren gainean, Flavio Arrianoren azalpenen arabera:
« | When Alexander arrived at the river Indus, he found the bridge fully perfected by Hephaestion, and two large vessels, built with thirty oars, besides many more small ones. He also received the presents of Taxiles, the Indian, being two hundred talents of silver, three thousand oxen, above ten thousand sheep, and thirty elephants ; seven hundred Indian horse were sent to his assistance by that prince, who also made him a surrender of his capital, the largest and most populous of all the cities between the rivers Indus and Hydaspes. Alexandro Indus ibaira iritsi zenean, zubia Hephaestionek erabat hobetua aurkitu zuen, eta bi ontzi handi, hogeita hamar arraunez eginak, eta beste asko txikiagoak. Taxiles indiarraren opariak ere jaso zituen, zilarrezko berrehun talentu, hiru mila idi, hamar mila ardi baino gehiago eta hogeita hamar elefante; zazpiehun zaldi indiar bidali zituen printze hark bere hiriburura, Indus eta Hydaspes ibaien arteko hiri handienera eta jendetsuenera. |
» |
Flavio Arriano, Anabasis[5] |
Indo izena Sindhu zen eta den ibaiaren izen sanskritotik dator. Antzinako persieraz Hendu zen, hebreeraz Hoddu. Greziarrek h-a alde batera utzi eta Indus bihurtu zuten, baina narrazio batzuek (Periplus Maris Erythraei bezala) bere antzinako izena aipatzen dute, Sindus.[6]
Indo forma erabili izan da euskaraz (gaztelaniazko bera, frantsesez Indus delarik), baina Indus arautua du Euskaltzaindiak 1996tik, eta berretsia Asiako toponimiari dagokion 171. arauan, 2012an.[7]
Gertakari modernoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistango ekonomiarentzat eta gizartearentzat baliabide estrategikoa eta ezinbestekoa da Indus ibaia. 1947an Indiak eta Pakistanek independentzia eskuratu eta gero, Indus ibaiaren eta haren ekialdeko bost ibaiadarren erabilerak liskar handi bat sortu zuen Indiaren eta Pakistanen artean. Sutlej eta Ravi ibaietatik eratorritako ureztatze kanalak zatitu egin ziren, kanalak batez ere Pakistanen gelditu zirelarik eta urtegiak, aldiz, Indian. Horrela, Pakistango zenbait tokitan ur hornidura eten egin zen. Pakistanen kezka eta atsekabe politiko handiak sortu ziren, Indiak aise erabaki baitzezakeen, alde batetik, Punjabeko eskualdeko zenbait ibaitan presa handiak eraikitzea, Pakistanen zeuden kanalen hornidura ahulduta; eta, bestetik, gerra sortuz gero, ibaiak desbideratzea. Munduko Bankuak bultzatutako elkarrizketa diplomatikoei esker, Indiak eta Pakistanek 1960an sinatu zuten Induseko Uren Ituna.[8] Itunak Punjabeko ekialdeko hiru ibaien kontrola eman zion Indiari (Sutlej, Beas eta Ravi); Pakistanek, berriz, mendebaldeko hiru ibaien kontrola lortu zuen, Jhelum, Chenab eta Indus. Indiak eskubidea gordetzen du mendebaldeko ibaiak erabiltzeko ureztatzez besteko proiektuetan.[9]
Hinduek ibai ondoko leku sakratuetara egin ohi dituzten erromesaldiak ere beste gatazka iturri bat izan dira bi nazioen artean. Pakistanek eta Indiak, oro har, ez diete beste herrialdeko herritarrei mugak igarotzen uzten erromesaldi erlijiosoak egiteko, albo batera utzita sikhek Pakistanera urtero egiten duten erromesaldirako bidaia.[10]
Adituen artean kezka nabari bat dago basogabetze estentsiboak, industriaren kutsadurak eta beroketa globalak deltako landaredian eta faunan izan dezakeen eraginaz, nekazaritza ekoizpenari ere eragiten baitiote. Halaber, kezka larri bat dago, Indus ibaia mendebalderantz aldatzen ari ote den bidea. Askotan, kanalen kontserbazio akatsen ondorioz sedimentuak buxatu izan dira, eta horrek eragina izan du nekazaritzako ekoizpenean eta landaredian. Gainera, muturreko beroaldiak jasandako eskualdeetan, ura lurrundu egin da, eta gatz biltegiak utzi ditu, lurrak laborantzarako baliogabetuz.[11]
Pakistango indar politikoek, baita talde jihadistek ere, salatu izan dute India ibaian urtegiak eraikitzen ari dela, Induseko Uren Ituna urratuz, Pakistanera iristen den ur emaria murriztu baitu. Horrek tentsioa areagotu du aurrez aurre dauden bi herrialdeen artean.[12]
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaiak 2.900-3.180 kilometro arteko luzera du. Batez besteko emaria 6.700 m³/s da, eta arroaren azalera osoa 1.081.700 km² da. Omango golkoan itsasoratzen den tokian, Indusek delta zabal eta emankor bat eratzen du, 7.770 km² azaleraz, kostaldearen 200 kilometrotan zehar hedatzen dena.
Indo ibaiaren delta mundu osoko eskualde ekologikorik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Ibai honetan izurde espezie berezi bat dago, bakarra munduan, Induseko izurdea (Platanista minor), Ganges ibaian bizi den izurde espeziearen oso antzekoa. 2001ean egindako errolda baten arabera, animalia horren 1.100 ale zeuden bizirik, aldiz 2017an 1.800 bat ale zenbatu ziren.[13]
Indus ibaiaren ibaiadar nagusiak | |||
eskuinetik | elkartze gunea | adar nagusian
zenbat kilometro |
ezkerretik |
---|---|---|---|
- | Nimmu herritik gertu, Ladakhen | Zanskar | |
Shyok | Skardu hiriaren ekialdean[14][15] | 550 | - |
Gilgit | 450 | - | |
Kabul | Attock hiritik gertu | 700 | - |
- | Sohan | ||
Tochi | |||
Gumal | Dera Ismail Khan herriaren hegoan | 400 | |
- | Mithankot herrian | 71 | Panjnad bere ibaiadarrekin: Chenab (1.242 km), |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).
- ↑ (Ingelesez) «Virtual Bera Paar - A Sindhi Culture Website» Jhulelal.com (web.archive.org) 2024-07-16 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Frantsesez) Jarrige, Jean-François. (1988). Les cités oubliées de l'Indus : archéologie du Pakistan. Paris: Association française d'action artistique OCLC .1450269388 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Italieraz) «Indie nell'Enciclopedia Treccani» Treccani (web.archive.org) 2024-05-19 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ Arrian; Rooke, John. (1814). Arrian's History of Alexander's expedition. London, Printed for R. Lea (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) Casson, Lionel. (2012). The Periplus Maris Erythraei: Text with Introduction, Translation, and Commentary. Princeton: Princeton University Press ISBN 978-1400843206. OCLC .1302490649 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ «Indus - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-20).
- ↑ (Ingelesez) «Indus Waters Treaty | History, Provisions, & Facts» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2024-10-09 (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ (Ingelesez) Government of India, Ministry of External Affairs. (1960-09-19). «Indus Waters Treaty» Bilateral/Multilateral Documents (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ (Ingelesez) Oberoi, Harjot. (1994). The Construction of religious boundaries: culture, identity, and diversity in the Sikh tradition. Chicago: University of Chicago Press ISBN 978-0226615929. OCLC .30157084.
- ↑ (Ingelesez) Jamali, Hameed; Jamali, Maryam; Hayat, Shakeel; Iqbal, Javed. (2023-12-01). «Indus River Delta: Contested Narratives in the Climate of Change» Asian Journal of Social Science 51 (4): 215–226. doi: . ISSN 1568-4849. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ (Ingelesez) «Nitin Gadkari Says India Will Stop Its Share Of Water Flowing To Pakistan» NDTV (web.archive.org) 2023-05-28 (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ (Ingelesez) Braulik, Gill T.; Noureen, Uzma; Arshad, Masood; Reeves, Randall R.. (2015-12-01). «Review of status, threats, and conservation management options for the endangered Indus River blind dolphin» Biological Conservation 192: 30–41. doi: . ISSN 0006-3207. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ Txantiloi:Ref-web
- ↑ Txantiloi:Ref-llibre