Armeniako historia
Armeniako historia Armeniako Errepublikaren historia da, baina baita armeniar herriarena, armeniera hizkuntzarena, eta iraganean armeniarrak bizi izan diren eskualde historiko eta geografikoen historia, zeinean estatu eta entitate armeniar subiraunak edo menpekoak egon izan diren mendeetan. Armeniar herriaren identitatea Armeniako Elizarekin lotua egon da neurri handi batean (nagusiki kristaua den herria duela bi milurte), eta honen historia ere funtsezkoa da nazioarentzat. Diaspora armeniarra ere antzinateko fenomenoa da, 21. mendean ere zabaldua mundua, armeniar herriaren historia biziaren parte.
Geografikoki historia Anatolia eta Kaukasoaren artean garatzen da, eta hortaz Europaren zein Asiaren historiaren parte da Armeniako historia zentzu zabal batean.
Antzinaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Armenia Van aintziraren inguruan egituratu zen K.a. XIII. mende aldera. Asiriarren erasoak jasan ondoren, herri indoeuropar batek inbaditu zuen K.a. VII. mendean. Bertako biztanleriarekin elkartu eta egungo herri armeniarra osatu zuten. Estatu berria mediar, persiar eta mazedoniarren esku egon zen. Seleukotar errege Antioko III.aren agintaldian bi zatitan banatu zen: Armenia Handia eta Armenia Txikia.
Erromatarren konkistak batasuna itzuli zien armeniarrei, Inperio barruko probintzia nahiz erreinu izan baitzen. Hortaz Erromaren aroa bateragarria izan zen antzinako Armeniako Erresumaren garai nahiko oparoarekin, eta esan daiteke erresuma hori K.a. 331 eta 428 AD artean iraun zuen monarkia burujabea izan zela.
Erresumaren une gorena Tigranes II.ak eta bere semea zen Artavasdesek aro helenistikoan sartu eta Armeniar Inperioa ezarri zutenean etorri zen. Akemenestar Inperioa erori zenean, Armeniako satraperriak 120 klanetan banatuta zegoen, bakoitzak bere nakharar edo jauna zuena. Artaxias I.ak klanak bildu eta Artaxidar leinua sortu zuen. Hori zela eta, erresumaren lehendabiziko garaiak Artaxidar Armenia (armenieraz: Արտաշեսյանների Թագավորություն Artashesianneri Tagavorutyun) izena du.
Tigranes II.aren erreinaldian (K.a. 95-55 inguru) inperioa Mediterraneotik Kuraraino hedatzen zen.
Aro kristauiaren 12. urtean Erromak erabaki zuen Armeniako barne gaietan sartzea. Artaxidarrak egotzi zituzten boteretik eta gerra zibila hasi zen. Erromatarren aldekoak ziren bi buruzagi nagusitu ziren, Tigranes V.a eta Tigranes VI.a, baina hauien artean boterea lortzeko borrokak izan ziren, 54. urtean, Arsazidar leinuak garaitu zuen. Ondorengo garaiari Arsazidar Armenia (armenieraz: Արշակունիների Թագավորություն Arshakunineri Tagavorutyun) esan ohi zaio, eta 19. mendetik aurrerako armeniar nazionalistek Armenia Handiaz aritzean normalean Arsazidar Armeniako mugez ari dira[1].
Kristautasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tiridate III.aren erreinaldian (294-324), Armenia kristautu egin zen; Gregorio I.a Argi-egilea izan zen lehen apezpikua. Armenia, izatez, nazio gisa kristautasuna estatu-erlijiotzat hartu zuen lehen nazioa izan; Erromako Inperioaren beraren Milango Ediktuaren aurretik ere (313).
Hasiera batean Kapadoziako Zesareako Eliza metropolitanoari gehitua egon zen eliza hau, erromatar lurraldeari litua, baina Armeniako Elizak autonomia hartu zuen V. mendearen hasieran.Katholikos izena hartu zuen patriarka baten jurisdikziopean, erromatar eta bizantziar inperioaren mugetatik kanpo, patriarken hierarkuatik kanpo zegoen kristau komunitate bateko buruzagia zen Katholikos hori. Gaur egun, armeniar, nestoriar eta georgiar elizetako buruzagiek dute titulu hori, eta elizak berak Armeniako Eliza Apostolikoaren titulua du. Liturguaren aldetik Jerusalemgo erritu zaharraren eragin handia zuen liturgia hartu zuen. Aldi berean, tradizioak Mesrop monjeari (360-440) egozten dion armeniar alfabetoa jaio zen. Ordura arte grezieraz eta sasirieraz bakarrik idatzitako elizako testuak hizkuntza nazionalean itzuli ziren, eta are gehiago lotu ziren armeniar naziotasunean eliza autonomoa eta hizkuntza berezkoa.
Eliza armeniarra katolikotik eta ortodoxotik bereizten da gainera Kaltzedoniako Kontzilioaren ondoren (451), Kristoren izaera bikoitza ezarri zuen Kontzilioak, gizatiarra eta jainkotiarra, baina Eliza armeniarraren monofisismoarekiko atxikimendua (Kristoren izaera bakarra) tinkoa izan zen, eta 506an eta 551n egindako bi kontzilio nazionaletan berretsi zen[2].
Armenierari dagokionez, Mesropen alfabeto zaharrak biziraun du 21. mendetik, eta hizkuntzak ere eboluzio konplexu bat izan da, baina hizkuntza literario eta moderno osoa da 21. mendean. Bere bi dialekto nagusien artean (Mendebaldeko armeniera eta Ekialdeko armeniera), Ekialdekoak du bizitasuna orain, Armenia independentean estatus ofiziala duena da, eta bere alfabetoa transliteratzeko erabiltzen den ahoskera ere hartan oinaritzen da.
Erdi aroa, eta musulmanekin biziraupena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]636. urtean arabiarrek Armenia konkistatu eta nolabaiteko autonomia gorde bazuten ere, bizantziar eta turkiar seljukidarren arteko guduen ondorioz, XI. mendean, biztanleriaren zati batek erbestera jo eta Krimea edo Galitzian kokaturik, diasporaren lehen urratsak ezarri ziren.
Armenia jatorrizkoan, aldiz, Mediterraneotik gertu zeuden Ziliziako lurraldeetan Armenia Txikia izeneko estatua sortu zuten (1080), eta Gurutzadetan parte hartu zuen herrialde horrek. Barrualderago, Kaukasiarantz, beste erresuma bat osatu zen, Erdi Aroko Armeniako erresuma, batzuetan Bagratidarren Armenia ere deitua[3].
XVI. mendean, turkiarrek eta persiarrek erdibanatu zuten Armenia. Turkiarrak mendebaldean egokitu ziren eta irandarrak ekialdean. XIX. mendean, errusiarrek Erevan lurraldea hartu zuten (1828), baina Erzerum aldeak turkiarren esku iraun zuen.
Otomandar aroaren amaiera eta genozidioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otomandar inperioaren azken fasean, turkiarrek izugarrizko zapalkuntza eta sarraskiak bideratu zituzten armeniar abertzaleen aurka (1894-1896 eta 1915-1916 urteetan nagusiki).
Lehen mundu gerraren kontestuan, eta Otomandar inperioa desegiten hasi zelarik, orduan gertatu zen armeniar genozidioa. 1915eko apirilaren 24a da sarraskiko egun gogoratuena, 250 armeniar intelektual atxilotu baitzituzten Istanbulen egun hartan. Ondoren, otomandar militarrek armeniarrak euren etxeetatik atera eta ehunka kilometro ibiltzera behartu zituzten, basamortuan zehar (gaur egungo Sirian), urik eta elikagairik gabe. Sarraskian, bortxaketak eta bestelako erasoak ere ohikoak ziren. Genozidioa Otomandar Inperioak egin zuen, Turkiar Gazteen gobernualdian. Hildako armeniarrak milioi bat eta miloi eta erdi bitartean izan zirela jotzen da. Bizirik geratu zirenek Turkiak hartutako herria utzi eta erbestera jo behar izan zuten, Armenia sobietarrera nagusiki. Sèvresko Itunean Armeniako estatu burujabea eraiki zedin onartu bazen ere, bertako erabaki guztiak ez ziren indarrean jarri. Mustafa Kemal turkiarraren gudarosteek Kars eta Ardahan hartu zituzten bitartean, boltxebikeek, Mikoian buru, Armeniako errepublika sobietarra aldarrikatu zuten, Erevan lurraldean.
Armenia sobietarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armenia, 1920ko azaroaren 29an aldarrikatu zen Sobietar Errepublika Sozialista bezala. Turkiak eta Sobietar Errepublika Sozialista berriak Karseko ituna sinatu zuten. Haren arabera, Turkiak sobietarren esku utzi zuen Adjaria, eta trukean, Karseko lurraldea eskuratu zuten turkiarrek. Azken lurralde honetan Ani herria eta Ararat mendia aurkitzen dira, Armeniako lurralde espiritualak hain zuzen ere. Egun, Armeniak ez du Karseko ituna onartzen.
Armeniak egonkortasun erlatibo bat izan zuen sobietarren menpe izan zen urteetan. Sendagaiak, janaria eta beste zenbait hornikuntza jasotzen zituzten Moskutik, eta erregimen komunista nolabaiteko lasaigarri bat izan zen Armeniarentzat, Otomandar Inperioaren azken urte gogorrak bizi izan baitzituen. Halere, elizarentzat zaila izan zen garai sobietarra, erabat zapaldua baitzegoen. Stalinek neurri zorrotzak hartu zituen Armeniako Eliza Apostolikoa jazartzeko, eta honetaz gain, Armeniako ohiturak errusiarrengatik ordezkatu nahi zituen. Hogeiko hamarkadan elizak galdu egin zituen bere ondasunak, eta hurrengo hamarkadan, sobietarrak gogor aritu ziren elizaren aurka. Purga Handiaren baitan, Khoren I.a hil zuten, 1938. Alabaina, elizak bizirik iraun zuen.
Armenia ez zen libratu Stalinen garaiko deportazio eta populazio mugimendu behartuetatik., 1944an, Hamshenis bezala ezagututako 200.000 sunni musulman, Georgia, Kazajstan eta Uzbekistanera bidali ziren. Honetaz gain, 58.000 armeniar abertzale Kazajstanera bidali zituzten.
Stalin 1953an hil ostean, Nikita Jrushchov izan zen batasuneko zuzendari berria. Kremlineko gobernuak adierazpen abertzaleak baimendu eta atzean utzi zituen Stalinen politikak. Honek sobietar askoren lasaitasuna ekarri zuen. Armeniak berpizkunde kultural eta ekonomikoa izan zituen, eta erlijio eskubide batzuk ere baimenduta izan zituen.
1965ko apirilaren 24an, milaka armeniar Erevaneko kaleetara irten ziren manifestazioa deituta. Helburua Armeniar Genozidioaren 50. urteurrena gogoratzea zen. Hala, sobietarrak hirian sartu eta ordena jarri zuten. Gertakaria berriro ez errepikatzeko asmoz, Kremlinak genozidioan hilako guztiak gogoratuko zituen monumentu bat jartzea erabaki zuen.
Armenia independente berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sobietar Batasunak perestroika politika abian jarri zuenean, indar handiz nabarmentzen hasi ziren bertako errepublikek lurraldetasunari, hizkuntzari, burujabetasunari eta abarri buruz egiten zituzten eskakizunak. Horrela, 1991. urtean, armeniarrek Sobietar Batasunetik aldentzeko erabakia hartu zuten hauteskundeetan, eta Armenia estatu burujabe eta independente bihurtu zen; Levon Ter-Petrosian izan zen errepublikako lehenengo presidentea. Urte hartan bertan Estatu Burujabeen Batasunean sartu zen, eta 1992an Nazio Batuetako kide egin zen.
Dena dela, independentzia ondoko urteetan arazo asko izan ditu Armeniak. Batetik 1988ko lurrikararen kalteei aurre egin behar zien gobernuak (55.000 lagun hil ziren), eta bestetik 1988an Armenia Azerbaijanekin gerran sartu zen Nagorno-Karabakh lurralde armeniarrak Armeniarekin bat egin nahi zuela eta (biztanleen % 80 armeniarrak ziren). Sobietar Batasunak Nagorno-Karabakheko armeniarren eskakizunak 1989an onartu zituen arren, ez zen konpondu gatazka. Arazo horiek guztiak zirela eta, gobernuaren aurreko oposizioak indar handia hartu zuen. Oposizioko alderdi nagusietako bat Armeniako Federazio Iraultzailea (Dashnakutisun) izan da, Nagorno-Karabakheko gudaroste armeniarrean eragin handia duen alderdia; ez zituen onartu Armeniako gobernuak antolaturiko berrikuntza ekonomikoak, eta Errusiarekiko lotura estuagoa eskatzen zuen. Talde haren eta oposizioko beste batzuen eraginez, dimisioa eman behar izan zuen Kosrov Arutiunian lehen ministroak, eta Grant Bagratian izendatu zuten behin-behineko lehen ministro 1993an.
Karabakh Garaiko gatazka gerra irekia bilakatu zen 1992-1994 tartean. Azkenean Armeniak Azerbaijango gudarostea garaitu zuen eta Nagorno-Karabakh eta inguruko lurraldeen gaineko kontrola eskuratu zuen, baina Azerbaijanek energia blokeoa ezarri zion Armeniari eta horrek oso ondorio kaltegarriak izan zituen bertako ekonomian, Armeniak ez baitu lehengai aski. 1994an su-etena izenpetu zuten bi herriek eta Armeniako ekonomiak gora egin zuen —energia blokeoak bere hartan iraun bazuen ere—, baina egoera politikoa oso kaskarra zen. Oposizio nazionalista erradikalak ez zuen onartu konstituzio berriaren sorburu izan zen erreforma politikoen prozesua, presidentearen ahalak areagotzen zituelako konstituzio hark, eta ez zuen onartu, halaber, 1995eko hauteskundeetan aginpidean zegoen alderdiaren garaipena (MNA); nazioarteko behatzaileek ere salatu zituzten hauteskunde haietako nahasmendua eta gorabeherak.
1996ko hauteskundeetan, dena dela, Ter-Petrosianek botoen % 52 lortu zuen eta bera atera zen berriro lehendakari. Ordu arteko norabide politiko beretik segitu zuen harrezkero: liberalizazio ekonomikoaren barruan, enpresak pribatizatzea, oposizioari gogor aurre egitea (Dashnakutisun alderdia debekatu zuen), Iranekin eta Errusiarekin harremanak sendotzea, eta Nagorno-Karabakheko gatazka amaigabeari elkarrizketa bidezko irtenbidea bilatzea. Ter-Petrosian lehendakariaren neurrien kontra agertu ziren gobernuko zenbait kide, eta azkenik 1998an Azerbaijanekiko hitzarmen bat proposatu zuelarik, dimisioa ematera behartu zuten.
1998ko martxoan, ordu arte lehen ministro izandako Robert Kotxarian izendatu zuten estatuburu eta presidente eta Armen Darbiniam, gobernuburu; alderdi komunistak indar handia izan arren, presidentea ez zen alderdi horretakoa eta joera nazionalistako gobernua eratu zen. Bestalde, eta arazo nagusiak Nagorno-Karabakh lurraldearen gerrak ekarri badizkio ere, aipagarriak dira Turkiarekin izandako arazoak, PKK (Langile Kurduen Alderdia) babestu izanaz Turkiako gobernuak Armenia salatu baitu.
21. mendean, Azerbaijan indartu batek berriro ekin zion gerrari Karabakh Garaian. Oraingoan irabazi egin zuten eta 1990eko hamarkadan Armeniak kontrolatu zituen lurralde gehienak.
Armenia eta Azerbaijan independentea mapetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Foundation, Encyclopaedia Iranica. «Welcome to Encyclopaedia Iranica» iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-25).
- ↑ «Breve historia de la Iglesia en Armenia» press.vatican.va (Noiz kontsultatua: 2022-02-25).
- ↑ «Historia de Armenia» web.archive.org (Portal de los Armenios en Sudamérica) 2008-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-02-25).