Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Al-Andalus, hedadurarik handienean, 719. urtean.

Al-Andalus historialariek 711 eta 1492 bitartean musulmanen mende egon zen Iberiar penintsulako lurraldea izendatzeko erabiltzen duten izena da. Musulmanak 711. urtean iritsi ziren Afrika iparraldetik, eta ia penintsula osoaz jabetu ziren urte gutxiren buruan, bisigodoak menderatuz. Zortziehun urte horietan, hainbat egitura politiko izan zituen, eta Kordoba hiria Europako eta islamiar munduko hiri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen.

Musulmanen konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VII. mendearen amaieran, Toledoko erresuma bisigodoa krisi politiko handi batean sartuta zegoen. Aukeratutako erregeak ez ziren gai euren lurraldeko gobernuari eusteko, eta erresumako egitura politikoak gero eta ahulagoak ziren. Afrikako iparraldean, aldiz, islamaren aurrerapena geldiezina zen. Berbereen tribuak (Afrika iparraldeko talde nomadak) Omeiatar kalifa-herriaren egitura politiko eta militarrean integratu ziren.

711ko udaberrian, Tangerreko Tariq gobernadoreak Gibraltarko itsasartea zeharkatu zuen 12.000 soldadurekin. Noble bisigodoen artean liskarrak zeuden Roderiko erregea 710ean aukeratu zenean; aurreko Witiza erregearen seme-alabek ez zuten onartu aukeraketa hori, eta laguntza militarra eskatu zieten Afrika iparraldeko musulmanei Roderiko boteretik kentzeko.

Roderiko erregearen armada eta Tariqena Guadaleteko guduan borrokatu ziren 711ko uztailean, Algecirastik gertu. Roderiko hil egin zen bertan, eta Tariqek Hispaniaren konkista hasi zuen, Musa ibn Nusair gobernadore eta jeneralaren laguntzarekin. Bost urte baino gutxiagoan, ia penintsula osoa hartu zuten mendean, Pirinioak eta Kantauriar isurialdea izan ezik. Konkistaren azkarra ulertzeko, kontuan izan behar da, batetik, musulmanek tolerantzia handiz jokatzen zutela amore ematen zieten hiriekin, eta, bestetik, bisigodoak ez ziren hispaniarrek interesik ez zutela bisigodoen erreinua defenditzeko (bisigodoak V. mendean jabetu ziren Hispaniaz, Erromatar Inperioa desagertu zenean, eta, beraz, haiek ere konkistatzaileak ziren jatorrizko hispaniarrentzat); gainera, noble asko Islamera bihurtu ziren euren jabetzak eta maila mantentzeko.

Musulmanak Pirinioak zeharkatu eta Europa barrura hedatzen saiatu ziren, baina frankoek garaitu zituzten Poitierseko guduan 732an.

Mendeko emirerria (711-756)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanak penintsulara sartu ondoko 45 urteetan, Al-Andalus Damaskoren mendeko probintzia berri bat izan zen. Emir batek gobernatzen zuen, Damaskoko kalifaren kontrolpean, eta Kordoban zen hiriburua.

Agintari arabiarrek bereganatu zituzten hegoaldeko eta ekialdeko lur emankorrenak eta hiri aberatsenak; Duero eta Ebroko haranekoak, berriz, klima gogorragokoak eta ez hain emankorrak, berbereen esku geratu ziren. Banaketa horrek liskarrak eragin zituen bi talde musulmanen artean.

Emirerri burujabea (756-929)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

750. urtean, Damaskoko omeiatarrek kalifatoaren agintaritza galdu zuten, Abbastarren leinu edo dinastia nagusitu zenean. Abd ar-Rahman I.a printze omeiatarra Damaskotik ihes egin eta Iberiar penintsulara iristea lortu zuen. Bertan, Kordobako gobernadorea garaitu eta Kordobako emirerri burujabea aldarrikatu zuen 756an. Emirerriak ia bi mende iraun zituen; bitarte horretan, hainbat aldiz izan zituen borrokak eta gatazkak frankoekin, kristauekin eta baita musulmanen artean ere emirren autoritatea zalantzan jartzeagatik.

Kordobako kaliferria (929-1031)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendean, Abd ar-Rahman III.ak barne-matxinadak eta kristauen erasoak itotzea lortu zuen. Ospe militar handia irabazita, 929an kalifa izendatu zuen bere burua, erresumako agintari politiko eta erlijioso gorena bihurtuz. Haren agintaldian eta geroago ere, Al-Andalusek garai bikaina bizi izan zuen eta Kordoba Europako hiri nagusietako bat bihurtu zen (1000. urtean, 500.000 biztanle izatera iritsi zen).

976an, Hisham II.a gaztea bihurtu zen Kordobako hirugarren eta azken kalifa. Gobernua Almanzor izeneko jeneral baten esku utzi zuen. Haren agintaldian, kaliferriak penintsulako iparraldean sortutako erreinu kristauen erasoei eutsi zien. Kalifa hil zenean, ordea, barne-liskarrak handitu egin ziren eta, musulmanen arteko gerren ondorioz, kaliferria hainbat erreinu txikitan zatikatu zen.

Taifa erreinuak (1031-1085)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taifa izenarekin ezagutzen dira Kordobako omeiatarren kaliferria desagertzean sortu ziren penintsulako 39 erreinu musulmanak. Taifa horiek elkarren aurka borrokatzen ziren, eta gero eta ahulagoak ziren iparraldeko erreinu kristauen aurrean. Horregatik, erasorik ez izateko, taifek zergak ordaintzen zizkieten errege kristauei euren osotasuna bermatzeko. Baina zerga haiek kristauak armatzeko balio izan zuten, eta berandu gabe erreinu kristauak musulmenen mendeko lurrak konkistatzen hasi ziren.

1085ean, kristauek Toledo konkistatu zuten, musulmanen muga Tajo ibaira eramanez. Musulmanek laguntza eskatu zieten Afrikako iparraldean inperio handi bat eratu zuten almorabide izeneko gerlari berbere batzuei.

Magrebtarren nagusitasuna (1086-1248)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almorabideek 1086an Afrikatik penintsulara sartu zirenean, Afrika iparraldeko leinu magrebtarrek hartu zuten Al-Andaluseko nagusitasuna ia bi mendez. Hasieran, almorabideek kristauen erasoei eustea eta Al-Andalus bateratzea lortu zuten. Baina urte gutxiren buruan, kristauek musulmanen kontrako borrokan jarraitu eta almorabideen gainbehera hasi zen. Matxinada batzuk egon ziren Kordoban bertan almorabideen aurka 1121. urtean, bai eta beste hiri batzuetan ere. Beste taifa erreinu batzuk sortu ziren berriro 1140 eta 1153 bitartean.

Almorabideak Afrikako iparraldeko lurrak ere galdu zituzten almohade leinu berberearen erasoen ondorioz. Almohadeak 1145ean sartu ziren penintsulara eta azkar jabetu ziren taifa erreinuez. Gainera, erreinu kristauen aurrerakada geldiarazi zuten, eta urte gutxian inperio handi bat osatu zuten, Iberiar penintsulako hegoaldea eta ekialdea hartzen zituena eta, Afrikan, Libiaraino iristen zena.

Baina, penintsulan, almohadeen nagusitasunak ez zuen luze iraun. 1212an, Navas de Tolosako gudua galdu zuten, Gaztelako errege Alfontso VIII.ak zuzendutako errege kristauen eta aita santuak babestutako gurutzatu europarren koalizio baten aurka. Porrot honen ondoren, kristauek ia Al-Andalus osoa konkistatu zuten, eta almohadeen inperioa 1248an desegin zen.

Boabdil erregea Granadako giltzak ematen errege-erregina katolikoei.

Granadako nazarien erreinua (1248-1492)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mendearen erdialderako, Granadako nazarien erreinua zen Al-Andalus musulmanari geratzen zitzaion lurralde bakarra. Nazariak Iberiar penintsulako azken errege-leinu musulmana izan ziren, 1230 eta 1492 artean gobernatu zuten Granada, errege-erregina katolikoen armadak konkistatu zuen arte.

Nazarien erreinua, nolanahi ere, oso ahula zen; Gaztela eta Leongo erregearen basailua izan zen, eta zergak ordaindu behar zizkieten burujabetasuna ez galtzeko. Azken hamarkadetan, gainera, Granadako noble musulmanen arteko liskarrak eta borrokak egon ziren. Nazarien azken erregea Boabdil izan zen. 1492. urtean, errege-erregina katolikoen armadek Granada konkistatu eta Boabdilek lurralde musulman guztien nagusitasuna onartu behar izan zien. Granadako erreinua Gaztelako erreinuari erantsita geratu zen eta Boabdilek erbestera joan behar izan zuen.


Al-Andaluseko gizartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Granadako Alhambra.

Al-Andalusen musulmanak, juduak eta kristauak elkarrekin bizi izan ziren. Hori posible izan zen erlijio bakoitzeko biztanleek beren ohitura eta sinesmenei eutsi ahal izan zietelako. Dena dela, ezberdintasun sozialak ez zeuden arrazan edo jatorrian oinarrituta, erlijioan baizik; horren arabera, Al-Andaluseko gizartea honela banatuta zegoen:

  • Musulmanak. Talderik boteretsuena zen, eta batez ere konkistatzaileek eta haien ondorengoek osatzen zuten. Funtzio publiko, administratibo, militar edo judizial guztiak betetzen zituzten. Ez zuten zergarik ordaintzen eta eskubide asko zituzten. Horregatik, bisigodo asko islamera bihurtu ziren. Musulmanen barruan, hiru multzo bereizten ziren:
    • Arabiarrak: gizarteko talderik garrantzitsuena zen, nahiz eta gutxiengoa izan. Jatorriz Arabiakoak ziren, lurrik onenak zituzten eta gobernuko kargu nagusiak betetzen zituzten.
    • Berbereak: ugariagoak ziren eta pribilegio gutxi zituzten. Batzuetan matxinadak egin zituzten. Afrikako iparraldetik zetozen eta horietako asko nekazaritzan jarduten ziren, batez ere iparraldean.
    • Muladiak: islamera bihurtutako bisigodoak eta haien ondorengoak ziren. Musulmanen erlijioa, hizkuntza eta ohiturak hartu zituzten. Ez zuten zergarik ordaintzen. Ugariak ziren hirietako klase ertainen artean, baina ia ez zuten garrantzi handiko kargurik betetzen.
  • Musulmanak ez zirenak: eskubide gutxiago zituzten. Juduak eta kristauak beren auzoetan bizi ziren eta beren buruzagiak zituzten; zuzenbide bisigodoa edo judua aplikatzen zuten. Baina agintari musulmanei obeditu behar zieten beti. Zergak ordaintzen zituzten eta soldadutza egin behar izaten zuten. Haien barruan ere, hiru multzo bereizten ziren:
    • Mozarabiarrak: kristauak ziren, komunitateak osatzen zituzten beren agintariekin, zergak ordaintzen zituzten eta nekazariak eta hirietako langileak ziren. IX. mendetik aurrera, horietako askok iparraldeko erresumetara emigratu zuten, agintari musulmanen jazarpenetatik ihesi.
    • Juduak: ez ziren oso ugariak, baina bai garrantzi handia zuten hirietako ekonomian. Auzo berezietan bizi ziren, eta talderik garrantzitsuenak Sevilla, Merida eta Toledon zeuden. Beren agintariak zituzten eta zergak ordaintzen zituzten.
    • Esklaboak: gerrako presoak ziren edota Europa edo Afrikako merkatuetan erositakoak. Zerbitzari lanak egiten zituzten familia aberatsetan edo armadan.

Hiru erlijioen arteko bizikidetza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan hiru kultura ezberdin egon ziren penintsulan: musulmana, kristaua eta judua. Haien arteko harremanak tolerantziaren eta desberdintasunekiko errespetuaren eredu gisa igaro dira historiara, nahiz eta liskarrik ez zen falta izan. Bizikidetza gehienbat baketsu horri esker, arabiar kulturaren eta Europako kulturaren arteko hartu-eman garrantzitsuak izan zituzten Iberiar penintsulan. Musulman eta kristauen arteko zortzi mendeko harremanak eragin oso handia izan zuen bi munduetan.

Musulmanen eragina Al-Andaluseko kulturaren bikaintasunean islatu zen, eredu bihurtu baitzen penintsulako erresuma kristauentzat eta europarrentzat ere. Gaztelaniaren hiztegian ere oso ugariak dira musulmanek utzitako hitzak.

Hiru erlijioen elkarbizitza eta elkarlanaren adibide on bat XII. mendean Toledon sortu zen Itzultzaile Eskola da. Bertan kristauek, musulmanek eta juduek parte hartu zuten, arabieratik latinera eta, gero, zuzenean gaztelaniara itzulpenak eginez. Toledoko Itzultzaileen Eskolak ekarpen oso handia egin zion mundu osoko kulturari, antzinako Greziako, Erromako eta ekialdeko lan zientifiko, filosofiko eta literarioak zabaldu baitzituen penintsulan eta Europa osoan.

Dena dela, XI. mendetik aurrera, taifen erresumen amaierarekin eta almorabideen etorrerarekin, juduen eta kristauen aurkako jazarpen erlijiosoak hasi ziren. Hauek, Islamera bihurtzeko itxura egin behar izan zuten, bizi ziren lurraldeetan geratu nahi bazuten; nolanahi, askok eta askok iparraldeko erresuma kristauetara ihes egin zuten.

XIII. mendearen erdialdetik aurrera, egoera are gehiago okertu zen almohadeen inbasioaren ondorioz; judu askok Toledora aldegin zuten, jada kristauen gobernupean.


Al-Andalusek utzitako kultura-ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Astrolabio arabiarra.

Al-Andalusen, aparteko kultura bat garatu zen X. mendetik aurrera; kultura-gune handienetako bat izan zen Europako Erdi Aroan. Jakintsu hispanomusulmanei esker iritsi zaigu antzinako Greziako filosofiaren zati handi bat; musulmanek ekarritako iparrorratzak itsas ibilbide berriak ireki zituen europarrentzat; haien eskutik sartu ziren Europan arabiarren zenbakiak; eta abar. Espainiako ohituretan, artean, arkitekturan, gastronomian, toponimian edo hizkuntzan bizirik dirau oraindik Al-Andalusek utzitako aztarnak.

Hona hemen Al-Andalusen ekarpen garrantzitsuenetako batzuk:

  • Al-Andaluseko eskoletan, mozarabiarrek, juduek eta musulmanek ikasi zuten. Gazte musulmanek, eskola koranikoetako lehen hezkuntzaren ondoren, meskitetan hasten zituzten beren goi mailako ikasketak, eta maisu errespetatuenekin ikasten zuten. Analfabetismo gutxi zegoen, irakaskuntza pribatua zen eta Estatuak ez zuen parte hartzen. Granadan, Yusuf I.a sultanak hiri horretako Unibertsitatea sortu zuen XIV. mendean. Bestalde, X. mendean papera ekarri zuten Europara, eta ikasteko grina eta liburu asko zirkulazioan jartzea erraztu zuen horrek. Horren ondorioz, sultan batzuek liburutegi garrantzitsuak izatera iritsi ziren, hala nola Al-Hakam II, 400.000 liburu baino gehiagorekin.
  • Zientziei begiratzen badiegu, astronomia eta medikuntza asko garatu ziren. Asmakizun asko egin zituzten, hala nola latitude ezberdinetan erabil zitekeen astrolabio bat, nabigazioa hobetu zuten belak hobeak erabiliz, itsasontziak zuzentzeko lemak asmatuz eta itsasontzi berriak eraikiz. Medikuntzan, batez ere juduak nabarmendu ziren, eta ospe handia lortu zuten mendebalde osoan. Ezagunenetako batzuk Averroes eta Maimonides izan ziren. Toledo eta Sevillan agronomia-ikasketak egiten ziren, teknika berriak garatu zituzten nekazaritzaren produktibitatea hobetzeko, putzuak, noriak eta ubideak eraikiz urak ustiatzeko.
  • Literaturak garapen handia izan zuen, besteak beste Ibn Hazm idazlearekin. Gairik erabilienak naturaren deskribapena, maitasuna edo plazerrak izan ziren. Antzinako testu zientifikoak itzuli eta komentatu ziren. Kalifatoaren garaian, Kordoba ospe handiko kulturagune bat bihurtu zen, islamiar munduko bazter guztietako intelektualak erakarriz.
  • Filosofian Kordobako intelektualak nabarmendu ziren, hala nola Maimonides judua edo Averroes musulmana.