San Joan Ante Portam Latinam (aztarnategia)
San Joan Ante Portam Latinam (aztarnategia) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Guardia |
Koordenatuak | 42°32′46″N 2°33′27″W / 42.546138°N 2.557449°W |
San Joan Ante Portam Latinam Neolito garaiko ehorztoki kolektiboa da, Guardian kokatua (Araba).[1] Bertan ia 300 gorpu ehortzi ziren, K. a. 3365-3035 urteen artean; haietako asko bortxaz erailak.[1]
Tamaina txikiko harpe naturala izan zen, hilobi kolektibo gisa erabilia. Oso aztarnategi berezia da, interesgarrienetakoa Euskal Herrian[2]. Batetik, ehorzketa egiteko aukeratu den lekua ez da ezohikoa baina bai hain ondo kontserbatu izana, ehorzketa egin eta denbora gutxira, harpeko hutsunea estaltzen zuen harria puskatu, erori eta ehorztokia zigilatu zuen[3], bestetik, bertan aurkitutako hildakoen kopurua oso altua da: 300 pertsona baino gehiago. Baina atentzio gehien eman dutena gorpuen hondarretan aurkitu diren gezi-punta zauriak eta bestelako indarkeria-seinaleak izan dira. Gorpuetako bat pelbisean suharrizko gezi bat sartua dauka, Euskal Herrian eta Europan bakarra dena[4].
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aztarnategia herriaren hego-ekialdean dago, Guardiako herrigunetik 2 km ingurura, Carralogroño aintziratik hurbil[4]. Arabako Errioxan, Ebro ibaiaren ezkerraldean dauden Historiaurreko aztarnategi ugarien testuinguruan kokatu behar da (San Martín, La Hoya, Los Husos, Peña Larga...).[5]
Toponimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aztarnategiaren izena nekazaritzarekin eta Elizarekin lotua dago, mahastiekin hain zuzen ere: antzina, gune horretan, San Joan Ante Portam Latinam izeneko Kofradia batek mahastiak izan baitzituen[5].
Aurkikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985eko apirilean aurkitu zen; nekazari eremuko bide bat zabaltzeko obra batzuetan,[1] hondeamakina batek bidearen motan lurra kentzean, "burezur eta hezur pila bat" bistaratu zituen; Guardia Zibilari abisua eman zitzaiolarik. Aurkikuntzaren berria Lorenzo Ugarte guardiatarrarengana ailegatu zen; Ugartek 1960ko hamarkadan leku berean agertutako burezur gehiagoren berri bazuen, eta hori zela eta Arabako Foru Aldundiko kultura zuzendari Armando Llanosi abisua pasatu zion. Bertaratu zirenean, aztarnategia arriskuan zegoela ikusi zen; eta beraz urgentziazko indusketa prozedura abiatu zen, José Ignacio Vegasen zuzendaritzapean.[5]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aztarnategia aterpe natural txiki batean kokatua dago. Haitzuloaren forma zehatza ezin da jakin, indusmakinek zati bat suntsitu zutelako; baina gorpuen egoera onarengatik uste da artifizialki estalia izan zela, animali haragijaleen eta higadura meteorologikotik babestuz. Gaur egunean, hutsik eta zigilatua dago, horma batekin estalia.[5]
Ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indusketak 1985, 1990 eta 1991ean burutu ziren. Bertan gutxienez 289 gorpu aurkitu ziren, sexu eta adin guztietakoak, haietako asko bortizkeria zantsuekin (bereziki, geziekin eginiko zauriak). Gorpuekin batera, hezurrezko eta harrizko tresnak eta apaingarriak agertu ziren. Elementu horiekin batera animalia-hondakin batzuk daude, besteak beste, burua moztu zioten txakur baten garezurra[4].
Lehen kanpaina hartan 100 bat pertsonen gorpuzkiak atera ziren, baita suharrizko gezi-punta, aizkora eta apaingarri ugari; arriskuan zeuden aztarnak errekuperatu eta gero amaitu zen. Lanei 1990ean berrekin zitzaion, Vegasen ardurapean baita ere, eta 1991era arte iraun zuten, aztarna guztiak atera arte.[5]
Aztarnategia aztertu ondoren, inguruan dauden gorpu asko ehorzteko premia larriaren ondorioz egindako ehorzketa bat dela, bi giza talderen arteko gatazka bortitz baten ondorioz, agian[4].
2023an Aranzadiko, Oxfordeko, Aix-Marsellako eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek osatutako lantaldeak ikerketa berria egin zuen gizabanakoen hezurretan ezaugarri fisiologikoak sakonki ikertzeko. Azterketa horrek ikusi du, 338 banakoetatik ia laurdenak (% 23,1) traumatismoren bat dutela (65 banakok sendatu gabeak, eta 89k sendatuta), eta gehiengoa mutil gazteak edo gizon helduak ziren. Hau da, gerretan eta borroketan parte hartzen zutenak mutilak eta gizonak ziren, eta indarrez zauritzen eta hiltzen zituzten. Dena den, haurren eta emakumeen gorpuak ere hilobiratu zituzten haiekin batera; batzuk geziz zaurituak edo hilda. Hortaz, adin eta sexu guztietako pertsonei eragin zien indarkeriazko gertakariak.
San Joan Ante Porta Latinam da Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako indarkeriazko gertakari handiena. Litekeena da presio demografiko handiko garaia izatea, eta kultura desberdinetako taldeen arteko lehia eta gatazka sortu izana. Garai hartan, inguruko beste leku batzuetan ere aurkitu dira indarkeria-zantzuak (geziak, traumatismoak garezurrean, hausturak…); panorama horrek iradokitzen du talde etsaien arteko indarkeria antolatua zegoela.
Bestalde, hezurretan nabariak dira desnutrizioaren seinaleak. Beraz, egoera hark eragindako ondorio sozialak beste inon baino zabalagoak eta sakonagoak izan bide ziren Guardiako aztarnategi honen inguruan[6].
Kontserbazioa eta gizarteratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indusketaren eta ikerketen emaitzak hainbat aldizkari zientifikotan eta dibulgaziozkotan argitaratu dira; 2023ko gorpuen ikerketa nazioarte mailako Nature aldizkarian[7].
Aztarnategia bera, gaur hustua, seinaleztatua dago[4], eta berreskuratutako hezurrak eta piezak Arabako Arkeologia Museoa, Bibat museoan, gordetzen dira[7].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «San Juan Ante Portam Latinam: Enterramiento colectivo del Neolítico final. Laguardia (Álava)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-20).
- ↑ «San Joan Ante Portam Latinam: duela 5.000 urteko Araba gerrak txikitua» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
- ↑ Rodríguez Lejarza, Ander. (2017). Gradu Amaierako Lana: Método y técnica de análisis para el estudio de San Juan ante Portam Latinam. Euskal Herriko Unibertsitatea, 19 or..
- ↑ a b c d e «Yacimiento de San Juan Ante Portam Latinam» www.laguardiaparticipa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Etxeberria Gabilondo, Francisco; Fernández, Soledad; Zumalabe, Francisco Javier; Aramburu, José Ignacio Vegas; Erlogorri, Lourdes Herrasti; Gutiérrez, Angel Armendáriz. (1999). «La sepultura colectiva de San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Álava)» Saguntum Extra 2 (0): 439–445. ISSN ISSN-e: 2254-0512 2253-7295 ISSN-e: 2254-0512. (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
- ↑ Galarraga, Ana. (2023). «San Juan ante Portam Latinam, Neolito berantiarreko indarkeria handiaren lekuko» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- ↑ a b (Ingelesez) Fernández-Crespo, Teresa; Ordoño, Javier; Etxeberria, Francisco; Herrasti, Lourdes; Armendariz, Ángel; Vegas, José I.; Schulting, Rick J.. (2023-11-02). «Large-scale violence in Late Neolithic Western Europe based on expanded skeletal evidence from San Juan ante Portam Latinam» Scientific Reports 13 (1): 17103. doi: . ISSN 2045-2322. (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fernández-Crespo, T.; Schulting, R.J.; Ordoño, J.; Duering, A.; Etxeberria, F., Herrasti; L., Armendariz, A.; Vegas, J.I. eta Bronk Ramsey, C., (2018). "New radiocarbon dating and demographic insights into San Juan ante Portam Latinam, a possible Late Neolithic war grave in North-Central Iberia". American journal of physical anthropology, 166, 760–771.
- Vegas Aranburu, José Ignacio, (2007). San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el Valle Medio del Ebro. Memorias de yacimientos alaveses, 12. Gasteiz. Arabako Foru Aldundia. ISBN 84-7821-669-7
- Fernández-Crespo, Teresa (2007). "Final neolithic multiple burials in the upper Ebro Valley: the case of san juan ante Portam Latinam (Basque Country, Spain)". EAA Summer School eBook, 1, 55–63.
- Etxeberria, F., Herrasti, L., (2007). "Los restos humanos del enterramiento de San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Álava): Caracterización de la muestra, tafonomía y paleopatología". In: Vegas, J.I. (Arg.), San Juan ante Portam Latinam. Una inhumación colectiva prehistórica en el Valle Medio del Ebro. Memoria de las excavaciones arqueológicas 1985, 1990 y 1991. José Miguel de Barandiarán fundazioa eta Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 159–274 or. ISBN: 9788478216697.
- Vegas Aramburu, José Ignacio (2000). "San Juan Ante Portam Latinam: Enterramiento colectivo del Neolítico final. Laguardia (Álava)". Euskonews & Media, 78. (2000 / 5 / 12-19)
- Etxeberria, F., Vegas, J.I., (1988). "¿Agresividad social o guerra? durante el Neo-eneolítico en la cuenca media del Valle del Ebro, a propósito de San Juan Ante Portam Latinam (Rioja alavesa)", Munibe (Antropologia-Arkeologia), 6, 105–112.
- De la Rúa, C., Baraybar, J.P., Cuende, M., Manzano, C., (1995). "La sepultura colectiva de San Juan Ante Portam Latinam (Laguardia, Álava): Contribución de la antropología a la interpretación del ritual funerario". Rubricatum: revista del Museu de Gavà, I (1 Congrés del Neolític a la Península Iberica): 585-589. Gava (Barcelona)