Ladonia (mikronazioa)
Ladonia (suedieraz: 'Ladonien') bere buruaz aldarrikatutako Errege Errepublika da. Aldarrikapena 1996an eman zen eta gatazka artistiko baten ondorioa izan zen. Lars Vilks eskultore suediarrak Suediako hegoaldean dagoen Kullabergeko Natura Erreserban eskultura erraldoi batzuk egin zituen. Suediako Gobernuak kendu nahi zituen eta bere obrak babesteko, Vilksek mikronazioaren aldarrikapen sinbolikoa burutu zuen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980an, Lars Vilks artistak bi eskultura eraiki zituen: Nimis ("gehiegi" euskaraz) eta Arx ("gotorlekua" euskaraz). Nimis zur-zatiez egindako 75 tonako egitura da. Arx, aldiz, harrizkoa da. Biak Kullaberg-en, natura erreserba baten barruan egin zituen, Eskaniako probintziaren ipar-mendebaldean. Eskulturak ailegatzeko toki zailean daude eta bi urte igaro behar izan ziren publikoki deskubrituak izateko. Udal batzarrak biak ala biak eraikinak zirela erabaki zuen, orduan, eta erreserban horrelakoak egitea debekatuta dagoenez, eskulturak botatzeko agindua eman zuen.
Vilksek batzarren aurrean bere apelazioak aurkeztu zituen baina galdu zuen. Azkenik, Suediako Gobernuak batzarraren aldeko erabakia hartu zuen ere bai. Bitartean Nimis Joseph Beuysek erosi zuen, 1984an; Beusis hil zenean, beste bi artistek, Christo eta Jeanne-Claude, erosi zuten. 1996ko ekainaren 2an Vilksek Ladoniako Mikroestatua aldarrikatu zuen horrela udal batzarraren aurrean bere protesta adierazteko.[1]
1999an Lars Vilksek beste eskultura sortu zuen, Omphalos, harrizko eta hormigoizko egitura. Lanak 1,61 metroko garaiera du. Izenburuak Delfos uhartean zegoen tenplu baten izena da; Omphalosek Antzinako Greziaren tradizioan "munduaren erdigunea" markatzen zuen. Gyllenstiernska Krapperup Fundation-ek, artea eta kultura zabaltzeko erakundea, egitura hori egiteagatik Vilks salatu zuen; 1999ko abuztuan barrutiko epaitegiak eskultura kentzeko agindua eman zuen. Fundazioak ere Nimis eta Arx kentzeko eskatuta bazuten, epaitegiak eskaera horiek ez zituen onartu.
Populazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ladonian bertan gaur egun inor ez da bizi. 2019an Ladoniako 22.150 hiritarren zifra ematen bazen, bere mugetan inor ez da bizi. Aipatutako pertsona horiek beste hogeita hiru herrialdetan bizi dira.
Gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ladoniako gobernua erregina eta presidente baten eskuetan dago. Presidentea eta presidenteordea hiru urtero aldatzen badira, erregina bizitza osorako karguan dago. Egungo presidentea Monarchical Republic alderdiko Christopher Matheoss da; presidenteordea, Osborne Wrigley-Pimley-McKerr III, lotinant koronela da. Vilks estatu-idazkaria da; haren eskuetan Ladoniako on-line egunkaria dago. Legeak eta erabakiak Interneten bidez onartzen dira.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Ladoniako webgune ofiziala.
- (Ingelesez):Ladonia New Herald.