Apold-Fleisner labea
Apold-Fleisner labea Sociedad Franco-Belga metalurgian zegoen labe-industriala da, Ortuella udalerrian. Gaur egun udal bulegoak ditu barnean.
Apold-Fleisner labea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Ortuella |
Koordenatuak | 43°18′25″N 3°03′09″W / 43.306957°N 3.052417°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1958 - 1962 |
Eraikuntza | XX. mendea |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 39-5 |
2008ko otsailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Deskribapena
aldatuBi albo-egitura bikiz eta erdiko egitura batez osatuta dago eraikina. Labeak albo-egituretan daude, eta erdiko eraikin-gorputza eraikuntza-juntura batez dago erantsia bi albo-egiturei.
Labeen egiturek baino portiko bat gehiago du erdiko eraikuntza-gorputzak. Eraikinaren atzeko aldean dago portiko irtena, eta albo-egituretakoek baino altura bat gutxiago du.
Aurrez adierazitakoaz gain, hormigoizko euste-horma bat dago mendi-hegal guztian zehar, egiturako gorputzen multzoaren atzean. Labeetan minerala kargatzeko garabiaren berme-gune zen horma hori.
Lurzoruarekiko sestra-oina +50,00 kotan dago, eta aldaera txikia du kota horrek, ezarpenaren luzera guztian.
Eraikinaren erdiko gorputzak hiru solairu ditu. Lehen solairua +54,75 kotan dago. Erdiko gorputz horretako bigarren solairua +60,15 kotan dago (lehen solairuarekiko altuera librea 5,20 metrokoa da, lauza kontatu gabe). Estalkiko terrazari dagokio hirugarren solairua eta +65,20 kotan dago (bigarren solairuarekiko altuera librea 4,85 metrokoa da, lauza kontatu gabe). Hiru solairuek 1,50 metroko hegalkinak dituzte, eraikinaren fatxada nagusiarekiko.
Eraikiaren bi albo-egiturek jasotzen dituzte labeak, eta solairu karratuen gainean daude eraikita, hormigoizko lau pilare handien gainean. Egituren barruan, eremu hutsak daude altuera osoan, eta bitan banatzen dira, barne-itxitura baten bidez. Kanpoaldeko ertzean, hiru pasabide edo perimetro-hegal dituzte; hormigoizkoak dira eta modu erregularrean daude jarriak, altuera-kota hauetan: +53,05; +58,25; +61,65. Eraikinaren fatxada nagusian +53,05 kotan dauden bi hegalkinak eraitsita daude, zati batean.
Hegalkin guztiak hormigoizko lauzez eginak dira, eta 10 eta 14 zentimetro bitarteko lodiera dute, 1,50 metroko luzeran. Hegalkin horietan oinezkoak ibiltzen ziren, metalezko barandez babestuak.
Garai batean, metalezko eskailerak zeuden kanpoko aldean, solairutik solairura ibili eta plataformetara joateko. Egun ez daude metalezko elementu horiek.
Labearen instalazioaren metalezko zatiak eta aire beroa sortzeko sistema deseginda daude.
Egiturazko altzairuaren oxidazioa dela-eta, egitura osoa zenbait patologiez erasanda dago; izan ere, hormigoiaren iragazkortasun handiak eta egiturazko elementu batzuen estaldura eskasek horretarako bide ematen dute. Hala ere, egungo euste-ahalmenari dagokion erresistentzia bereizgarria 340 kg/cm2 ingurukoa da, eta, beraz, EHE arauak eskatutako mailak betetzen ditu.
Industria-eraikin bat dugu Ortuellako Apold-Fleisner labea, eta bere arkitektura-forma bat dator zuen egiteko nagusiarekin: burdin oxidozko karbonatoa erretzea, lege hobeko minerala egiteko.
Lan hori egiteko, Apold-Fleisner errekuntza-labeak minerala eraldatzen du 700/800 °C-ko aire beroa erabiliz. Aire hori altuera erdian sartzen da, haize-makinen bidez.
Sistema hau, airea oinarritik bidaltzen duena, Austriako Donawitzen erabili zen, eta, geroago, Italian (Lombardian eta Sardinian); azken herrialde horretan, xurgatzeko haizebidea zuen eta goitik behera funtzionatzen zuen. Sistema berriak asko errazten zituen erretako minerala modu automatikoan erauzteko dispositiboak.
Ortuellako prototipoa kanpo-errekuntzako eta etengabeko martxako labea da. Labe horrek Donawitzeko (Austria) labearen sistemari jarraitzen dio, aire beroa eta hozteko aire tertziario hotza sartzeko moduari dagokionez. Bestalde, Italiako labeen ezaugarri hauek ditu: labearen egitura, neurriak, aire beroa sartzeko altuera, erretako produktua erauzi eta hozteko modua, eta gasak goiko aldetik hartzeko modua.
Labeek 50 metro kubikoko edukiera dute, eta 31 metro kubikoko ganbera zatitukoak dira; hala, azken hori da errekuntzarako upelaren edukiera erabilgarria. Pareta bikoitzeko horma batek egiten du itxitura: barneko pareta 40 zentimetrokoa da eta hormigoi erregogorrez egina dago, eta kanpoko paretak, berriz, 60 zentimetro ditu, eta zepazko hormigoiz egina dago. Bi hormen artean isolatzaile bat dago. Bertan ikus daitekeenez, kanpoko aldeak gainazal-estaldura bat zuen. Labeez gain, azpiegitura orokorrak instalazio hauek zituen:
- Aire beroa sartzeko haizagailu bat, 200 zpko potentziadun motor elektriko batez zebilena.
- Kargarako igogailua, 4 tonako ontzia zuena. Ontzi horretan kargatzen zen karbonato gordina labeko irenspidera, eta 70 zpko potentzia zuen motor batez ibiltzen zen.
- Xurgagailua labeko irenspidean, 60 zpko potentziadun motor batez eragina.
- Errekuntzarako hondo mugikorreko elikagailua, 5 zpko potentziadun motor batez eragina.
- Mineral errea siloetara garraiatzeko uhala, 18 metroko luzerakoa eta 2zpko potentziadun motorraz eragina, eta 55 metro luzeko uhal garraiatzailea, 10 zpko potentziadun motorraz eragina.
Instalazio horiez gain, fuelaren errekuntzako airea sortzeko kanpo-ganberako instalazioak aipatu behar dira, bi haizagailu erabiltzen zituztenak. Haizagailu horiek 28 zpko potentziadun motorrak zituzten. Fuela ganberaren barruan mugitzeko ponpa bat erabiltzen zen, 0,5 zpko potentziadun motorraz eragindakoa.
Erregaiaren hornidura egiteko, biltegiratzeko eta ponpaketa-lanak egiteko instalazio bat zegoen, 60 metro kubikoko edukiera zuten metalezko bi tankez osatua.
375 kilowatteko transformazio-zentrotik (3.000/220 Wko transformazio-erlaziokoa) hornitutako energiaren bidez eragiten zen sistema elektriko guztia.
Produkzio-sistema berriak labe zaharren bilakaera erakusten zuten. Egiteko modua, oinarrian, berdina bada ere, instalazioaren kokapena oso bestelakoa da: hormigoizko egitura gotor batean jarritako bi labe dira instalazioaren oinarri; Cadegal auzotik Ortuellara daraman mendi-mazelaren zabalgune batean daude.
Bestalde, sistema berriak aukera ematen du mineralaren tratamendua egiteko, karga erregaiaz nahastuta sartu beharrik gabe, eta, horrela, labeak errendimendua handitzen da.
Industria-arkitektura hori lur-eremu horretan ezarrita, labe tradizionalen kokapena errepikatu egiten da, baina hormigoi armatuzko egitura moderno baten barruan; hori guztia, metalezko azpiegitura batez laguntzen da. Azken azpiegitura hori beharrezkoa zen karga-sistema berrirako, plataformen arteko barne-komunikazioak egiteko eta beroa sortzeko sistema berrirako.
Labe-mota horren tipologiak berezitasun nabarmeneko egitura bat sortu du Ortuellan, herriko erdigunetik gertu baitago. Gainera, inguruneko meatze-azpiegiturari lotzen zaionez, meatzaritzaren sistema orokorraren barruan duen alderdi historikoa nabarmentzen du.
Meatze-sistemaren baitan, minerala erauzteko jarduerez gain, aipatzekoak dira garraio-lanetarako elementuak —trenbidea, plano inklinatuak eta ontziratzeko tokiak—, materialak garbitzeko guneak eta errekuntzarako labeak.
Ildo horretatik, eta sistema horren baitan, Apold-Fleisner labearen ondoan, mendebaldeko fatxadan, Sociedad Franco-Belga izenekoaren plano inklinatuko amai-gunea zegoen. Plano horren trazadura mendi-hegaletik ikus daiteke.
Labetik gertu, ekialdeko fatxadaren aurrean, Jacoboren plano inklinatuaren amai-gunea zegoen. Cadegal eta Granada auzoak lotzen zituen plano inklinatu horrek.
Minerala garbitzeko guneei dagokienez, Caviako garbigunea da Apold-Fleisner labetik gertuen dagoena, hura kokatzen den mendi-hegal berean baitago, ekialderantz, +105,00 kotaren inguruan.
Egun, garbigunea zen lekuan harrizko hormak ikusten dira, mendi-hegalaren erdian. Hormak harlandu nahiko handiz eginak daude, eta bertan ikusten dira minerala pasatzeko egindako zuloak.
Meatze-ustiapenerako multzo baten zatia dugu eraikina, berezitasun arkitektoniko handikoa. Hala ere, eraikinak baditu zenbait balio psikologiko, gizarte- eta industria-memoriari lotutako elementua den aldetik. Horiek horrela, aztertutako elementuak, balio morfologikoak eta tipologikoak izateaz gain, badu balio historiko bat, babestu eta iraunarazi beharrekoa.
Bestalde, hormigoizko egituraren euste-ahalmena aintzat hartuta, agerikoa da eraikina berriz erabiltzeko moduan dagoela; betiere, ondasunarekin bateragarria den erabilera bat emanez. Erabilera berri horrek bat etorri beharko du ondasunaren balio horiekin guztiekin.
2011 berregin ziren labeak Ramón Garitano arkitektoaren eskutik, trebakuntza-gelak, audiobisual gela eta kafetegia gehitzen[1]. Birgaitze lanek AR&PA saria lortu zuten 2012[2] eta 2013an COAVN sarien birgaitze eta berriztapen accesit irabazi zuten [3].
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El horno de calcinación de Ortuella estrenará su nueva era en verano» El Correo 2010-12-07 (Noiz kontsultatua: 2019-09-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) País, El. (2012-05-15). «La restauración de los hornos de Ortuella, Premio AR de Patrimonio Cultural» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-09-07).
- ↑ https://www.eitb.eus/es/videos/detalle/1376122/video-los-antiguos-hornos-siderita-ortuella--eitb-kultura/
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |