Ghanako historia
Ghanako historia gaur egungo Ghana herrialdearen eremuan izandako gertaera historikoak biltzen dituen artikulua da.
"Urrearen Kosta" (ingelesez: Gold Coast) izenaz ezagutu zen lurraldea 1957an independentzia lortu eta Ghana izena hartu zuen arte. Hainbat aro biltzen ditu herrialdearen historiak, lau garai nagusitan banatzen direnak: Hasierako erreinuak, Ashanti Inperioa, kolonizazio garaia eta independentzia osteko aroa.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghanako Errepublikak Erdi Aroan existitu izan zen Ghanako Inperioaren izena hartu du, berez gaur egungo lurraldetik 800 km iparraldera kokaturik bazegoen ere. Ghana enperadorearen titulua zen izatez. Europarrek eta batez ere arabiarrek izan zituzten harremanak Ghana Inperioarekin[1].
Lehenengo populazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indusketa arkeologikoek erakutsi dute Ghanako kostaldea Brontze Aroan populatu zela, K.a. 2.000 urtean gutxi gora behera. Aintzira eta ibaietan arrantzan aritzen ziren, baina arrasto gutxi utzi zuten[2]. Ghana erdialdeko eta iparraldeko basoak duela 3.000 edo 4.000 urte populatu ziren[3].
Erdi Aroko Estatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghanako Inperioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sahara hegoalde guztia hartzen duen Sudan eskualdean hainbat estatu eta inperio eraiki eta desegin ziren historian zehar[4], besteak beste Ghanako Inperioa. Ghana titulua zuten enperadoreak haien gorteetako oparotasunarengatik eta urre kopuru izugarriarengatik egin ziren ezagun[5]. Horrela Afrika iparraldeko merkatariekin urre salerosketarako merkatal bideak ireki zituzten[6]. 1076. urtean almorabideek Inperioa konkistatu zuten[1] eta lurraldea zatikatua izan bazen ere Ghanako Inperio haren ospea oroimenean gelditu zen.
XI-XV mendeetako erresumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo Ghanako lurraldean sorturiko aurreneko erresumak Dagomba leinuaren estatuak izan ziren. Jatorria Txad aintziraren inguruan bazuten ere Ghana Inperioa erortzean gaur egungo Ghanaren iparraldeko basoetara migratu zuten eta Dagbon Erresuma sortu zuten[7]. Dagomba estatuetako agintariak ez ziren musulmandarrak baina harreman ona zuten haiekin eta gortean musulman eskribauak eta medikuak onartu zituzten. Merkatari musulmandarrekin ere komertzioa zabala zen eta horrela islamaren eragina azkar zabaldu zen eskualdean[8].
Dagbon Erresumaren hego-ekialdean Mossi erresumak zeuden, gaur egungo Ghana eta Burkina Faso dauden lurraldeetan. Eremu oso zatikatua zen, erregeen arteko ezkontza loturen bidez elkarturik egon arren[9].
Dagbon Erresumaren hego-mendebaldean Akan leinuak Bonomango Erresuma eratu zuen, gaur egungo Ghana eta Boli Kostako lurraldeak hartuz[10]. Urre merkataritzarekin asko aberastu zen eta meategi berriak bilatu asmoz Afrikako kostaldeko hainbat puntu kolonizatu eta estatu txikiak eratu zituen.
Ashanti Inperioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inperioaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonomango Erresumak inguruko Akan estatuak konkistatu ahala, erresumaren azalera handituz joan zen eta XVII. mendearen hasieran Osei Tutu erregeak Asantehene (Ashantiko errege) titulua hartu zuen. Akan estatuek Ashanti Inperioa osatu zuten eta Kumasi ezarri zuten hiriburu. Urrezko aulki batek zigilatu zuen Ashanti estatu guztien batasuna, izan ere agintaritzaren sinbolo baitziren aulkiak. Gaur egun oraindik Ashanti erritualetako sinbolo nagusia da urrezko aulkia[11].
XVIII. menderako ondo antolaturiko estatua zen. Mende horretan iparraldean zeuden Dagomba, Mamprusi eta Gonja estatuak ere bereganatuak zituen eta hegoalderantz ere zabaldu zen Gineako golkoraino iritsi arte. Kostalde hartan europar merkatarien gotorlekuekin egin zuen topo[12].
Europarrekin harremanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portugaldarrak izan ziren lurralde hartara iritsi ziren aurreneko europarrak. 1471. urtean izan zen eta urre, boli eta piperrauts merkataritza abiatu ostean 1482an São Jorge da Mina gaztelua eraiki zuten kostaldean, Portugalen nagusitasuna bermatzeko[13]. "Urrearen kosta" izena eman zioten eta mende batez eutsi zioten monopolioari, ingelesek, frantsesek edo flandiarrek bertakoekin merkatal harremanak era zitzaten ekidinez[14]. Herbeheretarrak iritsi ziren hurrena, 1598an. Bi gotorleku eraiki zituzten 1612an Komendan eta Kormantsin eta 1637an portugesen Elmina gaztelua eskuratu zuten. XVII. mendean zehar britainiarrak, daniarrak eta suediarrak ere agertu ziren eta XVII. mendearen erdialderako 30 gaztelu inguru eraiki ziren "Urrearenko Kosta" zeritzon itsasertz guztian zehar[15]. Europatik kanpo zegoen arkitektura militar kontzentrazio eremu handiena bihurtu zen.
Aliantza korapilatsuak sortu ziren orduan, Afrikako interesen arabera Europako kaiak erasotzerainokoak . Ashantiek ere probetxua atera nahi izan zuten egoera horretaz eta europarren laguntza izan zuten leinuen aurkako gerretan parte hartzeko, barneko erresumetan gerta zitezkeen matxinadei aurre egin edota leinuen artean harreman diplomatikoak eratzeko[16].
XVIII. mendean Mendebaldeko Indietako Konpainia Herbeheretarra (Geoctroyeerde West-Indische Compagnie (WIC)) nagusitu zen. Suediarrek eta prusiarrek denbora tarte laburra egin zuten Afrika aldean eta daniarrak 1850 arte egon ziren, batez ere Akkran. XIX. mendean ordea britainiarrek hartu zuten herbeheretarren lekua.
Esklabo merkataritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVII. mendearen amaieran urrearen merkataritzari esklabo merkataritza gailendu zitzaion. Hasiera batean Ashanti Inperioak portugaldarrei esklaboak erosten zizkien beren lurrak lantzeko jendea behar zuelako. Esklabo hauek Afrikako beste tokietan eskuratzen zituzten portugaldarrek eta São Jorge da Mina gazteluan egiten zen salerosketa. Beranduago akan jauntxo batzuk hasi ziren inguruko lurraldeak erasotu eta europarrentzat esklaboak eskuratzen. Jauntxo, buruzagi eta merkatarien artean sare zabala eratu zen[17]. Afrikan interesak izan zituzten Europar nazio guztiek hartu zuten parte esklaboen salerosketan. Afrikako gaixotasun tropikalek europar asko hil zituzten arren esklabo merkataritzaren mozkinek pisu handiagoa zuten eta europarrak erakartzen zituzten[17].
Europan esklabotzaren aurkako mugimenduak azaldu ziren. Apaiz katoliko banakoek esklaboen salerosketa gaitzetsi zuten arren agintari katolikoek ezer gutxi egiten zuten horren aurka. Kuakeroek 1727an publikoki adierazi zuten haien desadostasuna eta mende berean daniarrak izan ziren aurrenekoak esklaboen merkataritzari uko egiten. Suediarrek eta herbeheretarrek ere utzi zuten merkataritza mota hori.
1807an britainiarrek legezkanpoko deklaratu zituzten esklaboen salerosketan aritzen zirenak[12] eta 1808an legezkanpoko bihurtu zen Estatu Batuetarako esklaboen inportazioa. Dena dela Ameriketako plantazioetan lan egiteko hainbestekoa zenez eskaria 1860. hamarkadararte esklabo merkataritzak aurrera jarraitu zuen[17].
Inperioaren amaiera: Anglo-Ashanti gerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ashanti Inperioa kontinentearen barnealdean zegoen eta hegoaldera europarrek babesturiko lurralde txikiak zeuden, "Urrearenko Kosta" izeneko itsasertz haren barnean. Ashantiek beren merkataritza bideak zabaldu nahian kostaldea inbaditu zuten hainbat alditan (1807, 1811, 1814)[18] . Tokiko europar agintariek urre, egur eta palmondo olio merkataritzaren gaineko eskubideak kolokan ikusita 1817an Afrikako Merkatarien Konpainia eratu eta bake eta laguntasun ituna sinatu zuten ashantiekin. Itun horretan kostaldearen eremu zabalen gaineko subiranotasuna onartzen zitzaien ashantiei[19]. Bien bitartean britainiarrak kostaldeko gaztelu gehienak eskuratzen joan ziren.
Akkra hiria populatzen zuen fante leinuak britainiarren babesa eskatu zuen ashantiek beren lurrean egiten zituzten erasoei aurre egiteko. Aitzaki horrekin britainiarrek 1821ean Afrikako Merkatarien Konpainia desegin eta beraien gotorlekuak indartu zituzten. Sierra Leonako gobernadorea zen Charles MacCarthyren agindupean gelditu zen "Urrearen Kosta" guztia. Esklabu merkataritzari amaiera emateko aitzakian ashantien lurraldetik kostaldera zihoazen bideak moztu zituen. 1823an ashantien eta britainiarren arteko gerra piztu zen. Gerra hartan MacCarthy bera hil zuten 1824an. Kostako merkatari ingelesek George Maclean kapitaina ezarri zuten haien buru eta hainbat urtetako gerraren ondoren 1831. urtean bake ituna sinatzea lortu zuen Ashanti Inperioarekin[20]. Hurrengo urteetan Macleane bera bihurtu zen eremuko agintari nagusia eta kostaldeko tokiko buruzagiekin harremanak berrezarri zituen. Buruzagi horiek britainiarren babesean jartzeko konbentzitu zituen eta 1844rako Urrearenko Kosta britainiarren protektoratua bihurtu zen de facto[21]. 1850. urtean Sierra Leonatik banatu zen eta bere gobernadore propioa ezarri zuen[22].
1963-64 urteetan bigarren Anglo-Ashanti gerra izan zen. Iheslari baten bila zebiltzan aitzakian ashantien armada handi batek Pra ibaia gurutzatu zuen eta gerra piztu zen. Inork ez zuen garaipenik aldarrikatu, gaixotasunek gerra akzioetan hildakoak baino gehiago hil baitzituzten[23].
Urrea jadanik ustiatuta eta esklabotzaren aurkako legeak ezarrita europarrek Afrikako eskualde honekiko zuten interesa asko apaldu zen. 1874an herbeheretarrek Elmina gaztelua britainiarren esku utzi zuten eta "Urrearen Kostatik" alde egin zuten[12]. Herbeheretarrak ashantien aliatuak izan ziren beti eta hauek itsasaldeko gotorleku laguna galdu zutenez hirugarren Anglo-Ashanti gerra sortu zen. Britainiarrek irabazi zuten eta ashantiei kostaldearekiko eskaera guztiak baztertzea exigitu zieten bake itunean. Ordutik aurrera Ashanti Inperioa nabarmen ahuldu zen eta zatikatuz joan zen, izan ere lurralde askok britainiarren protektoratuan sartzeko hautua egin baitzuten. 1877an Urrearen Kostako hiriburua Akkra hirian ezarri zuten.
Laugarren gerra bat ere izan zen 1894 eta 1896 artean. Asantehene titulua bertan behera gelditu zen eta Prempeh I azken enperadoreak herbestera alde egin behar izan zuen eta britainiar agintari bat ezarri zuten Kumasi hiriburuan. 1900an matxinada bat izan zen eta 1901eko irailean Britainiarrek Urrearen Kosta kolonian integratu zuten Ashantien lurraldea[24].
Urrearen Kosta Britainiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koloniaren eraketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ofizialki aurreneko izendapena 1821ean egin bazuten ere, Ashanti Inperioa konkistatzerakoan hasi zen kolonia britainiarraren aroa. 1901eko irailean Europako potentziek mugak zehaztu zituzten, Frantziak, Erresuma Handiak eta Alemaniak bereziki. Britainiarren koloniaren barnean Urrearen Kosta, Ashanti Inperioa izandako eremua eta handik goragoko "Iparraldeko lurraldeak" gelditu ziren. Iparraldeko lurralde hauek ez ziren kolonia kontsideratzen, protektoratua baizik, baina Akkrako gobernadoreak agintzen zuen bertan eta unitate politiko bakarra osatu zuten, "Urrearen Kosta" izena hartu zuena[25]. Ekialdean Togoland izeneko eremua bitan banaturik zegoen, mendebaldeko zatia alemaniarrena zen eta ekialdekoa frantsesena. Lehen Mundu Gerra galdu ondoren alemaniarren menpeko Togoland ingelesen esku gelditu zen eta 1922an Urrearen Kosta barnean sartu zuten. Horrela lau lurralderekin osatu zen britainiarren kolonia[26].
Koloniaren administrazioak nekazaritza sustatu zuen, kakaoaren ekoizpenean zentratu zen hala ere. Munduan kontsumitzen zen kakaoaren erdia esportatzen zen Urrearen Kostatik[17]. Lurraldeetako jauntxoen esku gelditu zen beren lurraren kontrola, beti ere Akkrako gobernadorearen esanetara[27], eta jauntxo hauek herrialdeko aristokrazia osatu zuten[28]. Jauntxoen seme alabek Erresuma Batuko unibertsitatetan ikasteko aukera izan zuten, hala ere ez zitzaien uzten koloniako erabakigunetan egoten. 1925ean Kontseilu Legegilean sei jauntxo onartu ziren, kide ez ofizial gisa[29].
Kakaoaren ondoren basogintza eta urrearen erauzketa ere bultzatu ziren. Guzti honek herrialdearen garapena ekarri zuen. Besteak beste trenbideak eraiki ziren, ur hornidura hobetu zen, proiektu hidroelektrikoak bultzatu ziren, eraikin publikoak eraiki ziren eta mendebaldeko Afrikako hezkuntza sistema aurreratuena ezarri zen[30].
Koloniaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerraren amaierarako Urrearen Kostako haurren %43.6a eskolarizatua zegoen. Ordurako gobernadoreek bertako populazioaren esku utzia zuten hezkuntza eta askatasun bidearen aldarrikapena sortzen hasi zen.
1947an United Gold Coast Convention (UGCC) mugimendua sortu zen. J. B. Danquah eta beste intelektual batzuek gidatzen zuten mugimendua eta Kontseilu Legegilean zeuden jauntxoak ordezkatzea eskatzen zuten[31]. Talde hartan Kwame Nkrumah zegoen, Estatu Batuetan ikasi eta Panafrikanismoaren ideiarekin bat egiten zuena. Autonomia handiagoa eskatzen zuen herrialdeak zituen langabeziari eta arazo ekonomikoei aurre egiteko. UGCC-tik atera eta Convention People's Party (CPP) sortu zuen 1949an[17]. 1950ean grebak, boikotak eta desobedientzia zibileko ekintzak sustatu zituen, "ekintza positiboa" ezizenaz ezagutu zena[32]. Britainiarrek gartzelan sartu bazuten ere Charles Arden-Clarke gobernadoreak harekin negoziatu zezan lortu zuen eta 1954an partehartze libreko Asanblada Legegilea ezartzea lortu zuen, lehen ministro kargua ere izango zuena. Nkrumah bera izan zen aurreneko Lehen Ministroa.
Ashanti jendeak eskualdetako botere tradizionalak mantentzea eskatzen zuen eta National Liberation Movement (NLM) sortu zuen. Herrialdea independente izateko prestaturik ez zegoela esaten zuten eta alderdia Nkrumah-ren CPP-ren oposizio bihurtu zen[17]. 1956ko hauteskundetan CPP nagusitu zen eta abuztuaren 3an Britainiar Commonwealthari independentzia eskaera bidali zitzaion. 1957ko martxoaren 6an Nkrumah-ek independentzia aldarrikatu zuen. Saharaz hegoaldeko Afrikan independentzia lortu zuen aurreneko kolonia izan zen.
Ghanako Errepublika independentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urrearen Kosta independente bihurtu zenean Ghana izena hartu zuen, bertakoen oroimenean zegoen Ghana Inperio indartsu haren oinordekotza hartu nahian eta era berean kolonia izan ziren garaiko izena errefusatu nahian.
Ezegonkortasun handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960an Errepublika parlamentarioa bihurtu zen eta Nkrumah-k jarraitu zuen presidente karguan. Kontinentearen batasunaren alde (Panafrikanismoa) lan egiteko konpromisoa hartu zuen eta horren sinbolo izar beltza aukeratu zuen, Ghanako banderaren erdian kokaturik dagoena. Ghanako banderak berak ere Panafrikanismoaren koloreak ditu, gorria, horia eta berdea. Theodosia Okoh artista ghanarrak diseinatu zuen[33].
Herrialdearen barne arazoei dagokionez hezkuntzan eta osasungintzan inbertsio handiak egin zituen Nkrumah-k eta Volta eskualdean konplexu elektrometalurjiko handia sortu zuen. Ez zen ordea gai izan kolonia garaitik zetozen ekonomia prozedurak eraldatzeko. Herrialdeak kakaoaren merkataritzan oinarritzen zuen diru iturria eta kakaoaren prezioak behera egiten jarraitu zuen[34]. Krisi ekonomikoaren ondorioz oposizioak manifestazio handiak antolatu zituen eta poliziak gogor erantzun zuen. 1964an Nkrumah-k oposizioko alderdiak debekatu zituen[35] eta 1966an ejerzitoak estatu kolpea eman zuen. Nkrumah Ginean errefuxiatu zen eta Ankrah jeneralak hartu zuen herrialdearen agintea[36].
1969an hauteskunde berriak egin ziren eta Progress Party (PP) alderdiko Kofi Busiak lortu zuen garaipena[37]. Austeritate neurriak hartu behar izan zituen honek eta orduan 1972an estatu kolpe berri bat gertatu zen. Ignatius Kutu Acheampong jenerala ezarri zen Ghanako buru eta hasiera batean kakaoaren prezioaren igoeraren ondorioz emaitza onak lortu zituen baina berehala egin zuen behera eta herrialdeak asko nabaritu zuen. 1979an hauteskundeak egiteko erabakia hartu zen baina hirugarren estatu kolpe bat gertatu zen bost asteren faltan. Jerry Rawlingsek eman zuen kolpe hori. Hala ere hauteskundeak egin ziren eta People's National Party (PNP) alderdiko Hilla Limann izan zen irabazlea[38]. 1981ean laugarren estatu kolpe bat izan zen, berriz ere Rawlings izan zen gidaria[39]. Ejerzitoan zeuden hainbat jeneral exekutatu zituen, tartean Acheampong bera. Herrialdeari dagokionez ekonomia berritzeko planak abiatu zituen eta herrialdeak hobera egin zuen. 1992an hauteskundeak detu zituen, alderdiak berriz ere legeztatuz eta Rawlings izan zen irabazlea. 1993ko urtarrilaren 7an laugarren errepublikaren konstituzioa martxan jarri zen. 1996an ere berak irabazi zituen hauteskundeak.
XXI. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000. urtean Rawlingsek bere kargua utzi zuen, eta John Kufuorrek irabazi zituen hauteskundeak, New Patriotic Party (NPP) alderdiko hautagaiak. Herrialdean aldaketa sakonak egin zituen, Osasun aseguruaren sisteman esate baterako, edota eskola publikotan bazkaria doan emateko programa[40]. Ekintza hauek nazioartean ongi ikusiak izan ziren. Era berean Jerry Rawlings lehendakari ohiak ikerketa batzorde baten aurrean deklaratu behar izan zuen haren agintaldian egindako giza eskubideen bortxaketen inguruan. Kufuorrek bi agintaldi bete zituen eta 2008ko hauteskundetan John Atta-Mills hautatu zuten presidente.
2012an John Mahamak irabazi zituen hauteskundeak, eta 2016an eta 2020an Nana Akufo-Addo nagusitu zen.[41]
2021eko ekainaren 11n Green Ghana Day ("Ghana berdearen eguna") egitasmoa abiatu zuten. Deforestazioari aurre egiteko eta bertako oihanaren biziraupenaren alde egiteko bot milioi zuhaitz landatzea helburu duen proiektua da.
Banderak eta sinboloak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdea | Garaia | Bandera | Azalpena | Sinboloa |
---|---|---|---|---|
Ashanti Inperioa | 1701-1902 | Horia (urrea), beltza (jendea) eta berdea (basoa). Erdian urrezko aulkia dauka, Ashantien tronuaren sinboloa. |
||
Urrearen Kosta Britainiarra (Gold Coast) |
1877-1957 | Erresuma Batuaren bandera urdina, itsasoaz haraindiko koloniek erabiltzen zutena. Zigiluan elefantea urrezko zelaian eta G.C. hizkiak (Gold Coast). Urrea eta bolia eskuratzen zuten, besteak beste. | ||
Ghanako Errepublika | 1957, 1966- | Panafrikanismoaren koloreak; gorria, horia eta berdea. Erdian Afrikako Izar Beltza dauka eta horrek inperio kolonialetatik afrikar herrien independentzia sinbolizatzen du. |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) 3: Islam in West Africa. Introduction, spread and effects – History Textbook. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ NRGAARD, HEIDE W.. (2018). BRONZE AGE METALWORK : techniques and traditions in the nordic bronze age 1500-1100 bc.. ARCHAEOPRESS ARCHAEOLOGY ISBN 1-78969-020-X. PMC 1111792237. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Government of Canada, Natural Resources Canada. (2015-12-07). «GEOSCAN Search Results: Fastlink» geoscan.nrcan.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Gunn, H. D.. (2017). Peoples of the Middle Niger region northern Nigeria. ISBN 978-1-315-28228-2. PMC 971890992. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) «Ghana Empire» Oxford African American Studies Center doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Morris, James A.. (2018). HONDURASCAUDILLO POLITICS AND MILITARY RULERS. ROUTLEDGE ISBN 0-429-04858-0. PMC 1089983046. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ «Validate User» academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Penn, Michael Philip. (2015). Envisioning Islam : Syriac Christianity and early Muslim world. ISBN 978-0-8122-9144-5. PMC 911211337. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) Behrends, Andrea. (2002). «Bonds and Boundaries in Northern Ghana and Southern Burkina Faso.» American Ethnologist 29 (1): 218–219. doi: . ISSN 1548-1425. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Museums & urban culture in West Africa. Published on behalf of the West African Museums Programme in association with the International African Institute [by] James Currey 2002 ISBN 0-85255-276-9. PMC 47117358. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ United States.; States, United. (1984). 'Golden' chinquapin.. U.S. Dept. of Agriculture, (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ a b c Robin Hallett. (1970). Africa to 1875. University of Michigan Press: Ann Arbor, 69 or..
- ↑ Adjaye, Joseph K.. (2018). Elmina, 'the little Europe' : European impact and cultural resilience. Sub-Saharan Publishers ISBN 978-9988-8829-7-6. PMC 1043890912. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Newson, Linda A.. (2007). From capture to sale : the Portuguese slave trade to Spanish South America in the early seventeenth century. Brill ISBN 978-90-474-1936-5. PMC 657062696. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Frontier forts of Iowa : Indians, traders, and soldiers, 1682-1862. University of Iowa Press 2009 ISBN 978-1-58729-882-0. PMC 503163792. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Oxford African American Studies Center. [2019-] ISBN 978-0-19-530173-1. PMC 1261024803. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ a b c d e f McLaughlin & Owusu-Ansah. (1994). Early European Contact and the Slave Trade. .
- ↑ Thompson, Larry. (1995). Der Fall Ashanti : Die Geschichte der ersten Gentherapie. ISBN 978-3-0348-6006-2. PMC 913629539. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Forts, castles and society in West Africa : Gold Coast and Dahomey, 1450-1960. 2019 ISBN 978-90-04-38017-2. PMC 1052903394. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) «de Mel, Sir Henry Lawson, (1877–8 May 1936), Member of the Legislative Council; Member of the Municipal Council; JP for the island; President Plumbago Merchants’ Union; Proprietor H. L. de Mel & Co., merchants» WHO'S WHO & WHO WAS WHO doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Hook, Gail Dallas. (2015). Protectorate Cyprus : British imperial power before World War I. ISBN 978-1-78076-114-5. PMC 905636877. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ «Validate User» academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) McIntyre, W. David. (1967-06-18). Imperial Frontier in the Tropics. Springer ISBN 978-1-349-00349-5. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ The Ashanti Campaign of 1900. Cambridge University Press 2011 ISBN 978-1-108-03214-8. PMC 889952634. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Chipp, T. F.. (1922). Forest officers' handbook of the Gold Coast, Ashanti and the Northern Territories.. Waterlow & sons limited (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ «Ghana Districts - A repository of all districts in the republic of Ghana» web.archive.org 2007-09-26 (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Marshall, A. H.. (2018). Financial administration in local government. ISBN 978-1-4875-7990-6. PMC 1096185126. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Baldwin, Kate. (2015). The Paradox of Traditional Chiefs in Democratic Africa. ISBN 978-1-316-42233-5. PMC 941030972. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Isenberg, Jim. (2010). Police leadership in a democracy : conversations with America's police chiefs. CRC Press ISBN 978-1-4398-0835-1. PMC 444700387. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) «APA PsycNet» doi.apa.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) «Atta, Nana Sir Ofori, (11 Oct. 1881–24 Aug. 1943), Omanhene (Paramount Chief) of Akyem Abuakwa; an Unofficial Member, Executive Council of Gold Coast, since 1942; Provincial Member of the Legislative Council, Gold Coast Colony; President of the Provincial Council of Chiefs, Eastern Province, Gold Coast Colony; Member of the Board of Education, Gold Coast Colony; Director of Akim, Limited; Member of District Agricultural Committee, Akim Abuakwa» WHO'S WHO & WHO WAS WHO doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Omer, Haim. (2004). Nonviolent resistance : a new approach to violent and self-destructive children. ISBN 978-1-316-17394-7. PMC 889813639. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) Celebs, African. Mrs Theodosia Okoh: The Woman Who Designed The Ghanaian Flag. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) Losch, Bruno. (2002). «Global Restructuring and Liberalization: Côte d ’Ivoire and the End of the International Cocoa Market?» Journal of Agrarian Change 2 (2): 206–227. doi: . ISSN 1471-0366. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ (Ingelesez) «Nkrumah, Kwame (1909?–1972), president of Ghana» Oxford Dictionary of National Biography doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Albert Kwasi Ocran. (1968). A myth is broken: an account of the Ghana coup d'état of 24th February, 1966. Longmans.
- ↑ Rooney, David. ((2010 printing)). Kwame Nkrumah : vision and tragedy. ([2nd ed.]. argitaraldia) Sub-Saharan Publishers ISBN 978-9988-647-81-0. PMC 777571822. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Kaifala, Joseph. (2017). Free slaves, Freetown, and the Sierra Leonean civil war. ISBN 978-1-349-94854-3. PMC 964384110. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ McLaughlin & Owusu-Ansah. (1994). Ghana and the Rawlings Era. .
- ↑ (Ingelesez) School feeding – School Feeding Programme. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
- ↑ Akufo-Addok irabazi ditu Ghanako bozak. Berria, 2020ko abenduak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).