Dilema faltsu
Dilema faltsua falazia mota bat da. Dilema hauek premisa batean oinarritzen dira, zeinetan eskura dauden aukerak oker mugatuak dauden. Falaziaren jatorria ez datza inferentzia baliogabean, premisa faltsu batean baizik.
Definizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Falazia mota ezberdinak daude, eta dilema faltsua "falazia informalak" izeneko kategoriakoa da. Horiek arrazoibide okerrak dira, forma ez ezik, edukia eta testuingurua ere barne hartzen dituztenak.
Dilema faltsuaren falazia sinplifikazio bat egitean datza: alternatiba gehiago daudela adierazi beharrean, alternatibak bitara murrizten dira, non nahitaez, bat ematen den edo bestea ematen den.
Oinarrian duen premisak disjuntzioaren forma du: hainbat alternatibaren artean batek egiazkoa izan behar duela dio. Desadostasun hau problematikoa da, aukera bat gainjartzen duelako bestelako alternatibak baztertuz; ikusleari bi aukera absolutu bakarrik aurkezten zaizkio, benetan asko egon zitezkeenean. Beste era batera esanda, arrazoibide oker bat da, alternatibak aurkaritasunera baino ez dira mugatzen. Horrek, jakina, pertzepzio eta erabakitzerako orduan akatsak eragiten ditu, errealitatea aukera murritz batzuetan baino ez baita aztertu, bestelako alternatibak baztertuz. Ondorioz, dilema faltsuaren falazia «edo» operadore logikoaren erabilera okerra egiteko moduetako bat da.
Dilema faltsuan azaltzen diren bi aukerak, askotan, nahiz eta beti ez izan, aurkariak izaten dira. Muturreko sinplifikazio horien ordez egokiagoa izaten da aukeren tarte osoa kontuan hartzea, logika lausoan bezala. Bestalde, dilema faltsu batek ez du zertan bi aukeratara mugatuta egon behar, hiru edo gehiago ere sar baitaitezke, baina nolanahi ere, nahita edo ustekabean, argudiatu gabe arrazoizko alternatibak alde batera uztea du ezaugarri beti.
Itxuraz eta hizkuntza naturalean errorea ezin da erraz antzeman, horregatik, askotan oharkabean pasatzen dira. Kasu askotan, errazagoa da "zuri edo beltz" terminoetan pentsatzea bateraezinak diruditen bi alternatiben artean dauden ñabardura ugariak kontuan hartzea baino. Banakoa askoz hobeto sentitzen da aukera kopurua bi baino ez denean; horrela, nolabait, arazoa sinplifikatzen da.[1][2][3]
Izen ezberdinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dilema faltsuari dilema faltsutua, baztertutako hirugarrenaren falazia, dikotomia faltsua, oposizio faltsua[4], bikoizketa faltsua, korrelazio faltsua edo bidebanatzea ere esaten zaio.[5]
Erabileraren arrazoiak eta ekiditea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Falaziak ulerkorragoak egiten dira logikatik psikologia enpirikora pasatzean, hau da falaziara jotzeko edo erortzeko joera azaltzean[6]. Joera hori, neurri batean, giza hizkuntzara eraikita dago, giza hizkuntza kontrako-parez betea baitago: zuria-beltza, argia-iluna, zintzoa-gezurtia... [7] Sinplifikazio mota hori beharrezkoa izaten da zenbait momentutan, perspektiba zehatzagoa lortzeko behar adina denbora ez dagoenean erabakiak hartzeko adibidez. Hala ere, eguneroko esparruetara konturatu gabe zabaltzen da, eta horrela falaziak indar handia eskuratzen du, sinplifikazioetan erori eta bestelako aukerez ahazten baita.
Ondorioz, gezurrezko dilemak saihesteko, agenteak beste aukera batzuk ezagutu beharko lituzke. Pentsamendu kritikoa izatea eta sormena garatzea beharrezkoak izan daitezke dikotomia faltsuari aurre egin eta alternatiba berriak aurkitzeko, aukera gehiago dauzkan plano zabal baten aritzeko.
Sarrera txiki honek dilema faltsuetan erortzeko joera handia dugula esan nahi du:
- Edo nire laguna zara, edo nire etsaia zara → Denok dakigu irtenbide gehiago egon daitezkeela ezagunak edo ikaskideak izatea adibidez.
- Edo ez duzu inoiz gezurrik esaten, edo gezurtia zara → Behin gezur bat esateak ez du zertan definitu behar zu izatez gezurtia zarenik.
- Edo naizen moduan maite nauzu, edo, besterik gabe, ez nauzu maite → Maitasuna bezalako kontuak anbiguoak izan daitezke pertsonaren arabera, forma ezberdinetan ager daitezke, ondorioz bi muturretara hedatzea sinplifikazio hutsa baino ez da.
Errealitatea polarizatzea digerigarriagoa egiten da, errazagoa egiten zaigu bi terminoen inguruan ekitea, termino asko eta aukera anitz daudela jakin eta ulertzea baino. Gaur egun pentsatzea eta arazo edo egoera berriei denbora dedikatzea kosta egiten zaigu, hala ere, jokabide arazotsua da errealitatea ezin delako horrela etengabe ulertu. Egoera bakoitzean hamaika ñabarduraz gain, anbiguotasuna ere ohikoa da, eta horrek ez du zertan beti kontraesana izan behar: Pertsona atsegina zakarra izan daiteke noizbait, baina horrek ez du esan nahi orain zakarra bilakatu denik[1].
Adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo adibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]«Fermin ez da lanera iritsi; istripu bat izan du autoarekin edo lo geratu da. Bere etxera deitu dugu eta garaiz atera dela jakin dugu, ondorioz istripu bat izan du».[8]
Argudio hori dilema faltsua da, Fermin berandu iristeko beste arrazoi asko baitaude:
- Jakinarazi gabe lanari uko egitea.
- Trafikoko arau-hauste batengatik atxilotzea.
- Gau txarra igaro eta gaixo egotea.
Alternatiba horiek (eta egon zitezkeen bestelako guztiak) okerrak direla frogatu ahal izango balitz, argudioa zuzena izango litzateke. Bitartean, gezurrezkoa da, zenbait aukeren aurrean egon gintezkeelako.
Sarritan honelako orokortzeak nahigabe egiten ditugu, errealitatean aurki genitzakeen aukera guztiak aztertzen ez ditugulako, eta intuizioaren arabera jokatzen dugulako.
Bigarren adibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]«Berriz aukeratuko duzu gobernuan dagoen alderdia edo terrorismoari hegoak emango dizkiozu ?».
«Gurekin zaude ala gaizkiaren indarrekin ?»[8].
Dilema faltsuak oso ohikoak izaten dira politikan. Maiz galdera erretorikoetan ezkutatzen dira (galdera konplexuaren falaziaren antzeko bihurtzen dira). Hizlariak galdera egitean, aukerak murrizten ditu bere interesaren arabera, eta ondorioz hartzailearen erantzunak zedarrituak agertzen dira. Erabilera honek bestearengan eragina izateko helburua du.
Logikaren ildotik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Silogismo disjuntibo batek forma hau du: "A edo B; A egia ez bada; B izango da egia", beste forma hau ere izan dezake; “ A edo B; B faltsua bada; A egia izango da ". Bi kasuetan, hau gertatzen da:
- Bi aukera baino ez daude (A, B);
- Bi aukeretako bat nahitaez eman behar da.
- Bi aukerak bateraezinak dira (ezin dira biak batera eman, edo A, edo B).
Gerta daiteke "A edo B" aurkezten duen premisak, bi aukera horiek bakarrik aurkezten dituela kontuan hartu gabe aukera gehiago egon daitezkeela (adibidez, C). Kasu horretan, ondorioa desberdina izango litzateke.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) False dilemma. 2024-03-31 (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ (Ingelesez) Tomić, Taeda. (2013-11). «False Dilemma: A Systematic Exposition» Argumentation 27 (4): 347–368. doi: . ISSN 0920-427X. (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ Walton, Douglas. «Fallacies» Routledge Encyclopedia of Philosophy (Routledge) (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ Rosales, Juan. (2015). «La noción de falacia en la Lógica viva de Carlos Vaz Ferreira» De la demostración a la argumentación (UAM Ediciones): 73–88. (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Falso dilema. 2023-09-06 (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ Walton, Douglas. (2004-01-01). «Classification of Fallacies of Relevance» Informal Logic 24 (1) doi: . ISSN 0824-2577. (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ Chatfield, Tom; Chatfield, Tom. (2022). «Informal Fallacies of Presumption» Fallacies and How to Spot Them doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Falso dilema. 2023-09-06 (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) User, Super. «3. Falacia de la falsa disyunción (o falso dilema)» Aprender a Debatir (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).