Edukira joan

Teodosio II.a

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teodosio II.a

bizantziar enperadore

408ko maiatzaren 1a - 450eko uztailaren 28a
Arkadio - Martziano

Erromatar enperadorea

402ko urtarrila (egutegi gregorianoa) - 450eko uztailaren 28a (egutegi gregorianoa)
Antzinako Erromako senataria

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFlavius Theodosius
JaiotzaKonstantinopla401eko apirilaren 10a
Herrialdea Bizantziar Inperioa
HeriotzaKonstantinopla450eko uztailaren 28a (49 urte)
Heriotza moduaistripuzko heriotza: zaldi gainetiko erortzea
Familia
AitaArkadio
AmaElia Eudoxia
Ezkontidea(k)Elia Eudozia  (421 -
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaTeodosiar leinu
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Lantokia(k)Bizantziar Inperioa
Santutegia
July 29 (en) Itzuli

Flavio Teodosio (latinez: Flavius Theodosius; Konstantinopla, 401eko apirilaren 10a - ib., 450eko uztailaren 28a) Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintaria 408. urteko maiatzaren 1etik 450. urteko uztailaren 28an karguan hil zen arte. Eudoxia eta Arkadioren seme bere aita hil zenean zazpi urte besterik ez zuenean agintea jaso zuen.

Erregeordetzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteegia zen artean Antemio, ekialdeko prefektu pretoriarra izan zen agintariorde. Arkadioren garaian jada Antemiok botere handia izan zuen nolabait agintean jarraitu zuelarik. Antemio politikari trebea zen eta persiarrekin bakea mantendu ahal izan zuen baita Mendebaldeko Inperio Erromatarrarekin erlazioak hobetu. Arrazoia oso argi ez badago ere Antemio 414. urtean desagertu zen. Antemioren ordez Pulkeria, Teodosio beraren arreba izanen zen erregeorde 414 urtean bertan Augusta izendatu zutelarik. Pulkeria fede handiko emakumea zen eta anaia ortodoxia kristauaren alde bultzatu zuen beti. Arrebaren intrantsigentziaren ondorio izan zen heretiko, jentil eta juduen jazarpena. Pulkeriak besteak beste anaiari emaztea bilatu zion 421. urteko ekainean Teodosio Elia Eudoxiarekin ezkondu zen. Atenaseko sofista baten alaba Aelia Eudoxiaren benetako izena Atenade zen Teodosiorekin ezkontzearren izena aldatu eta bataiatua izan zelarik.

Valentiniano III.a eta Lizinia Eudoxiaren ezkontza aipatzen duen txanpona

Aelia Eudoxia eta Teodosiok Lizinia Eudoxia izan zuten alaba. Lizinia Eudoxia Mendebaldeko Inperio Erromatarreko agintari Valentiniano III.arekin ezkondu zuten ezteia politikoki Erromatar Inperioa batzeko ahalegin bat izan zitekeelarik.

Aginteko gertakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teodosioren agintean zehar azaldu ziren nestorianismo eta beste zenbait doktrina erlijioso. Doktrina erlijioso berriek ortodoxia kristauarekin zituzten aldeek arazo ugari ekarriko zizkioten inperioari aurrerantzean. Agintari honen garaian ere iritsi zen Europara garaiko indar militar arriskutsuena, hunoak. Atila gidari zutelarik hunoen zalditeriak bi inperio erromatarrak mehatxatu zituen. Lehen batailak galdu zituenean Ekialdeko Inperio Erromatarrean eta Bizantzioko Inperioan arrunta izanen zen politikari eutsi zioten, etsaiari dirua eman alboko erresumak norberaren inperioaren ordez eraso zitzan. Teodosiok beraz urtero hunoei dirusari bat ordainduko ziela adostu zuen inperioko diru aberastasuna asko murriztu zelarik.

Benetako agintaria Teodosio zen arren Pulkeria eta gorteko beste zenbait pertsonaiek botere handia izan zuten Teodosio poesia idatzi eta kultura sustatzen zuen bitartean. Agintari ilustratua izan zela esan liteke. Agintaldi honetan berrantolatu zen Konstantinopoliseko Unibertsitatea.

Teodosioren harresia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Konstantinopoliseko harresiak»
Konstantinopolis eta bere harresiaren mapa

Historian Konstantinopolisek menperaezin fama izan du beti ospe honen sortzaileetako bat Teodosio II.a dugularik. Teodosio II.aren harresiak direla esaten bada ere Konstantinopoliseko harresi itzelak Antemio erregeordeari zor dizkiogu. Antemiok militarra izaki Konstantinopolis hiri menperaezin bihurtu zuen. Inperioko hiriburua lurmutur batean zegoen eta hiru aldetan Bosforoko hark inguratua zen. Konstantinoren garaian eraikiriko harresi bat bazen arren Antemiok bigarren arresi handiago bat eraiki zezatela agindu zuen.

Harresi berria zaharretik mendebalderantz 1500 metrotara eraiki zen. Luzeran bost kilometro t´erdi zituen Marmara itsasoa eta Urrezko Adarra batzen zituelarik. Batez besteko garaiera 12 metrotakoa da lodiera 5 metro ingurukoa zelarik. Harresian 96 dorre eraiki ziren, gehienak oin karratukoak (zenbait oin oktogonal eta hexagonalekoak) 20 metroko batez besteko garaierakoak bata bestearen arteko distantzia 55 metro ingurukoa zelarik. Bigarren harresi honetatik 15-20 metrora 8.5 metroko garaiera eta bi metroko lodiera zuen harresi txikiago bat eraiki zen beste 96 dorrerekin. Harresi txikiaren dorretxoak harresi handiaren dorreen erdi puntuan eraikirik zeuden. Harresi txikia gutxi balitz honengandik 15 bat metrora 20 metro zabal eta 10 metro sakoneko zulo bat eraiki zen hiriko aldean metro t´erdiko garaiera zuen harresitxo bat zuelarik. Zuloa urez betetzen zen hiriaren lehen defentsa zelarik.

Harresiaren ateetako bat gaur egungo Istanbulen

Harresiak hamar ate zituen, bost ate publiko eta beste bost militar. Ate publiko bakoitzak zuloa zeharkatzen zuen zubi bat zuen eta gainontzeko ateak harresitik irteteko bidea besterik ez ziren. Ate nagusiez gain hainbat eta hainbat ataska txiki baziren setio garaian adreiluekin isten zirenak.

447. urtean lurrikara batek harresia ondatu zuen eta Teodosio II.ak Foroseko Ziro hiriko prefektuari defentsak lehenbailehen konpon zitzala agindu zion hunoak erasotzeko prest baitziren.

Defentsa itzel hauei esker barneko biztanleen laguntzarik gabe inork ez zuen hirian sartzea lortu Bizantzioko Inperioa existitu zen artean. Gaur egungo Istanbulen harresiaren zati askok zutik dirau zenbait dorre berreraikiak izan direlarik.

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Teodosio II.a



Aurrekoa
Arkadio
Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintaria eta Bizantziar agintaria
408 -450
Ondorengoa
Martziano