Arminio
Arminio (latinez: Arminius; alemanez: Herman; K.a. 18/17 – K. o. 21) kerusko herriaren buruzagia izan zen, Teutoburgoko oihaneko guduan erromatarren armada garaitu zuena.
Arminio | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Herman | ||
Jaiotza | Weser, K.a. 18/17 | ||
Herrialdea | Antzinako Erroma | ||
Heriotza | Germania Magna, 21 (36/37 urte) | ||
Heriotza modua | giza hilketa | ||
Familia | |||
Aita | Segimerus | ||
Ezkontidea(k) | Thusnelda | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Haurrideak | ikusi
| ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | gerra buruzagia | ||
Zerbitzu militarra | |||
Adar militarra | Erromatar armada | ||
Gradua | kohorte prefektua | ||
Parte hartutako gatazkak | Teutoburgoko oihaneko gudua Great Illyrian Revolt (en) Idistavisoko gerra |
Izena
aldatuEz da ezagutzen latinezko Arminius izenaren etimologia, eta nahasmendua areagotu da egungo aditu batuzek Armeno izen erabiltzen baitute[1]. Bere Historian, I. mendeko Marko Velleius Paterculo idazleak "Arminius, Sigimerren semea, nazioaren printzea" deitzen dio, eta "zaldun (equites) maila lortu zuen"[2]. Erromatarren garaiko izenak emateko ohituren ondorioz, litekeena da Arminio izen hiritartasuna lortu zuenean eman zioten, edo hartu zuen izen izatea, jatorrizko germaniar izenaren ordez. Dena den, izena etruriar jatorrikoa dela dirudi, Volaterran aurkitutako inskripzioetan Armne eta Armni bezala agertzen delarik[3]. Beste teoria baten arabera, izen hori Arminiori eman zitzaion Armenian soldadu zerbitzatzeagatik.
Arminioren alemanezko itzulpena, Hermann alegia, XVI. mendekoa da, beharbada Martin Luterok egina[4]. Alemanez, Arminius, tradizionalki, Hermann der Cherusker ("Keruskanoa") edo Hermann der Cheruskerfürst ("Printze Keruskoa") esaten zitzaion. Hermann "gerragizona" esan nahi du, Antzinako Goi germanieraz heri "gerra" esan nahi baitu, eta man, "pertsona" edo "gizona".
Bizitza
aldatuGermanian jaio zen K.a 18an. Segimer agintari keruskoaren semea zen. Laster lortu zuen erromatar hiritartasuna. K.o 4. urtetik, kerusko talde baten agintari izan zen, talde hau, erromatar legioaren talde laguntzailea zelarik, eta Panoniako altxamenduak baretzera joan zen.
Keruskoen agintaria
aldatuK.o 7. edo 8. urtean itzuli zen Germaniara. Berehala, beste tribu batzuetako agintariekin, erromatarren aurkako konplot bat prestatzen hasi zen
Varo eta Teutoburgoko guda
aldatuK.o. 9. urtean, Augustok, Publio Kintilio Varo bidali zuen Germania Magnara, probintzia hori, behin betiko, erromatar bihurtzeko asmoz. Baina germaniarrak prest zeuden, eta Arminiok, Varoren konfiantza bereganatuz, erromatarra eta bere gudarostea, Rhineko kanpamenduetatik asko urrutiratu zituen, Teutoburgora heldu ziren arte. Han, erromatar gudalozte osoa germaniarrek prestaturiko segada batean erori zen, eta gudarosteko hiru legioak txikiturik geratu ziren.
Germanikoren erasoak
aldatuGudu hori gertatu eta lau urtera, Germanikok, 50.000 soldaduko gudarostearekin, lurralde berbera inbaditu zuen, eta hainbat borroka irabazi zituen inguruan.
Arminiok ondo eutsi zien hainbat guduri eta Zezinak gidatutako beste gudaroste bat ia deuseztatu zuen. Ingiomerrek, Arminioren osabak, baina, kanpamendu erromatarra behar baino lehenago eraso zuen, eta hori izan zen Zezinak Varo bezala ez amaitzearen arrazoi nagusiena. Zezinak kanpamendua utzi eta geratzen zitzaizkion soldaduekin ihes egin zuen, Ingiomerrek erromatar kanpamendua arpilatzen zuen bitartean.
Thusnelda
aldatuBi urte geroago, 15. urtean, Germanikok berriz eraso zituen germaniarren kokalekuak, eta Thusnelda, Arminioren emaztea harrapatu zuen, honen aita zen Segestesek erromatarrei emana, Arminioren aurkako mendeku moduan. Izan ere, Segestek bere alaba beste gizon bati eskaini zion emaztetzat, baina Thusneldak Arminiorekin ihes egin zuen, eta bikotea ezkondu egin zen, Teutoburgoko guduaren ondoren. Segestes eta bere taldea erromatarren bezero ziren, eta Arminioren askapen politikaren aurka zeuden.
Flavok, Arminioren anaiak, erromatarrekin elkarlana egiteko esan zion honi, baina ezezkoa eman zion. Horren ondoren, Idistavison erromatar eta germaniarren arteko gatazka handi bat sortu zen, Minden herritik gertu, ziurrenik. Baina Arminiok ezin izan zuen bere emaztea berreskuratu.
Thusnelda Erromara eraman eta Germanikoren garaipen desfilean erakutsia izan zen, 18an. Ez zen sekula gehiago Germaniara itzuli, eta ez zuen sekula gehiago bere familia ikusi ahal izan, historiatik erabat desagertuz. Gatibutzan izan zuen semea, Tumeliko, Arminioren semea ere bazena, Ravennan gladiadore bezala prestatua izan zen. 30 urte bete aurretik hil zen, gladiadoreen arteko borrokaldi batean.
Azken gudua
aldatuAipaturiko Idistavisoko gudua izan zen Germaniko eta Arminioren artean gertatu zen azkena, 16. urtean gertaturikoa, Weser ibaitik gertu. Berriz ere, Ingiomer Arminioren osabaren trakeskeriagatik, erromatarrek beste porrot bat eragotzi ahal izan zuten. Hauxe izan zen erromatarrek Germania Magna konkistatzeko egin zuten azkeneko saiakera. Hemendik aurrera, Inperioko iparraldeko muga Rhin ibaia itsasoratzen zen tokian geratu zen behin betiko.
Elkartasuna hautsia
aldatuErromatarrak Rhin ibaiko mugara itzuli ondoren, oraingo Bohemia txekiar eskualdean bizi ziren markomanoek Arminioren keruskoen aurkako gudua izan zuten, eta honek, Arminio eta Marbod markomanoen agintariaren arteko elkartasuna hautsi zuen. Arminiok erromatarren aurkako elkartasun gogor bat sortu nahi zuen, baina Marbodek ez zuen Arminioren euskarri gisa jokatu nahi, nahiz eta keruskoek Varoren burua bidali zioten.
Traiziozko heriotza
aldatuMarbod eta Arminioren arteko gudua lehenaren atzera egite batekin amaitu zen. Arminiok, nahiko lan zuen bere emaztearen familiak eta erromatarren aldeko beste agintari batzuek sortzen zizkioten arazoak konpontzen. Arminio 21. urtean hil zuten haren emaztearen senide batzuek.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Murdoch, Adrian. (2008). Rome's greatest defeat: massacre in the Teutoburg Forest. History Press ISBN 978-0-7509-4016-0. PMC 226280924. (Noiz kontsultatua: 2024-04-21).
- ↑ «LacusCurtius • Velleius Paterculus — Book II, Chapters 94‑131» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2024-04-21).
- ↑ Schulze, Wilhelm. (1933). Zur Geschichte lateinischer Eigennamen. Weimannsche (Noiz kontsultatua: 2024-04-21).
- ↑ (Ingelesez) Benario, Herbert W.. (2004-04). «Arminius into Hermann: History into Legend» Greece & Rome 51 (1): 83–94. doi: . ISSN 1477-4550. (Noiz kontsultatua: 2024-04-21).
Ikus, gainera
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arminio |